José Luis Ansorena: "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu"

2000-12-15

SALA, Teresa

Elkarrizketa: José Luis Ansorena José Luis Ansorena, Eresbileko Lehendakariohia "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu" * Teresa Sala Egunotan, ez da ez erraza José Luis Ansorenaren moduko pertsona xumeak aurkitzea. Harrigarria da haurra zenetik musikari eskaini dizkion urte mordoei buruz zenbateko apaltasunez hitz egiten duen. José Luis Ansorena Miranda, Isidro Ansorena txistulari ospetsuaren semea, duela hirurogeita hamabi urte jaio zen Donostian. 1936an Luis Urteaga eta Beltrán Pagolaren eskutik hasi zen Donostiako Kontserbatorioan musika ikasten, eta handik sei urtera Altsasuko Seminario Kaputxinoan sartu zen, eta 1953an apaiztu. Hurrengo urtean, Iruñako San Antonio Eskolaniako zuzendari izendatu zuten, eta handik urte batzuetara Juventud de San Antonio sortu zuen Kaputxinoen Elizaren baitan. Zaragozan ere beste hainbeste egin zuen, Juventud de San Antonio sortu zuelako Torreroko elkartean, eta parrokiako korua zuzentzen ere ibili zen. 1966an Errenteriara joan zen José Luis Ansorena, eta hantxe bizi da ordutik, eta hain zuzen ere bertan egin duen lana da bere bizitza luzean zehar egindakoen artean azpimarragarriena, izan ere, hogeita hamalau urtetan gizon honek Andra Mari Koral ezaguna, Musikaste eta Eresbil, euskal konpositoreen artxiboa, sortu ditu, besteak beste. Duela urte betera arte, gainera, azken honetako zuzendaria izan da. Asko dira bete dituen karguak; Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko lehendakaria eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kapilaua izana da, besteak beste. Idatzi dituen monografia eta artikulu anitzen artean aipatzekoak dira "Musikaste, 25 años" liburua eta "El txistu y los txistularis" monografikoak. José Luis Ansorenak Eresbileko bulegoetara joaten darrai, musikari lotutako gaiekin lan egiteko, bere ustez "zoragarria delako gustuko gauzetan lan egiteko aukera izatea". Isidro Ansorenaren seme izanik, musika gertuko gauza izango zenuen... Aitak esaten zuen gazte guztiok ikasi behar genuela musika, beharrezkoa zelasolfeoa ikastea, eta pianoko hiru urte gutxienez. Heziketarako funtsezkoa iruditzen zitzaion. Gure familian guztiok ikasi behar izan genuen, bederatzi anai arrebok, beraz, umetan hasi nintzen musika ikasten, eta azkenean afizio bihurtu zen. Zer egiten zenuen zehazki? Zeintzuk ziren zure zaletasunak? Txikitan abeslaria izan nintzen. Los Ángelesen Kolegiora joaten nitnzen, Donostian oso eskola ospetsua, gaur egun Donostiako Orfeoia dagoen lekuan zegoena. Sopranoa nintzen. Altsasuko Seminarioan, nire ikasturteko koruko zuzendari izendatu ninduten, eta Iruñan ere beste koru bat zuzentzen aritu nintzen. Ia bizitza guztia eman dut musika egiten, ahozko musika batez ere. Instrumentuei dagokienez, txikitan Donostiako Kontserbatorioan pianoa ikasi nuen, eta organoa ere jo dut. Niri teklatua gustatzen zitzaidan, baina aita txistularia izanik, txistua jotzen ere ikasi behar izan nuen. Azpimarratzekoa da koral eta elkarte musikalak sortzen egin duzun lana. Zerk bultzatu izan zaitu horretara? Barrutik datorkit musikarekin lotutako elkarteak eta ekintzak antolatzeko gogoa. Oso aktiboa izan naiz beti. Iruñan, adibidez, ahots mistoen eskolania bat zuzentzen aritu nintzen, nagusien aginduz, eta oso ondo ibili ginen. Handik Zaragozara joan nintzen. Hango parrokiko korua emakumeez zegoen osatuta, eta nik gizonezkoak ere sartu nituen. Duela hogeita hamalau urte, Errenteriara etorri nintzenean, parrokoak koru bat sortzeko proposatu zidan, eta orduan Fatimako Andre Mariaren Korala sortu nuen, pozik gainera, asko gustatzen baitzitzaidan gazteentzat jarduerak antolatzea. Egun seinalatu guztietan abesten genuen, festa guztietan. Koru hori, azkenean, elkarte zibila bihurtu da. Gero, kontzertuei eskainitako aste berezi bat sortzeko ideia bururatu zitzaigun, Musikaste, Eresbil artxiboa... Andra Mari Koralaren ondotik etorri ziren beste guztiak. Hala ere, ez naiz ni bakarrik aritu, zuzendaritza ere hortxe egon da, beti lanerako prest. Zein desberdintasun somatzen dituzu lehenagoko eta oraingogazteen artean horrelako ekimen musikaletan parte hartzeko orduan? Horren inguruan esperientzia asko izan ditut. Errenteriara iritsi nintzenean, Andra Mari Koralarekin batera, Orereta Korua sortu nuen, Andra Mariren harrobia izateko. Ume eta gazte guztiek abestu nahi izaten zuten koralean, baina ezinezkoa zen ikastolako bostehun ikasleak koralean sartzea. Entzumena probatzen nien, eta a zer nolako pena hartzen zuten proba gainditzen ez zutenek! Orduko gazteei asko gustatzen zitzaien kantuan egitea, baina gaur egun kanpaina asko egin behar izaten dira haurrak erakartzeko. Herri bateko koru batek, biziraun nahi baldin badu, kantera bat behar du, derrigor. Donostiako Orfeoiak ez dauka inolako arazorik jendea lortzeko, baina herri bateko koru batek herriko jendea besterik ez dauka. Etorri nintzenean, 1966an, zaila zen gazteak erakartzea, baina orain askoz ere zailagoa da, gehienei rock, jazz eta beste musika mota batzuk gustatzen zaizkie eta. Hala ere, beste ikuspegi batetik, esan behar da ikasle asko joaten direla kontserbatoriora eta oso ondo prestatuta ateratzen direla, oso zorrotzak izaten direlako. Gehienek instrumenturen bat jotzen dute. Baina eskola askok beren koru propioa daukate, eta oso harrobi onak izaten dituzte. Nik hasieran ez nuen solfeorik eskatzen koruan parte hartzeko, baina gaur egun ezinbestekoa da. Ondorio gisa esan genezake gaurko gazteek orokorrean nahiko baztertuta daukatela mundu hau, baina interesa daukatenak lehenagokoak baino askoz ere hobeto daudela prestatuta. Zer nolako maila daukate Euskadiko koruek Estatuko gainerakoekin alderatuz? Beti esan izan da Euskadin koru asko daudela, eta oso onak gainera. Duela urte batzuk agian bai, baina gaur egun edozein lekutan daude koru onak, Valentzian, Santanderren edo Galizian. Euskadiko koruen federazioak sortu zirenean, koruko zuzendarientzako ikastaro batzuk antolatzea erabaki zen, zuzendaria ona izanez gero oso erraza izaten delako kalitatezko koral bat sortzea. Lehenagoko zuzendariak zaletuak zirengehienbat, formazio koral berezirik gabekoak, baina gaur egun askoz ere koru gehiago daude, eta hainbesteren artean kalitatezkoak aurkitzea errazagoa da. Hala ere, oso koru onak egon arren, ezin da beren iraunkortasuna ziurtatu. Esate baterako, Musikastera sei koru gonbidatzen ditugu, eta batzuk, benetan onak izan arren, denborarekin desagertu egiten dira, edo erdi hilda gelditu. Pena da. Andra Mari Korala, sortu zenez geroztik, beti maila berean mantendu da. Ez du krisi edo gainbeherarik izan. Nolatan utzi zenuen, 1994ean, Andra Mari Koralaren zuzendaritza? Egia esateko, oso nekatuta bukatu nuen, konpromiso gehiegi neuzkan. Andra Mari Korala, berez, zaletuena da, baina profesionalak bezala ibiltzen ginen, gero eta konpromiso gehiagorekin, eta garrantzitsuenak Donostiako Hamabostaldian izaten ziren, abuztuan, abeslari gehienek oporrak hartzean. Estuasun ederrak pasatu behar izaten nituen ahots garrantzitsuenek kale egiten zigutenean. Gainera, zuzendari gisa hogeita hamar urte ematea nahiko denbora dela iruditzen zait, aldaketak egiteko garaia. Onerako, noski. Andra Mari Koralari ez zaio bere kalitatea demostratzeko aukerarik falta... Zuzendari berriak oso estilo desberdina eman dio Andra Mari Koralari. Abesteko modua lehenagokoaren antzekoa da, baina nabari da asko hobetu dela. Koralek lehen baino kontzertu gutxiago ematen dituzte, baina Andra Marik orkestrekin aritzeko inoiz baino eskaintza gehiago jaso ditu, eta orain bertan, Gipuzkoan, bi koru baino ez dira orkestra handiekin lan egiten ari: Andra Mari eta Orfeoia. Kontzertu gutxiago ematen direla diozu. Nolanahi ere, koru dezentek aurkitzen du non abestu... Bai, egia da. Normalean koruak berak izaten dira topaketa eta ekitaldiak antolatzen dituztenak, bestela, abestu gabe, hil egingo lirateke eta. Nola sortu zen Eresbil bezalako artxiboa sortzeko ideia? Nolakoak izan ziren bere hastapenak? Arrazoi desberdin batzuengatik erabaki genuen artxiboa sortzea. Nik musikari euskaldunen partitura eta agiriak jasotzekobeharra ikusten nuen, asko galtzen ari zirelako, jendeak bota edo erre egiten zituelako. Musikari euskaldunen kontzertuak eskaintzeko asmoarekin Musikaste sortu genuen 1973an, baina argi zegoen denborarekin materialik gabe geldituko ginela. Orduan hasi ginen artxiboan pentsatzen, eta proiektua martxan jartzeko erabakia 1974ko maiatzaren 30ean hartu genuen. 600 autoarekin Euskadiko herri guztietan barna ibili nintzen, konbentu, eliza eta auzoetan informazioa biltzen. Bi hilabetetan hirurehun musikariren partitura eta agiriak bildu genituen, izugarri hain denbora gutxirako. Armairua berehala txikia gelditu zitzaigunez, trasteleku bat hartu genuen. Eta orduan, Imanol Olaizola diputatuak Foru Aldundiarekin hitzarmen bat egiteko proposatu zigun, artxiboa probintziala izan zedin. Milioi bat pezeta eman zizkiguten, diru asko garai hartarako, eta obrak egiten hasi ginen. Gero, Eusko Jaurlaritzak patronatu bat sortzea proposatu zuen, Eusko Jaurlaritzak berak, Foru Aldundiak, Udalak eta Andra Mari Koralak osatuko zutena. Lokala fraideena zenez, hauek ere parte hartu behar zutenez, ni izendatu ninduten ordezkari. Argitaragabeko informazioaren iturri garrantzitsua da Eresbil gaur egun... Eresbilek mundu guztiko editore pila batekin dauzka harremanak. Londonetik, adibidez, oso gauza bitxiak bidali dizkigute. Orain bertan Moskuko liburutegiarekin gaude harremanetan: Aita Donostiaren literatura musikaleko ale batzuk bidali genizkien, eta asko interesatu zitzaizkien. Musikari euskaldun eta unibertsalen argitaragabeko agiri asko dauzkagu, eta, horrez gain, Euskal Herriko folklorearekin lotutako materiala, musikarien biografia, pedagogia musikaleko liburuak, eta abar. Euskadin ez dago horrelako beste artxiborik. Madril eta Bartzelonan bai, hobeak gainera, baina hala ere gurean erraztasun handiagoak ematen ditugu obretara jotzeko. Zerk bultzatu zaitu musikari buruzko artikulu eta liburuak idaztera? Beti gustatu izan zait idaztea. Txistulari aldizkaria eta musikaren inguruko beste batzukartikulu eta kolaborazio eske hasi zitzaizkidan, eta nik sekula ez dut ezezkorik eman. Gainera, inoiz ez dut kobratzen, eta ez diruari muzin egiten diodalako, baizik eta diru gutxiagorekin bizitzea posible dela demostratu nahi dudalako. Agian horrexegatik eskatu dizkidate hainbeste artikulu, ez kobratzeagatik. Liburuek lan handiagoa daukate, eta gainera arrazoiren batengatik idatzi ditut. Bat, adibidez, Musikaste sortu zela 25 urte bete direlako idatzi dut. Halako urteurrenetan gerora ere baliagarri izango diren gauzak egitea gustatzen zait, bazkariak, festak eta kontzertuak laster batean bukatzen direlako, baina liburuak hor gelditzen dira. Aita zenaren biografia ere idatzi nuen, eta azkenean El txistu y los txistularis liburuan sartu nuen. Horrelako beste asmorik ba al daukazu? Bai, baditut hainbat proiektu. Lagun batzuk musikari euskaldunei buruzko hiztegi bat egiteko asmoa daukagu. Proiektu garestia da, eta gainera urte batzuk beharko ditugu ondo prestatzeko, baina Eresbilen konturatu ginen musikako hiztegietan datu asko gaizki zeudela, eta horregatik, maila horrelako hiztegi bat egiterakoan, akatsik egingo ez dugula ziurtatu behar dugu. Nafarroan neska bat oso ikerketa garrantzitsua egiten ari da. Gu hemengo karpetetan daukagun informazioaz baliatzen gara, baina herri txikietara ere joan beharko dugu, datuak bildu eta osatzeko. Oso lan luzea da, baina ilusiorik behintzat ez zaigu falta. Zer ikusten duzu atzera begiratzean? Aldatuko al zenuke ezer? Agian ez nuke hau esan behar, baina egia hutsa da: nahiago nuke musikan hezkuntza hobea jaso izan banu. Oso denbora gutxi eman nuen musika ikasten, eta hori gero nabaritu egiten da. Musikologoa baino gehiago, idazteko erraztasuna daukadanez, musikografoa naizela esango nuke. Nahiago nuke gehiago ikasi izan banu, baina bizitzako gora beherak tarteko, ez nuen aukerarik izan. Damurik hala ere ez daukat. Inoiz ez naiz alferrontzia izan, eta egin dudan guztiak merezi izan du. Nolako itxura hartzen diozu etorkizunari? Jubilatukontzientzia daukat orain. Egunero etortzen naiz artxibora, goiz eta arratsaldez, baina hobby moduan, zoragarria delako gustuko gauzetan lan egiteko aukera izatea. Orain Resurrección María de Azkueren argitaragabeko kantutegi garbira pasatzen ari naiz, hemengo baserri eta inguruetan biltako agiri originalen fotokopiez baliatuz. Lan luze eta garestia da, baina inork ez dit hori egiteko agindu. Hirurogeita hamabi urte dauzkat, eta neronek nahi izan dudalako nabil horretan, pozik gainera. Etorkizunean ere horrelaxe jarraitu nahiko nuke. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 103.zbk (2000 / 12 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Antton Mari Aldekoa-Otalora: "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu"

 

Irakurri

Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

 

Irakurri

German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

 

Irakurri

Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri