Ematen du giza eskubideez ari garenean Euskadin, gatazka politikoarekin zerikusia daukan bortizkeriaz baino ez garela ari…
Testinguru politiko nabarmena daukan indarkeria oso agerikoa gertatzen da, izan ere. Gatazkak sektore politiko guztiei eragiten die; horrek beraren presentzia azaltzen eta justifikatzen du. Baina horrek ez du esan nahi hain ageriko izaera politikoa ez daukaten beste bortizkeria batzuk ahaztu behar ditugunik. Indarkeria “ideologikoki” erabiltzea arazoak estaltzeko deitoragarria da, baina arazo bakoitza bere testuinguruan aztertzea ez; bestela, ezin haien diagnostikoa egin, ez eta konponbiderik ezarri ere.
Aurrekoarekin lotuta, azken urteotan Legebiltzarreko Giza Eskubide Batzordean pertsona jakinak egon izanak hautsak harrotu ditu…
Pertsona batzuk hor egote hutsa arazo-iturri bilakatzeak adierazi egiten du gatazka oso barneratuta dagoela gizartearen zenbait ataletan –gehiengo ez direnak, baina bai oso nabarmenak gure gizartean-. Hain da horrela, non ordezkari politikoak ez baitira elkarrekin jesartzeko gai. Mahai berean jesartzeko gai izan behar dugu, bestela, zer konponbide egon daiteke?
Zeuk esana da ezin direla giza eskubideen barruan kategoriak ezarri, denak defendatu behar direla salbuespenik gabe eta maila berean. Halako zeozer dago Euskadin, giza eskubide batzuek “balio” handiagoa daukate?
Ezin da giza eskubideen artean bereizketarik ezarri, denak defenditu behar diren heinean. Eta ezin da justifikatu batzuk defendatzeagataik besteak alboratzea. Bestelako kontua da giza eskubide batzuk beste batzuk baino oinarrizkoagoak izatea; izan ere, giza eskubide batzuk besteen ezinbesteko baldintza dira: bizia, bistan da. Maila horretan badago hierarkiarik giza eskubideen alorrean, baina ez bizi batzuek beste batzuek baino balio handiagoa edukitzean.
Lehenengo galderaren ildoa berreskuratuz, giza eskubideak gatazka politikoarekin zerikusia ez daukatenak ere badira. Baliteke batzutan behar bezalako arretarik ez ematea horiei -ez diot zuen aldetik, komunikabideen eta jendartearen aldetik baizik-; estalita geratzen al dira ETAren ekintzen edo preso kontuen maindirearen azpian (adibide bi ematearren)?
Ez lukete estalita geratu behar eta, izan ere, aurkakoa jazotzen ari dela dirudi: gure kultur esparruan gertakari arrunta da –gure kulturak berezkoa daukana, antza- biktimek, gizarte aurrean gero eta agerikoago bihurtu ez ezik, gizarte-eztabaida osoa berenganatzea. Eta batzuen interesak ezin du guztien interesa ordezkatu. Bestela, justizia materiala eta ekitatea ahaztuko genituzke giza-gatazkak konpontzeko garaian.
Besterik da honako datu objektibo hau onartzea: testuinguru politikoa duten gatazketan, testuinguru horrek eragin biderkatzailea dauka, eta horrek, berez, gizarteak ematen dien arreta esplikatzen du. Haatik, horrek ez du esan nahi lehenengo eta bigarren mailako eskubide-urraketak daudela onartu behar ez denik.
Giza eskubideenganako zenbateko begirunea dago Euskadin? Zeintzuk urratzen dira gehien, zure ustez? Eta zer egin beharko litzateke horren aurrean?
Konplexuak uxatu behar ditugu. Europako kultur-inguruan bizi gara, eta hari dagozkion gatazkak eta eskubide-urraketak dauzkagu geuk ere (bazterkeria, etorkinak, familia barruko indarkeria…). Gure kasuan, badugu zerbait alde: hiritar segurtasunari dagozkion datuak oso onak dira. Bereizten gaituena, bistan denez, konpontzeke daukagun gatazka politikoan “kudeaketa bortitzak” bere horretan jarraitzea da, guztiz modu anakronikoan. Eta horri dagokionez ere, badago halako baikortasuna uneon.
Zelan konpondu arazook?
Arazoak konpontzeko (ez gatazka politikoa) ez dago errezeta magikorik: europar bidea edo estatubatuarra. Lehenengoak gizarte eta elkartasun politiketan dauka oinarria, eta zigor penalak azken irtenbidetzat. Estatubatuar bidean, berriz, zigor penala da prima ratioa, eta horrek indarkeria biderkatu baizik ez du egiten; epe luzean, gainera, eskubideez gozatzeko aukera errealak murrizten ditu (segurtasun eza, mugitzeko gaitasunari ezarritako mugak…).
Azken urteotan ailegatutako etorkin oldeak arazoak sortu ditu giza eskubideen alorrean. Zer uste duzu horretaz, eta batez ere, zer irizten diozu Espainiako Atzerritar Legeari?
Lege txarra da, eta hutsa erroan dauka gainera, emigrazioa ordena publiko eta errepresio arazotzat hartzen baitu. Giza eskubideen kulturatik abiatuta, nola ukatu ahal diegu herri global honetako gure herrikideei, heriotzetik ihes egiteko eta bizirauteko espazioak bilatzeko eskubidea? Zer nolako gizarte mota eraiki nahi dugu?
Ez dakit Europako herrialderen batean Euskadin adina erakunde dabilen giza eskubideren alorrean: terrorismoaren biktimak, errepresioaren kontrakoak, presoen senideak, pakearen aldeko mugimenduak… Seinale ona ala txarra da hori?
Gizartea dinamikoa izatea ezin da sekula ere seinale txarra izan. Gizarte hori gabe, ezin elkartasuna erkidegoan gauzatu, eta oinarrizko eta benetako giza-elkartasunik gabe ezin bizikidetza bermatu edota bizi-maila hobetu, lege-arloko politikoak helburu batzuk zehaztu arren ere. Gainera, gizarte dinamikoak gero eta dinamikoago bihurtzeko joera daukate. Hori bermea da, gizartea ez gaixotzeko “txertoa”.
Zer nolako heziketa daukagu herritar arruntok giza eskubideez, zer dakigu haietaz?
Euskal gizarteak arazoen ezagutza-maila egokia dauka, bai hemengoei bai nazioartekoei dagokienez. Baina horrek ez gintuzke satisfazio geldo batera eraman behar. Giza eskubideak gizartearen motorea izan behar dira, eta apurka haien kontzientzia hartu behar dugu. Giza eskubideak dira gizarte justu baten bizkarrezurra.
Euskadin askok aldarrikatzen duten eskubidea, hain zuzen, justizia administrazioaren aurrean euskaraz jardutekoa da. Ika-mika ugari egon da azken urteotan horren inguruan ere. Zer urrats ari da egiten zuen saila horri dagokionez?
Arazo hori ez da behar bezala konpondu oraindik, justizia administrazioren euskalduntzean dauden atzerapenak direla eta. Ez da zalantzarik hiritar guztiek daukatela justizia administrazioan hizkuntza biak erabiltzeko eskubidea; ez dago horretaz eztabaidatzerik. Baina nola gauzatu eskubide hori, horra zailena. Justizia Sailak hiru lan-ildo landu ditu gai honi dagokionez. Alde batetik, justizia arloko langileak euskalduntzea, bi eta bost orduko ikastaroen bitartez; momentu honetan, langile titularren %20ak dagokion hizkuntz eskakizuna betetzen du, eta 445 funtzionariok –2000 lagunek osatutako gorputz batetik- egunero hartzen ditu euskara eskolak. Bestetik, erabilera normaltzea epaitegietan (euskara erabiltze-saioak izan dira 30 epaitegitan eta 68 bake epaitegitan), eta hirugarrenik, zerbitzu publikoa euskaraz emango duen erakundea egituratzea: une honetan, justizia administrazioko lanpostuen hizkuntz eskakizunak arautzeko Dekretu bat eta Hizkuntz Normalizazio Plan bat egiten ari gara. Izan ere, aurtengo irailean Europar Batzordeak hizkuntz gutxituen gainean egindako txostenak, zein urriaren 11n Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak (Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioko langileen hizkuntz eskakizunak ezartzeko daukan eskumenei buruz) erabateko bultzada eman diete guk defenditzen ditugun tesiei.
Elkarrizketaren gai nagusiarekin -giza eskubideekin, alegia-, zerikusi zuzena ez daukan arren, Justizia Sailburua zaren heinean galdetu egingo dizut: Euskadin, Justizia administrazioaren zati bat gobernu zentralaren menpekoa da, eta beste bat zuen menpekoa. Esaterako, epaileak, fiskalak eta idazkariak Espainiar Gobernuko funtzionarioak dira, eta agente, ofizial, laguntzaileak… berriz, Eusko Jaurlaritzakoak. Zer nolako zailtasunak dakartza horrek?
Arazo honek hiru alderdi ditu. Batetik, Justizia Administrazioko langileen zati batek Justizia Ministerioaren menpeko gorputz nazionalen barruan segitzen du. Zaharkitutako egitura hori aldatu egin beharko litzateke, kudeaketa eta eraginkortasun printzipioen mesedetan. Guk diogu idazkari judizialak autonomia erkidegoaren egituretan txertatuta egon beharko liratekeela, eurak baitira transferitutako langileak dauden bulego eta zerbitzuen arduradunak. Epaile, magistratu eta fiskalek, berriz, estatuaren menpeko izanagatik, erakunde arteko lankidetza konpromisoa eduki behar lukete. Hala, Justizia Administrazioak modu egokian funtzionatzea lortuko litzateke. Erronka hauek garrantzitsuak dira, eskumen-maila desberdinek esparru berean bat egitea beti delako arriskutsua, ez bagara zailtasunen jabe. Behar-beharrezkoa da eskumenek bat egiten duten esparruak bakuntzea, arazoak konpontze aldera. Gure eskumen-esparruarenganako begiruneak ildo horretan lan egitera behartzen gaitu, gainera. Azkenik, ezin dezakegu ahaz Eusko Legebiltzarrak abenduaren 30ean gehiengo osoz onartutako Eusko Jaurlaritzaren Proposamen Politikoak beren-beregi aipatzen duela Justiziaren dezentralizazioa, Euskal Kontseilu Judizialaren sorrera eta guzti.
Zure kargua Segurantza Sozial Sailburua ere bada. Segurantza Soziala Madrilgo gobernuari aspaldidanik eskatzen diozuen eskumena da hain zuzen, eta gainera inolaz ere emango ez dutena, adierazi dutenez… Politikaren esparru gorenean dabilen norbait gai bada lege bat betetzeko asmorik ez duela adierazteko, zeozer ez dago ondo. Hala gertatu da, esaterako, Espainiako Gobernuko Presidentearekin, Gernikako Autonomia Estatutua dela eta. Askotan esan dugu ez diogula enplegu-eskumen bakar bati ere uko egingo, multzo desberdinetan banatuta dauden arren (aktiboak, prestazioak, lan-ikuskatzailetza…), eta beraz atalez atal negoziatu daitezkeen arren. Eta ez dugu uko egingo denek osatzen dutelako Enplegu eskumen-titulua. Gainera, euskal hiritarren ongizateari zuzen-zuzenean eragiten dioten eskumenez ari gara. Joseba Azkarraga Rodero (Agurain, 1950) Joseba Azkarragak eskarmentu handia dauka politika munduan. 1979an bazegoen Madrilgo Kongresuan diputatu, eta 1982 arte atxiki zuen kargu hori. Ez zuen Madrildik alde egin, baina: 1982-1986 bitartean EAEko ordezkaria izen zen Senatuan, eta 1986tik 1993ra, EAko parlamentaria, Diputatuen Kongresuan berriz ere. Aldi hartan, (1987 1993ra, zehatzak izate aldera) EAko Zuzendaritza Batzorde Nazionaleko kidea izan zen. 1999an itzuli zen bere alderdiko zuzendaritzara, eta hantxe dago oraindik ere. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailburua da 2001eko irailetik. Arlo pribatuan ere ardurak ditu Joseba Azkarragak. Mondragon Corporación Cooperativako kidea eta Euskadiko Kutxako Sektore Publiko arloko zuzendaria da 1993tik.