Juan Jose Agirre. Lazkaoko Artxiboaren sortzailea: Artxibo lanari ekin aurreko nire senak esaten zidan esfortzuak merezi izango zuela

2010-10-29

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Artxiboak oroimenaren lagunik onenetakoak dira. Pertsonak oroitzeko duen ahalmena oso hauskorra den bitartean artxiboek aukera ematen diote historia, behar bezala idazten joateko. Era askotako artxiboak ditugu eta denak beharrezkoak gure iragana nolakoa izan den eta guganantz zer proiektatu duen ezagutzeko. Azken berrogei urteotan euskal historia garaikidea fijatzen aritu izan den arduradun horietako bat Juan Jose Agirre beneditarra dugu. Buru belarri jardun du, Lazkaoko bere lan txokoan, gaurko euskal historiaren nondik norako zutabeak sendotzen, batez ere idatzizko lakukoak bilduz. Juan Jose Agirre eta Lazkaoko artxiboa bi izen bereizi ezinak dira, euskal kulturari mesede handia egin diotenak.

Berrogei urte inguru eman dira Lazkaoko etxe honetako bibliotekan hasi zinela lanean, eta handik gutxira artxiboa prestatzeari ekin zenion... Euskal Herriko gaur eguneko historiaren artxiborik ospetsuenetakoa osatzeraino... Urrats handia eta emaritsua. Eta aldaketa handia ordutik emandakoa...

Erabat! Zerotik hasi behar izan nuen, oso azpiegitura apala genuen eta horrela ekin behar izan nion. Bibliotekarako lekua berritzen hasi nintzen, eta hiru solairu prestatu genituen. Eztabaida izan genuen gure artean ere, noski, halako eraikin bat apalategiz beteta zertarako behar ote genuen, eta abar. Nik banekien zer etorriko zen eta nire buruan baneukan proiektu osoaren ideia garbia... eta horregatik egin ahal izan nuen liburutegi hau. Liburuekin hasi eta pixkanaka- pixkanaka artxiboak agertu ziren nire mundura. Artxibo lana ez zen ezagutzen eta ni senaz aritu nintzen, lehenik panfleto eta pegatinekin. Ahoz ahoko sistema erabili genuen nire lanaren berri emateko, eta gero eta handiagoa bihurtu zen honarako dokumentazio jarioa. Aldizkako argitarapenak biltzen ere hasi nintzen, informazio aldizkari legalak zein dokumentu gisa han eta hemen argitaratzen zirenak, ziklostilez egindakoak, hain zuzen. Material horren %75a hemen bakarrik aurki daiteke gaur egun. Baina, zoritxarrez, asko eta asko ez dira hona heldu eta betiko galdu zaizkigu. Ikerketa soziologikoak egiteko funts handia daukagu hemen Lazkaon. ETA, Jarrai, LKI, HASI... mugimendu horien guztien dokumentazioa hemen aurki daiteke.

Orain lasaixeago ibiliko zara, hainbeste urtetako lanaren ostean fruituak jarraipena izan dezakeela ziurtatuta... Eraikin berria, plan berriak... Baina bakarrik aritu behera izan zarelako astun samarra gertatuko zitzaizun lantegia, ezta?

Bai. Gu beneditarrak, ordena erlijiosoaren arauengatik, autonomoak gara gure bizimoduan. Gure lanarekin atera behar dugu aurrera bizitza. Horregatik etxe bakoitzeko kide bakoitzaren gaitasunetara egokitzen da lan komunitarioa. Duela berrogei urte inork ez zuen hemengo bibliotekarekin lanik egin nahi eta nik eman nuen aurrerako urratsa, fraideen bizitza komunitarioaren onerako izango zelakoan. Oraingo eraikin eta instalakuntza berriak orduko erabakiaren fruitua dira.

Garbi asko esan daiteke, beraz, zuri esker loratu dela Lazkaoko Artxibo hau. Baina bidean une latzak ere bizi izan dituzu...

Istorio luzea da eta garaia ere halakoa gertatu da. Francoren denborako Salbuespen Egoeran, 1968an, poliziak eta guardia zibilak miatu zituzten komentuetako lehena gurea izan zen. Sekulako miaketa egin ziguten. Artean biblioteka lanetan hasi gabe nengoen arren, material batzuk bagenituen.

Gero askoz gogorragoak bizi izan ditut. Tejeroren kolpe ahaleginean, 1981ean, beldurra izan nuen.

Badakigu zure atzetik ibili dela polizia, detenitua izan zarela... Horrek esan nahi du, nonbait, Lazkaoko Artxiboa “abertzale” izatearen ospea duela...

Horrela da, bai, eta ez bakarrik hemen. Madrilen, Asociación Española de Bibliotecarios delakoan, esaterako, “nazionalista”tzat naukate. Baina nik mugarik ez daukat, Euskal Herriko historiarako baliagarria den guztia biltzen baitut... baina bistan da zeinek argitaratzen duen gehien. Poliziaren azken bisita famatuan, 2005eko otsailean, Garzon epailearen aginduz etorri ziren. Nire langela arakatu zuten, artxiboa eta biblioteka. Eta Madrilera eraman behar nindutela adierazi zidaten. Handik gutxira hamabost tipo ari ziren dena errebisatzen. Gero jakin nuen guardia zibilak zirela. Horixe izan da nire disgusturik handiena urte hauetan. Polizia haietako batek frantsesez hitz egin zuen, telefonoz, eta egiten zizkidaten galderei emandako erantzunak —gero jakin izan dudanez— kontrastatu egiten zituzten, ordu berean detenitua zeukaten Belokeko nire fraide kide batenekoekin. Baina esan behar dut materiala errespetatu egin zutela. Joatean, polizia batek isilean zoriondu egin ninduen... burututako lanarengatik!

Urteak eman ondoren zure lana errekonozitua izan da, erakunde publikoak akordio batera iritsi dira Lazkaoko Artxiboaren etorkizunaz, Fundazio bat sortu da,... Beraz, zure kezka ere aldatuko zen...

Aldatu egin dira baldintzak onerako, eta lasaitasuna ekarri dute. Euskal Herrirako altxor preziatua izaten jarraituko Lazkaokoak. Ikerleentzako abantailak handiak izango dira eraikin berrian, eta bertako langileek ere modu erosoago batean egin ahal izango dute lan.

Nola uztar daiteke “Ora et Labora” agindupeko monje beneditar baten bizitza lasai, ia-ia kontenplatiboa, eta artxibo batek exigitzen duen dinamika biziarekin?

Bizitza kontenplatiboa arautua dago, zuk esan bezala, “Ora eta labora” (otoitza eta lana) erregela horrengatik. Eta errespetatu behar dugu agindu horren izpiritua. Baina askatasun logiko baten barruan, erregela nolabait samurtzeko aukera ere badugu.

“Labora” horrek, ziur nago, satisfakzio handiak ekarriko zizkizun...

Askok galdetu didate, lantegi honetan hainbeste ordu inbertitzeak merezi ote duen. Eta nire erantzuna beti ildo berdinetik doa: merezi izan badu, besteengan, hau da, ikerleengan adierazi duenarengatik da. Hemengo materiala erabiltzen denean, tesinak edota doktoretzako tesiak egiteko, orduantxe ematen da nire satisfakziorik handiena. Lehen tesia Tuñon de Larak zuzendutako bat izan zen, Iparraldeko ikerle batek burutua, “Frankismo garaiko grebak Gipuzkoan” gaiaren inguruan. Tesi horiek idazten laguntzen joan naizen neurrian, nik neronek ere ikasi dut. Ondorio eskergarri bat ere badu tesien soka horrek, izan ere, behin aurkeztuz gero lanaren kopia bat entregatzen didate eta automatikoki ahapaldietara pasatzen da, atzetik datozen interesatuen ezagutzarako.

Hasieran esan dudan bezala, artxibo lanari ekin aurreko nire senak esaten zidan esfortzuak merezi izango zuela. Hemen material asko eta asko gorde izan ez bagenu, historia beste modu batez idazteko arriskua izango zen. Orain dela gutxi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea —Antonio Rivera, Historia Garaikideko Katedradun dena— harrituta atera zen hemendik, bere lehen bisitan. Horrek poza ematen dit.

Sinesten dizut, izan ere nazionalista izatetik urrun dagoen Antonio Riveraren gisako pertsona batek Artxiboaren gaineko laudorioak entzutea poztekoa da...

Hala da, bai. Riverak ideia zehatza eraman zuen hemendik, eta artxiboan ez ezik bibliotekan ere gauza ederrak ditugula adierazi zidan.

Esan al genezake Lazkaoko Artxiboko ormen artean Euskal Herriko azken berrogei urteotako mugarririk esanguratsuenetakoak aurki genitzakeela?

Lehenik berriro azpimarratu nahi dut, ni hasi nintzenean beste inor ez zebilela materiala biltzen. Orain panorama aldatu egin da, Interneten azaltzen baitira dokumentuak, sortu bezain laster. Lehen ETAren komunikatu batekin harrapatzen bazintuzteten bazenekien zein zen ondorioa. Nik, dena den, bildu egin nituen, eta altxor preziatua daukagu hemen. Oraingo nire eginkizuna, beraz, aldatu egin da.

Baina, zure galderari erantzunez, gizarte gaien inguruko tesiaren egileak badaki non aurki dezakeen beste artxiboetan aurkituko ez duena. Eta horren adierazlea da, gero eta dokumentazio gehiago iristen zaidala, hemen uzteko erreguarekin.

Ez al zara inoiz artxibo konkreturen baten bila atera?

Ez naiz atera, ez... Jabeak etorri dira beti, eskainiz. Azkena Gasteiztik ekarri dugu. Nik ez nuen hartu-emanik, baina deia jaso nuen, eta Elkarri mugimenduko dokumentazioa jasoko ote genuen galdegin zidaten. Orain, badakizu, Lokarri bilakatu da, eta kokapena ere aldatu behar zutenez gero eskaini egin ziguten. Furgoneta batekin joan ginen, bila. Gustatu ala ez, gure gizartean gertatu den mugimendua izan da Elkarri, eta toki aproposa zuen hemen dokumentazioak.

Lortu dituzu artxiboak... baina egongo da, nonbait, artxiboren bat eskuratu nahi zenukeena, ezta?

Bai, badira batzuk. Eta ari naiz, ari naiz...

Gogoratzen dut, inoiz gu bion artean hitz egin dugula beste erakunde batzuen funtsekin aberastu litekeela Lazkaoko hau. Horra hor, Eusko Ikaskuntzarena, adibidez...

Ondo ikusiko nuke itunak sinatzea beste erakunde batzuekin, azkenik denon onurako izango bailitzateke ahalik eta zentratuen edukitzea, baldintza tekniko hobeekin. Ni prest nago. Bihar etzi Artxibo Nazionala egin behar bada ere, zentralizaziorako bitartean eman genitzakeen urratsak onak lirateke. Bestalde, digitalizazioaren aukerak distantzia fisiko zein bestelakoak murriztuko ditu epe labur batean.

Aipatu duzu Artxibo Nazionala, eta ziur nago azken berrogei urteotako probintzialkeriak zer ikusi handia izan duela Lazkaokoaren gisako artxiboen garapen mugatuan...

Bai. Eta eragozpenak sortu ditu. Gurekin ezertarako kontsultatu gabe, Lazkaoko Artxiboa jende askoren mingainean egon da, ez dakidan nongo proiektu baten barruan eta abar.

Dena den, arriskua ez zaizue bakarrik orbita politikotik etorri, baizik eta badirudi beneditarren ordenak ere apeta izan zuela Lazkaokoa hartu eta hemendik ateratzeko, auskalo zein arrazoi ezkuturekin...

Hori ezinezkoa da une hauetan...

Elizak, erakunde bezala, zerbait esan al lezake zuek beneditar komunitate gisa egindako lanari buruz?

Ez. Gu autonomoak gara, gure lanetan. Azkenik, bestalde, gizarte zibilerako egiten dugu lan, eta hori garbi dauka elizak. Herriko historia egiten laguntzeko sortu zen Lazkaoko Artxiboa.

Berrogei urte eman dituzu lanean uneko baldintzekin eta abiapuntu berri batean zaude orain. Hemendik aurrera, zer?

Hemendik aurrera... beneditar komunitate bezala gu bagoaz Lazkaotik. Ordena guztietako arazo edo errealitatea da. Artxiboko arduradun bezala, ni sortzailea izan naiz eta orain utziko banu... ordenak ezingo luke ordezkorik ipini. Eta ondorioz, gure altxorra edozeinen eskuetara joateko arriskua izango zen, ez bagenu hemen gauden beneditarron erabakia demokratikoki hartu: Lazkaoko artxiboa ez da Gipuzkoatik aterako, ahal izanez gero Lazkaon bertan geratuz. Gipuzkoako Diputazioa eta Lazkakoko Udalarekin berbetan hasi ginen. Tolosan eta Oñatin probintziako artxiboak diren bezalaxe, Lazkaok ere eduki zezakeen berea, hemen sortu eta orain arte hemen garatutakoa. Horregatik Fundazioa sortu dugu eta 2010eko azaroan sinatuko dugu akordioa. Eta pertsonalki, nire oraingo ardura eskuz-esku pasatuko dut, beste norbaitengana. Hori ere asimilatua daukat. Juan Jose Agirre Begiristain (Alegia, 1930) Juan Jose Agirre Alegian jaio zen 1930. urtean. Gaztetan Beneditarren komentuan zegoen liburutegi txiki baten ardura hartu zuen. 1970. urtean Bartzelonara Bibliotekomomia ikastera joateko aukera eman zioten eta Beneditarren Montserrat bibliotekan lanean hasi zen. Han hasi zitzaion benetako liburu gosea eta 1973an Lazkaoko komentuko biblioteka berria egiteari ekin zion. Euskal informazio klandestinoak bildu zituen liburuak, aldizkariak, kartelak, egunkariak. Lazkaoko artxiboaren sortzailea eta benetako sustatzailea izan da. 2009an IX Manuel Irujo saria eman zioten. Sari honek 40 urtetan egindako lana aintzat hartzen zuen.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Idoia Zabaleta. Koreografoa: Lan musikala egiten dut, baina ideietan oinarrituta

 

Irakurri

Paula Kasares. Hizkuntzalaria: Hizkuntza-kultura-gizartea hirukotea banaezina da

 

Irakurri

Filipe Oihanburu. Musikari eta koreografoa: Euskaldunok anarkistak gara!

 

Irakurri

Pedro Elosegi. Gasteizko Folklore Akademiako zuzendaria: Beti saiatzen naiz “Dantza plazan” saioetan parte hartzen, bertan jotzen aritzea eta jendea dantzan gozatzen ikustea pozgarria baita

 

Irakurri

Blanca Gómez de Segura. Euskal Buztingintza Museoko zuzendaria: Buztingileok jakinduria bat berreskuratzen ari gara

 

Irakurri