Juan Uriagereka. Hizkuntzalaritzan doktorea: Gorroto ditut definizioak

2009-02-06

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Gure arteko distantzia fisikoa medio, telematikari esker Uriagereka doktorea elkarrizketatu ahal izan dugu, AEBko Marylandeko Unibertsitatean Hizkuntzalaritza Katedraduna dena. Berak azaldu digunez, maila kontzeptualean, “Chomsky aitona, eta Lasnik nire aita intelektuala miresten ditut, eta ez hori bakarrik, benetan maite ditut, familiakoak dira niretzat”. Ezin dizuet azaldu fisikoki nolakoa den, ez eta zein ahots-tonu duen ere. Baina jakin badakit langile nekaezina izateaz gain oso pertsona antolatua dela. Izan ere, aireportuen arteko joan-etorriek utzi dizkioten tarteetan, hiru egun eskasetan, elkarrizketa egiteko proposamena onartu eta guk egindako galderen erantzunak igorri dizkigu. Dena den, aurrez aurre egoteko hitzordua betetzea falta zaigu... agian Jakiunderen hurrengo bileran, Akademiako kide baita bera.

Hizkuntzalaritzan doktore zara, baina aurretik Ekonomia Zientziak ikasten aritu zinen. Zerk bultzatu zintuen Ekonomia-ikasketak utzi eta Filologia Anglo-germanikoan matrikulatzera?

Erabakia hartu aurretik ez nuen gehiegi pentsatu. Agian ez nuen asmatu ekonomi zientziak uztean, oraindik ere liluratzen bainaute. Ez dakit, dena den, ildo horretan ekarpen esanguratsurik egiteko gai izango ote nintzen. Edonola ere, filologiaren bidea hartzea norabide aldaketa ero samarra izan zen benetan, garai hartan neska-lagun nuen Paloma Lapuertak iradoki zidana.

Gurasoek nola hartu zuten zure erabakia?

Familian sekulako ezustekoa izan zen, zalantzarik gabe, eta gainera idazle izan nahi nuela esaten nuen. Egia esan, hori da oraindik ere izan nahi dudana, baina oso zaila da. Guztia zaila delakoan nago, niretzat behintzat. Ahal duguna egiten dugu, ditugun baliabideekin. Azken finean berdin da, garrantzitsuena da egiten ari zarena seriotasunez hartzea, betiere umorea galdu gabe. Halako zerbait.

Nola definituko zenuke zure burua?

Gorroto ditut definizioak, eta are gehiago norberari buruzkoak baldin badira. Nahitaez neure burua definitu beharko banu, alaben bizitza horren esku balego, baserritarra naizela esango nuke.

Definizioak gorroto badituzu nire galdera ez da batere egokia izan. Beste era batera esanda, zutaz gehiago jakin nahiko banu zera galdetuko nizuke, zer duzu atsegin? Zein da munduari buruz duzun pertzepzioa?

Gorroto dut batez ere biolentzia. Maite ditut umorea, giro atsegina, kolektiboa dena, eta nire bizipen pertsonalak horren anitzak izanik, uste dut ezin naizela neurri berean eroso sentitu Euskadin, Japonian edo Patagonian. Gizakiak ikusten ditut bakarrik, berdin zait nola hitz egiten duten. Hori bai, atsegin dut nirekin berba egin dezatela eta entzun nazatela, edonola izanda ere. Azken finean, mundua ulertzeko modu oso antzekoak dira guztiak.

Nekazari-mundutik natorren gizona naizen aldetik, eta bazterketarik ez baina bai mespretxu ugari pairatu ditudanez (galiziar, euskaldun, Estatu Batuetan latino eta Europan apur bat ijito izateagatik), onartzen dut errespetuz hartu nazatela atsegin dudala. Ez miresmenez, ez eta tentuz ere –gustuko dut modu onean adarra jotzen didatenean, eta benetan gozatzen dut alabak nire ohituretaz gogotik barre egiten dutenean-. Betiere giro atseginean, umilazio etnikoa, kulturala edo pertsonala saihestuz.

Hizkuntzalari zarenez, zer iruditzen zaizkizu “euskañol” edo “espanglish” erako “mestizaiak”?

Hizkuntzen, kulturen edo gizabanakoen definizioen aurrean antzerako sentipena dut. Azken finean niri bost axola pertsona batek “euskañol” edo “espanglish” hitz egiten badu. Garrantzitsuena jendeak hitz egitea dela uste dut, komunika daitezela, elkar ulertzeko bideak jorra ditzatela. Izan ere, jakina da bestelako bidea zein den, uneotan Gazan ikusten ari gara eta milaka urte daramatzagu bide izugarri horretatik aldendu ezinik: biolentzia (fisikoa, hitzezkoa edo nahi duzun erakoa).

Zeintzuk dira mintzairaren eta hizkuntzaren arteko aldeak?

Mintzaira gaitasun mentala da, oinarri fisikoa, biologikoa eta kulturala duen emergentzia konplexua; pentsatu, sentitu eta komunikatzeko modu jakin bat eman digu, eboluzioan bakarra izan dena, dirudienez. Hizkuntzak, pluralean, mintzairaren adierazpenak dira, gizakion historian zehar azaldu direnak. Beraz, hizkuntza bakoitzak balio handia du, eta bata ez da bestea baino garrantzitsuagoa. Metafora bat erabiliz, mintzaira unibertsoko lau indarrak balira, hizkuntzak zeruko gorputzak lirateke.

Formula matematikoak, poesiaren edo doinuaren antzera, edertasun estetikoa izan dezake. Armoniaz, Edertasunez, Absolutuaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara, Jainkoaz? Eroaldi estetikoaz?

Estetika, zientzia eta etika lotuta daudela uste da aspalditik, eta agian Platon izan da lotura hori ondoen azaldu duena. Batetik bestera aldeak daude, noski, baina egia da zientzialariek intuizioak izan dituztela jarraibide, azken finean estetikoak diren intuizioak, eta artista handiek teknika eta azken buruan zientzia izan dute euren lanaren oinarri. Velazquezek, adibidez, hainbat zientzia-liburu zituen bere liburutegi oparoan, eta agerikoa da Las Meninas koadroaren tamainako lana osatzeko ordura arte ezagutzen ez zen gailu optikoa asmatu behar izan zuela.

Loturarik ikusten al duzu estetikaren, etikaren eta mistikaren artean?

Etika da gehien miresten dudana, beharbada ulertezina zaidalako ildo horretan benetan kabala izateko modua, maila horretako giza konpromisoa zailena dela iruditzen zait; ezin dut gai horri buruz zentzuz hitz egin.

Bestalde, nolabaiteko eszeptizismoa egon beharko litzateke gai horien inguruan, batez ere esplotazio-moduak ezkutatzen dituztenean, eta hori, tamalez, erlijioetan oso ohikoa izan da eta oraindik ere bada. Ildo horretan beldurra diot bizipen izpiritualetaz hitz egiteari, eta gainera, izatekotan, bizipenok guztiz indibidualak izan beharko lirateke. Unibertsoa oso gauza arraroa da, niretzat behintzat erabat ulertezina. Liluragarria, baina ukiezina, batez ere gozamenaren eta esklabutzaren kontzeptuak otoitz bakar batean ipini nahi badira. Kantek erakutsi zigun Jainko pertsonalak, ahalguztidun, orojakile eta infinituki eskuzabalak, terminoen mailan kontraesana planteatzen duela.

Zer esan nahi duzu kontraesana diozunean?

Ezinezkoa dela, alegia. Zerbaitek huts egiten du, Logikak edo Jainko horrek. Noski, guztiak huts egin dezake, eta gu uste duguna baino izaki penagarriagoak gara, ez gara gai gure burmuinetatik haratago ikusteko. Oso aukera erreala. Baina orduan, hor kanpoan zerbait baldin badago, seguruenik ez du gurekin zerikusi handirik izango, nirekin bederen.

Hala ere, gaiaren inguruan asko pentsatu eta hausnartzen dugu...

Egia esateko ez nau kezkatzen pertsonalki: Juan Uriagereka ez da batere interesgarria kontzeptu gisa, eta beraz, ez dio axola hori guztiarekin nola uztartzen den. Zalantzarik gabe hori guztiaren zati bat da, eta bere partikula hilezkorrak unibertso-zopara itzultzen direnean guztiak bere horretan jarraituko du. Ez zaio buelta gehiago eman behar. Hori bai, hemen naizen bitartean hurkoei bizitza eramangarriagoa egitea nahiko nuke, zientziaren, artearen edo dena delakoaren bidez.

Mintzaira gure pentsatzeko gaitasunaren isla al da? Modu konplexuan pentsatzeko gai diren animalia bakarrak al gara?

Horrek ez du esan nahi beste espezie batzuk pentsaera konplexurik ez dutenik. Ez dago zalantzarik, nire ustez. Baina haiei mintzatzeko gaitasuna eskatzea guri sonar-sistema eskatzea bezala litzateke, izurdeek halakorik badutelako. Bakoitza den modukoa da, bere ingurunea du. Hobea edo txarragoa den denborak esango digu. Ez dago espezie betierekorik, ikusiko dugu zenbat irauten duen honek... Azken aldian ez diot itxura onik hartzen.

Zerbait esan nahi al duzu FOXP2 geneari buruz?

Nik azaldu izan dut FOXP2 erritmoa kontrolatzen duen neurona-zirkuitu baten barruan dagoela, gongoil basalen zonalde batean. Hegazti txiolariek zirkuitua oso garatuta dute, eta badirudi beste hegazti eta ugaztun batzuek ere hala dutela, zetazeoek eta saguzarrek hain zuzen, eta agian baita elefanteek ere. Erritmoa kontrolatzea da gakoa. Baina erritmoa gauza asko dira, adibidez, txoriek siringe-igorpenak erregulatzen dituztela dirudi, eta saguzarrek, berriz, ultrasoinuak igortzen dituzte. Gure kasuan badirudi beste primate batzuk ere badituzten kontzeptu-gaitasunen adierazpena kontrolatzen dugula.

Orduan, gakoa ez al da primatearen eta hegaztiaren arteko hibridoaren eboluzioaren emaitza garela?

Hegaztien eta primateen artean hirurehun bat milioi urteko eboluzio-aldea dago, baina organismo guztien oinarri molekularra oso antzekoa da, eta gene-egitura asko behin eta berriro berrerabiltzen dira, batzuetan bestelako funtzioekin. Bai burmuinetan eta baita gainontzeko sistema fisiologikoetan ere. Badirudi gure eboluzio-ildoan une batean bat egin zutela ugaztunen antzinako zirkuitu batek eta are antzinagokoa zen beste izaki batzuen zirkuituak. Ugaztunen antzinako zirkuitu hori oso sakoneko mailetara iristen da, eta hori nabaria da orangutan edo gorila bati aurrez aurre begiratzean. Antzinagokoa den zirkuitua, berriz, gizakiekiko hirurehun milioi urtetik gorako eboluzio-aldea duten espezieetan aurkitzen da.

Mintzatzeko gaitasuna nahiko berria da (ez dakit Neanderthalek benetan hitz egiten ote zuten), eta gizakioi bakarrik dagokigu. Hori ere nahiko ulertezina da eboluzioaren aldetik begiratuta, izan ere, ebidentziak erakusten duenez, hitz egiteko gaitasun hori bat-batean sortu zen, ez poliki-poliki. Horregatik, gaitasunaren agerpena azalduko duten bestelako arrazoiak falta direla uste dut, baina horrek ez du esan nahi zerbait magikoa izan zenik.

Zer esan nahi duzu hitz egiteko gaitasuna agertzeko “bestelako arrazoiak” diozunean?

Adibidez, mintzairaren euskarri diren giza genomaren eta proteomaren zatietan elementu transposakorra txertatu ahal izan zen, eta batek daki horren jatorria zein izan zen (birikoa, bakterianoa edo organismo barrukoa). Datozen urteetan jakingo dugu horrela gertatu ote zen, mintzairaren oinarri molekularrak hobeto ulertzen ditugunean.

Zer diozu ispilu-neuronen aurkikuntzari buruz?

Burua errealitatearen osagaietako bat da, energia den moduan, egoeraren arabera materia izan daitekeena edo ez. Ez dakigu ondo mentala den hori azken finean zer den, baina zerbait izan beharko da, ezin da unibertsoko legeetatik kanpo gelditu (horrek ez du esan nahi lege horiek hobeto ulertu behar ez ditugunik mentala dena integratzeko).

Horrenbestez, fikzioa, inspirazioa edo beldurra sorrarazten diguten ispilu-neuronak edo are konplexuagoak diren zirkuituak errealitate mental horren osagai badira, ba horrela izan dadila.

Non dago errealitatearen eta birtualtasunaren arteko muga?

Ez dut denbora alferrik galtzen errealitatea zalantzan jartzen. Interesgarriagoa zait neure buruari galdetzea zergatik den errealitatea den modukoa. Askotan ez da erraza errealitatea ikustea, eta sarritan geure burua engainatzen dugu errealitate hori ulertzean. Baina ahal dugun neurrian ziurtatzen badugu zerbait modu jakin batekoa dela –probokatzailea den adibidea jarrita, demagun kontzientziaren fenomenoa existitzen dela–, gauza ez da hori ukatzea. Alderantziz: buruari bueltak eman behar dizkiogu azalpen onargarria aurkitu arte, edo ikerketarako bidea behitzat.

Nire ustez, kutxa horretan nozio ugari dago, eztabaidagarriak badirudite ere. Zientzialari askok ukatu nahi duten aukeramena, esaterako. Baina, egongo al dira horretarako gai diren neuronak, hau da, euren kabuz erabakitzeko gaitasuna dutenak? Zalantzan jartzen dut hori, auzia are konplexuagoa dela uste dut. Dena den hori beste kontu bat da...

Aizu, eta zein hizkuntzatan pentsatzen dugu? Kontzeptuek ba al dute hizkuntzarik?

Ezin dut erantzun seriorik eman: ez dakit. Susmoa dut pentsaera, mailaren batean, antzinakoa dela, iraultza Kanbrikoaren aurrekoa seguruenik (landareek edo bakterioek pentsatzen ez dutela onartzen badugu, pentsatzearen zentzu tradizionala kontuan hartuta; baina arrazoiak egon litezke esateko paramezio batek ere nolabait pentsatu egiten duela, zelula hutsa den arren, itotzen duten egoeretatik irteten ikasten baitu, adibidez). Horrela balitz ez luke zentzurik hizkuntza batean pentsatzen dugula esateak. Ezinezkoa da pentsamenduaren hizkuntza nolakoa den zehaztea, are gehiago, ezin dugu esan hizkuntza denik ere, hitzaren esanahi funtsezkoenen arabera. Kontzeptu hori benetan existituko balitz, seguruenik nolabaiteko formalismo logikoa litzateke, agian predikatuen kalkuluaren edo kuantifikazioaren teoriaren estilokoa, baina susmoa dut horiek metaforak besterik ez direla, edo hobe esanda, noraezean ibiltzea dela.

Zergatik gertatzen zaigu hizkuntza batean mintzatzen ari garela “txipa” aldatu eta beste hizkuntza bateko hitzak esaten ditugula?

Aitortzen dut nire gustuak eta lehentasunak ditudala: zientziaz hitz egiteko ingelesez moldatzen naiz ondoen; zerbait kontatu nahi badut nahiago dut gaztelania erabiltzea; poema idatzi nahi badut, berriz, galegoz sentitzen naiz erosoen. Baina seguruenik ohitura kontua izango da, udan legatza eta neguan babarrunak jatea nahiago izatea bezala, agian horretarako arrazoiak ez dira oso sakonak izango, baina bai ulertezinak. Gizakiarentzat legatza edo babarrunak ez dira ezinbestekoak aurrera egiteko, eta asko, gehienak, horiek dastatu gabe bizi da. Hizkuntzekin antzera gertatzen da. Sakonean guztiak bat dira, izan ere, irakurle txarra izan behar du batek haiku batekin ez hunkitzeko, eta berdin Afrikako bertsotxo tradizionalarekin edo bertsolariaren bertsoarekin. Gaiak, kontzeptuak, aurkikuntzak, umorea... erabat unibertsalak dira. Baina unibertsaltasun hori behin eta berriro azaltzen da izaki batek bere mamuei zerbait esateko amets egiten duen bakoitzean, hizkuntza edozein dela.

Ametsen gaia aipatzen duzunez, gogoan dut euskara ikasi aurretik ametsetan hizkuntza horretan hitz egiten nuela, eta pozik esnatzen nintzen, ametsetan behintzat euskaraz banekielako. Memoria genetikorik ba al dago? Litekeena al da hizkuntzak bide horretatik transmititzea?

Amets ederra da, euskara edo beste hizkuntza gutxituak berreskuratzearekin lotzen delako, baina horixe da, ametsa, eta iratzarri egin beharko zaitut: ez dago inongo ebidentzia zientifikorik horrelakorik adierazten duenik. Egia esan, horretarako argumentua erraza da, eta pentsatzen baduzu, aldi berean zoragarria ere. Pentsa, zure herrira iritsi berri den etorkinak munduko beste toki bateko geneak izango ditu, noski. Eta haren seme-alabek, zureekin batera ikastolara baldin badoaz, aldi berean euskaraz arituko dira, jolasean, beste edozein haurren modura.

Haurrak, izan ere, esponjak dira...

Giza plastizidade hori harrigarria da, ez da naturako beste inongo espezieetan ematen. Gaitasun horrek (mintzairarenak) osagai genetikoak ditu, zalantzarik gabe. Oraindik ez dakigu zeintzuk diren eta nola funtzionatzen duten, baina bestela ulertezina litzateke gure umeek hizkuntzak berenganatzea zapatak lotzeko gai izan baino lehen. Baina era berean guztiz ezinezkoa da zehazki hizkuntzenak diren geneak egotea, ikusten dugunaren arabera. Horregatik inoiz ez dut garbitasun etnikorik defendituko, zentzugabekeria da.

Eta “garbitasun etnikoaz” jardun beharrean “nortasunari eusteaz” hitz egingo bagenu?

Agian tentela izango naiz, apur bat denetik duen nahasketa, eta begiratu besterik ez dago Mediterraneoko edozein tokitakoa izan naitekeela ikusteko, mila arrazen emaitza, alegia. Baina gainera, aipatu duzun bide horrek zatiketa eta gerra besterik ez dakartza, milaka urteko historiak erakusten duen moduan. Guztiok gara gizakiak, gure nahasketa, diferentzia eta kontraesanekin, baina horrek ez du esan nahi kultur lorpenak deuseztatu behar ditugunik. Are gehiago gure burmuinak primeran bizi direnean nortasun anitz eta hizkuntza asko ditugunean aldi berean.

Garrantzitsua al deritzozu hizkuntza-aniztasuna gordetzeari?

Bi hizkuntza edo kulturarekin gelditzea istripu historikoa izan da, hasteko, biolentzia orokortuaren emaitza, esplotazio bortitzenarena. Horretan ez dago zalantzarik, ez da azkarra izan behar hori ikusteko. Amerikan, adibidez, bi mila hizkuntza inguru hitz egiten ziren Amerika izan baino lehen. Gaur egun, hizkuntza horietatik bi heren desagertu egin dira eta gelditzen direnen erdiek mila hiztun baino gutxiago dituzte bakoitzak. Hizkuntza batzuk milioika hiztun dituzte, esaterako, nahuatl, kitxua, aimara, guarani, maputxe edo hizkuntza maiek, baina kasu askotan ez dira ofizialak eta hirugarren mailakotzat hartzen dira (hizkuntzak eta hiztunak). Hori gaur egun...

Orduan, hizkuntza-aniztasunari eustea gure esku dago...

Tristeena da naturak aniztasunerako mekanismo oso interesgarriak aurkitu dituela, sexutik hasi (gure amona Laurak zioen moduan, munduko gauzarik politena) eta kulturaraino. Bi gauzon alde zoragarriena da ez diola axola ni gizona edo emakumea naizen, edo homosexuala, euskalduna, galegoa, edo dena delakoa, baizik eta amodioa egiteko modu anitzen parte naizela sentitzea, egia anitzen partaide. Eta horri entzungor egiten diogu. Aniztasun horretatik geure buruen bertsio egonkorragoak ateratzen dira beti, eta uniformetasunetik, berriz, gerririk gabeko munstro horiek sortzen dira, hala nola faxismoa edo Estatu-komunismoa, edo itolarrian ikusi berri dugun kapitalismoa, non dena ondo definituta dagoen, hori bai. Definizioa bizi da eta pertsona hiltzen da. Nire ustez, aldiz, pertsonaren izaera naturalak aniztasunera garamatza, betiere ikuspegi unibertsaletik ulertutako aniztasunera, guztiok ezer baino lehen gizakiak garela kontuan hartuta.

Baina hizkuntza-aniztasuna naturala al da?

Espeziearen (gizakion) izaera naturala beti izan da kultur anitza, eta oraindik ere horrela da duela hainbat mende moduan bizitzen jarraitzen dugun tokietan, non ohikoa den edozein familiatan hiruzpalau hizkuntza erabiltzea eguneroko bizimoduan. Kultur bakarrarena Estatu-aberrazioa da, eta uste dut munduan ez dela toki askotan ematen, zenbaitek inposatu nahi badute ere. Horregatik berebizikoa deritzot haurtzaindegitik hasita kultura anitzak eta irekiak garatzeari, heziketaren egunerokoan bizpahiru hizkuntza erabiltzeari.

Kultur aniztasunerako gaitasunik ba al dugu benetan?

Maila batean kultur aniztasuna erraza da, gure burua esfortzurik gabe hiruzpalau hizkuntzatan bizitzeko gai dela aintzat hartzea da egin behar dugun bakarra. Hori ziurtasunez diotsut, ikuspegi zientifikotik. Nire antzeko astakiloak ere hiru hizkuntza hitz egiteko gai gara, eta beste bizpahiru ikas ditzakegu, horretara jarriz gero. Emaitza hobea edo txarragoa izango dugu, “espanglish” edo nahi duzuna hitz egingo dugu, baina gure burmuinetan aniztasunak bizirik iraungo du, bakoitzak bere buruan gizakion historiaren zati bat daramala.

Ama hizkuntza ez direnetan zergatik behar dira ezagutza frogatzen duten ziurtagiriak?... (euskaldunen kasuan izan ezik, ama hizkuntza euskara izan arren azterketa gainditu eta gaztelaniadunei eskatzen ez zaiena erakutsi behar baitute). Hizkuntza-gaitasun ziurtagiriak eskatu beharko lirateke batxilergoa amaitzean?

Erantzuna edozein izanda ere, eztabaidagarria izango da. Urte askotan ikusi ahal izan dudanez, testuinguru horretan hizkuntzaz eta mintzairaz hitz egiten dudanean jendeak gai delikatu horien ingurukoak jakin nahi ditu. Nik txoriei edo genetikari buruz hitz egin arren, hizkuntza-politikari buruzkoak izaten dira azken finean mintzagai... Baina mintzairan aditu garenok ez daukagu kristalezko bolarik ez eta hagaxka magikorik ere.

Arazoa agerikoa da. Toki askotan esan dudana errepikatuko dut, euskararen gaia alde batera uzteko eta hori guztia beste ikuspegi batetik ikusten saiatzeko. Munduan milaka hizkuntza daude, beti egon izan diren moduan, eta oraindik ere badira. Baina jakin badakigu, egungo joera aldatzen ez bada, pare bat belaunalditan erdia desagertu egingo direla, eta lauzpabost mendetan ehuneko laurogeita hamarra seguruenik. Are gehiago, giza historiaren ehun eta piku mila urtetako hizkuntza-familien ikuspegitik begiratuta, dozena erditik bat edo bi geldituko dira: indoeuropar hizkuntza batzuk eta txineraren aldagai batzuk. Agian arabieraren dialektoren batzuk.

Orduan, esperantoa beharrean munduko “enperadorearen” hizkuntza izango dugu...

Argi dago auzoko harroputzen hizkuntzak direla horiek, azken hiru edo lau mila urteetan gainontzeko gizateria deuseztatu dutenenak. Gauzak horrela dira, ados. Baina ildo horretan, hasteko, argi eta garbi zera esan behar da: ez dago inongo hizkuntza-arrazoirik txinera, adibidez, gizateriaren hizkuntza izateko. Litekeena da baldintza sozio-ekonomikoek edo historiako kasualitateek norabide hori bultzatzea. Baina ez daitezela txinatarrak etorri esanaz txineraren ezaugarri bikainengatik dela. Esan dezadan, bidenabar, hizkuntza hori beste edozein bezain ederra iruditzen zaidala.

Baina horrela esanda badirudi beste aukerarik ez dagoela.

Horrelako gizateria nahi badugu ez dugu ezer egin behar. Kapitalismoarekin gauza bera gertatzen da: azken hilabeteotan ikusi dugun mundua nahi badugu, merkatuei euren kontura jarduten utzi behar diegu, besterik ez. Puntu. Baina uste badugu mundu hori arriskutsua dela, edo behintzat espezie gisa ezagutu dugunetik bestelakoa dela iruditzen bazaigu... orduan hausnarketa apur bat egin beharko dugu.

Ezagutzen ez dugunaren beldur?

Ez dakit hausnarketa horrek nora eramango gaituen, kultur aniztasuna iraunarazterik izango dugun, ere berean ez dakit biodibertsitatea iraunaraziko dugun edo kapitalismoak benetan alternatibarik ba ote duen. Baina uste dut elkarri maximalismo errazak jaurtiz borrokan hasi aurretik jokoan dagoenaz hausnartu beharko genukeela, eta gauzak modu egokian bideratzeko zer egin dezakegun pentsatu. Hitz eginaz, behintzat, elkar ulertzen hasiko ginateke...

Zein hizkuntzatan?

Aukera badakigu zein den: guztiok txineraz. (Aukeratu zuk zeuk nahiago duzun hizkuntza). Iruditzen zait kasu horretan, gutxienez, txisteak aurreikusteko modukoak izango direla, eta etorriko diren zailtasunen aurrean –eta seguru etorriko direla– espezie gisa alternatibak bilatzeko gaitasuna murriztuta egongo dela ideien faltagatik. Hori kontuan hartzea garrantzitsuagoa iruditzen zait azterketei eta tituluei buruzko legeak jartzea baino. Hizkuntzak hitz egiten baditugu, uneren batean ez da tituluen beharrik izango.

Bukatzeko, neure buruari sarritan egin diodan galdera: burmuinean afektuen zonalde berberak pizten al dira pertsona bati suegra edo belle-mère (amaginarreba) deituta? Hizkuntza adeitasunetik eraikitzerik ba al dago? Hizkuntza modu batera edo bestera erabiltzeak egiten al gaitu baketsuago, paritarioago, bidezkoago, zintzoago, pertsona hobeak...? Grafoterapia esaten diotenaren ildotik, ba al dago linguoterapia edo antzekotik?

Erantzun zientifikorik ez dakit, baina gizaki moduan badaukat nire iritzia. Ez dakit hori nola lortzen den. Nire burua zigortzen dut oraindik ere pentsatuz batzuetan hainbat lagun gaizki tratatu nituela nahi gabe: urritasun fisikoak zituztenak, lankide edo ikaskideak, polikiago zihoazelako edo ez nituelako ulertzen. Hemen eta orain aurrez aurre banitu bihotzez barkamena eskatuko nieke, une hartan ez nintzelako ohartu bizi zuten egoeraz. Sarritan denbora asko behar dugu besteen tokian jartzeko. Bizipen garrantzitsua da. Hori nola lortu ez dut oraino ulertu. Inolaz ere. Horretan jarraitzen dut...

Zu limurtzeko: Maite ditudanak errespetatzen ditut, euren bizitzatik hasi eta euren kulturarekin jarraituz.

Saihesten duzuna: Gezurra.

Zoriona: Oxitozinaren jarioa (benetan: alaba zure bular gainean lotan ikustea).

Jaso duzun oparirik onena: Alabak, inongo zalantzarik gabe. Beste modu batera esanda: bizitza.

Alaba bientzako desioa: Euren begietatik haratago bizitzea lor dezatela.

Jakiunde:

2001. urtean Ikerkuntzaren Euskadi saria jaso zenuen. Zein oroitzapen dituzu?

Saria gauza polita izan zen, era horretako egoerek beldur handia ematen didaten arren.

Beldurra? Zergatik?

Esan dizut ba baserritarra naizela, eta baserritarrok beti pentsatzen dugu hanka sartuko dugula, soberan gaudela, gutaz edo geure jendeaz barre egingo dutela. Orduan, gainera, batzuetan erasokorrak garela ematen du, edo amore ematen duten horietakoak. Uste dut psikologoek itxuratiaren sindromea esaten diotela. Zer esango dizut ba?

Inspirazioa, transpirazioa... intuizioa? Zer da ezinbestekoa ikerkuntza ulertzeko?

Woody Allenek behin esan zuen bizitzaren % 80 egunero fitxatzea dela. Berdin esan daiteke ikerkuntzaren % 80ari buruz. Gainontzeko % 20a misterio hutsa da.

Ikerkuntzaren Euskadi sariaren eskutik sartu zinen Jakiunden. Zer da zuretzat ardura hori? Nolakoa da Akademia?

Jakiunde ekimen garrantzitsua dela uste dut, edozein gizarterentzat: ez horrenbeste alde akademikotik begiratuta, baizik eta batez ere hainbat ikuspegi dituen jendea elkartzeko gunea delako, zientzia edo arteak sustatzea helburu dutenen bilgune delako. Ardurari dagokionez, nire bizitzako une honetan ezin diot behar beste denbora eskaini, arazoa pertsonala da: betebehar asko ditut, gehiegi egia esateko (familiaren ingurukoak barne). Taldearen helburuak nireak dira, eta lagundu nahiko nioke, baina aldi berean lotsa ematen dit beharko nukeen eran ez parte hartzeak, eta benetan uste dut ez dudala ohore hori merezi. Akademia nolakoa den galdetu didazu, baina ez naiz pertsonarik egokiena horri erantzuteko, urruti bainago. Akademikoak paregabeak dira, eta euren borondateari esker ideietatik bizitzeak merezi duelakoan nago. Baina hor bizi den edozeinek, herriaren egunerokotasuna bizi duenak, nik baino eskubide gehiago du erantzuteko, eta hobeto egingo du, gainera.

Baina zuk urrutitik begira dezakezu...

Bi ahoko ezpata da hori. Perspektiba lagungarri izan liteke agian beste batzuek horren argi ikusten ez dutena bereizteko, baina aldi berean urruti egoteak idealizatzea dakar, bertatik bertara bakarrik ikusten diren xehetasunak ez dituzu nabaritzen.

Jakiunde “hainbat ikuspegi dituen jendea elkartzeko gunea” dela diozu. Diziplina anitzeko, diziplinaz gaindiko, diziplinarteko edota metadiziplinarrak diren taldeak. Posible al da?

Posible da, eta beharrezkoa gainera. Zientzia tradizionalaren mugak aspaldi gainditu ziren; muga horien izenak fisika, kimika, biologia, matematika, psikologia, ekonomia, hizkuntzalaritza, etab. dira. Etorkizuneko zientziak, nire iritziz, ‘sistema dinamiko konplexuaren’ esanahia zehaztu beharko du. Hondamendiei, kaosari, konplexutasunari edota orain etsipen dinamikoa esaten zaionari buruz baliozko intuizioak izan dira. Kontzeptuok talde-lana eskatzen dute, buruz irekia eta ausarta izatea. Juan Uriagereka (A Coruña, 1959) 1989. urtetik, Marylandeko Unibertsitateko irakaslea da; izan ere, unibertsitate horretako Hizkuntzalaritza katedraduna da. Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritzan doktoratu zen Connecticuteko Unibertsitatean. Haren lanaren oinarria biohizkuntzalaritza da; alegia, giza lengoaiaren gaitasunari buruzko azterketa, natura-zientzien ikuspuntutik. Uriagereka Marylandeko Unibertsitateko Graduatu Programako zuzendaria izan da, eta irakasle bisitaria, Europako eta Amerikako hamar unibertsitatetan. National Science Foundation fundazioko lau proiektu lortu ditu eta hainbat sari jaso ditu: 2001ean, Euskadi Ikerketa Saria jaso zuen, eta 1998. urtean, American Association of Publishers elkarteak hizkuntzari buruzko liburu profesionalik onenaren saria eman zion, Rhyme and Reason liburuagatik (gaztelaniaz, Pies y Cabeza, Visor, 2005). Uriagerekak sei liburu argitaratu ditu, egile eta egilekide gisa, eta bi, editore moduan. Horrez gain, laurogei artikulu edo kapitulu profesional argitaratu eta berrehun hitzalditik gora eman ditu lau kontinentetan. Aholkulari moduan, Uriagerekak hogei doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta beste berrogeita bosten batzordean aritu da. Zenbait zientzia-taldetako eta argitaratze-kontseilutako kidea da; hona hemen haietako batzuk, besteak beste: Syntax, Probus, Potsdameko Sistema Konplexu Dinamikoetarako Zentroa, Quebeceko Unibertsitateko (Montreal) Asimetría proiektua eta ICREA Fundazioa. Halaber, Washingtoneko Musica Aperta diziplina arteko taldeko kolaboratzailea da, idazle gisa. Talde horrek bi obra antzeztu ditu Langsburgh Theatre delakoan. Gainera, 2000n, Eleberri Laburraren Pereda Saria jaso zuen, Javier Diez egilekidearekin batera, La Comandita eleberriagatik.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jesús Lizaso. Eskultorea: Sortze-lanetan, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen jakin behar da

 

Irakurri

Carlos Mugiro. “Punto de Vista” jaialdiaren zuzendaria eta zinemagilea: Zinemaren historia idatziko duten filmak gaur egun ez dira ikusleengana heltzen

 

Irakurri

Itziar Mena. Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren (Eiken) zuzendaria: Sektore ekonomikoa garela errebindikatzetik ildo horretan lan egitera igaro gara lau urtetan

 

Irakurri

Emilio Silva Barrera. Oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko elkartearen lehendakaria: Bizi izateko era bihurtu zen ezerezkeria

 

Irakurri

Juan Luis Goenaga. Pintorea: Pintura mentala da, eta fisikoa ere bai. Sentimenduekin, ordea, beste modu bateko harremana sortzen da

 

Irakurri