1970ean jaioa zara. 40 urteko existentzia daramazu soinean. Zer “balantze” egiten duzu bizitzaz?
Zaila egiten zait “balantze” bat egitea, baina esango nuke positiboa dela. Orain arte zorte handia izan dudala uste dut. Familia zoragarria daukat, idaztea gustatzen zait eta idatzi eta argitaratzeko aukera daukat, lagun onak ditut, eta noski, badaude egin edo lortu ezin izan ditudan gauzak, galdutako aukerak eta abar... Baina orokorrean urte hauetan une zoriontsu asko bizi izan ditut, ezin naiz kexatu. Zoriontasuna azkenean uneak baitira, ez gauza absolutu bat.
Gasteizen jaioa eta bertan bizi izanak zer eman dio zure nortasunari?
Eman dit, nik uste, gauzak ikuspuntu ezberdinetatik ikusteko erraztasuna. Txikitatik bi leku oso diferente ezagutu ditut sakonean, Lekeitio eta Gasteiz, eta txikitatik izan naiz kontziente gauzak leku ezberdinetan diferente izan daitezkeela. Horrek halako perspektiba eman dit. Halako malgutasuna iritziak eraikitzerako orduan.
Gasteiz hizpide betiere, zein aldaketa dago 1970-1980 hamarkadatik 2000 urtez gerokoaren artean? Karmele nerabearen eta berrogei urtearen bueltan bizi denaren artean?
Aldaketa izugarria izan da. Euskarari dagokionez, adibidez, nik gogoratzen dut amak norbait kalean inoiz euskaraz hitz egiten entzunez gero, gerturatu eta galdetzen ziola: euskalduna al zara? Kanadan euskaldun bat aurkitu izan balu bezala. Gure etxebizitzan, adibidez, gu “Los vascos” ginen. Euskara guztiz arrotza zen orduan Gasteizen eta gaur egun, gero eta euskara gehiago entzuten da kalean.
Zerk eta zeinek eragin du zure nortasunean gehien? Gasteizko giroak, koadrilak, familiak... bestelakoek?
Guztiek izan dute eragina niregan. Argi dago familian jaso duzun hezkuntzak eta bizi-ereduak eraikitzen duela zure nortasunaren bizkar hezurra, baina gero nire betiko lagunekin izandako harremanak ere izan du eragin handia. Nik uste dut bizitzan gertatzen zaizun guztiak duela eragina zure izateko moduan, nahiz eta batzuetan kontziente ez izan.
Gurasoak, adibidez, zer —izan— dira zuretzat?
Nik hogei urte besterik ez nituen nire aita hil zenean, baina haren itzala handia izan da. Oraindik gogoratzen ditut askotan nire aitak egindako gomendioak, eta bizitzaz egiten zituen hausnarketak. Pozik bizitzearen garrantzia azpimarratzen zuen beti. Adibidez, beti esaten zigun ikasketak oso inportanteak zirela, baina baita ere lagunekin ondo pasatzea, irtetea, baita parranda egitea ere. Eta gero, bada zer esan nire amaz... Nire amak nigan izan duen eta duen eragina oso-oso handia da, nik neuk uste baino handiagoa. Urteekin, gainera, gero eta antz handiagoa dugula konturatzen ari naiz. Ikasketak, lanbidea...
Kazetari lanetan aritu zinen. Zer eman zizun lanbide horrek?
Beste gauza askoren artean, azkar idazten irakatsi ninduen, eta harira joateko joera eman dit zerbait idazten dudanean. Laburtzeko eta sintetizatzeko gaitasuna ere bai. Kazetaritzan dudan eskarmentuaren eraginez, hitzaldi bat entzun edo artikulu bat irakurri eta ia konturatu gabe titularrak ateratzen ditut. Mezuaren muina bereizten ikasi dut kazetaritzarekin. Soberazko hitzak baztertzen.
Gerora, hainbat bulegotan, komunikazioaren arduraduna lanetan ari —izan— zara. Zer da komunikazioa zuretzat?
Gure gizarteak gainditu behar duen ikasgai bat, arlo guztietan. Tresnak mila ditugu komunikatzeko, baina komunikazio falta izan daiteke, nik uste, gure gizarteak duen arazo handienetako bat. Komunikazio ezak arazoak sortzen ditu arlo guztietan: politika mailan, enpresa batean, etxean, familian, bikote harremanean, lagun arteko harremanean... Komunikazioa egonez gero, arazoak errazago konpondu daitezke.
Pertsonen arteko inkomunikazioa inoiz baino handiago dela esan ohi dugu. Bat al zatoz, beraz?
Guztiz. Gure harremanak azalean geratzen dira gehienetan. Denok ditugu buruan hainbat kezka, konpondu beharreko arazo eta abar, baina elkarrekin gaudenean azaleko gauzez aritzen gara, ez gara sakonera sartzen ausartzen. Benetan garrantzizkoak direnak barruan gordetzen ditugu.
Zer ikasi duzu komunikazioaren esparruan? Zein dira komunikazioaren gakoak?
Komunikazio on batek hartzailea oso kontutan hartu behar du. Mezu eraginkor bat sortu nahi izanez gero, hartzaile motari egokitu behar zaio. Marketin eta publizitate enpresek ondo dakite hori eta horregatik dute hain kontutan “target” delakoa zerbait komunikatu nahi dutenean.
Bestetik, ahozko komunikazioari dagokionez, oso garrantzitsua da errepikapena. Entzuleak ez du irakurleak bezain ondo jasotzen mezua, gauza asko galtzen zaizkio bidean. Hau dela eta, hizlari onek mezua behin eta berriz errepikatzen dute. Zer esango duten aurreratzen dute lehenengo, gero esan behar zuten hori esaten dute, eta azkenik esan dutena gogoratzen bukatzen dute hitzaldia.
Eta beste gako ezinbesteko bat edukia da. Ez dago komunikatzerik edukirik ez badago. Benetako komunikazioak edukia behar du. Bisuteriazko hitzek, apaingarri lana baino egiten ez duten horiek, ez dute benetan komunikatzeko balio. Zerbait esan beharra dago.
Informazioa izatea da gaur egun lehengaia. Bat al zatoz?
Informazioa duenak boterea du. Informazioa izatea eta hori behar bezala kudeatzea klabea da gaur eguneko gizartean. Emakumea eta idazlea
Nola ikusten duzu euskal emakume idazlea?
Gero eta emakume idazle gehiago ditugu gure artean, baina ez dezagun ahaztu oraindik ere gutxiengoa direla. Gizarteko beste arlo batzuetan gertatzen ari dena gertatzen ari da baita ere literaturan, emakumeen presentzia areagotuz doala. Baina arlo honetan eta une honetan, gure erronka nagusienetako bat, nik uste dut dela erakustea “emakumeen gaiak” deitzen diren horiek gai unibertsalak direla. Ez dira “gizonen gaiak” existitzen gai unibertsaltzat hartzen ditugulako. Aldiz, ematen du gai batzuk emakumeentzako direla bakarrik. Eta nik emakume baten bizi esperientziari buruz idazten dudanean giza esperientziaz ari naiz, orokorrean, emakume baten ikuspegitik ikusita, hori bai. Unibertsalak bezala onartuak ez diren arte, emakumeen unibertsoa erakusten duten lan horiek ez dira behar bezala baloratuko sekula ere.
Idazle eta emakume binomioa galdera batean planteatzea egokia al da?
Galderaren edukiaren arabera izango da egokia ala ez. Binomio hori agertzen duten galdera asko gure gizartean nagusi den ikuspegi maskulinotik egindakoak dira. Ez dakit konparazioa egokia den, baina nik uste dut euskararekin gertatzen den antzekoa dela. Egokia al da euskal idazle bati galdetzea zergatik idazten duen euskaraz, adibidez? Nik uste galdera hori gure gizartean nagusi den gazteleraren ikuspegitik dagoela eginda. Inork ez dio galdetzen La Oreja de Van Gogh taldeari zergatik abesten duen gaztelaniaz. Bada antzekoa gertatzen da beste kontu honekin ere. Inork ez dio galdetzen gizon idazle bati zergatik diren bere nobeletako protagonista gehienak gizonak, adibidez, eta guri egunero galdetzen digute.
Merezi duen lekua al du emakumeak literaturan?
Ez. Datuak errepasatzea nahikoa da horretaz konturatzeko. Nobel Literatura saria jaso duten ehundik gora pertsonen artean, uste dut hamabi bakarrik izan direla orain arte emakumeak, eta hauetako asko azkeneko urteetan sarituak izan dira. Berdin beste hainbat sarietan. Begiratu Euskadi Sarietako zerrenda, adibidez. Prestigioa nori eman erabakitzen den guneetan ere emakumeak gutxiengoa dira. Hemen ere bizitzaren beste arlo askotan gertatzen dena errepikatzen da. Karmele Jaio idazlea
2004an argitaratu zenuen lehen liburua, Hamabost zauri ipuin bilduma. Nolako idazle zinen orduan, eta nolakoa zara gaur egun? Zer balantze egiten duzu egin duzun bideaz?
Urteekin, idazten eskarmentu handiagoa izateaz gain, gero eta gauza gehiago irakurtzen dituzu eta ikasten zoaz. Idaztearen esperientzia berak asko irakasten dizu, eta, noski, 2004tik hona nire idazteko modua aldatu da, edo, hobe esanda, eboluzio bat izan du. Aspaldi idatzitako ipuin horiek gaztelerara itzultzen ibili naiz azken boladan eta hor konturatu naiz horretaz. Kasu askotan pentsatu dut: gaur egun hau beste modu batera idatziko nuke.
Ipuina eta nobela tartekatu dituzu. Zein duzu erosoago? Zergatik? Zein atseginagoa, eskerdunagoa?
Nik beti esaten dut nire burua ikusten dudala gehiago ipuingile nobelagile baino. Ni ipuinak irakurtzen maitemindu nintzen literaturaz eta urte askotan ipuinak bakarrik idatzi izan ditut. Gero Amaren eskuak nobela idatzi nuen eta hor ikusi nuen zein ezberdinak diren bi generoak. Nire burutik pasatzen diren ideiek gehienetan ipuin forma hartzen dute, nire joera hori da. Eta ipuinetatik gehien gustatzen zaidana da iradokitzeko duten indarra. Ipuinak ez du dena esaten. Ipuinak hainbat gauza uzten ditu gerizpean eta idazleak lortu behar du izeberg-aren punta erakustearekin bakarrik, irakurleak behean dagoen izotz zati handi hori ikustea. Hor joko bat dago.
Zentzu honetan, lehen nobela idatzi nuenean nire burua sentitu nuen gehiegi kontatzera behartuta, gauza gehiegi esplikatzera. Eta bestetik, nobelak behartzen zaitu perspektiba ondo gordetzeko ahalegina egiten. Oso lan diferenteak dira. Lan egiteko modua oso diferentea da nobela idatzi ala ipuinak idatzi. Ez dut uste bata bestea baino zailagoa denik, diferenteak dira.
Amaren eskuak nobela gaztelaniara eta alemanerara itzuli izan dira Las manos de mi madre eta Mutters hände tituluekin. Kontatu iezaguzu esperientzia. Nobela zinera eramateko egitasmoa martxan da. Zer moduz doa egitasmoa?
Nik beti esaten dut Amaren eskuak nobelak hainbat poz eman dizkidala. Nik idatzi nuenean espero ez nituenak. Oso harrera ona izan du euskal irakurleen artean, gaztelaniara itzuli nuen eta harrera ona izaten ari da hizkuntza honetan ere, alemanez argitaratu da baita ere, eta gainera nobelan oinarritutako pelikula bat egiteko egitasmoa martxan dago. Gazteleraz argitaratzea esperientzia polita izan da, eta alemanezko itzulpenak, besteak beste, Alemanian obra aurkezteko aukera eman dit, Frankfurt eta Berlinen. Konturatzen zara halakoetan literaturak ez duela mugarik. Zuk zure bakardadean idatzi duzun testu batek Berlineko pertsona baten mesanotxera arteko bidaia egin dezakeela. Leku intimo batetik beste leku intimo batera.
Eta pelikularena esperientzia berria da niretzat. Konturatzen zara zineak bere legeak dituela eta gauza bera kontatzeko guztiz aldatu behar dela kontatzeko modua, asko aldatu behar da lan orijinala. Gidoia idazketa prozesuan dago orain eta asmoa da 2011. urtean grabatzea pelikula.
Idazle saritua zara. Zer da saria zuretzat?
Sariak ez dira denak berdinak, baina egia da sari gehienek funtsean marketin funtzioa betetzen dutela. Sari batek liburu baten bizitza luzatu egiten du eta kontuan izanik liburuen bizitza gero eta laburragoa dela (gero eta azkarrago bihurtzen da nobedade bat liburu zaharra) ba honen bizitza luzatzeko tresna bezala ulertu behar da. Baina, esan bezala, sari denak ez dira berdinak. Zentzu honetan, nik uste oso eraginkorra dela bekaren formula, adibidez. Igartza beka hor dago, edota Elkarlanean Fundazioak ematen dituenak. Honek aukera ematen dio idazle hasiberriari bere lana gutxieneko baldintza batzuekin idatzi ahal izateko. Euskal literatura, oro har
Nola bizi duzu literaturaren ingurua: liburuen promozioa, aurkezpena, hedabideetan lekua, kritikak, Euskadi Saria... Espainiako literatur saria...
Behin sari garrantzitsu bat irabazi zuen idazle bati entzun nion “idazle” bihurtu denetik ez duela idazteko denborarik: promozioa zela, elkarrizketak zirela, hitzaldiak... Literaturaz kanpoko kontuek askotan denbora asko kentzen diote idazleari. Elkarrizketak eta hitzaldiak gure lanaren parte era badira eta horiek arazo gabe egiten ditut, baina egia da nahiko urrunetik ikusten ditudala bestelako eztabaidak, literaturaren inguruan sortzen direnak eta askotan literaturarekin baino beste kontu batzuekin zerikusia dutenak. Gainera kosta egiten zait iritzi kategorikoak ematen zenbait gaiei buruz, izan ere, zalantza baita nagusi nire buruan.
Zer deritzozu euskal literaturaz egiten den kritika? Kritika deitzerik badago, behintzat?
Hemen ere ez daukat iritzi kategorikorik. Baina bai sumatzen dut prentsan argitaratzen diren kritiken kasuan kazetaritzan jeneralean gertatzen den gauza bera gertatzen dela. Nik uste dut kritikarien lan baldintzak hobetuko balirateke kritika hobeagoa izango genukeela medioetan, profesionalagoa. Ezin da kritika sistema profesional bat eraiki, kritikariek ia modu militante batean egin behar badute lan. Euren lana baloratzeko modu bat lan baldintza duinak eskaintzea da. Eta hortik abiatuta agian hasiko ginateke kritika benetan profesionalaz hitz egiten.
“Gure etxebizitzan, gu “Los vascos” ginen. Euskara guztiz arrotza zen orduan Gasteizen eta gaur egun, gero eta euskara gehiago entzuten da kalean”.
“Komunikazio ezak arazoak sortzen ditu arlo guztietan: politika mailan, enpresa batean, etxean, familian, bikote harremanean, lagun arteko harremanean... Komunikazioa egonez gero, arazoak errazago konpondu daitezke”.
“Unibertsalak bezala onartuak ez diren arte, emakumeen unibertsoa erakusten duten lan horiek ez dira behar bezala baloratuko sekula ere”.
“Egokia al da euskal idazle bati galdetzea zergatik idazten duen euskaraz, adibidez? Nik uste galdera hori gure gizartean nagusi den gazteleraren ikuspegitik dagoela eginda”.
“Nik uste dut kritikarien lan baldintzak hobetuko balirateke kritika hobeagoa izango genukeela medioetan, profesionalagoa. Ezin da kritika sistema profesional bat eraiki, kritikariek ia modu militante batean egin behar badute lan”. Karmele Jaio Eiguren (Vitoria-Gasteiz, 1970) Informazio Zientzietan lizentziatua. Kazetari moduan lan egin du hainbat komunikabidetan eta zenbait komunikazio bulegoetako buru izan da. Egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuaren komunikazio arduraduna da eta kolaboratzailea zenbait komunikabideetan: Deia, Diario de Noticias de Alava, Noticias de Gipuzkoa eta El País. 2004an argitaratu zuen bere lehen liburua, Hamabost zauri (Elkar) ipuin bilduma. 2006an Amaren eskuak (Elkar) nobela argitaratu zuen. Nobela honek hainbat sari jaso ditu argitaratu zenetik: besteak beste, Igartza saria, Zilarrezko Euskadi saria, Zazpi Kale, eta Beterriko Liburua, urtero irakurleek euskarazko liburu onenari ematen dioten saria. Amaren eskuak gaztelaniaz argitaratu da, Las manos de mi madre (Ttarttalo), eta alemanieraz, Mutters hände (Pahl-Rugenstein), eta nobela zinera eramateko egitasmoa martxan da. 2007an Zu bezain ahul (Elkar) ipuin liburua argitaratu zuen eta 2009an Musika airean nobela. Egun, Zu bezain ahul liburuko ipuinak gaztelerara itzultzen ari da udaberrian argitaratzeko asmoarekin. Zenbait ipuin antologietan parte hartu du: Historias del 8 de marzo (BBK), Ametsen baratza (Elea), Adiskide maitea (Txalaparta), Ametsetarako hitzak (Hitza), Haginetako mina (Txalaparta) eta GVERO (El País).