Leopoldo Zugaza. Eragile kulturala: Totalitarismoa ez da goizeko dutxarekin desagertzen

2011-09-30

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Pertsona batzuk definitzea ia ezinezkoa da. Gainerakoetatik bereizten dituzten nortasunaren ondorioz, horiek sailkatzea oso zaila da, eguneroko zereginean alderdi asko baitituzte eta hein handi batean etengabeko dinamika batean murgilduta baitaude. Leopoldo Zugaza pertsona horietako bat da. Gure herrialdean ezagutza-grina handiena duen kultura-sustatzailea dela esan dezakegu.

Durangon jaio zinen 1932an, Bigarren Errepublikaren garaian eta zure herriaren bonbardaketatik hurbil. Nola gogoratzen duzu garai hura?

1936an hasi nintzen eskolan. 1937ko martxoaren 31n eskolara joateko prestatzen ari nintzela hasi zen bonbardaketa. Iurreta auzoko Orobio baserrian babestu ginen. Bonbardaketaren inguruan honako oroitzapen hauek ditut: hegazkinak baratzetik ikustean, gertaera hura ikuskizun bat zela iruditu zitzaidan. Baina, gehien hunkitu ninduena helduen jarrera izan zen, haien beldurra eta nahasmendua. Gogoratzen dut gizon bat, nire aitaren enplegatua eta Bizkaiko Diputazioko langile ohia bera, haurrak geunden lekura etorri zela eta nire aitari beldurturik herrian hildako ugari zeudela esan ziola. Irudi hori ez zait inoiz ahaztuko.

Gerra ondorengo giroari buruzko oroitzapen berezia dut, eta honako komentario honek laburbiltzen du: “Garai normalean ez zen horrelakorik gertatzen”. Hau da, egoera hura ez zela normala onartzen genuen. Ordutik harturiko neurri politikoak eta bestelakoak ezohikoak zirela.

Nola izan zen zure iniziazioko prozesua, Juan Aguirrek zehazturiko “sentsibilitate erreflexiboaz gain, ekintzarako gaitasun handia duen intelektual bitxia” izatera heltzeko?

Irakurle-familia batean jaio nintzen, eta garai hartarako nahiko liburutegi handia geneukan. Durangon hasi nuen batxilergoa, jesuitekin. Bertan prestatze-ikastaroak eta lehen bi ikasturteak ematen ziren. Gero, eskola-maisu bakar batek ematen zizkigun batxilergoko irakasgai guztiak. Hark funtsezko gauza bat erakutsi zigun: pentsatzen, arrazoitzen. Ez zegoen liburutegi publikorik, ezta kultura-arloko zerbitzurik ere, baina ezezagunarekiko jakin-mina izaten irakatsi ziguten. Gure egungo gizartean, hain zuzen, ez dut horrelakorik sumatzen. Nire ustez, ezagutzak bi oinarri ditu: jakin-mina eta zalantza. Gainera, oinarrizko bi elementu horiek sustatzeko landu beharreko haziarekiko interes-falta ikusten dut erakunde ofizialetan.

Jakin-min horri esker, hamasei urterekin, Gasteizko eskola batean barneko ikasle nengoela, egunero ABC hartzen hasi nintzen, hirugarren orrialdea irakurtzeko, non intelektual batzuek beren pentsamenduak idazten zituzten. Garai horretan irakurri nuen Austral bildumako lehen liburua. Hasieran Buenos Airesen editatzen zen. Horri eskola bakoitzeko atean monumentu bat eraiki beharko litzaioke. Liburu horiek gogo biziz irakurtzen nituen. Horrelako edukiak eskura izatea etengabeko aurkikuntza zen. Kontuan izan behar dugu 1948an Euskal Herri osoan lau liburutegi publiko besterik ez zeudela. Gipuzkoako Diputazioak ez zuen bere liburutegirik. Foru Jauregiak gerra-garaian harturiko liburutegia Eusko Ikaskuntzarena zen. Esan beharrik ez dago ez zegoela erakusketa-aretorik, museorik..., edo oso txikiak zirela. Hortaz, irakurri besterik ezin genuen egin, sakrifizio txiki bat eginez. Hori izan zen eman nuen lehen urratsa.

Gerora, jaki-minagatik eta baita familiako negozioren baten osagai gisa ere, Durangon marrazketako lehiaketak antolatzen hasi nintzen gazteentzat. Bestalde, Bilboko Villar liburu-dendara joaten ginen, eta gazte-antzerkiari buruzko salestarren bildumaren aleak erosten genituen. Garaiko moralaren sailkapenaren arabera, horiek egokiak ziren bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat. Liburuak Durangora eramaten genituen eta irakurri eta udan antzeztu egiten genituen guk geuk prestatutako emankizunetan. Beste jarduera-eremu bat zinema zen. Gainera, mundu horretan barrutik parte hartu nahi izan dut. Gure kultura-intuizioak esaten zigun nondik nora jo behar genuen. Zertzelada horiek izan ziren nire kezken, jakin-minaren, unibertsoa eratu zutenak.

Ezkondu ostean, elkarte baten estatutuak idazten pasatzen nuen denbora librea. Elkarte horri, hain zuzen, Gerediaga deitu nion.

Barkatu eteteagatik. Kulturaren sustatzaile sutsua zaren aldetik, hastapenean literaturaren munduari lotuta egon zara. Austral bilduma, Buenos Airesen jatorria duena, aipatu duzu. Eta bada beste bilduma bat ere, Argentinako hiriburuan sortu zena: Ekin bilduma. Euskal kulturaren zure eraikina eratzeko lehen harrietariko bat izan zen hura, izan ere, ziurrenik aukera askoz gehiago ez zenituen izango.

Hain zuzen, bi bilduma horiek antzekotasunak dituzte. Baina, Ekin ezagutu baino lehenago, Bizkaiko Foru Liburutegira joan ohi nintzen, euskal kulturari buruzko liburuen gordailu handia baitzen. Dario Areitiok oso lan ona egin zuen liburutegi horretan. Horri esker, ordura arte guretzat ezezaguna zen aparteko mundu batera sartzeko aukera izan genuen. Hein berean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea oso lan interesgarria egiten hasi zen, eta gogoratzen dut Fausto Arocenaren “El País Vasco visto desde fuera” liburuaren aurkezpenean izan nintzela Bizkaiko Foru Liburutegian. 1949. urtea zen. Orduan izan nuen Americ Picaud izeneko baten berri. Gerra ondorengo lehen urteetako erabateko iluntasunetik, argi-izpi batzuk ikustera pasa ginen.

Eta esan duzunez, giro horretan hasi zinen Gerediagaren estatutuak prestatzen.

Ordurako irakurriak nituen Durangoko merindadeari loturiko hainbat gai, esaterako, Juan Ramon Iturrizaren “Historia General de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones”, gerra bete-betean argitaratua. Niretzat ezusteko handia izan zen. Hein berean, Florencio Amador Carrandiren “Archivo de la Tenencia de Corregimientos de la merindad de Durango. Catálogos de los manuscritos, lista de los Tenientes y Monografía de la merindad” lanak eragin handia izan zuen niregan.

Durangoko eta inguruetako kultura-jarduera bilduko zuen erakunde bat sortu nahi nuen. Horregatik idatzi nituen estatutuak. Esan beharra daukat horiek sei urtez kaxa batean gordeta egon zirela, elkarteen gaineko 1964ko legea atera zen arte. Estatutuek eskatzen ziren baldintza guztiak betetzen zituztela egiaztatu nuen. Ondoren, Durangoko eta merindadea osatzen duten gainerako hamabi herrietako hainbat laguni deitu eta proiektua aurkeztu nien. Gerediaga eratzea onartu zuten eta beharrezko dokumentuak Gobernu Zibilean aurkeztu genituen. Horiek ontzat hartu eta onartu egin zituzten.

Leopoldo Zugaza Durangon jaio zen 1932an.

Ordutik dugu Gerediaga gure artean. Hasieran jarduera-programa oso orokorra zen, baita nahiko sakabanatua eta handinahitsua ere. Hainbat jarduera programatu ziren: produktibitate-ikastaroetatik hasi eta liburu-azoketara. Azken hori nik proposatu nuen. Ideia horrek, hain zuzen, ez zuen oso harrera ona izan. Hala eta guztiz ere aurrera eraman ahal izan nuen. Horretarako, hilabetez, eta nire emaztearen laguntzarekin, euskal gaiak lantzen zituzten argitaletxe guztiekin harremanetan jarri nintzen. Arantzazun ere egon nintzen Luis Villasanterekin hizketan eta eskatu nion Pedro Sainz Rodriguezek sustaturiko espainiar mistikoei buruzko bildumako gazteleraz argitaraturiko “Gero” liburua lehen azokan izatea. Arantzazun Joanmari Torrealday ezagutu nuen. Garai horretan, “Jakin” aldizkarian ziharduen lanean bete-betean, eta multikopia erabiltzen zuten. Azokak arrakasta handia izan zuen. Urte askoz itxita egon den kutxa baten tapa irekitzea bezalakoxea izan zen. 1965ean geunden.

Azokari lotuta, zer iritzi duzu egungori buruz?

Azoka bisitatzea nekagarria egiten zait, eta Durangora etortzen diren guztiek gauza bera diote. Diskoari lekua egiteak eraman gaitu egoera horretara. Beharbada hasieran zentzua zuen horrek, baina orain ez. Bi arloek bizitza propioa dute nire ustez, eta bi azoka horiek bananduta egiteko ez legoke arazorik. Horrela etekin handiagoa aterako genuke.

Orain arte Leopoldo Zugaza liburuaren eta irakurketaren bultzatzaile gisa ikusi dugu. Baina zuk beste diziplina batzuetan ere jardun duzu, hala nola, arte plastikoetan eta argazkilaritzan. Editore-lanak ere egin dituzu...

Herri honen kultura-historiarako oso garrantzitsua zen garaian eman genituen lehen urratsak. Durangon lokal bat lortu genuen, eta bertan arte-erakusketak antolatzen genituen. Jose Luis Merinoren Bilboko Grises galeriaren bitartez aurreneko erakusketetarako materiala lortu nuen. Orduan orain dudan konbentzimendu berarekin pentsatzen nuen: herriek hiriburuek duten eskubide bera izan behar dute arteaz gozatzeko. Artea ezin daiteke izan aukeraturiko lekuetan soilik ikusteko, ezta pertsona jakin batzuek soilik gozatzeko ere. Herri bakoitzak bere neurrira egokituriko arte-zerbitzua izan behar du, eta horretarako eskubidea du. Gu partikular batek prestaturiko lokal batean hasi ginen. Baina, kasualitatez, Udalak Ezkurdi plazaren birmoldaketa-lanak abian jarri zituen eta eskaera formala egin genion areto iraunkor bat egokitzeko. Gainera, hiru lagun aurkeztu ginen aretoa kudeatzeko boluntario. Proposamena onartu egin zen eta ehunka erakusketa antolatu genituen. Bertan, hain zuzen, gure arteari loturiko pertsonaia garrantzitsuenak izan genituen: José Luis Zumeta, Carmelo Ortiz de Elguea, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi eta abar. Balio berriei ere aukera ematen genien. Hori 1972tik 1975era bitartean gertatu zen.

Franco hil ostean, euskal Aurrezki Kutxek irizpidez aldatu zuten eta kulturari egundoko bultzada eman zioten. Garai horretan, Bizkaiko Aurrezki Kutxak kultura-arloko aholkularitzaren kargu egiteko proposamena egin zidan.

Durangon erakusketak sustatzetik Bilboko Arte Ederren Museoko lehendakariorde izatera...

Ikasle-garaian askotan joaten nintzen Bilboko Arte Ederren Museora. Orduan parkeko museoa deitzen genion. Argi leuneko egunak oso atsegin nituen. Orduan argiztapen zenitala zegoen bakarrik, elektrikoa instalatu gabe zegoen. Aurrezki-kutxan lanean hasi nintzenean, artearen historia ikertzeko bekak jarri nituen abian, besteak beste. Museoarekin lankidetzan hasi ginen. Horrek oso egoera ekonomiko txarra zuen. Antolatu genuen aurreneko erakusketa Jose Maria Uzelayrena izan zen. Erakusketa, beka horietako bati esker, Cosme de Barañano egiten ari zen lanean oinarritu zen. Museoarekiko harremana sendotu ahala, pinakoteka horrek eskaini ahal zituen aukerez konturatu nintzen. Kasualitatez, Museoko Batzordean sartzeko eskatu zidaten, epe ertain eta luzeko plan batekin museoa berrantolatzeko.

Artxiboa, liburutegia eta lan-grafikoen kabinetea sortzea proposatu nien. Anekdota gisa aipatzekoa da Zuzendaritza Batzordeko kide bati kafetegia eranstea bururatu zitzaiola. Horrekin ez nengoen bat ere ados, baina ez nuen eztabaidarik sortu nahi izan, nire proposamenak aurrera ateratze aldera. Lorenzo Hurtado , bi aldiz alkate izan zena, Museoaren bizitzan oso pertsona garrantzitsua izan zen, izan ere, museoaren alde gogotsu lan egin zuen. Behin publikoari ateak itxi ostean bisitatzen zuen Museoa, eta ibilbidean zuzendariak laguntzen zion. Behin, zuzendaria ez zegoenez, niri egokitu zitzaidan Don Lorenzori laguntzea, eta momentu batez egiten ari ziren obrak ikusteko gelditu egin ginen. Ezaugarri zuen naturaltasunez komentatu zidan proposatutako guztiarekin ados zegoela... baina ez kafetegiarekin.

Zure kultura-ibilerako une gogoangarrienak jorratu ditugu: Gerediaga, Liburu Azoka, Aurrezki Kutxa eta Museoa. Eta orain Zarautzeko egungo Photomuseumari heldu zaio txanda, baina aurretik Olerti Etxea, proiektu kulturanitz bat eta abar aipatu nahi nituzke, izan ere, erakutsi duzun jakin-minak gure herrian ez du parekorik izan.

Durangon bizi nintzenean Patxi Zurikarayri, herriko alkateari, Artearen eta Historiaren Museoa sortzeko proposamena egin nion. Horretaz gain, Gernikan Euskal Herria Museoaren proposamenean parte hartu nuen. Beste proiektu batzuk sustatzen eta sortzen ere parte hartu dut.

Aurrezki-kutxan aritu nintzen garaian argazkiaren munduarekin harreman handia izan nuen. Horregatik, Argazkilaritza Eskola bat sortzea nahi izan nuen. Ideiak porrot egin zuen, agintari politikoen eta akademikoen aldetik proiektuak izan zuen harrera hotza dela eta. Gure agintari askok ezaugarri duten burugogortasunaren beste adibide bat izan zen.

Behin, Zarautzen Ramón Serrasekin argazkiei buruz hizketan ari nintzela, berriro atera nuen jatorrizko ideia eta argazki-museo bat prestatzea proposatu nion. Ramon argazki-bildumagilea da eta haren bildumarekin eta nituen argazki batzuekin abian jarri genuen proiektua. Gipuzkoako Kutxaren laguntzarekin Photomuseumaren zirriborroa egin genuen. Udalak egungo eraikineko bi solairu utzi zizkigun, eta horrela, gerora egindako handitzeen ondorioz egungo egoerara heldu gara.

1985ean Durangoko Arte eta Historia Museoa sortu zuen; eta Zarauzko “Photomuseum”aren fundatzaileetariko bat da.

Bestalde, Zarautzen gauza intimo bat sortu nahi izan nuen, eta Olerti Etxea izena jarri nion. Bertan, literatura unibertsaleko liburuen itzulpenak euskaraz antzezten zituzten: Chejov, Brecht, Auster. Olerti Etxearen izenarekin argitaratu nituen liburuetako bat gordeta daukat, hain zuzen, Paul Austerren hiru lanek osaturiko euskarazko liburua. Liburu hori Donostiara Zinemaldiko lehendakari izatera etorri zenean sinatu eta eskaini zidan Paul Austerrek. Garai horretan, hogei bat hitzaldi eskaini nituen Gipuzkoako historiari buruz, hogeita hamar bat euskal literaturaren historiari buruz, makina bat liburu aurkezpen, poesia irakurketak, etab. Esan daiteke egunero jardueraren bat programatzen nuela. Bihotzekoa izan nuenez gelditu beharra izan nuen eta horrekin jarraitzea debekatu egin zidaten.

Baina, euskal kulturaren munduan sartu nintzenetik etengabe izan nuen kezketariko baten inguruan jarraitu nuen lanean: bibliografiaren inguruan. Hori edozein ikerketa garatzeko funtsezkoa dela deritzot. Bibliografiaren sustatzaile handiak izan ditugu, hala nola, Jules Vinson, Genaro Sorarrain eta Jon Bilbao. Baina poliki-poliki hori baztertuta geratu da, eta izena ere aldatu egin zaio. Ikasketa-planetatik desagertu egin da eta dokumentazio izena erabiltzen dute orain. Aurrezki Kutxatik Vinsonen eta Sorarrainen liburuen berrargitaratzeak sustatu nituen, eta liburu-bilduma bat hasi nuen. Orain, zoritxarrez Olerti Etxea desagertu egin denez, euskal bibliografia sustatzen dihardut buru-belarri. Horren adibide da Manuel de Larramendi Institutu Bibliografikotik antolatu berri dugun Bibliografiari buruzko Euskal Biltzarra. Hori, hain zuzen, biltzarra antolatzeko helburuarekin sortu dut. “De re bibliographica” izeneko aldizkari bat ere argitaratzen dut.

Zarautzi buruz hizketan ari garenez, konparazio honen bidez jakin nahiko nuke urte guzti hauetan Leopoldo Zugazak gidaturiko traineruak aldeko olatuak aurkitu dituen ala korrontearen kontra arraun egin behar izan duen.

Edozein giza ekimenetan zailtasunak daude. Lurrak erresistentziarik egingo ez balu ezingo ginateke oinez ibili. Hau da, behar-beharrezkoa da kontrako indar bat aurrera egin ahal izateko. Ez gaituztela ulertzen? Hori egia da. Pertsona arduragabe asko dago, mutur aurrean zer duten ez dakitenak. Ezin daiteke, esaterako, museoen lege bat egin mehatxuetan eta zigorretan oinarrituta. Lege horretan ez da aipatzen administrazio publikoak egin beharreko ekarpenik. Gainera, legearen artikuluetan baldintzak betetzen ez dituztenentzat heriotza-zigorra eta kontzentrazio-esparruak aipatzea besterik ez zaie falta. Lege horrek sindikatu bertikala ekartzen dit gogora, inposaturikoa zena. Betik esan izan dut totalitarismoaren eragina ez dela berehala desagertzen. Eta dirudienez gure administrazio publikoan pentsatzeko eta jarduteko era horrek arrastoa utzi du. Espero dut egunen batean norbaitek sen ona erabiliz lege zentzugabe hori aldatzea eta sormena bultzatzea, ekimen pribatuei lehiarik egin gabe.

Ohituta gaude ikustera nola geure agintariek beraien karguetatik egitura piramidalak —piramidea, tamainagatik— sustatzen dituzten, sormenaren hazia alde batera utziz. Aurrera egin ahal izateko, talde, kofradia edo sanedrin bateko kidea izatea beharrezkoa dela dirudi. Lazaro Galdiano horrelako batzorde bateko kidea izan al zen? Ez! Bere gustu eta aukerekin kontsekuentea zen, artelanen bilduma garrantzitsu bat sortu zuen eta gainera editorea zen. Inork ez zion eskatu talde bateko kidea izan zedila.

Funtzionarioen arrazionalismoa geroz eta larriagoa dela deritzozu?

Nik baietz uste dut. Baina ez funtzionarioarena bakarrik, baizik eta politikoena orokorrean, leku guztietan eskua sartzeko duten grinagatik batik bat. Euskadi “hiri” bihurtzeko beharraren inguruan politikari batek esandakoak gogoratu besterik ez ditugu egin behar. Baina, nora eraman nahi gaituzte? Sarriago gogoratu beharko genuke hau: führer bat, herri bat, inperio bat, edo beste honako hau: “Una, grande y libre”. Batasuna zatiezina da. Eta behartuz gero, lortuko dugun emaitza bakarra haustura izango da. Batasunak boterea metatzera, geureganatzera, baino ez gaitu eramaten. Eta diktadura dagoen lekuan esklaboak daude. Euskaraz askoz egokiagoa den hitz bat dago, “elkartasuna”. Horren esanahia, hain zuzen, hau da: elkartzea, aliantza, ituna. Leopoldo Zugaza Fernández (Durango, 1932) Gure kultura-editore eta -sustatzaile bizkaitarra Durangon jaio zen 1932an. Durangoko Liburu eta Disko Azokaren sustatzaile nagusietariko bat izan da; hirurogeita hamarreko hamarkadako lehenengo urteetan aktiboki parte hartu zuen Euskal Jaiak antolatzen; eta 1975ean hizkuntza-, ekonomia- eta literatura-gaiak argitaratzen hasi zen. Durangoko “Gerediaga” elkartearen eta “Euskarazaleak” elkartearen sortzailea da. 1985ean Durangoko Arte eta Historia Museoa sortu zuen; eta Zarauzko “Photomuseum”aren fundatzaileetariko bat da. Bizkaiko Aurrezki Kutxako Kultura Departamentuko aholkularia izan zen. Gainera, Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuko Batzordeko kidea izateaz gain, Labayru Institutuko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta “Sancho el Sabio” Fundazioaren aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kide ere bada. 1986an “Andres de Mañarikua Saria” jaso zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Hain zuzen, sari horren lehen edizioa izan zen hura. 2006an Eusko Ikaskuntzak Ohorezko Bazkide titulua eman zion.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ines Baigorri. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko zuzendari kudeatzailea: 2011n uzta ona izango dugu

 

Irakurri

José Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren Zuzendaria: Donostiako ikusleak beste hirietakoak baino trebatuagoak dira

 

Irakurri

Joan Ramon Resina. Idazlea: Humanitateak baztertzeak Erdi Aro berri bat eragin dezake sineskeria teknologikoa nagusi duen ingurune batean

 

Irakurri

Manu Izaguirre. Itsas arkeologoa: Badira zenbait ezaugarri bereziki euskal ontzigintzarenak direnak

 

Irakurri

Miren Arzalluz Loroño. Balenciaga Museoko Bidumen arduraduna-komisarioa: Balenciagaren zenbait traje eta soineko erabat perfektuak dira

 

Irakurri