Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó. Matia Instituto Gerontológicoko zuzendari zientifikoa eta Neurologoa eta ikertzailea: Gure gizartearen arrakasta da hainbeste jende luzaro bizitzea

2018-01-03

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Bi alderdi ditu zahartzeak: biologikoa eta kulturala. Garrantzizkoa al da zahartzearen bi alderdi horiez jabetzea?

José Félix Martí Massó (J.F.M.): Bizitzaren sasoi oso luze bat da zahartzaroa. Konbentzioz, 65 urterekin hasten da ibilbidea. Eta gogoan izan behar da bizi-itxaropena 85 urtera arte luzatzen dela gaur egun. Ez dira gauza bera 65 edo 70 urteko pertsona heldu bat, zahar gaztea deritzona, eta 85 urteko zaharrak, lehen hirugarren edo laugarren adineko jendea zeritzona. Askoz ere gaixotasun gehiago izaten dira 80 urtetik aurrera, eta muga funtzional askoz larriagoak. Horri buruzko kontzientziari dagokionez, berriz, halako anosognosia-maila bat badugula uste dut nik, hots, gure zahartze-prozesuari buruzko halako ezjakintasun bat. Egiazki garen baino gazteagoak garela uste ohi dugu; gure gazte-garaiko gorputz-eskema daukagu oroimenean nolabait gordeta, eta oraindik ere 40 edo 50 urte bagenitu bezala mugi gaitezkeela, korrika egin, pentsatu, hitz egin... dezakegula iruditzen zaigu. Gure zahartzeaz ez gara askorik jabetzen, lehenago nioenez. Baina gizarteak aintzat hartu behar ditu bi alderdi horiek, biologikoa eta kulturala.

Mayte Sancho (M.S.): Geriatra bikain bati egin nion elkarrizketa etorri zait gogora anosognosia aipatu duzunean, gure zahartzeaz ez ohartzea alegia. Hau galdetu nion geriatrari: “Zer da zuretzat zahartzaroa? Nola adierazten da?” Une hartan, 70 bat urte zituen geriatrak. Hau erantzun zidan: “Zer den zahartzaroa? Ni baino 20 urte gehiago dituen norbait”. Nahiko irudi argia da hori, ene ustez, ez baikara erabat jabetzen gure zahartze-egoeraz, alde batetik. Beste batetik, berriz, uste dut garrantzi handia duela gizartea honetaz ohartzea: gizartearen arrakasta bat da luzaro bizitzea. Izan ere, herrialde guztietan ez dago arrakasta horretaz gozatzeko aukerarik; mundu guztiak ez du hori eskura. Pribilegiatuak gara alde horretatik eta, horrenbestez, egoera desiragarria da zahartzaroa ere, arazoak gorabehera. Egoera ez-desiragarritzat jo ohi den arren, oso desiragarritzat daukat nik. Denok nahi dugu luzaroan bizi, baina egoera onean iraun nahi dugu urte luzez. Hortxe dago koska.

Mayte Sancho

“Denok nahi dugu luzaroan bizi, baina egoera onean iraun nahi dugu urte luzez. Hortxe dago koska”.

Zahartzea galera-aro batekin lotzea, pesimismoa da, ala errealismoa?

M.S.: Ni ere urtetan aurrera noanez, zahartzea = galtzea planteamendu horren aurka altxatzea egokitzen zaidala esango nuke. Einsteinen esaldi hau etorri zait gogora: “Garai zailak dira hauek: errazagoa da atomo bat desintegratzea aurreiritzi bat baino”. Nire ustean, aurreiritzi eta estereotipo askotxo dago galeraren kontu hori dela eta. Ez dut uste zahartzea galtzea denik. Jakina, gorputzak ez dizu laguntzen bide horretan; nahiz eta ondo zaindu, zahartzearen faktura hori beti bidaltzen dute urteek. Buruak, ordea, beste era batera laguntzen dizu. Baina hainbat eta hainbat jendek bizitzaren zahartzaroa deritzon aro horretan egindako guztia ere aldarrikatu nahi dut. Nire ustean, senak izugarri ongi funtzionatzen du zahartzaroan, non garrantzi handia baitaukate ikuspegiak, eskarmentuak..., nahiz eta gure gizarte honetan garai batean baino estimazio asko txikiagoa izan eskarmentuak gaur egun. Izan ere, egun ez du ekoizpen-sistema bermatzen esperientziak, antzina ez bezala. Ñabardura asko aipa daiteke, baina zahartzaroa galerarekin bakarrik lotzeak are gehiago sendotzen du estereotipo negatibo hori. Nik ez dut argi ikusten gauzak horrela direnik.

J.F.M.: Pozten nau zure ikuspegi baikor horrek; nik, aldiz, partzialagoa dut, seguru aski paziente neurologikoak ikusten ditudalako, galerak jasaten ari direnak alegia. Baina beste hau ere esan behar dut: kirol-ariketa bat egiten dut, golfa. Eta klubera joan eta jende zahar pilo bat ikusten dudanean golfean jokatzen, hau pentsatzen dut: “Bada ez dut hemen atzematen kontsultan adina galera”. Zahartu ahala, abiadura galtzen du garunak, luzeagoak dira gure erreakzio-denborak, eskasagoa da gure ahozko oroitzapena, beharbada beste irtenbide batzuez baliatzen gara lehengo konponbide berberetara heltzeko eta, horren guztiaren truke, eskarmentua metatzen dugu. Nire iritziz, oso garrantzitsua da eskarmentua jendearen bizitzan. Oso pozik nago daukadan adinarekin, eta ez dut nabaritzen 25 urterekin nuen oroitzapen arin haren faltarik;ez askorik, behintzat.

Aitzitik, asko kezkatzen nau beste honek: garuna izaki zahartzaroan agertzen diren zenbait gaixotasunen kokaleku, hogei urte lehenago hasten dira sintoma prodromiko lauso batzuk atzematen. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Egun, jada diagnostika daiteke hori. Oroimen-galerak nabaritzen hasten denean, jende askok eskatzen du markagailuz likido-azterketa edo positroi-igorpenaren tomografia egin diezaioten PET/TAC batez. Hori egin ondoren, batzuek badakite Alzheimerren gaitza garatuko dutela hurrengo 20 edo 30 urteetan. Alde batetik, kezkagarria da hori, aldez aurretik baitaki jendeak gaixotasun hori izango duela; bestetik, ordea, ilusionagarria ere bada, neurri terapeutikoak har baitaitezke gaitzaren etorrera atzeratzeko edo eragozteko.

M.S.: Jakina. Ezagutza sortzeko eremu zabala dugu hor, nire ustez; irteerarik ez badago, jakintzak erantzunik ez badakar, aldiz, ez da izaten jakiteko hainbesteko gogorik.

J.F.M.: Orain, beharbada, ez dago irtenbiderik, baina egon daiteke urte batzuk barru...

M.S.: ...Baina segituan aurkituko da konponbidea. Bada aipatu ez dugun baina, nire ustean, oso interesgarria den beste alderdi bat: erresilientzia. Dezente egin du aurrera arlo horri buruzko ikerketak. Zailtasunei aurre egiteko gaitasuna (erresilientzia) garatzen lagundu egiten du adinak. Bizitzaren arlo guztietan izaten ditugunez egoera zailak eta konplexuak, uste dut eremu hori ere indartu egin behar dela, hobeto zahartzen laguntzen digu eta.

J.F.M.: Seguru aski, hori da osasuntsu zahartzeko jende askoren bidea.

M.S.: Halaxe da, bai.

José Félix Martí Massó

“Garuna izaki zahartzaroan agertzen diren zenbait gaixotasunen kokaleku, hogei urte lehenago hasten dira sintoma prodromiko lauso batzuk atzematen. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Egun, jada diagnostika daiteke hori”.

Nola aldaraz daiteke helduak gizartearentzako “zama” gisara azaltzen dituen diskurtso hori?

J.F.M.: Nire ustez, populazio helduaren portzentaje geroz eta handiagoak ekarriko du ikuspegi-aldaketa. Izan ere, geroz eta eragin handiagoa izango du jende helduak ekonomiaren alorrean ez ezik, baita hauteskundeetan, erabakietan eta gizarteko alderdi garrantzitsu guztietan ere. Bistakoa da hori: zenbat eta handiagoa kopurua, orduan eta handiagoa portzentajea ere.

M.S.: Zalantzarik gabe. Dena dela, irudipena daukat ez ote den itxaropen gehiegi ipini silver economy (zilarrezko ekonomia) deritzon horretan, zahartzaroak berekin ekarriko omen duen merkatu handi horretan.

Duela gutxi Frantzian onartu duten zahartzaroaren egokitzapen-legea etorri zait gogora. Lege horretan aipatzen denez, hurrengo 20 urteotan zahartzaroa izango da, oro hara, deslokalizatu gabeko enpleguaren sorrera-iturri nagusia. Interesgarria da datu hori, zahartzaroa gizartearentzako zamarekin uztartzen duen uste hain zabaldu hori orekatu egiten baitu, nolabait. Hori, alde batetik; beste batetik, berriz, hor dugu ordaindu gabeko lanaren eremu zabal eta ezkutu hori. Eremu horretakoak dira jende heldu erretiratuak egiten dituen lanetako asko. Monetarizatu gabeko lanaz ari gara: zaintzen transferentziaz, diru-transferentziaz, laguntza-transferentziaz... Gogora dezagun Espainiako familietako % 20k pentsio bati esker egin dutela aurrera krisi-garaian, hau da, belaunaldi anitzeko familia asko ditugula.

J.F.M.: Gustatu zait zure iruzkin hori. Europako iparraldeko herrialdeetan(Finlandia, Norvegia, Suedia...), zaharrak dira enplegu-iturri nagusietako bat. Nire iritziz, aldatu egingo du joera horrek jende “normalak” zahartzaroaz duen ikuspegia, eta enplegu-iturri garrantzizkotzat ikusten hasiko dira.

M.S.: Erabat ados nago zurekin. Enplegua eta aberastasuna dakar zahartzaroak: produktu berriak, teknologia berriak, helduentzako produktu bereziak..., gauza asko eta asko.

J.F.M.: Jendeak hau pentsatu behar luke, nire ustez: zahartzaroan inbertitzea geure buruan inbertitzea da, urte batzuk barru izango ditugun premiak kontuan hartuta. Iruditzen zait jende askori ahaztu egiten zaiola hori.

M.S.: Ikuspegi praktikoa da, bai...

J.F.M.: Praktikoa eta baliagarria, ezta?

Mayte Sancho

“Jendeak hau pentsatu behar luke, nire ustez: zahartzaroan inbertitzea geure buruan inbertitzea da, urte batzuk barru izango ditugun premiak kontuan hartuta”.

Mendekotasunen bat pairatzen duen pertsona baten zaintzaz haren senitartekoak arduratzen ez badira, nahiz eta horretarako baliabideak eduki, elkartasun publikoari al dagokio berekoikeria pribatu hori konpensatzea?

M.S.: Zaintzei buruz jarduteko, familiarena baino ikuspegi askoz ere zabalagoa behar dugu gaur egun. Batez beste, 10-12 urte iraun dezake pertsona baten zaintza-lanak. Iraupenaz gain, kontuan izan behar dira zaintzaileen espezializazioa eta zainduak behar dituen arreta- eta laguntza-motak. Beraz, uste dut ez dela egokia aurrez aurre jartzea Estatua eta familiak, elkarri kontrajarrita. Gure eredua, une honetan, hau da: Estatua gehi familiak, borondatezko ekarpen gehiago, ekimen pribatu gehiago..., denetik gehiago. Jendearen bizimodua gidatu eta erabat baldintzatu dezake zaintzak. Horregatik, ez naiz ausartzen familiei egoismoa leporatzera. Familia guztiek dituzte, noski, beren istorioak, pribatuak, ikuspegi profesionaletik ezagutzeko aukerarik ez dugunak. Garbi dago, dena dela, sistema publikoaren, familiaren eta, oro har, gizartearen ekarpena behar duela zaintzak gaur egun. Gainera, gizartearen babes-sistemak badu herritarrekiko obligazioarik zaintza-lanak direla eta. Ez dut uste inori bururatzen zaionik, espezialistaren kontsultara sartzean, hurrengo bezeroarena baino handiagoa edo txikiagoa den bere errenta-maila. Eskubide bat da arreta medikoa, izan ere. Bada, zaintzak ere eskubide bat dira; bestea baino lausoagoa, beharbada, baina eskubide subjektibo erabatekotzat onartuta daude. Hau da, duela 15 edo 20 urtekoaren aldea oso bestelakoa den egoera bati egin behar dio aurre gaur egun babes sozialeko sistemak.

J.F.M.: Bat nator, oro har, diozunarekin. Uste dut oso garestia dela zaharren zaintza, diruaren aldetik begiratuta; alderdi emozionaletik aztertuta, berriz, oso luzea: garbi ikusten da hori dementzia duen norbaitek 10, 12, 15... urte irauten baditu zaintzapean. Horrelakoetan, horrenbesteko ahaleginak merezi ote duen galdetzen dio zenbait jendek bere buruari. Tartetxo bat egin behar dut, maiz egiten dudan galdera hau aipatzeko: “Zure ustez, ona al da pertsona horren bizi-kalitatea? Uste duzu merezi duela horrela bizitzea?”. Baietz erantzuten du jende gehienak, Alzheimerra nahiko aurreratuta daukaten pazinteen senitartekoek; nahikoa kalitate oneko bizimodua omen daramate.

Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere: zaila da eskuzabaltasun erabatekoz uko egitea seme-alabek, oinordekoek, gurasoek metatutako ondasunei. Bueno, bada orain gaixorik dagoenak irabazi du diru hori, zahartzaro zoriontsua izateko. Iritsi gara zahartzarora; beraz, heldu da diru hori gastatzeko garaia... Baina asko kostatzen zaio jendeari horretan inbertitzea; ez dira ohartzen gastatu egin behar dela bizitzaren fase horretan, ez aurreztu. Eta harrigarria egiten zait jarrera hori, egia esan.

M.S.: Horretan bat nator zurekin, erabat gainera. Are gehiago: Zahartze Aktiborako 2015-2020 Euskal Estrategiari egin genizkion ekarpenak etorri zaizkit gogora. Bereziki azpimarratu genuen txosten hartan zahartzean jendeak behar dituen aholkuak eta esku-hartze orientazioak. Oraindik ere uste dugu besterentzat izan behar duela urteen poderioz eta nahikoa kostata eskuratu dugun ondarea. Ez dator bat ikuspegi hori mendekotasun-egoeran daudenen premiekin, eta tristea da ikustea badagoela jendea zaintzak bere diruaz, bere ondareaz ordain ditzakeena baina halakorik egiten ez duena. Batzuetan, familiak ere ez du horretara bultzatzen mende egoeran dagoena, zeinak bizi-kalitate eskasa izaten duen, nahiz eta, gaixorik egonda ere, nahikoa ondo bizitzeko aukera izan. Ez dut ukatzen, hala ere, Estatuak bere herritarrekiko, bere zergadunekiko duen obligazioa. Une horretara iritsita gizarteak, norberak eta botere publikoek dute erantzukizuna gai horrekiko.

Baina gatozen berriro aipatu duzun horretara, oso garrantzitsua iruditzen zait eta: beti pentsatzen dugu dugu seme-alabentzat izan behar duela daukagun guztia. Baina, batzuetan, guretzat izan behar du; zoritxarrez, baina guretzat izan behar du.

José Félix Martí Massó

“Txikitatik prestatu behar dugu ondo zahartzeko, baina gizarteak ere onartu behar du zahartzaroa bizitzaren beste etapa bat dela, galerak ez ezik aberastasun handiak dakartzan fase bat dela”.

Ez dugu onartzen zahartu garela zahartzarora hurbildu arte. Bizitza osoan ohitu behar genuke horra iristeko?

J.F.M.: Askok, ezta zahartzarora iritsitakoan ere ere ez dute onartzen; ez da erraza, ez. Baina gazte garelarik ere pentsatu behar genuke noizbait zahartu egingo garela, eta gaztetatik hartu behar genituzke neurriak zahartzean bizi-kalitatea izateko. Zaindu egin behar genuke zer produktu toxiko irensten ditugun (tabakoa, alkohola, beste batzuk...); begiratu zer jaten dugun, eta ez neurri gabe gizendu; zaindu arrisku baskularreko faktoreak (hipertentsioa; diabetikoa bazara, diabetesa; sedentarismoa —garrantzitsua da ariketa fisikoa egitea—), ariketa intelektuala ere egin behar genuke (idatzi, irakurri, gogoeta egin...). Jarduera soziala ere zaindu behar da, zaintzeko oso garrantzitsua baita, nire ustez, lagunak edukitzea, edo jardun kolektiboetan parte hartzea (abesbatzak, GKEak, parrokia..., helduen ohiko leku batzuk aipatzearren). Uste dut komeni dela gaztetatik egitea hori guztia, gero zahartzaro osasuntsua izateko; beraz, jada prestatzen hasteko esan behar zaio jende gazteari.

M.S.: Zalantzarik gabe. Nire iritziz, ez dugu zahartzaroan pentsatzen. Ez du ospe onik zahartzaroak, baina hor ere inbertitu beharra dago. Prebentzioan eta ohituretan inbertitu behar da; adibidez, zahartzaroaren benetako aurpegia erakutsi behar da: ez da goretsi behar, ez da gutxietsi behar, ez da txarretsi behar. Ez da egin behar lehen aipatu dugun hori, hots, ez da lotu behar zahartzaroa galerarekin, gaixotasunarekin, tristeziarekin, zaintzarekin eta gastuekin... Noski, inork ez du talde horretako kide izan nahi. Noski, txikitatik prestatu behar dugu ondo zahartzeko, baina gizarteak ere onartu behar du zahartzaroa bizitzaren beste etapa bat dela, galerak ez ezik aberastasun handiak dakartzan fase bat dela.

J.F.M.: Harritu egiten nau zein erraz eta zein pozik erretiratzen den jendea. Jabetzen naiz jende askorentzat zama larria izan dela lana eta, horregatik, erretiroa hartzeko irrikaz dagoela. Pozik uzten du lana jende horrek, eta denbora libreaz goatzeari ekiten diote.

Une honetan, nire laneko bizitzaren azken fasean nago ni; abuztuan utziko dut ospitalea, eta jada ezingo dut han mediku-lanik egin. Unibertsitatean, aldiz, katedradun emeritu izateko aukera izango dut. Laneko erantzukizun handirik ez du postu horrek. Iruditzen zait jendeari ez diola askorik axola horrek guztiak; niri, ordea, bai. Izan ere, zer egin behar dut hemendik aurrera nire aberastasun profesional guztiarekin, nire eskarmentuarekin? Nola erabil ditzaket gizarteari lagungarri zaion zerbaitetan? Nire ustez, ez zaio behar duen garrantzia ematen kontu horri. Jende askok uzten du betiko bere jarduera profesionala, ez dio batere axola.

M.S.: Ez dakit ez zaien batere axola, edo askapen gisara soilik ikusten duten erretiroa, eta, izenak dioen bezala, erretiratu egiten diren. Ekarpen izugarria egin dezakete erretiratuta dauden milaka eta milaka lagunek, baina ez daukate horretarako inongo biderik. Ni ere egoera horretan nago, gutxi asko. Tamalgarria da... Urteen poderioz ezagutza-pilo bat metatzen duzu, sena, eta, bat-batean, jada ezin duzu partekatu, ez du balio, ezin duzu eskaini... Oso garrantzitsua da horri aurre egitea, zahartzaroari buruzko estereotipoak bazterrera uzteko!

J.F.M.: Ezagutza hori guztia erabiltzeko bideak bilatu behar dira...

M.S.: Seguru aski, bilatu gabe ere hortxe aurkituko ditugu.

Mayte Sancho

“Zaharrak haurrak balira bezala tratatzen badira, deuseztatu egiten dira haien erabakitzeko eta iritzia emateko ahalmenak, haien lehentasunak, nahiak eta, guztietan garrantzizkoena, haien duintasuna. Horretan ez naiz epelkeriatan ibiltzen: “Ez dira elkarrekin nahastu behar zahartzaroa eta haurtzaroa!”.

Ba al du abantaila objektiborik bizi-positibotasunak, ala autolaguntzako eskuliburuetako topoko bat besterik ez da?

M.S.: Nire ustean, geroz eta nabarmenagoa da bizitzarekiko jarrerak duen garrantzia. Osasunaren Mundu Erakundeak zabaldu zuen “zahartze aktiboaren” paradigma boladan zegoenean (aspaldi ere ez, duela hogei bat urte), hau azpimarratu zen bereziki: zenbait jokabidek edo jarrerak luzatu egin dezakete bizia eta, batez ere, zahartzaro hobea igarotzen lagundu. Jarrera positiboa dugu jokabide horietako bat; beste bat, berriz, aurrekoa bezain garrantzitsua gainera, “bizitzarekiko konpromisoa” deritzona. Dirudienez, bizitza-luzeraren adierazle ona da bizitzarekiko konpromisoa. Baina, alor horretan, zeu zara jakintsua.

J.F.M.: Beste ikuspegi batetik ikusten dut nik aipatu dituzun gauzetako batzuk. Jendearen apatia, ilusiorik eza, interesik eza, ekimenik eza ikusten dudanean, hau pentsatu ohi dut: “Asaldura larri baten sintoma bat da hori, eta, hemendik urte batzutara, Lewyren gorputzak deritzon dementzia izango da, edo Alzheimerren gaitza, edo entzefalopatia baskular bat”. Oso maiz gertatzen da familiari oso deigarria ez gertatzea helduen apatia hori, batez ere narriadura kognitibo larria baldin badute lehendik, gaixoak gizonezkoak badira; emakumezkoen kasuan kontrakoa gertatzen da; izan ere, jada ezin dute etxeko gauzak lehen bezain eraginkor egiten jarraitu. Horregatik, sintoma dela uste dut nik. Ilusioari eta ekimenari eusten dion jendea ikusten badut, intelektualki jakin-nahia daukan eta ikasten jarraitu nahi duen jendea alegia (ikastea plazera dela esan izan dut beti), hau pentsatu ohi dut: “Osorik dauka horrek lobulu frontala”. Egia da jende “normalaren” artean badirela jakin-min intelektual handiagoa dutenak ere, ilusio gehiago daukatenak... Bada, abantaila dute pertsona horiek, eurak bezalakoak ez direnekin alderatuta, eta osasuntsuago zahartzeko aukera gehiago.

M.S.: Zalantzarik gabe.

Bizitzaren amaieran zirkulua itxi egiten dela, pertsona helduek bigarren haurtzaro moduko bat izaten dutela... Uste hutsa da hori, ala badu oinarririk?

J.F.M.: Laguna dudan neurologo eta irakasle batek, Lluís Barraquer i Bordasek, 1965 aldera egin zuen doktore-tesia, Julián de Ajuriaguerra irakaslearen gidaritzapean. Tesiaren gaia: apraxia konstruktiboak dementzia duten gaixoen artean. Ikerketa horren arabera, eboluzioaren ikuspegitik fase erregresiboa izaten dute gaixo horiek; umeen antzera, baina alderantziz. Erakargarria zen hipotesi hura, baina uste dut ez dela erreala, egoera askotan behintzat.

Ikusten dudanean nola desegiten diren pazienteak, nola hondatzen diren haien alderdi motorrak edo kognitiboak, iruditzen zait ez dutela zer ikusirik haurrekin. Elkarrekin konparatzen badituzu agure dementziatu, baldar, mugitzeko ezgai... bat eta haur mugitu, bizkor, trebe... bat, ez duzu antz handirik aurkituko baten eta bestearen artean. Egia da, dena den, erregresio pertsonalaren alderdi batzuetan badutela nolabaiteko antzik, zaharrak bizitzaren hasierara itzultzen direla ematen duela: kontrolaren desinhibizioa, edo, gauza bitxia, barre eta negar espasmodikoak (sindrome pesudobulbarra duen agure bat barre egitetik negar egitera alda daiteke, bat-batean, haurren antzera, emozioak kontrolatzen dituzten aurpegiko muskuluen kontrolik ez dute eta...). Badaude horrelako gauza bitxi batzuk, baina, oro har, antzekotasun nahiko artifiziala dela esango nuke.

M.S.: Harago ere joko nuke nik. Gaixotasunaren gaineko egiaztapenak gorabehera, nire ustez arriskutsua da, oso arriskutsua ere esango nuke, patologiaren alorrean elkarrekin lotzea zahartzaroa eta haurtzaroa. Aipatzekoa da Osasunaren Mundu Erakundearen sailkapenak tratu txartzat jotzen duela pertsona helduen infantilizazioa. Nolanahi dela ere, uste dut garbi utzi behar dela hau: helduak ez dira haurrak bezalakoak; atzetik historia bat dute helduek, eta, nolabait, hiltzen diren arte jarraitu egiten du historia horrek, tartean gaixotasunen bat agertzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, “gaixo” hitza erabili behar dugu helduez mintzatzen garenean. Baina gaixorik ez dagoen jendeaz ari bagara, ez dute elkarrekin zer ikusirik zahartzaroak eta haurtzaroak. Izan ere, pertsona heldu bat umea balitz bezala tratatzea jokabide desegokia da: “Umea denez, nik agintzen diot zer egin behar duen, nik har ditzaket hari eragiten dioten erabakiak, berez inongo eskubiderik ez dudan arren erabaki horiek hartzeko”. Egunero ikusten ditugu horrelakoak, eta, benetan diotsuet, gauza beldurgarriak gertatzen dira. Zaharrak haurrak balira bezala tratatzen badira, deuseztatu egiten dira haien erabakitzeko eta iritzia emateko ahalmenak, haien lehentasunak, nahiak eta, guztietan garrantzizkoena, haien duintasuna. Horretan ez naiz epelkeriatan ibiltzen: “Ez dira elkarrekin nahastu behar zahartzaroa eta haurtzaroa!”.

J.F.M.: Ongi iruditzen zait. “Ume bihurtu dela ematen du” esaten denean, pertsona horri tratu desegokia emateko justifikazioa adierazten da, funtsean... Zuzena iruditu zait zure arrazoibidea.

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó.

Mayte Sancho Castiello

Psikologian lizentziatua (Madrileko Unibertsitate Konplutentsea, 1975) eta Gerontologia Sozialean masterduna (Madrileko Unibertsitate Autonomoa, 1991).

ELGEren aditua Gizarte Babesean eta Zahartzean (1992-1995); Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteko Batzorde Teknikoko bazkidea (SEGG); IMSERSOren Zahartzaroaren eta Mendekotasunaren Behatokiaren zuzendaria (1998-2008); Helduen Atariaren zuzendarikidea; Osasunaren Mundu Erakundearen “Helduen Aurkako Tratu Txarrak” proiektuaren koordinatzailea (2002-2007).

Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen “Zahartzen ikastea, mendekotasuna prebenitzea” proiektuaren zuzendari nagusia (2003-2007). Elkarte horretako lehendakariorde izan zen 2004tik 2007ra.

2008az geroztik, Matia-INGEMA Institutu Gerontologikoa Fundazioaren aholkulari tekniko dihardu, bai eta Planifikazioa eta Arreta Ereduak Sailaren zuzendari ere.

Matia Institutu Gerontologikoaren zuzendari zientifikoa da gaur egun.



José Félix Martí Massó

Medikuntzako katedraduna. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuaren burua.

Ilundain Fundazioaren eta Neurologiako Euskal Elkartearen sortzailea eta lehendakaria (1988-1992).

Ikertzaile nagusia hamar ikerketatan eta berrogei entsegu kliniko baino gehiagotan; LRRK2 genearen identifikazioan egin zuen lan. Gene horrek sintetizatzen du “dardarina” deritzon proteina, zeinaren izenak “euskal jatorria” baitu (“dardara”). Berak atzeman zuen Parkinson gaitzaren sintomak eragiten dituela zinarizinak (zaharren bertigoak tratatzeko erabiltzen zen sendagai bat), eta LCRren pleozitosidun pseudomigrainaren sindoremearen deskribapena egin zuen (gaur egun, HaNDL deitzen zaio sindrome horri).

Hirurehun lan zientifiko baino gehiago idatzi ditu, eta hiru liburu. 2014an, Ikerketaren Euskadi Saria eman zioten.

Medikuen Elkargo Ofizialak, berriz, Ibilbide Profesionalaren Saria eman zion 2016an, “Irakaskuntza eta Ikerkuntza” atalean.

Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Paula Kasares eta Xan Aire. Soziolinguista eta Seaskako Hizkuntza Proiektuaren koordinatzailea: Sinergiak gauzatzen direnean hizkuntza garatzeko aukera gehiago ematen dira

 

Irakurri

Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo. Arkitektoa eta hirigilea eta Arkitektoa eta hirigintzaren historialaria: 50eko hamarkadan eraikitzen hasi zen nazioarteko Bilbo haren jarraipena da Guggenheim

 

Irakurri

Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubeto. Ekonomian doktoreak: Sistema honek ez luke funtzionatuko ezkutuan dauden hainbat lanik gabe

 

Irakurri

José Luis Larrea eta Aránzazu Ibarrola. Ikerketan eta berrikuntzan adituak: Berrikuntza, izatekotan, soziala da, edo ez da berrikuntza; alabaina, hainbat adierazpide ditu

 

Irakurri

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó. Matia Instituto Gerontológicoko zuzendari zientifikoa eta Neurologoa eta ikertzailea: Gure gizartearen arrakasta da hainbeste jende luzaro bizitzea

 

Irakurri