Pilar Belzunce. Chillida-Leku: Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen

2004-07-03

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Pilar Belzunce

Chillida-Leku "Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen" Beñat Doxandabaratz

Traducción al español Igeldo Mendiaren magalean, Intza-Enea, Chillidatarren etxea Haizeen Orrazetik gertu altxatzen da; dudarik gabe, Eduardoren obra eta leku xarmantena. Nobioak zirela, bera eta Pilar bertara etortzen ziren haizea, arrokak eta Kantauri Itsasoa bat egiten ikustera. Hortentsiaz beteriko lorategi zaindua zeharkatu ondoren, Chillidaren matriarkak irribarretsu ireki digu etxeko atea. Gozoa eta delikatua, hauskor itxurako emakume honek lepoko ikusgarria darama soinean:Eduardok bakarrik familiarentzako egindako bitxietako bat. Egongelan barrena goazela, Kontxako Badiaren bista ederrak ikusmiran izatea gutxi balitz, zintzilik dauden koadroak ere deigarriak dira: Miró, Chagall eta Braque-renak, Chillidaren beraren eskulturen artean tartekatuak, horietako bat Chillidak egin zuen lehenbizikoa; gorputz-enbor bat, “berak ipurditxoa deitzen ziona”, dio barre artean Pilarrek, Eduardoren izpiritua inguruan dagoela sentituz, bere ondoan. Gerra ostean, Eduardo, militar baten eta kantari burges baten semea, zurekin maitemindu zen, alegia, 15 urteko burgesatxo batekin... Eduardo, gogoeta zalea izanda ere, zalapartatsua zen. Esaterako, elkar ezagutu eta handik gutxira kale erdian bere burua lurrera bota eta zilipurdika hasten zitzaidan. Baina egiten genituen bueltaska horien artean, nik esan nion ez nuela bere neskalaguna izan nahi, harik eta 18 urte betetzen nituen arte. Pilar, Chillidak egindako lehen eskulturaren ondoan. Zer zioen zure aitak Eduardoz? Esaten zidan: “Pili, mutil hau ez da normala. Bietako bat, edo zerbait zoragarria izango da, edo kalamidade hutsa”. Gainera, hasiera penagarria izan zuten. Eduardok oso ongi jolasten zuen pilotan, eta nire aita zale amorratua zen, Pakito Sagarna bezalako pilotarien laguna izateaz gain, denbora asko ematen zuen frontoian apustuan. Hala, egun batean elkarrekin jokatzeko hitzordua egin zuten. Amaitzean, ordea, Eduardok kezkatua deitu zidan: “Ai, ene. Ezin duzu imajinatu zer gertatu den. Hasi eta berehala zure aitari sekulako pilotakada eman diot...barrabiletan bete-betean, eta K.O. geratu da”. Hortaz, beldur nintzen nire aitak esango zidala Eduardorena eta nireak egin zuela. Baina ez, esan zidan: “Hau zartakoa eman didana. Baina indar izugarria du eta oso ongi jokatzen du”. Lasaitu ederra hartu nuen. Eta esan zizunean arkitektura ikasketak uztekotan zebilela? Harrituta geratu nintzen, are gehiago komentatu zidanean ni berari jarraitzeko prest baldin banengoen, eskultore bihurtuko zela. Oso lasai nenbilen, hala ere, ziur nintzelako Eduardo, edozein gauzatan sartuta ere, onik irtengo zela. “Zaldi irabazlea zara”, esaten nion nik. “Izan zaitez nahi duzuna nik jarraituko dizudala”. Garai hartako Eduardoren esaldi bat? Ba, ezkondu baino lehen bota zidan: “Pili, ez utzi sekula niri dirua eta artea leku berean jartzen, ez dute zerikusirik eta. Baina, noski, seme-alabak edukitzen hasi ginen, bat, bi, hiru, lau eta zortzira arte; bizi behar genuen... Aditua izan zinen Eduardori kezkak kentzen... Bai, alajaina! Batez ere diru kontuetan. Nobioak ginenean, zinemako leihatilara ailegatzean galdetu ohi zidan: “Dirurik ba al daramazu?”. Eta ni: “Bai, zer ba?”. “Patrika hutsik noalako”. Zur eta lur geratzen nintzen; izan ere, akaso orain normalagoa izango da, baina garai hartan oso arraroa zen mutilak ez ordaintzea. Oker ez banago, berak zakarrontzira botatako marrazkiak erreskatatzen zenituen... (Baietz dio buruarekin). Beti egin nuen. Eduardok zortea izan zuen Parisko galeriarik onena zeukan Aimé Maeghtek (Braque, Miró, Chagall, Giacometti eta Madame Kandinsky-ren martxantea zen) “Mon petit” deitzen ziola. Maeghtek erakutsi zidan ez zela inoiz marrazkirik bota behar. “Artistak beti perfekzioaren bila dabiltza”. Beraz, Eduardok zakarrontzira botatzen zuena erreskatatzen nuen, nahiz eta berak esan ona dena bikaina denaren etsaia dela. Gogoan al duzu Eduardoren lehen erakusketa Maeght galerian? Bai, jakina. Maeght oso kontentu etorri zen gugana esanez Georges Braqueri izugarri gustatu zitzaiola Eduardoren eskulturetako bat. Eta erosi nahi zuela. Baina harrigarriena ez zen hori, baizik eta Braquek ez zuela sekula ezer erosten. Maeght-en bidez jakin zuenean Eduardok eskultura hori oparitu nahi ziola, Eduardori deitu eta bere estudiora gonbidatu zuen. Bertan zirela, trukaketa bat eskaini zion, nire senarraren lotsarako, zeren iruditzen zitzaion bere obra eta Braquerena (genio bat bere ustez) ez zirela konparagarriak. Azkenean, ordea, trukaketa egin zuten. Eta begiratu (egongela handiaren inguru batera seinalatuz), han da Braque-ren koadroa. Maeghtek, dena den, ez zuen ulertu Eduardok Parisetik alde egitea, ibilbide oparo baten hasieran... Ez; baina ezta beste zenbait gauza ere. Esaterako, obren prezioa artistekin negoziatzeko ohitura zuen. Orduan, nahiz eta nik abisatu Eduardo nolakoa zen, berarekin saiatu zen. Ezinezkoa zela ikustean,ordea, tratuak nirekin egitea onartu zuen. Garai hartakoak dira, hain zuzen, bere eskulturen kopia bakarrak. Nolakoa izan zen hura? Maeghtek Eduardori planteatu zion obrak egin behar zituela, mundu guztiak hala egiten zuelako. Eduardok zazpi eskulturen brontzezko hiru kopia egin zituen. Alabaina, denak batera ikusi zituenean, zapata denda zela iruditu zitzaion. Hurrengo erakusketarako, 1961ean, Maeghtek gauza bera esan zion, baina Eduardok uko egin zion kopia gehiago egiteari, eta hori denak salduak zirela. Kopiarik gabe, nola nahi duzu zure obra munduan barrena mugitzea?, bota zion Maeghtek. Eduardori, ostera, ez zitzaion etikoa iruditzen eta ez zuen berriro kopiarik egin.

Eduardoren antz gehien duen seme-alaba?

Seme-alabetako bik bere aitaren dohaia marrazkirako jaso dute: Pedro eta txikiena, Eduardo. Hori bai, bere aitak gomendatu zien bezala, bakoitzak bere estiloa aurkitu du. Gero, Susana dago, oso ondo idazteaz aparte, “Chillida. El arte y los sueños” dokumentala egin duena. ¿Harritu zaituzten pertsona famatuak? (Bietan pentsatu gabe) Alde batetik, Espainiako Erregea. Beti oso maitagarria izan da gurekin. Beti gonbidatzen gaitu bere urtebetetzera. Beitu (mahaiko kartazal bat hartuz), lehengo egunean bere zorionak jaso genituen. Eta, bestetik, Gerard Schröder kantziler alemaniarra, oso begikoa nauena. Alemaniara joandakoa naiz askotan; izan ere, Eduardoren obra bertan oso preziatua izateaz gain, alemaniar gobernuak Berlingo Bundestag-erako monumentu bat egin zezan enkargatu zion. Gogoan dut Eduardok behin galdegin ziola Schröder ea zergatik aukeratu zuten bera. Eta kantzilerrak erantzun: “Zure obra izugarri miresten dudalako”. Chillida-Lekuren transformazioa harrigarria izan da, zaldi gurdi dotore bihurtutako kalabaza bailitzan... (Lorategira zuzendu du bere begirada, nostalgia ukitu batez) Lekua bion artean diseinatu eta taxutu genuen, 17 urtetan. Zabalaga baserria, adibidez, oso zaharkitua zegoen. Eta bertako belardiak militarren zaldientzako bazka ziren, baita artaldeentzat ere. Hasiera-hasieratik, Chillida-Leku museo zeharo pribatua da. Hala izaten segituko al du? (Galdera entzuteko irrikitan balego bezala) Chillida-Lekuk ez digu galerarik ematen, baina ezta irabazirik ere. Gainera, ez dugu bost xentimo ere jasotzen inorengandik, eta noski, horrela oso zaila da mantentzea. Eduardo hil ondoren, guztiaren erdia nirea da, eta beste erdia, berriz, nire seme-alabena. Honenbestez, beraiek ere eskubidea dute bere aitaren eskulturek Zabalagan onura gehiago edukitzeko, izan ere, XX. mendeko eskultore handienen artean dago. Beraz, bai Eusko Jaurlaritzari bai Gipuzkoako Foru Aldundiari finantziazioan esku bat bota diezaguten eskatu beharko diegu. Bien bitartean zer? Museo dinamiko bat izaten jarrai dezala saiatuko gara, jarduera paralelo eta aldi baterako erakusketen bidez; batez ere Eduardoren marrazki ezezagunekin osatuak. Eta Tindayako mendi magikoaren proiektua? Aurrera doala dirudi, baina oso poliki. Eduardo eta José Antonio Ordóñez ingeniariak disgustu galantak hartzen zituzten sortutako polemikaren kontura. “Nola da posible jendeak esatea dirua irabazteko asmoa dugula denentzako gauza bat denean?”, zioten beraiek. Ordóñez gaizkitu eta, azkenean, gaitz horrek jota hil zen; eta Eduardori ere min egin zion iskanbila horrek. Hala eta guzti, Eduardok ez zuen inoiz gaizki pentsatzen jendeaz. Halakoxea zen. Pilar Belzunce

Eduardok turkesa koloreko bere uretan murgiltzea maite zuen; halakoak dira, hain zuzen, Pilar Belzunceren begiak. 1932an Filipinetan jaioa (bere aitak negozioak zituen han), “Pili” Eduardo Chillidaren (1924-2000) bidaidea izan zen 60 urtetan –52 ezkonduta-. Urte horietan, zortzi seme-alaba eta 27 bilobez osaturiko etxea eraiki du. Eduardoren ibilbidearen hasieran, itsuki jarraitu zion Parisera. Han urte batzuk eman zituzten, harik eta ezkondutakoan 1952an Euskal Herrira itzuli ziren arte, non Eduardoren izeba batek etxe bat utzi zien Hernanin. Eduardo Chillidaren lan zoragarria, 1999an Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Giza Zientzien Saria irabazi zuena, ez zen halakoa izango Pilarrengatik ez balitz. “Pertsona bakarra izan ginen”, dio hunkituta. “Hala ere”, dio umoretsu, “bada zerbait bere ondoan joateagatik utzi behar izan nuena: dantza, asko gustatzen zitzaidan dantzatzea eta arrakasta handia nuen. Baina berari ez”. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 266 > Elkarrizketa -->

2004/09/03-10
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

 

Irakurri

Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

 

Irakurri

José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

 

Irakurri

Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

 

Irakurri

Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

 

Irakurri