Aurkezpena

Ehun urteko ibilbidea, 1918-2018

 

2018an Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena ospatuko da eta, gainera, berrogei urte beteko dira, penintsulan lau hamarkadatan debekatuta egon ondoren, bere jarduera berriz martxan jarri zenetik.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru-aldundiek sortu zuten Eusko Ikaskuntza. Haren sorrera, 1918ko abenduan, euskal kultura-modernitatearen hasiera izan zen.

Nortasun kolektiboan sakondu nahi zuten eragileak biltzea lortu zuen erakunde berriak. Indarrak batuz eta proposamen berritzaile eta eraginkorren bidez, zientziaren eta kulturaren garapena, gizarte-kohesioa eta Euskal Herriko erkidegoen lurralde- egituraketa bultzatzea zen xedea.

Oinarri zabaleko elkartea osatu zuten hasierako kide haiek: bikaintasun goreneko pertsonak, ikertzaileak eta euskalariak ziren, baita ikasleak, pentsalari nekaezinak eta herrizaleak ere. Guztiek bat egin zuten Euskal Herriaren aurrerabidearekiko konpromisoan. Era berean, emakumeak euskal kulturaren eta zientziaren eremuetara ekartzeagatik nabarmendu zen Eusko Ikaskuntza.

Mende bat igarota, sorrerako misioa gizarte moderno eta konplexu baten testuinguruan bideratu eta eguneratzen dihardu Eusko Ikaskuntzak. Partekatutako ezagutzaren balioa abiapuntu dela, gizarte zibilari dagokio hitza hartu eta etorkizuna eraikitzeko eginkizunetan partaide izatea.

2018ko martxoaren 14ean Bilbon, lau instituzio fundatzaileek Eusko Ikaskuntzarekiko bere konpromisoa berretsi dute elkarrekin egindako Erakunde Adierazpenaren bitartez.

2018an, XVIII. Kongresua

Oñatin Geroa Elkar-Ekin lemapean egingo den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Mendeurreneko ekitaldien amaiera izango da. Programa bost saioetan egituratuko da, 2015az geroztik Eusko Ikaskuntza bultzatzen ari den bost proiektu nagusiekin lotuta dagoena. Saio bakoitza euskal hiriburu batean ospatuko da. Hau da egutegia:

Bost atal horien emaitzek bat egingo dute azken biltzarrean, eta bertan Kongresuaren ondorio nagusiak aurkeztu eta eztabaidatuko dira: azaroaren 23an, Oñatin. Azaroaren 24an, aldiz, Oñatin ere, ekitaldi instituzional handi bat egingo da eta, bertan, agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat lagun bilduko dira. Hainbat jardueren bitartez, jai eta partaidetza izaera emango zaio egun garrantzitsu horri.