Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa egitasmoa Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmo honek 2018an elkarlanean gauzatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatu du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan. Helburu orokor gisa, Nafarroako Gobernuari eskaini nahi izan diogu herritarren arteko bizikidetzan lagun lezakeen gutxieneko balio marko baterako hurbilketa, hori baita edozein proiektu partekatu baterako baldintza nagusietakoa.

Eremu tematikoak
Errealitate sozio-kulturala
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2020-12-31

 

sarrera

Abiapuntuko galderak ez dira izan nolanahikoak: nola bilatu askoren arteko kontsentsuak lurralde moduan aurrera egiteko eta proiektu partekatuak sortzeko? Nola lortu askoren arteko gutxieneko kontsentsuak elkarbizitza hobetzearen alde? Nolakoak izan behar dute oinarrizko leialtasunek? Kontuan hartuta nafar gizartean nabari den polarizazio ideologikoa eta politikoa, nolako baldintzak bete beharko lituzke kudeaketa demokratiko batek talde ezberdinek gutxieneko erosotasun batean jardun ahal dezaten?

Hauen galdera guztion adibide dira, batetik, immigrazioak dakarren hizkuntza eta erlijio aniztasuna; eta bestetik, euskararen sustapenak eragin ohi duen ezinegona eta polemika sutsua. Ikaragarrizko erronka da horrelako gaiak demokratikoki kudeatzea nafar gizartearen etorkizunaz ahalik eta herritar gehien konprometituta sentitu daitezen.

Horretarako, aurkezten den proposamenarekin aniztasunaren kudeaketa demokratikorako bide berriak irudikatzeko prozesu soziala ireki nahi da eta horren sostengurako sistema adimentsu kolektiboa sortzen lagundu.

Proiektuak 2019an ekin zion bideari, Baztan, Berriozar eta Castejonen egindako Herritarren Mahaien eta Gizarte Foroen bidez (Nafarroako aniztasun geografiko eta identitarioa irudikatzeko aukeratutako udalherriak izan ziren), eta 2020an jarraitzen du, bizikidetzan sakontzeko helburuarekin. Hiru udalerrietako Herritarren Mahaietan zein Gizarte Foroetan parte hartu zuten herritarrak elkarrizketaren eta topaketaren alde agertu ziren, baina galdera bat erantzun gabe geratzen dela iruditzen zaigu: Nafarroaren ezaugarri nagusi modura aniztasuna agertzea eta aldi berean behin eta berriz Nafarroaren nortasun propio bakarraz hitz egitea. Bateragarriak dira?

Aurrekariak horiek izanik, uste dugu bizikidetzan aurrera egiteko bidea arazo horretan sakontzetik igaro behar dela. Zehatzago esanda, hauek dira 2020rako ezarri ditugun helburuak.

helburuak

  • Izendatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai diren herritar gehienek onartuak; edo zeintzuk diren onartuak izateko prestasun handiena islatzen dutenak (osagai bateratzaileak).
  • Identifikatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai izan daitezkeen nafarren arteko banaketa edo gatazka eragiten dutenak (osagai banatzaileak)
  • Aztertzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eta foro egokienak osagai bateratzaileak indartzeko, baita zein erakunde, talde edo komunitateri eskatu beharko litzaiokeen ere erantzukizunik handiena.
  • Izendatzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eraginkorrenak osagai banatzaileak nolabait indargabetzeko eta kontsentsu berriak gauzatzeko haien inguruan, baita zeintzuk izan daitezkeen ere erantzukizun handieneko taldeak, erakundeak edo komunitateak.

ekintzak eta atazak

2019. urtean bezala Talde Eragileak izanen du proiektuaren zuzendaritzaren ardura eta parte-hartze gune ezberdinen arteko koordinazioa. Bere eginkizuna izanen da aurtengo metodologia eta galderak definitzea eta, aldi berean, 2020rako aurreikusten diren Aditu Talde, Eragileen Mahaia eta Herritarren Mahaiaren osaera erabakitzea:

Hiru parte-hartze gune nagusi planteatzen ditugu:

  • ADITUEN TALDEA: mundu akademikoan gaian adituak diren pertsonak beti ere perfil ideologiko anitzekoak
  • ERAGILEEN MAHAIA: Nafarroako eragile nagusiak identifikatu ondoren, hauen ordezkari izanen diren kideekin mahai anitz bat egitea proposatzen da
  • NAFARROAKO HERRITARREN MAHAIA: Nafarroako zonalde ezberdinetako herritarrez osatutako mahaia

dokumentuak

argazkiak

Herritarren Mahaiak: Baztan, Berriozar, Castejon.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Baztango Herritarren Mahaia Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Berriozarreko Herritarren Mahaia Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Castejoneko Herritarren Mahaia
     

Gizarte Foroak: Baztan, Berriozar, Castejon.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Baztango Gizarte Foroa Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Berriozarreko Gizarte Foroa Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Castejoneko Gizarte Foroa
     

bideoa

Txoli Mateos eta Nerea B. Aramendiaren arteko solasaldia, talde eragileko kideak.

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Amaia NAUSIA PIMOULIER