Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen

Hezkuntza sistemaz ari garenean, hiru hezkuntza sistemetaz hitz egin behar dugu: Ipar Euskal Herrikoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroko Foru Erkidegokoa. Errealitate bakoitzak bere legedi bereizia dauka, bere arazo, erronka, ahuldade, indar-gune, bilakaera eta betebeharrak ditu. Haatik, elkarren arteko ezagutza eta elkarlana baliatuta eskuartean ditugun gakoei aurre egin ahal izango diegu.

Eremu tematikoak
Errealitate sozio-kulturala
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2021-12-31

 

sarrera

Eusko Ikaskuntzak Euskal herritarrekin eta gizarte zibil antolatuarekin batera XXI. mendean agertu zaizkigun erronka garrantzitsuenak identifikatzeko prozesu sozial parte-hartzailea jarri du abian, etorkizuna lankidetzan eraikitzeko helburuarekin.

Ziurgabetasunaz, baina era berean, aukeraz beteriko garaia bizi dugu. Etorkizuna inguruabar globalean kokatu beharra dago, baina beti hausnarketa propio eta ireki batetik abiatuta.  Arlo politiko, kultural eta sozioekonomikoan ditugun erronka zahar eta berriei erantzuteko tresnak behar ditugu. Elkarrekin landu beharreko tresnak.

Izan ere, euskal lurraldeen eta herritarren arteko kohesioa eta elkarkidetza indartzea da mundu global horretan kokatzeko bide bakarra. Lurralde ikuspegi eta errealitate desberdinen ezagutzatik abiatuta, sinergia sozial, kultural eta ekonomikoak bultzatu nahi ditugu, gizarte inklusiboagoak erdietsi asmoz. Lurraldeen baitan eta lurraldeen artean garatu daitezkeen baliabide inklusibo berriak gobernantza demokratikoren eskutik etorriko dira, etortzekotan. Lankidetzatik, alegia.

Harreman sare trinko eta anitz horren kudeaketa, eraginkorra eta bidezkoa izango bada, ezagutza eta inteligentzia kolektiboan oinarritu beharko da. Zentzu honetan, mundu konplexu honetan modu egokian eta eraikitzailean kokatzeko, gure hezkuntzari buruzko hausnarketa sakona burutzea ezinbestekoa da. Hezkuntza eta hezkuntza sistema, edozein jendartearen etorkizuna ziurtatzeko funtsezko tresna da. Hezkuntzak berebiziko papera du kultura, kontzientzia kritikoa eta elkartasunaren sustapenean eta, bide horretan, hezkuntza sistemak bere zentzu guztiz zabalenean ahalmen handia du herritar osoak sortzeko, hau da, herritartasunaren eta herrigintzaren eraikuntzan rol garrantzitsua jokatzeko, bizi praktiken elkarrekintzan eragiteko eta sistema politiko eta ekonomikoek sortutako ezberdintasunak ekitatearen bidean jartzeko. 

Ausardiaz eta umiltasunez abian jarri dugun egitasmoak, Euskal Hezkuntza Sistema: Etorkizuna elkarrekin lantzen, bizi dugun egoera aldakorrari aurre egiteko ezinbesteko hausnarketa estrategikoa ahalbideratu nahi du.

Gure kasuan, hezkuntza sistemaz ari garenean, hiru hezkuntza sistemetaz ari gara: Ipar Euskal Herrikoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarrokoa Foru Erkidegokoa. Errealitate bakoitzak bere legedi bereizia dauka, bere arazo, erronka, ahuldade, indar-gune, bilakaera eta betebeharrak ditu. Nahiko lan errealitate bakoitzak, bere baitan, gauzak konpontzen eta bideratzen. Gauzak honela, begirada altxatzea eta auzokoari so egitea, ez da erraza izaten. Baina kohesioan eta elkarkidetzan oinarritutako etorkizuna diseinatzea nahi badugu, auzokoari begiratzea ezinbestekoa zaigu. Hezkuntzan bereziki, elkarren arteko ezagutza eta elkarlana baitira eskuartean ditugun erronkei aurre egiteko modu bakarra.

Ahalegin horren beharrean gaudela uste dugu. Kontuan izanda gainera, gure aniztasuna eta egoeren desberdintasuna aintzat hartuta ere, ez garela ezerezetik abiatzen. Euskal Herriko jendarteak munduan egoteko eta mundua begiratzeko berezko modu bat partekatzen duela uste dugu. Historia komun bat, pertenentzia zentzu bat, hizkuntzan eta kulturan nabariak direnak, eta, modu batera edo bestera, gure hezkuntza ulertzeko moduan islatzen direnak. Historian zehar garatutako elkarlana eta une honetan partekatzen dugun balio sistema sendotzea eta trinkotzea litzateke xedea. Berezitasunak-berezitasun, gure jendarteak aintzat hartu dituen balioak, hekuntzaren bitartez, elkarrekintzan sustatzeak Europan eta mundu globalean kokatzen lagunduko digu: demokrazia eta partehartzea, askatasuna, ekitatea eta aniztasunaren aldarria; nazioen arteko elkartasuna; kulturaren garrantzia, hizkuntza propioa eta eleaniztasuna bultzatzea.

Argi gera bedi, begirada luze honek aipaturiko errealitate ezberdinak gainditzen dituela. Hortaz, ez dagoela asmorik errealitate instituzional bakoitzari zehatz mehatz erantzuteko. Hemen proposatzen ari garen hausnarketaren helburua errealitate ezberdin guzti horientzako balizko erreferente bat eskaintzea da: egungo egitura politiko-administratibo ezberdinen gainetik, eta bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunen araberako erritmoa errespetatuz, mundu konplexu eta aldakor honetan kokatzeko euskal hezkuntza sistemak behar duen estrategia partekatu baterako oinarrietaz hausnartzea proposatzen ari gara, ez besterik.

Eta ausardiaz eta umiltasun osoz diogu, ez delako erraza, ibilbidea ekinaren ekinez egin behar delako, desberdinen arteko ikuspuntuak eta pertsonen arteko lankidetza eskatzen duelako, konfiantzan oinarritutako lana oinarri duelako, norberen bizipenak direlako premiazko zubigintza horren lagungarri.

Gure jendartean hezkuntza gai estrategikotzat jotzen dugulako, epe luzeko marko partekatua eraikitzeko esparru berri baten bila aritzea oso garrantzitsua da. Horixe izan baita, hain zuzen, Eusko Ikaskuntzaren betidaniko misioa. Honen bestez, euskal hezkuntzari buruzko adosgune berria sortzen ari gara, “Asmoz ta jakitez” Eusko Ikaskuntzaren leloak dion bezala.

Adosgune iraunkor eta egonkor berri bat Euskal jendartearen hezkuntza sistemaren etorkizuneko agertokietaz hausnatzeko. Ikuspuntu desberdinez osatuta, errespetutik eta lankidetzatik sortua. lankidetza horretan, adituak eta arituak, eragileak, erakundeak eta herritarrak auzolanean jarriko ditugu.

helburuak


Asmo nagusia:

Euskal Hezkuntza Sistemarekin lotutako herri eztabaida bideratzeko prozesua abian jarriko da eta denboran, epe ertain-luzean, sostengatuko da Euskal Hezkuntza Sistemari dagozkion oinarrizko akordioak identifikatzeko helburuarekin.
 

Helburu nagusiak:

  • Euskal Hezkuntza Sistemak behar duen estrategia partekatu baterako oinarriak finkatzea.
  • Euskal Hezkuntza Sistemaren oinarrizko akordioen definizio partekatua lortzea.
  • Euskal Hezkuntza Sistemaren epe luzeko marko partekatua sostengatzeko eta garatzeko adosgunea sortzea.
  • Tresnak eta proposamenak bideratzea politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan jartzeko.

metodologia

  • Ikuspegi desberdinen arteko parte-hartze espazioetan oinarrituta: talde eragilea, mintegiak, gizarte foroak, herritarren mahaiak.
  • Interes taldeekin lankidetzan: jomuga eta norabidea finkatzeko.
  • Zilegitasun desberdinen elkarlana: adituak-arituak, eragileak, erakundeak eta herritarrak.
  • Elkarlanean oinarritutako gobernantza.

garapena

1. Fasea: SARETZEA (2019-2020)

Helburu nagusiak:

  • Estrategikoak diren pertsonen elkargunea sortzea.
  • Prozesuaren sostengurako babesa lortzea.
  • Euskal Hezkuntzarekin lotutako arazoak lankidetzan identifikatzea: gaiak eta lehentasunak.

2. Fasea: DIAGNOSIA (2020-2021)

Helburu nagusiak:

  • Identifikatutako arazoen eta lehentasunen diagnosi partekatua gauzatzea.
  • Identifikatutako arazo eta lehentasun bakoitzaren diagnosia sakontasunez  garatzeko lan lerro eta talde espezifikoak irekitzea.
  • Adostasunak eta tentsioak identifikatzea.
  • Eragileen hedapena zabaltzea.

3. Fasea: AKORDIOAK (2021-...)

Helburu nagusiak:

  • Herri akordioak lantzeko oinarrien identifikazio kolektiboa gauzatzea.
  • Agertokien, erronken eta agenden identifikazio kolektiboa eta partekatua gauzatzea.

ekintzak


Urteko Galdera 2020

XXI. mendeko Euskal Herriak, nolako hezkuntza sistema behar du?


Solasaldiak
 

 
     

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Beatriz AKIZU AIZPIRI