Manuel Lekuona Saria

2022. Enkarni Genua

2022. Enkarni Genua

Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzailea, idazlea eta kultura-dibulgatzailea da aurten Manuel Lekuona saria jaso duena. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari hori, 1983an, euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsona ospetsuen obra osoa (opera omnia) goratzeko.

Horrela, Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu ez duen sormenaren esparrua aitortu nahi izan du, eta Genuaren ekarpena balioan jarri. “Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz” nabarmendu dute Eusko ikaskuntzako ordezkariek. Zehazki, nazioartean ere, baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin “txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ahal izan dira, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz” adierazi dute Eusko Ikaskuntzatik.

Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako lizentziaduna, 1971n, Manolo Gómezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen. Talde horrekin, mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan.

Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz.

1992tik aurrera, Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, eta, ondoren, TOPIC—Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen, biak Tolosan. Sormen-gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle-eskolako ikasleen eta eskola-tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez.

Hainbat aitorpen eta sari jaso ditu, besteak beste, Bilboko Udaleko Ercilla Saria (1980) edo Arte Eszenikoetako Ibilbidea aitortzen duen Victoria Eugenia Saria (2007). Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongilo taldeari 2013. urtean.

Manuel Lekuona Saria