Manuel Lekuona Saria

2023. Iñaki Martinez de Luna

2023. Iñaki Martinez de Luna

Iñaki Martínez de Luna (Vitoria-Gasteiz, 1950)

Soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia berrogei urtean zehar garrantzi handiko ikerketak zuzendu ditu, batetik, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko (Arrue, ikasleen hizkuntza-erabilerari buruzkoa; EGOD, euskarari buruzko oinarrizko diskurtsoak aztertzekoa; eta EAS, euskararen adierazleen sistema diseinatzekoa); eta, bestetik, euskal gizarte-errealitateari buruzko ikerketak zuzendu ditu (esaterako, identitateari eta kulturari buruz Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin 2007an garatutakoa).

Iñaki Martinez de Lunak jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenarekiko konpromiso aktiboa uztartu ditu. Horrela azpimarratu dute epaimahai instituzionala osatzen duten ondorengo erakundeetako ordezkariek: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Eresbil-Musika Euskal Artxoa, Euskal Kultur Erakundea, Etxepare Euskal Institutua, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, UNESCO Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Horren adierazle dira bai tokiko eremuan egindako lanak, bai ikerketa eta ikerketa taldeetan egindakoak: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen eta Bat aldizkariaren zuzendaria ere. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa-taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena, hala nola "Berrikasi eta Berrikusi" (2015) eta "Berrindartu eta jauzi" (2020) txostenak.

Bere curriculum zabalak berrikuntzaren aldeko bokazio argia erakusten du, eremu ezezagunei heldu eta sinergiak sortzeko grina. Zentzu horretan, bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza-giroaren baitan kokatzen da.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan da 1986tik 2015era, eta UPV/EHUko irakasle ondokoa 1989tik 2015era. Euskararen Erakunde Publikoa-Office Publique de la Langue Basque erakundeko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen eta egun Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan da, baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria ere. Euskaltzain urgazlea da, eta gaur egun "Euskararen Biziberritza Araban" proiektua koordinatzen du bere baitan. Araban euskararen alde egin du lan handia, Gasteizko GEU elkarteak egindako jarduerak horren erakusle izanik, elkarte horretako presidente izan baitzen 2013 eta 2015 artean.

Ondorioz, 2023ko Manuel Lekuona Sariaren Epaimahaiak hurrengoa nabarmendu du: "Iñaki Martínez de Lunak aparteko dedikazioa du gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan", mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan ikuspegi ireki eta mugarik gabe.

Manuel Lekuona Saria