Felix Mugurutza. Etnografoa eta Aunia Kultur Elkarteko kidea: Gabonetako ohiturak Elizak eraldatu nahi izan dituen erritu paganoak izan dira

2007-12-21

SILLERO ALFARO, Maider

Gabonak gainean ditugu. Egun hauetan gauza asko egiten ditugu etagehienetan ez dakigu zergatik egiten ditugun ere. Zergatik apaintzen dugu gure etxea zuhaitz batekin? Zergatik egiten ditugu opariak? Abenduaren 31an 12 mahats jateak zorte ona ekarriko ote digu urte osorako? Erritu guzti hauek burutzen ditugu horien esanahia zein den jakin gabe. Jarraian nondik datozen aztertuko dugu Felix Mugurutzaren laguntzarekin. Ikusiko dugu ohiturak agertu eta desagertu egiten direla eta, Mugurutzak esaten duen moduan, arinegi sartzen ditugu guztiak zaku berean: “Ohitura bakoitzak bere tradizioa dauka, bere ibilbidea. Gauza batzuk erromatarren garaitik datoz, beste batzuk historiaurretik eta beste batzuk, aldiz, duela mende eskas batetik. Tradizio handiko gauza horiek oso tradizio txikiko gauzak dira azken finean”.

Zer iruditzen Gabon gauarekin hasten bagara?

Gaurik luzeena eta egunik laburrena da. Munduan bazeuden alde onak eta alde txarrak, batzuk ilunpean bizi ziren eta besteak eguneko argiaz. Gabon gaua gaizkileen ahalmen gehieneko eguna da gaurik luzeena delako. Justu gaueko12tan urte osoko iluntasun gehieneko unea gertatzen da, beraz txarren artean, txarrena.

Baina gaur egun Gabon gaua gauza onekin erlazionatzen dugu.

Bai. Hortxe agertu zen Eliza eta esan zuen Jesukristo data horretan jaioa zela (ez dauka zer ikusirik gertaera historiko batekin, hori nahiko frogatuta dago). Baina hori asmatu zuten hain zuzen ere, egunik txarren hori bedeinkatzeko eta orduan egun horretan gaizkile guztiek ez dute zer eginik. Adibidez, deabruak bere ahalmen galtzen du, sorginek ere ez dute indarrik... Jaungoikoaren agerpenarekin euroen ahalmen guztiak ezeztatzen direlako. Hori guztia erromatarren garaiko jaiekin eta lehenagoko solztizioarekin ere lotuta dago.

Gabon egun hauetan ohitura asko ditugu. Baina badirudi jai hauen zentzu erlijiosoa ahaztu egin zaigula...

Modu batean bai, erlijioak geroz eta pisu gutxiago duelako gizartean edo gizakien zereginetan, jardunbidean. Baina nik uste dut betiko ohiturak euren jarrera naturala ari direla berriz eskuratzen. Garai batez (eta ez oso modu zilegian) Eliza ohitura horietaz aprobetxatu egin zen eta orain berriz, lehenagoko egoerara itzultzen ari gara.

Orduan, egun hauetan ditugun ohiturak, ez al dute izan beti esanahi erlijiosorik?

Guk dugun sentsazioa hori da, baina kontrakoa da. Errito paganoak izan dira eta Eliza horiek ordezkatzen saiatu izan da.

Ziur Euskal Herrian Gabon gauean egin eta orain galdu diren ohitura ugari existitu izan direla. Konta iezaguzu.

Adibidez, suberriaren erritua daukagu. Gabon gaua, azken finean, egun magikoa da. Euskal Herri osoan, eta baita Euskal Herritik kanpo, egun horretan egiten den sua berezia da. Bedeinkatzeko ahalmen berezia du. Urte osoan zehar sua itzali barik egoten zen baserrian, baina Aste Santuan (Jaungoikoaren berpizkunde hori islatzeko) eta Gabonetan ere (Jaungoikoaren jaiotza zelako eta ziklo berri bat hasten zelako), su berria egiten zen. Enbor bat hartu eta sutan sartzean pizten den sua berezia da, magikoa da. Enborrak badu sinbologia bat, zuhaitza delako eta erdi sakratuak zirelako. Hainbat tokitan, batez ere Euskal Herritik kanpo, jendea basora joaten zen eta barkamena eskatzen zion moztuko behar zuen zuhaitz horri. Gero, moztu eta su berri hori egiteko eramaten zen. Gabonsusi, Gabon enbor edo Olentzero enbor deitzen zaio. Gelditzen zen enbor zatia gorde eta adibidez, ekaitza zetorrenean ateratzen zen kalera. Horrek babesten zituen etxeak ekaitzetatik. Kortaren sarreran ipintzen zen ere, eta animaliak enbor horren gainetik pasa behar zuten enborraren bedeinkapena lortzeko...

Madarikazioen aurkako erritua, beraz?

Bai. Ahalmen berbera du egun horretan mozten den lehenengo ogi zatia. Urte osoan gordetzen da eta ez da usteltzen. Gero, ekaitza baretzeko ogi puskak botatzen ziren itsasora edo uholdeak zeudenean errekara. Hori zen babesik onena. Azken finean, naturaren mesedeak lortzeko trukaketa bat da. Nik ogia ematen dizut, baina zuk mesede hori egin behar didazu. Badirudi komunikazioa ematen dela eta bizitasunaz janzten dira inguruko gauza guztiak.

Aipatu ditugun ohitura horiek gutxira arte mantendu dira baina jadanik galduta daude. Aldiz, beste ohitura berri batzuk hartu ditugu...

Adierazgarriena Olentzerorena da. Olentzero leku zehatz batean zegoen kokatuta, Lesaka, Oiartzun aldean... eta bat-batean leku guztietara hedatu egin da eta izugarrizko arrakasta izan du. Eta ziur hemendik belaunaldi batera tradiziorik tradizionalena bezela ikusiko dugula.

Noizkoa da Olentzeroren lehen aipamena?

Olentzero dokumentatzen da lehenengoz Lope de Isasiren bitartez. Lezoko (Gipuzkoako) historialaria da, 1565ean jaioa. Onentzaro esaten du berak; hau da, gauza onen aroa. Eta bitxia da Euskaltzaindiak berak ere oraindik ezin izan duela erabaki Olentzero edo Olentzaro den, bietara erabiltzen delako eta agiri historikoetan begira ezinezkoa delako baten alde egitea. Horregatik adostu barik dago; biak onartuta daude gaur egun.

Eta Erregeen ohitura noiztik daukagu Euskal Herrian?

Ohitura orokorra da. Leku guztietara zabaldu zen, Euskal Herrian barne. Adibidez, opariak egitearen ohitura errege magoek Jesusi opariak eman zizkietelako dator. Baina Errege beltza ez da betidanik beltza izan, hori XVI. mendeko aldaketa estrategikoa izan zen. Aldaketa horrekin adierazi nahi zen Jesukristo mundu osoa bere menpe zeukala. Ordura arte ezagutzen ziren 3 kontinenteak Afrika, Asia eta Europa baitziren.

Opariak egitearena aipatu berri duzu, baina zuhaitza, zorion postalak bidaltzea... horiek ere ohitura berriak dira?

Opariak egitearena 1840 inguruko kontua da, beraz bai, oso ohitura berria da. Lehenengo zuhaitza Frantzian ipini zen eta horren eraginez ezagutu genuen guk. Neurri batean, nahiko berria dela esan daiteke eta jaiotza ordezkatzera dator. Eta lehenengo postala 1831an diseinatu zen. Inglaterrako sir batek “Zorionak eta Urte berri on” esaldia osatu eta gero mundu osora hedatu zen. Baina gaur egun gabonetako zikloari hasiera ematen diona Loteria Nazionala da. 1812an egin zen lehenengoz eta horrekin ematen zaio hasiera gabonetako giroari.

Aipatutako ohitura hauek nik uste baino berriagoak dira...

Bai, horrela frogatzen da ohiturak ez direla hain ohiturazkoak eta beti izan behar dugula burua irekita gauza berriak hartzeko.

Janaria ezin zaigu ahaztu!

Noski. Janari asko prestatzearen kontua ziur aski urtean zehar gose asko pasatzen zelako hasi zen. Poza eta horrelakoak adierazteko modua jatea zen, gaur egun bezala. Egun horretan, jai bezpera zenez, ezin zitekeen okela jan Erdi Aroan eta horregatik oso ohikoa da aza, azalorea, edo intxaursalsa jatea. Baina apurka-apurka okelaren sarrera onartzen joan zen neurriak ahuldu zirelako. Txerria hil berri zegoenez jaten zen egun horietan. Baita kapoia ere, hori luxu bat omen zen... eta Olentzero ere bere kantan agertzen duena.

Hemengo baserrietan ere egun horietan umeei alkohola apur bat edateko aukera ematen zitzaien esnatzen zirenean. Egun horietan gaztaina-erreak eta ardo egosia ematen zitzaizkien. Egostearekin alkohola kentzen zitzaion baina ardoa da. Azken finean, lizentzia berezia zuten egun horietan gehiegikeriak egiteko, neurri batean.

Gabon gaua familiarako den bitartean Gabon Zahar gaua festarako denbora da?

Gabon gaua gauza onen gaua da: dena bedeinkatua, familia biltzen da, hainbat tokitan falta direnentzat platera ere jartzen da... Gabon Zahar gaua aldiz, neurrigabekeriarako momentua da; sorginak inoiz baino ahalmen gehiago zuten gaua... gau ero bat, baina hala eta guztiz ere onartuta dagoena.

Gabon Gaueko ohiturak errepasatu ditugu. Zeintzuk dira Gabon zaharreko errituak?

Gutxitan aipatu den ohitura bat barruko jantzi gorri eramatea da. Hala da Erdi Aroan zehar gorri kolorea erdi debekaturik zegoelako eta deabrua beraren kolorea zelako. Are gehiago, lore gorriak ematen zuten landare batzuk gaizki ikusita zeuden. Baina Gabon Zahar gauean lizentzia guztiak onartzen direnez, “gehiegikeria” onartuta dago, jantzi gorriak eramaten ziren eta hain lotsagabe ez izatearren bakarrik barruan eramaten ziren. Intimitatean ikustekoak baina ez agerian eramatekoak.

Zorte onarekin erlazionatutako beste erritu asko ditugu. 12 mahatsak jatearena, adibidez.

1909an hasi zen, mahats pila bat bildu zelako. Kataluniako enpresari batek esan omen zuen “Las últimas uvas que sean las uvas de la suerte”, horrekin hasi eta gaur arte.

Erdi aroan ere modan egon zen dilistak jatea oparotasuna ekartzen zutelako, baina hau adibidez, galdu egin da.

Gozoak, turroiak... ugari izaten dira ere Erromatarren garaian, saturnaletan dago Gabon Zaharraren jatorria. Hor hasten zen garai berri, Janus: bi aurpegi zituen jainkoa (January, hortik dator urtarrila hitza), bata atzera, iraganari begira, eta bestea aurrera, etorkizunari begira. Egun horretan, erromatarren artean lagunak etxera gonbidatzea eta gauza zaharrak hartzearen ohitura zegoen. Trukean jaki gozoak eskaintzen zitzaizkien. Datilak edo pikuak eztiarekin... urte berri horretan gozotasuna areagotzeko. Eta hortik omen dator turroia hartzearen ohitura.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Itziar Plazaola Giger. Filosofian lizentziatua eta Hezkuntza zientzietan doktoratua: Hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da

 

Irakurri

Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

 

Irakurri

Felícitas Lorenzo. Euskal Herria Museoko zuzendaria: Museoaren errentagarritasun soziala bilatzea da gure lehentasuna

 

Irakurri

Lucía Martínez Odriozola. Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakaria: Komunikabideek hobeto informatzen dute indar ekonomiko handiagoa duten heinean

 

Irakurri

Xabier Paya. Bertsolaria: Euskara jakiteak bi oin gehiago, bi begi gehiago, bi esku gehiago izatea suposatzen du

 

Irakurri