Gorka Merchán. Zine zuzendaria: Gauza bat besterik ez dakit: bihar hiltzen banaiz, bizitzan egin nahi izan dudana egina izango dut

2009-04-24

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Oquendo kafetegian elkartu gara Gorka Merchánekin. Zinemarentzat leku enblematikoa da hori, inolako zalantzarik gabe. Horrez gain, zorte ona ematen dio zinemagile donostiar gazteari. Lokal barruan ekin diogu elkarrizketari, baina, eguraldi onak animatuta, kalera irten gara solasaldiarekin jarraitzera. Portua aukeratu dugu eta, hara goazela, telefonoa jo eta jo ari da etengabe. Izan ere, Merchánen lehen filma, “La casa de mi padre”, estreinatu berri da eta publikoaren eta kritikaren lehen erreakzioak iristen hasi dira. “La casa de mi padre” pelikularen protagonista Txomin da, Argentinan 10 urtez bizi izan den euskal enpresaburua. Herrira itzuli da, hiltzen ari den anaia bisitatzera. Txominek eta anaiak, Koldok, harreman txarrak izan dituzte aspalditik, muturreko desadostasun politikoak direla eta. Hala ere, Koldok mesede delikatua eskatuko dio anaiari: bere seme nerabea, etorkizun handiko pilotaria baina jokoan nahikoa arreta jartzen ez duena, bide onera eraman dezala.

Gorka Merchán. Publikoarentzat oraindik zinema-zuzendari ezezaguna. Nor da?

Donostiako Intxaurrondo auzoan jaio nintzen, 1976ko abenduaren 5ean. Haur goiztiarra izan nintzen, 6 hilabete eta erdiarekin jaio bainintzen, zinema egiteko gogo handia nuelako edo norbaiti belarrondoko bat eman nahi niolako, ez dakit ziur. Hiru hilabete eta erdi pasa nituen inkubagailuan eta gero bizitza osoa eman dut Donostian. Institutua bukatu ondoren, burua galdu eta zinemagintza ikasten hasi nintzen.

Non ikasi zenuen zinemagintza?

Lehenik Andoainen, eta gero Saroben, gaur egun existitzen ez den Urnietako ikastetxe batean. Oso ikastetxe ona zen, Andoaingoa baino askoz hobea, hori nahiko eskasa baita nire iritziz. Hemen horrelako zerbait egiten duen ikastetxe bakarra izango ez balitz, ez luke ikaslerik izango: material gutxi dago, irakasle onak badaude, baina ez guztiak... baina tira. Saroben profesional handiek ematen ziguten eskola, hala nola, Enrique Urbizuk edo Michel Gaztambidek. Horiek zuzen-zuzenean jarri ninduten harremanetan zinemarekin. Izan ere, ikastetxean kontatzen dizutena gauza bat da eta errealitatea beste bat; teoria gauza bat da eta praktika beste bat, eta zinemari buruzko gauza asko ez dizute azaltzen ikastetxean.

Adibidez...

Egin beharreko lehenengo gauza abokatu ona izatea dela, askotan izorratu egiten zaituztelako, adibidez gidoia lapurtzen dizute diru apur baten trukean... Pena ematen dit lehenago horretaz inork hitz egin ez izanak. Baina, bizitzako gauza guztietan bezala, pelikulak eginez ikasten da zinema egiten eta, alde horretatik, poz-pozik nago, nire lehen filma egiteaz gain, zuzendaritza-masterra egin dudala uste dut, eta hori inork ez dit kenduko. Nire buruari soldata bat ordaintzeaz gain, benetako pelikulak egiten ikasi dudala uste dut.

“La casa de mi padre” filmaren aurretik zer lan egin duzu?

Nire lehen metraje laburreko filma 2001ean egin nuen: “Primera persona”, Kimuak programaren barruan. Kimuaki gauza asko eskertu behar dizkiot, asko lagundu zidan, zinemako benetako mundu profesionalarekin harremanetan jartzeko eta jaialdietara joateko aukera eman zidalako, eta, batez ere, zure lehen lana han ikusteak zirrara ematen dizulako. Orduan pentsatzen duzu: “bada, itxuraz, ez dut hain gaizki egin, ezta?”.

Horrek berotuta, metraje laburreko beste film bat egin nuen, “Lora”, aurrekoa baino esperimentalagoa. Hark ibilbide laburragoa izan zuen, baina telebista bati saldu eta ikasteko balio izan zidan. Geroago “Elektrica” egin nuen, Donostiako Natural Project taldeari buruzko musikala. Taldeak egindako lehen bira nazionalean zehar egin nuen eta garrantzi handikoa iruditu zitzaidan amets bat nola gauza zitekeen islatzea.

Egin daiteke zinema Donostiatik?

Bai, nik hemendik egin dut. Aktore batek hobe du Madrilen egotea, zinemaren erdigunea delako eta, kontratatuko bazaituzte, ikusi egin behar zaituzte. Baina zuzendariak bere proiektuak sortzen ditu. Noizean behin Madrilera joateko prest egon behar duzu, ekoizpen-etxeak ere han daudelako, baina besterik ez. Ni autobusez joaten nintzen, 30 euro ordainduta, eta lagunen etxean geratzen nintzen gidoia mugitzen nuen bitartean. Hala ere, zinema hemendik egin nahiago dut nik.

Ate asko jo behar izan duzu? Borrokatu behar izan duzu? Gogorra izan da orain zeuden lekuraino iristea?

Bai... baina gauza guztietan bezala. Niretzat gogorragoa da zerbitzari izatea edo Zaran arropa tolestea, eta hori ere egin dut denboraldi laburretan. Ez zait gogorra iruditzen zinema egitea, maite dudana eta gustatzen zaidana delako. Horren poztasun handiak ematen dizkit, non gainerako guztiaren gainetik baitago. Baina, egia esan, batzuetan mina handia eta pertsonala da, niretzat zineman dena baita pertsonala; ahaleginik handienak horretan egiten ditut, maiteen dudana eta egun osoan buruan dudana hori da... Dena dela, garaile irteten naiz beti, alde handiarekin gainera. Zehazki, pelikula hau estreinatzea 7 urte kostatu zaizkit, haietatik 5 ekoizlea aurkitu arte.

Nolakoa da zuzendari-lanbidea?

Batzuetan bakarti samarra da eta inguruan jendea egotea faltan duzu, batez ere proiektuaren hasierako une batzuetan. Ondoren, kontrakoa: filmaketa heldu eta bat-batean 70.000 lagun dituzu zeure inguruan, zure lanari buruz iritzia ematen... (irribarrez), baina hori beste kontu bat da. Nire ustez, zuzendari batek izan behar duen talenturik handienetako bat gainerakoen talentua ikusten jakitea eta ustiatzea da.

Eta nolakoa da filmaketa?

Niri ikaragarri gustatzen zait. Ideia bat izan dezazun, hainbat lagun pertsona berarekin maiteminduta egotea bezala da, baina tartean zelorik gabe, jakina. Kasu honetan, guztiok maiteminduta gauzkana pelikula izango litzateke. Ederra da gauza berberaz maiteminduta dauden, gauza bera egin nahi duten eta nork bere eremuan duen onena jartzen duten hainbeste lagunek elkartuta sorrarazitako energia: argazki-zuzendariak argietan, aktoreek interpretazioan, attrezzo-arduradunak dekorazioan... zoragarria da eta niri zinemagintzan gehien gustatzen zaidana horixe da: pelikulak egitea bera, zure amets txikia beste batzuekin konpartitzea eta amets txiki hori nola doan hazten eta hobetzen ikustea, mundu guztiak ekarpen zoragarria egiten duelako.

Eta filmatzeko prozesuan, zer da zailena?

Giza taldea zuzentzea: 50 lagun, nork bere egoa, egun onak eta egun txarrak dituela... zaila da. Horrek eragin pertsonala du niregan, batzuetan isolatu behar duzulako, gogor jarri behar duzulako eta zure ametsa ez kutsatzea saiatu behar duzulako. Azken batean, zure pelikula da.

Zer da garrantzitsuagoa zuretzat, inguruan profesional onak ala pertsona onak edukitzea?

Aukeratu behar banu, pertsona onekin geratuko nintzateke, ez baitut sufritu nahi neure lanean. Gainera, ni oso ijitoa naiz, oso familiarra, eta pertsonekin gozatzea gustatzen zait. Horrela, jendeak bihotza jartzea lortzen dut, nik ez baitut ulertzen bizitza bihotzik gabe, eta ez zait interesatzen gainera. Horregatik egiten dut zinema, hain zuzen. Bestela, batere axola ez litzaidakeen beste lan bat egingo nuke eta soldata hutsagatik egingo nuke, baina ez dut nire bizitza horretara bideratu nahi. Nik gozatu nahi dut.

Esaten duzun horrek itxura ona du, baina gutxik lortzen dute...

Hala da, baina nik ez dut bizitza beste era batera ulertzen. Batzuetan txarto pasatzen dut eta denbora luzean ezin izan dut beste batzuek daukatena eduki: autoa zeukatenean, nik ezin nuen; etxebizitza zeukatenean, nik ezin nuen; maila afektiboan ere izan du eragina... gauza askori uko egin behar izan diot nire lanagatik. Niri gustatzen zait pertsonak diren bezala maitatzea, gauza on eta txar guztiekin, eta ni ere hala maite nazaten nahi dut. Bidesari asko ordaindu behar izan ditut, baina gustura ordaindu ditut, bizitzan dena ametsa dela uste dudalako, eta nik neure ametsa gauzatzea lortu dut: nire pelikula egitea, estreinatzea, zinema-aretoetara eramatea, konpartitzea...

“La Casa de mi padre” filmaren fotograma.

Gauza bat besterik ez dakit: bihar hiltzen banaiz, bizitzan egin nahi izan dudana egina izango dut, ez ahal izan dudana, eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Hasiera-hasieratik oso argi eduki dut hori, horren alde borrokatu naiz eta horrek lagundu dit honaino iristen. Sinetsita nago bizitzako gauza guztien sekretu nagusietako bat pertseberantzia, ahalegina eta borroka dela. Ni baino jende hobeagoa dago, jakina, ikastetxean ere ni baino jende hobeagoa zegoen, batzuek zoragarri idazten dute eta ezin hobetu zuzen lezakete pelikula bat, baina ez dira eusteko gauza. Ipurdian jasotako bosgarren ostikoaren ondoren etxera joaten dira, eta ni ez, nik altzairuzko ipurdia dut. Oso garrantzitsua da zuk zeure proiektuan sinestea, ama batek bere seme-alabengan duen fede berberarekin.

Zure lehen filma izateko, gai arriskutsua aukeratu duzu, ausarta...

Bai, baziren beste gai... errazago batzuk.

Zergatik gai hori? Hemen bizi garelako?

Ni oso iraultzailea izan naiz beti, bidegabekeriek min handia ematen didate eta, haserretzen naizenean, telebistari oihu egiten diot: “Baina nola bete daiteke Anoeta futbol-zelaia asteburu guztietan, eta etxebizitza duinaren aldeko manifestazioa dagoenean ez daude 30 lagun baino gehiago?”. Mundua ez da izan litekeen bezain ona guk nahi ez dugulako, gure ekintzen ondorioa delako. Nire seme-alabei aurkitu dudan baino mundu hobea utzi nahi diet. Seme-alaba asko eduki nahi ditut, baina beste kontu bat izango da hori pelikulekin eta zinemako bizimodu pobre eta miserablearekin bateragarri izatea (barrez).

A, baina... zinemagileak ez dira aberatsak?

Ez! Eta hori argi utzi beharra daukat. Zenbaitek, ni egunkarian edo telebistan ikusita, aberatsa naizela pentsatuko dute, baina gainerako lagunek adina diru irabazten dut eta, batzuetan, gutxiago. Ezberdintasuna hauxe da: nik lanean gozatzen dut eta ondo pasatzeagatik ordaintzen didate, niretzat bizitzako printzipio garrantzitsua baita hori.

Itzul gaitezen filmera...

Bai, noski. Pelikula erreala da, ez dakigun ezer ez naiz kontatzen ari, argi dago. Batzuek hobeto ezagutzen dute gaia, berarekin harremanetan bizi direlako, baina nahikoa pelikula erreala da. Batzuetan ahaztu egiten zaigu, egunerokoa delako eta, hortaz, ohitu egiten gara, gizakia edozertan ohitzen baita. Adibide gisa, gogora ekar dezakegu hainbat jende kontzentrazio-esparru batean luzaroan bizitzeko gauza izan zela. Gizakiak egokitzen garela erakusten duen adibiderik onena da hori.

Nola izan zenuen lehen kontaktua “La casa de mi padre” filmaren historiarekin?

Iñaki Mendiguren (gidoilaria) ezagutu nuen eta bere historiaz zeharo maitemindu nintzen, hori kontatu beharra zegoela pentsatu eta lanari ekin genion. Jendearekin elkarrizketatzen hasi nintzen eta, zenbat eta jende gehiagorekin elkarrizketatu, gogo handiagoa nuen historia kontatzeko, min handiagoa ikusten nuen, konpondu gabeko arazo gehiago, esan gabeko gauza gehiago, gai ezkutu gehiago... Horregatik pelikulari egindako kritika asko barregarriak iruditzen zaizkit. Izan ere, arazoa gainditu gabe dagoela uste dut eta horregatik historia horiek kontatzea garrantzitsua dela iruditzen zait, inoiz ez da aski eta hori nahiko frogatuta dago. Jarraitzen dugu geure zikinkeria alfonbra azpian gordetzen, ez dugu horretaz hitz egiten! Nahitaezko pelikula delakoan nago.

“La Casa de mi padre” filmaren fotograma.

Jende askorekin hitz egin duzu informazioa biltzeko?

Ahal izan dudan guztiarekin, kolore guztietako eta alderdi guztietakoekin, alde bateko eta besteko biktimekin.... Hemen inork ez baitauka zilegitasun osoa. Ez dut uste lehen mailako eta erregionaleko hirugarren mailako biktimak daudenik. Nire iritzian, mina ezin da pribatizatu eta inork ezin dio esan beste edonori zerk eman behar dion mina eta zer maitatu behar duen. Gertatzen ari denaren arrazoi nagusia, neurri handi batean, batzuen eta besteen elkar ezin ikusia da eta, horrenbestez, gorren arteko elkarrizketa bihurtzen da. “La casa de mi padre” filmaren gauzarik onenetako bat historia pertsonengandik kontatzea da, denok garena eta batzen gaituena horixe baita, gizatasuna, gizaki izatea.

Etorkizunari begira, proiekturik?

Beste pelikula bat bukatzen ari naiz orain, “La casa del enigma”. Eduardo Chillida Belzunceri buruzko dokumentala da eta poz-pozik nago, oso lan berezia delako, eder askoa. Zaila da horrelako lan bat zuzendari baten eskuetara iristea, pintore bati buruzko pelikula egitea zaila eta arraroa baita. Une hauetan soinuaren postprodukzioarekin ari gara eta zeharo gogobeteta nago, fikziozko historia bat eraiki dugulako: itsasotik irteten den naufrago batek hondartza ikusi du han urrun, bertara joan da igerian, konortea galdu, eta hortik abiatuta, bidaia oniriko bat egingo du etxe misteriotsu batean... (zin egiten dut ez dudala “ez dakit zeren etxea” izena duen beste pelikularik filmatuko), pinturaren gaineko bidaia bat, hain zuzen.

Pozik zaude emaitzarekin?

Publikoak esango du zer iruditu zaion, baina gu oso pozik gaude, ni neu eta filma egin duen taldea: 21 Japonesas taldeko Txetxo Bengoetxea, Estanis Elorza, Alberto Iglesias konpositorearen anaia Eduardo Iglesias...

Zure karrera geldiezina da dagoeneko...

Bai, zuzendariak bere lanean pentsatu behar du, ezin da egon noiz deituko dioten zain. Orain abenturazko film bat idazten ari naiz, eta bizitza osoa jartzen ari naiz nire bigarren pelikula izan dadin. Proiektu garestia da eta ingelesez egin behar dugu, proiektua aurrera eramateko dirua hemendik kanpo soilik aurkituko dugu eta. Historia erreala da, Espainian bizi den pertsonaia bati buruz. Barrualdeen dekoratzaile dei diezaioten gustatzen zaio pertsonaia horri, pintore handi-handia da. Proiektua ez da “Indiana Jones” baino gutxiago inondik ere.... “Arrosaren izena” eta “Thomas Crownen afera” filmen arteko nahastura izan liteke. Espero dut jendeak proiektua aintzat hartzea, benetan erromantikoa, magikoa, abenturaz eta akzioz betea delako.

“Erromantiko” hitza asko erabiltzen duzula ohartu naiz.

Bai, bizitzaren alde erromantikoa eta magikoa ikustea gustatzen zaidalako, interesgarriagoa delakoan nago. Ez dakit gainerakoei gertatzen zaien, baina niri askoz interesgarriagoa iruditzen zait bizitza ikuspegi horretatik begiratzea.

Eta zer zinema mota gustatzen zaizu?

Dena. Ezin nuke esan nor den nire zuzendaririk kutunena, nire pelikularik gogokoena... pelikula bakoitzarentzat egun bat dago. Eta gero eta argiago dut norberaren eta pelikularen arteko harremanaren emaitzak eta norberak duen egunak baldintzatzen dutela hori. Batzuetan egun txarra duzu eta pelikula oker hartzen duzu, edo oso sentikor zaude eta ezin duzu historia erromantiko bat jasan. Beste batzuetan, berriz, “My blueberry nights” aiztoa gurinean bezala sartzen zaizu, beste batean barrez lehertzeko gogoa duzu “Madagascar” ikusiz, edo Spielbergen bat ikusi nahi duzu, edo zinema soziala. Egun bakoitzerako eta bizitzako une bakoitzerako pelikula bat dagoela esango nuke.

Zein da gehien ikusi duzun pelikula? Beno, horri erantzun aurretik, gustatzen zaizu pelikulak behin baino gehiagotan ikustea?

Pelikula bat behin bakarrik ikusten badut, gustatu ez zaidan seinalea da. Gehienetan ikusi ditudanak “Indiana Jonesenak” dira, lehen hiruetako edozein batez ere; “Etorkizunera itzuli”; “Aita jauna”... asko gustatzen zait Buñuelen “Él”, “Los Santos Inocentes”, “La Colmena”, “Washingtoneko otsoak”, Paul Greengrass-en ia edozein pelikula: “Bloody Sunday”, “United 93”... Ikaragarri gustatzen zait Winterbottomek egindako guztia, eta liluratzen nau Amas Gitaik: zuzendari israeldar ezezagun samarra da, baina, nire aburuz, jenio bat. Ondoen filmatzen duen zuzendarietako bat Spielberg dela esango nuke, izugarri gogoko dut... eta astebete eman nezake horrela. Eta gertuagoko zineman, jakina, Almodovar gustuko dut, baita Medem ere; oso jende ona dagoela irizten diot, hala nola Koldo Serra, Cobeaga edo Vigalondo... haren pelikulak oso gogoko ditut, baina bera aktore gisa batere ez.

Zer pelikula filmatu nahiko zenuke? Ikusi eta berehala “nahi nuke nik egin izan banu” pentsatzen duzun pelikula hori?

Duela gutxi Agustín Díaz Yanesen “Sólo quiero caminar” filma ikusi eta izugarria da. Eta “My blueberry nights” filmak zeharo hunkitu ninduen, eskerrak bukaera ederra izan zuen, ikusi bitartean ikaragarri sufritu nuen eta. Egia esan, zinema guztia gustatzen zait, marrazki bizidunekin ere gozatzen dut.... dena!

Amorrua ematen du zinemara joan eta ikusten ari zarena gogoko ez izateak, ezta?

Pilo bat. Batzuetan, etxean nagoenean pelikula txarra ikusten badut, beste baten bila joan behar dut aurrekoak utzitako arantza kentzeko, ezin bainaiz ohera joan sentsazio hori dudala. Dena dela, “espainiarkeriaren” tabua haustera animatu nahi dut jendea, zinema espainiarra ikustera, ni behintzat oso identifikatuta sentitzen bainaiz zinema horrekin. Amerikarrek ez dute kode berdina, ez dute guk bezala sentitzen, ez dute guk bezala maitatzen... ez hobeto ez okerrago, bestela baizik. Gorka Merchán (Donostia, 1976) Donostian jaio zen, 1976an. ESCIVIn eta SAROBEn ikasi zuen zinemagintza. Metraje laburreko lehen filma, “Primera persona”, 2001ean egin zuen, Aitor Merinorekin, Borja Elguearekin eta Verónica Moralekin batera. 2005ean, “Lora” filmatu zuen, zuzendari gisa egindako metraje laburreko bigarrena. Hurrengo urtean “Elektrica” etorri zen, Natural Project taldeari eta Estatuan zehar egindako birari buruzko dokumentala. Metraje luzeko lehen filma 2007an filmatu zuen: “La casa de mi padre”, pantaila handian aurten estreinatua. Gaur egun, “La casa del enigma” filmaren postprodukzio-prozesuan murgilduta dago. Eduardo Chillida Belzunceren obrari buruzko lana da, Eduardo Iglesias idazlearen testuan oinarritua.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Koldo Saratxaga. Irizar enpresako presidentea: Konfiantza goranzko balioa izan balitz, agian ez ginatekeen egoera honetan egongo

 

Irakurri

Mari Puri Herrero. Margolaria: Batzuetan ametsak diruditen bizipenak izaten ditugu, nik ez ditut bereizten

 

Irakurri

Argitxu Esain. Sopranoa: Operak kantatzea oso aberasgarria da, kantu hutsaz gain aktore lana ere egiten ikasi behar baituzu

 

Irakurri

Mari Jose Aranguren Querejeta. Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza arloko zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan: Lehiakortasuna, berrikuntza eta ideia berrien garapena izango dira datorkigun ekonomiaren oinarria

 

Irakurri

José María Asua. Ingeniaritza Kimikoko katedraduna: Ideiak saltzea da gure negozioa

 

Irakurri