Javier Viar. Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaria: Arte Ederren Museoa bere historiako garairik gozoena igarotzen ari da

2008-05-02

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Bilboko Arte Ederren Museoa 1908an sortu zen, Pablo Picassok “Las señoritas de Avignon” pintatu ondorengo urtean. Bilboko pinakotekak hainbat zailtasun bizi izan ditu bere bizitzako ehun urteetan, baina gaur arte kultur erreferentzia izatea lortu du. Oraingo zuzendari Javier Viarrek onartu duenez, Guggenheim Bilbao Museoari esker, Arte Ederren Museoarekiko interesa ere piztu da eta, orain, “bere historiako garairik gozoena igarotzen ari da”.

Museo batek ehun urte betetzea albiste ona da beti, baina ohi baino sasoi gorabeheratsuagoa izan behar da ezinbestean. Zer moduz moldatzen ari zara?

Egia esan, oso ondo moldatzen ari gara, urtea ezin hobeto ari da igarotzen oraingoz. Oso pozik gaude urteurrenaren ospakizunekin.

Zer ekitaldi prestatu dituzue urteurrena ospatzeko?

Museoak bere ehun urteetan jasotako laguntza guztia eskertzeko omenaldi bat egitea da ospakizunen ideia nagusia. Euskal Artisten Gida argitaratu berri dugu eta izugarrizko arrakasta lortzen ari da. Horrez gain, erakusketa bat egin dugu: artista bakoitzaren koadro bat erakusgai jarriz, ibilbide azkarra egin dugu euskal arteak XIX. mendetik hona izan duen garrantzia adierazteko. Horrela, ziurtasun batetik abiatu gara: artista haiek izan ziren gure Museoa abian jartzeko oinarrizko zutabeak, modernitatearen motor garrantzitsu. Omenaldi horrez gain, XIX. mendeari buruzko erakusketa bat ere aurkeztu dugu. Erakusketa horren bidez, Museoan zer artelan ditugun eta zer egoeretan dauden jakin nahi dugu. Eta hurrengo erakusketa “Goyatik Gauguinera” izango da. Erakusketa hori beste leku batzuetan egin dute dagoeneko, baina gurera helduko den artelan-katalogoa handiagoa izango da, artelan gehiago izango ditu. Urteurrena une ezin hobea da daukazunari eta zarenari buruzko gogoeta egiteko. Bestalde, orain Peter Blakeren erakusketa dugu. Gure herritarrei nazioartean gertatzen denaren berri emateaz gain, nazioarteko erakusketak ekartzeko ahal duguna egiten dugu, guk ere hemendik nazioarteko komunitateari geure ekarpena egiteko. Nazioarteko autoreekiko interesa piztu eta beti gure zilborrari begira ez egotea beste helburuetako bat da guretzat. Gure gogoa neurri gabea da, baina aurrekontuek mugatzen digute noraino iritsi gaitezkeen. “Goyatik Gauguinera” erakusketaren ostean, Sorollaren erakusketa handia izango dugu. Valentzian arrakasta handia lortu duten koadroak dira eta espero dut hemen ere ikusle asko erakartzea. Erakusketa hori urte honetara aurreratu dugunez, Murillorena urtebete atzeratu behar izan dugu, hortaz, 2009ko urrian etorriko da hori.

Errepasatu dezagun Museoaren ibilbidea 1908tik hona...

Museoak gorabehera asko izan ditu ehun urteotan, neurri handi batean bizi izan ditugun hala-moduzko hainbat egoera politikotan arretarik egin ez ziotelako. Hala ere, jendeak inplikazio handia izan du beti erakundearekin. Erreferentzia izan da beti, gurea den zerbait dela sumatu du jendeak eta horregatik asko lagundu du. Alde batetik, bildumazaleek, hasieratik, lehenengo bildumak sortu zituzten. Eta dohaintzak lehenengo bildumaren oinarri izan ziren. Gure lurraldea meatzaritzarekin, altzairugintzarekin, ontzigintzarekin eta gero bankarekin aberasten hasi zenean sortutako burgesiaren pastelaren ginda antzeko zerbait izan zen Museoa. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, beste gizarte bat sortu zen, dinamikoago. Egoera hartan, artearekiko zaletasuna zuen jende asko agertu zen. Hori dela eta, 1908an, Diputazioak eta Bilboko Udalak Museoa sortzea deliberatu zuten, burges, bildumazale eta artezale askok bultzatuta. Eta, erakundeez eta orduko burgesiako pertsona haiez gain, hirugarren faktorea testuinguru hartan agerturiko artistak izan ziren. Euskal artisten multzo sendoa sortu zen: hor zeuden Lekuona tolosarra, Barroeta bilbotarra, Zamacois bilbotarra, Martín Amigo, De la Cuadra... Gizarte hura bere baitan artistak noiz sortuko zain zegoen, eta sortu ziren. Artista haiek Parisen bizi ziren jenio handien lagunak ziren. Haiek guztiak, 1908rako, Parisera joanak ziren eta pintura berriaren hazia ereina zuten. Beraiek indartu zuten Museoaren ideia. Piezak lortu zituzten, erakundeak erostera bultzatu zituzten, bildumazaleek dohaintzak egin zituzten eta pintoreek berek ere euren koadroak eman zituzten. Oso elementu garrantzitsua izan ziren, beraz.

Halako ibilbide bikaina izanda, ez al da amorragarria Bizkaiko bigarren Museoa izatea?

Bigarrena gara duela hamar urtetik hona, lehenago bakarrak ginelako (barreak). Guggenheim zoragarri ari da bere eginkizuna betetzen. Izan ere, haren eginkizuna ez da museo bat izatea soilik, baita hiriaren aldaketaren ikurra izatea ere, eta hori bikain lortu du. Haren eginkizuna txukuna eta miresgarria da.

Eta Guggenheimi esker, Arte Ederren Museoak lehen baino arreta gehiago bereganatu du?

Hala da. Guggenheim Museoa dagoenetik, guri ere kasu handiagoa egiten digute. Gure zailtasunak orain baino askoz handiagoak ziren lehen. Museoa handituz joan da nire aurrekoek, erakundeek eta artistek egindako ahaleginari eta izandako fedeari esker. Nahiz eta zailtasunak egon diren, batik bat aurrekontuari dagozkionak, ahaleginari eutsi egin zaio. Orain, zailtasun horiek askoz arinagoak dira. Izan ere, Museoaren historiako garairik gozoena igarotzen ari gara. Gure aurrekontuak inoiz baino handiagoak dira, inoiz baino maizago erosten dugu, erakusketa zoragarriak egin ditzakegu... Lortu duguna hauxe da: urtean hiru erakusketa nagusi egin eta irailean iragartzea eta, horrez gain, beste hiru edo bost gehiago egitea. Erakusketa eta programen eskaintza egonkorra dago. Horrek guztiak esan nahi du inoiz baino arreta handiagoa dagoela orain, eta nik Guggenheimi leporatzen diot hori.

Eta nabaritzen da atzerriko publiko gehiago iritsi dela, titaniozko Museoak erakarrita?

Zalantzarik gabe, lehen ez zeuden bisitari atzerritarrak daude orain. Baina guk bisitarien % 70 edo % 80 etxekoak ditugu, eta % 20 edo % 30 kanpokoak, eta Guggenheimek alderantziz. Bilbora datorren jendea ez dute Arte Ederren Museora joatera bultzatzen, Guggenheimen kasuan gertatzen den bezala. Ez digute autobusa atean jartzen, ez dakit inoiz egingo duten, ea noizbait jartzen diguten, baina gaur egun ez da hala gertatzen. Hala ere, gure misioa ez da Guggenheimen berbera. Guk geure ingurune hurbila hornitzen dugu kulturaz, eta euskal artea ikertzeko lan zientifikoa egiten dugu, merezi duten autoreak ekartzen ditugu eta bilduma eta kultura-eskaintza sendotzeko ondarea erosten dugu. Horretarako sortu zen Museoa eta horixe egiten jarraitzen dugu. Horrez gain, artista gehiago ekarri ahal baditugu, zoragarri, baina guk ez daukagu horretarako gaitasunik, hori erakundeek eta turismo-operadore pribatuek egin beharko dute.

Zer erantzungo zenioke museo batera joatea aspergarria dela esaten duenari?

Oraindik entzuten da halakorik. Zuk uste duzu gimnasia egitea dibertigarria dela? Oso aspergarria da, baina jendea kemen handiz joaten da gimnasioetara. Beraz, aspergarria bada ere, horrek ez du esan nahi ekintza horien ondorioak baliagarriak ez direnik. Museo bat bisitatzeko gutxieneko ezagutza izan behar da eta, jakina, ezagutza horretara iristeko ahaleginak egin behar ditugu. Ezagutza izanez gero, hobeto bereizi dezakegu geure inguruko errealitatea, oreka sakonagoa izan dezakegu geure inguruko gauzekiko eta geure buruarekiko. Edertasun hori sumatzen ez dakienak ez du behar bezala bere ezagumena landu.

Eta artea ez ulertzea aitzakiatzat jartzen duenari?

Horri ulertzen saiatzeko eskatuko nioke. Izan ere, mugikorra edo ordenagailua erabiltzeko ere zerbait ikasi behar izan du. Nik ez dakit zergatik jendeak uste duen arteaz jakiteko berezko jakituria eduki beharra dagoela. Liburuak irakurri behar dira. Egia da baliabide horietaz jabetu gabe ere arteaz gozatu dezakezula, baina baliabide horiek eskuratuta gehiago gozatu dezakezu. Ezinezkoa da zerbait gogoko izatea, horrekin inolako harremanik izan ez baduzu. Koadro baten aurrean sekula egon ez bazara, nola ez da izango, bada, aspergarria? Autoaz gozatzeko gidabaimena atera behar duzu. Gizakiak, sortzetik, badaki munduarekiko harreman adimendunak hainbat eskakizun latz izaten dituela, ikastea, ezagutzea eta norberak gauzei buruzko kontzeptu heldua sortzea.

Museo batek munduko beste pinakoteka batzuekin harremanak izateko ahaleginak egin behar ditu. Nola dago Arte Ederren Museoa alde horretatik?

Harreman onak ditugu guztiekin! Harremanak ahalik eta errazenak izan behar dira. Prado Museoarekin harreman bikaina dugu. Esaterako, “La marquesa de Santa Cruz” utziko digu urteurreneko azken hiruhilekorako (ofizialki, urrian da urteurrena). Horrez gain, Kataluniako, Valentziako, Sevillako, Frantziako, Italiako, Ingalaterrako eta beste hainbat herritako museoekin ere oso harreman onak ditugu.

Tokiko erakundeekin ere hain onak dira harremanak?

Bada, bai, baina beti daukagu zerbait eskatzeko, hori baita gure eginkizuna, beti ari gara gauzak eskatzen. Batzuetan ematen digute eta bestetan ez, baina horrek ez du esan nahi harremanak txarrak direnik. Haiek dagoena guztion artean banatu behar dute bidezko eran. Eta gure betekizuna indarra egin eta Museoa haztea da.

Aurtengo maiatzean sei urte beteko dituzu Museoko zuzendaritzan. Zein da zure urteotako balantzea?

Esperientzia bikaina izan da, eskerrak eman behar ditut bihotzez postu honetarako nigan pentsatzeagatik. Museoa aurrera eramateko ahal izan dudana egin dut eta zenbait gauza lortu ditudala usten dut: programak egonkortu dira eta gure bildumari buruzko ezagutza handiagoa dago. Bi alde horietan lortutakoa onartu diezadatela nahi nuke eta, badaezpada, nik esaten dut (barre egiten du). Orain, bilduma handitzeko lan egin behar dugu, gero eta hobeto antolatu, gero eta hobeto ezagutu, gero eta hobeto zaindu, gero eta asmo handiagoko erakusketak... Hau prozesu bukaezina da!

Eta, zure ustez, zein da Museoak bere historian lortutako gauzarik gogoangarriena?

(Pentsakor). Nik, lorpen gogoangarrien artean, bildumarako eskuraturiko artelan batzuk aipatuko nituzke. Bilduman asko gustatzen zaizkidan bi koadro daude, eta horiek lortu izana oso garrantzitsua iruditzen zait. Baina bat bakarrik aukeratu dezakedanez, bietatik nazioartekoena aukeratuko dut: Gentileschiren koadro bat (1597-1654). Pintura hori Museoan sartu zenean, itxura berezia eman zion: oso obra kosmopolita da. Gentileschi caravaggista zen eta, koadro hori pintatu zuenean, Ingalaterrako gortean ari zen lanean. Erakusten duen kultura anbiziotsua da, sofistikatua, aberatsa adierazpenean eta kontzeptuan.

Museoak bizi izandako beste une gogoangarri bat handitu zenekoa izan zen. Pozik zaude haren itxura berriarekin?

Oso dotore dagoela uste dut. Guggenheim Museoa XXI. mendeko arkitekturaren erakusgarri da, eraikin liluragarria da, baina gurea ere ikaragarri ederra da eta bere zereginetarako guztiz egokia. Oso ibilbide politak dituela iruditzen zait. Arkitektoek oso preziatzen dute gure Museoa, artea jasotzeko eginkizuna edertasunez eta praktikotasunez betetzen duelako. Horregatik hazten ari da oraindik. Bilduma ikaragarri handitu da. Obra asko erosteaz gain, dohaintza ugari ere jaso ditugu eta gerora ere jasoko ditugu. Horrek guztiak eraginda, datozen urteotan berriz ere handitu beharko dugu Museoa. Ez dakit noiz planteatuko dugun, baina hortxe dago kontua.

Eta zergatik daukate jatetxea Guggenheim eta Arte Ederren Museoek?

Europako eta Estatu Batuetako ohitura zaharra da. Kalitateko jatetxeak egotearen arrazoia euskal sukaldaritzaren kalitatea da. Guk asko miresten dugu gastronomia, ziur gaude Arte Ederretako bat dela.

Esaguzu zer asmo dituen Museoak urteurreneko ospakizunak amaitzen direnerako. 2009ari begira, jarraibide berdinak ditugu: gure artistei buruzko erakusketak egiten jarraituko dugu. Vicente Ameztoyren antologiko bat egongo da eta Anselmo Guniearen beste bat. Horiez gain, “Murillo gaztea” erakusketa izango da datorren urteko eskaintza nagusia, eta beste batzuk ixteko daude oraindik. Orain arteko ibilbideari eutsiko diogu. Gero, urtean zehar, ezusteren bat egon daiteke... baina ezin dut zehaztu zein izango den.... Bestela, ez litzateke ezustea izango! Javier Viar Olloqui (Bilbao, 1946) Farmazian lizentziatua Madrilgo Complutense Unibertsitatean, 1969an. Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea izan da. Hamalau urtez Arte Eder Museoko Administrazio Kontseiluko kidea izan da eta 2002. urtetik bertako zuzendaria. Era berean, Bilboko Guggenheim Museoko obrak erosteko lehenengo aholkularitza batzordeko kidea izan zen, besteak beste Kosme Barañano, Javier Gonzalez de Durana eta Jose Manuel Bonetekin batera. Rafael Ruiz Balerdiren obra ondoen ezagutzen dutenetariko bat dugu. Idazteko zaletasun handia du, eta ondo baino hobeto moldatzen da bai artearen kritika bai literatura idazten. Hainbat egunkari (El Correo, El País, El Mundo del País Vasco, Bilbao) eta aldizkaritan (Gazeta del Arte, Kurpil, Común, Pérgola, Margen Cultural, Composición Arquitectónica, Album, REKarte) kolaboratu du. Gainera, katalogoetako testuak eta liburuak ere idazten ditu. Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendariak olerkiak, eleberriak –1991n Pío Baroja saria eskuratu zuen La sangre del doral lanarekin–, eta ipuinak kaleratu ditu –Irun Hiria saria 1992an, La muerte de la novia lanagatik–. Hauek dira idatzi dituen beste izenburu batzuk: El Paraíso a cambio; El ángel y la cripta de Zumárraga; La agonía del ángel; Balerdi. La experiencia infinita / Balerdi. Azkengabeko esperientzia; La imagen de Bilbao en las revistas ilustradas...
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jon Marcaide. Astronomia eta Astrofisikako katedraduna: Ni halabeharrez naiz astronomo, literalki halabeharrez

 

Irakurri

Jon Mirena Landa. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen aldeko Zuzendaritzako arduraduna: Giza Eskubideenganako minberatasuna igotzen ari den arren urraketa asko daude oraindik gure herrian

 

Irakurri

Javier Elzo. Soziologoa: Gazteek aintzat hartzen dituzte leialtasuna, engainurik eza, gizarte harreman garbiak,... ez diezazula inork ezer eman zure izenagatik bakarrik

 

Irakurri

Jokin Bildarratz. Tolosako alkate eta Eudel-eko presidentea: XXI. mendea partaidetzaren eta lan amankomunaren mendea da, udalen mendea, horiek baitira irekien eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak

 

Irakurri

Begoña Amunarriz. Parlamentari ohia: Emakumearen egoeran urrats oso positiboak eman dira, baina arlo batzuetan berdintasun faltsuan bizi gara

 

Irakurri