Jesús Prieto Mendaza. Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea: Jaietako desordenak ondoren Gasteizko bizitza soziala ordenatu besterik ez du egiten

2012-07-06

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Jesús Prieto antropologoa ikasle etorkinekin aritu da irakasle lanetan eta duela sei urtetatik Hezkuntza Saileko Berritzegune A02ko aholkularia da, eta aldi berean, Deustuko Unibertsitatean Kulturarteko Hezkuntzan irakasle kolaboratzaile lanetan dihardu, besteen artean. Bere doktore tesiak “Paseando por el gueto. Refugios y violencias. Un acercamiento antropológico a las percepciones sobre la población inmigrante en el caso medieval de Vitoria-Gasteiz” titulua darama. Elkarrizketa hau, ordea, ez da horri buruzkoa, bere hiriko, Gasteizko jaien gainean egin duen ikerketa lan bati buruzkoa baizik: “Blusas y neskas. Cuando la amistad se hace fiesta. Exhibición, trasgresión, cohesión social durante el tiempo festivo. Un estudio, desde la antropología, del alma mater de las fiestas de Vitoria-Gasteiz.”

“Blusak eta neskak. Adiskidantza jai bihurtzen denean”. Zure lanaren tituluan islatzeko moduko garrantzitsua al da “adiskidetasuna” jai hauetan?

Tituluak liburuaren potentzialtasun osoa bildu nahi du, eta hain zuzen, Gasteizko jai giroan blusa eta nesken koadrilen oinarrizko osagaia hori bera, adiskidetasuna dela uste dut. Liburuak jasotzen duen guztia definitzeko funtsezko hitza iruditzen zait.

“Andra Mari Zuriaren jaiak oraindik ere Gasteizek daukan izaera landatarra erakusten du”

Zer kontatuko zenioke Andra Mari Zuriaren jaietan inoiz egon ez den donostiar bati, esaterako? Zer nabarmenduko zenuke festetatik?

Andra Mari Zuriaren jaiak oraindik ere Gasteizek daukan izaera landatarra erakusten du. Ni jaio nintzen Gasteizek 50.000 biztanle exkax zituen, egun, 60ko hamarkadako industrializazio prozesuaren ondoren, 240.000 bizilagunetara iristen den Gasteiz aurkitzen dugu. Baina oraindik ere bere jaietan funtsean landa egitura dauka, erromeriek edota Zeledonen kondairak kasu. Hain zuzen, Vitoria-Gasteizko jaietako mito nagusia Zeledon da, XX. mendean nekazariek eramaten zuten blusa, abarka eta txapela janzten dituen nekazal guneko pertsonaia. Hau da, baserri elementuz beterikoa eta horregatik jaiez gozatzeko modua oso herrikoia da, kaletarra, bizilagun zein lagunekin ongi pasatzekoa. Hori dela eta, blusek eta neskek koadrilan bizi dute jaia, jaten, edaten, zezenetara joan eta bueltatzen... Hau da, funtsean, Zeledonen mitoak ematen dien bizimodua bere egiten dute, eta nekazal giro arabarrean oso tradizionala zen festa eta ganberro ukitua islatzen dute.

Nolabaiteko antzekotasuna daukate jai hauek San Ferminekin, ezen festaren potentzialtasuna ez dago ekitaldi instituzionaletan, ez dago su artifizialetan, ezta Oreja de Van Gogh taldearen kontzertuan ere. Gasteizko jaien indarra kaleaz lagunekin disfrutatzean, baina batez ere, festen arima diren blusa eta nesken koadriletan dago.

Deskribatzen duzunak edozein herritako jaien antz gehiago dauka Gasteiz moduko hiri handi batenak baino.

Horregatik esaten nizun nekazal munduarekin parekotasun hori gordetzen duela. Andra Mari Zuriaren jaiaz hitz egiten dugu, baina Arabako patroia den San Prudentzioz ere mintza gaitezke. Kasu horretan, jaiaren muina Diputazioaren inguruan erretreta entzutean eta San Prudentzioren basilikaraino erromerian joatean datza. Izaera landatar nabarikoa, izan ere, San Prudentzio Gasteiz kanpoaldean, landa-eremuan baitago kokatuta. Beste jai adierazgarri bat Olarizu da, iraila hasieran, eta honen ezaugarria Olarizuko zelaietara egite den erromerian aurkitzen dugu, berriro naturarekin, zelaiarekin, izaera landatar horrekin topo eginez.

Nahiz eta Gasteiz hiri handi bat izan, ni jaio nintzen herriaren izaera landatarra gordetzen du oraindik.

Zure lanean adierazten duzun bezala, jaien beste ezaugarrietako bat ekitaldien erlijiotasunean aurkitzen dugu, ezta?

Ikertzen eman ditudan bi urteetan horri erreparatu diot maiz, hain zuzen Gasteizen, euskal gizarte osoan bai eta Espainia eta Europan bezala, sekularizazioa oso modu azkarrean eman da, batez ere trantsizioaren azken urteen ondoren. Jendartea oso sekularizatuta dago, non erlijiosoak dagoeneko ez duen soziala kontrolatzen eta gure bizitzak zuzentzen dituen etika laiko bat dagoen. Nahiz eta blusen koadriletako kide kopuru garrantzitsua federik gabeko pertsonak direla ikusten dugun, Gasteizko jaiek erritual erlijiosoei lotutako indar handia edukitzen jarraitzen dute. Eta gainera, hiritarrak eta koadrilako kideak erlijiosoa denarekiko gaitzuste handikoak izanik ere, erritualetan aktiboki hartzen dute parte. Esan liteke mota horretako ekintzak elementu kultural zein tradizional moduan bizi direla, baina beste belaunaldi batzuetatik oinordetzan hartutako kulturari lotutako zerbait bezala. Hau da, erlijiosoa bigarren maila batetan geratzen da.

“Egon izan dira historian zehar blusen koadrilak irten ez diren urteren batzuk, hain zuzen gerra ostean eta diktaduraren debekuekin zerikusia izan zuten uneak.”

Adibideren bat ipini dezakezu?

Farolen Prozesioa hiritarrek gehien ospatzen duten errituala da, jatorria, Felicia Olavek hiriari Zaragozan eginiko farola garestiak oparitzean dago eta kutsu erlijioso nabaria dauka. Edota goizeko 7etan patroia Erdi Aroko hirigunetik lagunduz burutzen den eta hori ikustera publiko andana bertaratzen den Egunsentiko Arrosarioa dago. Berriz diot, performance bat bailitzan gerturatzen da jendea, erritual bat errepikatuz edo indartuz, nahiz eta fede erlijiosoa ez partekatu.

Nahiz eta fedearekin bat ez etorri, ekitaldi erlijiosoetara oraindik hiritar, blusa eta neska ugari joaten direla aipatu dugu. Gasteizko jaietako beste ezaugarri bat al da jendearen parte hartze elementu hori?

Zalantzarik gabe, ezaugarri herrikoi hori, herritarren parte hartze hori, kalearen izaeraren eta administraziotik antolatzen ez diren ekimenen marka nagusia da. Festaren oinarrizko izaera, txarangarekin eta dantzan dabiltzan blusa eta nesken koadrilekin batera kalearen espazioa partekatuz gozatzea da, adiskideak eginez, errituetan esku hartuz.

Irudikatzen al dituzu jaiak blusen koadrilarik gabe?

Egon izan dira historian zehar blusen koadrilak irten ez diren urteren batzuk, hain zuzen gerra ostean eta diktaduraren debekuekin zerikusia izan zuten uneak. Liburuan garai haietako egunkarietako artikuluren bat edo beste txertatu dut, non jaiak tristeak, kolorerik gabekoak zirela islatu eta blusak itzultzea aldarrikatzen zen (garai hartan koadrilak gizonez osaturik zeuden, neskarik gabe). Asko ospatu zen itzulera, baita diktadura garaian ere, non Luis Ibarra alkateak koadrilen berpiztea bultzatu zuen.

Landa-lana egiterakoan, tradizio handiko errituala den zezenetara joan-etorria behatzen duen jendearekin hitz egin ahal izan dugu, eta haiei galdetzean, gehienek ez dituztela Gasteizko festak blusa eta neskarik gabe ulertzen erantzun dute. Liburuaren azken zatian, koadrila horien portaerari egiten zaizkien kritikak ere sartu ditugu noski, baina orokorrean, jaiak ezin dituztela lagun talde horiek ekartzen duten alaitasunik gabe irudikatu aipatu digute, baita kritikoenek ere.

“Jaietan ganberroa dena hiritar eredugarria da urteko gainerako egunetan.”

Bi urte eman dituzu lan hau burutzen, baina zerk bultzatuta hasi zinen ikertzen?

Sei urtez mugimendu migratzaileei buruzko beste lan bat egin ostean eta Dominikar Errepublikan, Senegalen, Mauritanian, Gambian eta beste hainbat tokitan jai erritualetan parte hartu ondoren hartu nuen erabakia. Urte guzti horiek igarota ere, Gasteizera itzuli eta neukan adinagatik ere, parte hartzen jarraitzeko gogoz aurkitzen nintzen eta antropologia egitea birplanteatu nion nire buruari, antropologia urbanoa. Eta zergatik ez oinarritu erritualak, Gasteizko jai erritualak gordetzen dituen sinbologiak ikertzean? Aurrera eramateko erraza izan zen ideia hori, blusen koadrila batean barneratuta landa-lana egitea benetako plazera baita.

Eta jaietako ohiko parte hartzailea izanik, badago lana modu objektiboan hartzerik edo sartuegi zaude giroan?

Nahasiegi zaude eta aitortzen dut ez naizela bat ere objektiboa horri dagokionez, asko gozatzen eta gozatu izan baitut nire bizitzan zehar blusen koadrilaz. Bilatzen dudan objektibotasun hori nabarmentzeko asmoz aholkatzen utzi naiz, baina momenturen batean nigatik baldintzatuta egon ahal da lana. Gasteizen oso ezagunak diren hiru pertsonaiek lagundu naute; Luis Izaga, Pedro Montoya eta Eduardo Valle. Azken honek etnografia arabarraren gaineko lan garrantzitsuak egin ditu, horietariko bat blusa eta nesken koadriletan oinarrituta dago, gainera. Uste dut objektibotasun hori erdietsi dudala, eta ikusi duen jendeak lan interesgarritzat hartzen du, izaera antropologiko nabarmenarekin, baina aldi berean, pasadizo ugariz hornituta, entretenigarria eta dinamikoa egiten duten publikoko informatzaileen ekarpenekin betea. Ez dago soilik akademizismoz osatua, ikerketa zientifikoa narratibarekin nahasten da, anekdotekin, biñeta antropologikoekin eta abar. Eta hori, lagundu nauten hiru pertsonaia horien ekarpenei esker lortu dut.

Ikerketaren ondoren, ezagutzen ez zenuen zerbait aurkitu al duzu? Zerbait balego, noski...

Bai, ikerketak hainbat teoria baliozkotu ditu. Landatarrarekin dagoen lotura, Zeledonen mitoak daukan indarra (Gasteizko ume askok pentsatzen dute Zeledon benetan existitu zela), erritual erlijiosoekiko atxikimendua... Baina oinarrizko aurkikuntza egin dut niretzako. Gainetik begiratuta, blusen koadrilak beste edozein jai erritu bezala, toki desordenatuak dira. Urteko gainerako egunetan bizimodu ordenatua eramaten dugu, festa sasoiak ordenarekin, egunerokotasun horrekin apurtu eta elementu berri bat txertatzen du; edan, dantzatu eta ganberroarena egiten da eta jendarteak hori onartzen du. Baina nik koadrilak zertxobait anarkikoak zirela uste nuen, ez zeukatela ez lege ez egiturarik. Aldiz, ohartu naiz ez direla pentsatzen dugun moduko anarkikoak, botere egitura bat dagoela, idatzi gabeko lege batzuk, beteranoek hasi berriei hainbat balore transmititzen dietela, hastapen, onarpen eta igarobide erritu batzuk daudela, eta abar. Guzti horrek pentsatzen duguna baino egituratuagoa bihurtzen du koadrila. Eta batez ere jai desordena horrek, trauskil jokatze horrek, boterea edota alkatea zirikatzen duten abesti horiek eta bestelakoek, sistema bera, Gasteizko jendartea urteko gainerako denboran zer nolakoa den zehazten dute. Ikerketa bidez egin dudan aurkikuntza hori oso garrantzitsua iruditzen zait; nola jaietako desordenak Gasteizko bizimodu soziala ordenatzen duen. Jaietan ganberroa dena hiritar eredugarria da urteko gainerako egunetan.

Diozunez, jaia beharrezkoa da ohikeria zikloekin apurtzeko, baina gauzak dauden moduan egonda, festarako gogorik geratzen zaigu, edo inoiz baino beharrezkoagoak direla esango zenuke?

Krisian dauden gizarte guztiek behar dituzte barrenak askatzeko moduak, eta festa bide bat da. Egoera geroz eta okerrago egon, orduan eta lasaitzeko momentu gehiago behar ditugu. Futboleko Eurokopak zer adierazten duen azter genezake, esaterako, azken finean ihesbide sozialak dira. Baina gainera, Gasteizko jaiek osagarri gehigarria daukate, hain zuzen, festan parte hartzea oso merkea dela. Edozeinek egin dezake, kalera irten, blusa eta nesken koadrila baten alboan joan eta garagardo zein kalimotxo batetara gonbida zaitzaten utzi, dantzatu eta gozatu besterik ez da egin behar. Koadrila batean parte hartzea ere nahiko merkea da. Jaiegun guztietan irtetea ez da 200 euro baino gehiago kostatzen, eta diru horregatik janaria eta edaria dituzu, eta zezenak atseginez gero, pare bat egunetan joan zaitezke gainera. Gasteizko jendarteak funtsezkoak ditu ihes egiteko moduak, familia askok une txarrak bizi baitituzte, baina kasu horretan, bideak ez dira batere garestiak. Esate baterako, Punta Canara joatea izan liteke ihesbide bat, baina garestia da. Beste modu bat antzerki edo kontzertuetan parte hartzea izan liteke, baina horiek ere garestiak dira. Jai erritua merkea da hemen, eta kalera irtetea adierazten du eta txarangek eta blusa eta nesken koadrilek jariatzen duten giroa sortzen da.

“Beste erritual tipiko bat zerriaren eguna zen, baina gaur jaietako azken egunean koadrila bakarra zikintzen da irinez.”

Duela gutxi Margaret Bullen antropologoak festak eta ohiturak bizirik daudela eta garatzen doazela esaten zigun, eta Irun zein Antzuolako alardeak aipatzen genituen. Andra Mari Zuriaren ohituretakoren bat aldatu edo moldatzeko beharra ikusten al duzu?

Zalantzarik gabe, eta hori gasteiztarrek bi urte hauetan egin diguten ekarpenen bidez islatzen da batez ere liburuan. Batzuk aipa genitzake: blusa eta nesken koadrilak Iruñean bezala, paseilo moduan ezagutzen den zezenetara joan eta itzultzeko errituari lotuta jaiotzen dira, esaterako. Eta horrek era berean, zezenekin bakarrik lotura zuen 1920ko jai zehatz batekin dauka zerikusia, baina gaur egun jai erritual eskaintza gehiago dago. Garai hartako jendarteak animalien hilketa normaltasunez ikusten zuen, baita abereen tratu txarra hiri zein herrietan. Momentu honetan ez da horrela bizi, eta badaude plazaren sarreran manifestatzen diren talde batzuk. Zezenketa errituala aldatu behar dela uste dut, egun Europar Batasunaren testuinguru politikoan zezenketek tokirik izan ote dezaketen zalantza baitut.

Baina badira beste hainbat gauza, txarangek kantatzen dituzten zenbait abesti esaterako, sanferminetako Hit Parade dira normalean; gizonezkoak emakumearen gorputza erabiltzea aldarrikatzen duten kantu matxistak izaten dira. Zenbait informatzailek, horietariko asko neskak, matxismo hori aldatu beharko litzatekeela aldarrikatzen dute. Beste gai bat aukera sexual ezberdinenganako errespetua da, “dantza egiten ez duena maritxua da” moduko abestiek-eta alde homofoboa daukate eta aldatu egin beharko da, hala eskatzen duen jendea baitago. Gaur egun, behinik behin, ematen ez den aldaketa; eztabaidatu egiten da eta koadrilen baitan nola koadrila hauen eta bertaratzen den publikoaren arteko haserrealdiak egoten dira, baina zalantzarik gabe edozein jai erritu birsortu egin behar da, eta baita hau ere.

Beste erritual tipiko bat zerriaren eguna zen, baina gaur jaietako azken egunean koadrila bakarra zikintzen da irinez, izan ere gainerakoek hori aldatu dute; momentu honetan ez da ontzat hartzen modu horretan jokatzea eta koadrilako kideek gaitzesten duten ekintza da... Aldaketa motelak dira, baina egin beharrekoak, bestela jai erritualen, blusen eta nesken koadrilen zein jendartearen zati handi baten arteko giro txarra dagoen eguna iritsi baitaiteke. Jesús Prieto Mendaza (Gasteiz, 1957) Arabako Unibertsitate Eskolan (EHU) Irakasle Ikasketetan diplomatua. Deustuko unibertsitatean Antropologian lizentziatua eta Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea unibertsitate berean. Esparru horretan ezagunak dira El furtivismo en la montaña alavesa. Algo más que pícaros o furtivos. 2005. Vitoria. Edit. Diputación Foral de Álava. eta Los turoperadores de la miseria. 2010. Málaga. Editorial Practicas en educación bere argitalpenak. Gasteizko Samaniego Ikastetxean 25 urtez jardun du hezitzaile lanetan, Biolentzia Ezaren inguruan Gasteizen sorturiko talde aitzindaria den Samaniego Bakearen Aldeko Taldearen fundatzailea izan zen. Gaur egun kulturartekotasun aholkulari moduan dihardu Gasteizko Berritzegunea A02an. Bakearen Aldeko Koordinakundea, Bakez, Fernando Buesa Fundazioa eta bestelako talde bakezale eta sozialetako kolaboratzailea da. Markatzen gaituzten historiak unitate didaktikoaren autorea izan da. Gai hori lantzen du honako liburuetan: Las víctimas del terrorismo en la educación para la paz. 2006. Bilbo. Bakeaz eta Marcados por el estigma. Terrorismo y víctimas en Euskadi. 2011. Donostia. Hiria.

Antropologia eta mugimendu migratzaileei buruzko ikastaroak eman ditu EHUn eta duela bost urtetatik Bilboko Deustuko Unibertsitatean Kulturarteko Hezkuntzako irakasle kolaboratzailea da. Gainera, Salamancako Unibertsitateko CISE Kurtsoan biktimizazio eta biktimei buruzko modulu batetan parte hartzen du; oroimen historikoaren eta biktimen inguruko ikerketa talde bateko partaidea da Valentín de Foronda Institutuan (EHU) eta baita Malagako Unibertsitateko Kulturarteko Hezkuntzako Praktika onen Nazioarteko Kongresukoa ere.Hizlari ezaguna da, ETB1eko nahiz Radio Vitoriako ohiko parte hartzailea, eta El Correo eta etnografia zein antropologiari buruzko bestelako aldizkarietako artikulugilea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Yolanda Osés Pérez. Nafarroako Gobernuko Hedapen Artistiko Saileko burua: Udan zehar egunero ekintza kultural bat egongo da Nafarroan

 

Irakurri

Begoña Gorospe. Feminista: Egungo gizarte androzentrikoak gizonak ere mugatzen ditu

 

Irakurri

Raúl López Romo. Historian Doktorea: Ez da fidatu behar egia absolutua ezagutzen dutela esaten dutenez

 

Irakurri

Martin Altzueta. Marrazkilaria: 1512. Nafarroa, amets urratua komikian gozagarria izan da ikuspuntu artistikotik gazteluak–eta marraztea

 

Irakurri

Jost Gippert. Hizkuntzalaria: Gizakiok hizkuntzen inguruan izaten dugun jakin-mina asetu nahi genuke gure ikerketen bidez

 

Irakurri