Corporate news

07/01/2013

1813tik berri zaharrak txioka

Eusko Ikaskuntzako eta Donostiako Udalak antolatutako programa akademikoari ekainean amaiera emanda, Donostiako suntsiketaren urteurrena gogoratzeko, Euskomedia Fundazioak ekarpen berritzaile bat egingo du: 1813tik berri zaharrak txioka.

Historia Garaikidean adituak diren lau pertsonen hitzaldiak izan dira martxotik ekainera arte Eusko Ikaskuntzak Donostiako Udalarekin batera antolatu dituen ekitaldi nagusienetakoak. Horrez gain, oso arrakastatsuak suertatu diren hiru bisita gidatu antolatu ditu, euskaraz eta gazteleraz, maiatzaren 19an eta ekainaren 9 eta 16an.

Horrez gain, belaunaldi desberdinetako pertsonak mahai baten inguruan jarri zituen bilgune bat ospatu zen maiatzaren 23an. Bertan Zorroaga Fundazioko pertsonak, +55 udal programako partaideak (Helduen boluntariotza programa) eta Donostaiko La Salle ikastetxeko nerabeek parte hartu zuten. Mahai inguru honetan belaunaldi desberdinez osatutako pertsonen bizipen eta iritziak partekatu ziren, eraldaketa sozialez eta memoria partekatuaz mintzatu ziren.

Azkenik, "1813-2013: Bigarren Mendeurreneko hitzak" programa ekainaren 22an itxi zen 1813aren inguruko hausnarketak jasotzen dituen irakurketa publikoaren bidez, bertan hainbat partikularrek, elkartek eta hirian inplikaturiko entitateek parte hartu zutelarik. Eusko Ikaskuntzaren izenean Jose Mari Arrazola Gipuzkoako Lehendakari ordeak hitz egin zuen.

Orain aldiz Euskomedia Fundazioak hartuko du testigua eta proiektuaren helburua gertakari historiko hura, Donostiako setioa eta suntsipena, Twitter zerbitzua erabiliz kontatzea da. Urteurrenaren aitzakia erabiliz 200 mezu edo txio bidez gertakari hura momentuan bertan gertatzen ariko balitz bezala argitaratuko da.

1813ko uztailak 10ean hasiko da (ordurako britainiarrak Pasaian armak eta tropak lehorreratu berriak zituzten, itsasontziek blokeoa hasi zuten eta, batez ere, egun horretan Artilleria Astuneko Brigada Gasteiztik Hernanira bidean zetorren) eta irailak 8an bukatu, hain zuzen ere, Zubietako akten sinatze egunean, non Donostiako herritarrek Udal berri bat eratu eta hiria berreraikitzea ebatzi zuten.

Txioak euskaraz nahiz gazteleraz idatziak izango dira eta kronista baten zein lekukoen bizipen eta sentsazioak partekatuko dituzte. Beraz, garai zaharreko berriak gaur egungo 2.0 erreminten bidez belaunaldi berriei helarazteko modu berritzailea da hau.

Beste alde batetik, Euskonews aldizkari elektronikoak uztailaren 31ean 671. ale monografikoa eskainiko dio Donostiaren erretze, suntsiketa eta berreraikuntzari.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp