Corporate news

06/01/2011

2011ko Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusia

Maiatzaren 27an, Eusko Ikaskuntzak bere urteko Batzar Nagusia egin zuen Donostiako Miramar Jauregian. Bertaratuek aurreko ekitaldiko Jarduera Txostenaren ale inprimatu bana jaso zuten, Gorka Landaburu Idazkariak ekitaldiaren hasieran laburbildu zuena. Iñigo Alberdi Diruzainak xehetasunez beteriko txosten bat aurkeztu zuen 2010eko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaz eta gauden urterako aurrekontuaren ildo nagusiei buruz. Batzarrak onartu egin zuen bai Oroitidazkia nola Emaitzen Balantzea eta Kontua.

Ondoren, Jose Maria Muñoa Lehendakariak aurreko urteko hainbat lan eremutako jarduera batzuk nabarmendu zituen, baita krisiak eragindako aurrekontu doikuntzak aipatu ere. Ildo horretatik, etorkizuneko egonkortasunari begira, "Eusko Ikaskuntza erakundeek aitortua izatea" garrantzitsutzat jo zuen, diru ekarpenen zenbatekoa baino areago. Horren haritik, eskertu egin zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta Euskadi, Nafarroa eta Espainiako Gobernuei emandako babesa eta konfiantza.

Ondoren, Auñamendi Eusko Entziklopedia eta Elkarbizitza/Convivencia programen nondik norakoak azaltzeari ekin zion Muñoak. Era berean, Sail Zientifikoak izan zituen mintzagai, baita horien jarduera eremu berezia ere, unibertsitateak eta ikerketa zentroak dauden herrialde batean. Azkenik, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena hurbil dugularik, elkartearen izaeraz eta egitekoaz bazkideak gogoetatzera animatuz bukatu zuen bere hitzaldia.

Galde-eskarien txandan, hainbat bazkidek parte hartu zuten: proiektu nagusiei buruzko informazio gehiago eskatu zen eta Elkartearen barne funtzionamenduko arazoak ukitu ziren. Unai Apaolaza kudeatzaileak egitura dinamikoago eta malguagoetarako bidean aurreratzeko helburua azaldu zuen, halakoek disfuntzio zehatzak konpontzeko modua ekarriko baitute.

Bi ordu eta gehiagoko eztabaidaren ondoren Batzarra amaitu zen eta bertaratuek ohorezko ardo bat hartu zuten elkarrekin.

[+] Informazio gehiago

Share:
Facebook Twitter Whatsapp