Corporate news

11/01/2012

Euskara Google-en ikusgai

Aurten Eusko Ikaskuntzak euskarari bere ikusgarritasuna eman nahi dio, eta abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimen berritzaile bat jarriko du abian. Sarean, nazioarte mailan adierazle nagusi den Google bilatzailean, euskarak bere ikur propioa izan dezan eskatuko dio Eusko Ikaskuntzak Google-i. Horretarako euskaltzale guztien babesa eskatzen du Eusko Ikaskuntzak abian jarriko den aurtengo kanpaina berri honetan.

Eusko Ikaskuntzak, Googleek abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean alegia, euskal doodle-a edo ikurra jar dezan eskatu dio eta horretarako, urriaren 29tik abenduaren 1era arte atxikimenduak jasoko ditu prestaturiko webgune berezi baten bitartez: www.eusko-ikaskuntza.org/ene. Ondoren Eusko Ikaskuntzak Googlera bidaliko ditu atxikimendu guzti hauek Euskararen Naziarteko Egunean bilatzailearen web gunean jartzeko.

Era berean, parte hartzaile guztien artean, egutegi eta agenda batzuk zozketatuko dira; gure bazkide guztiak atxikimenduak uztera animatu nahi ditugu Eusko Ikaskuntzatik

Horretaz gain, ENE Saria ere banatuko du euskararen sustatze lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundeari emanez. Aurtengoa beraz, bere zazpigarren edizioa izango da eta eskuratzen duen erakundeak aitorpen publikoa izateaz gain, Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat jasoko du ere.

Edonola ere, Euskararen Nazioarteko Egunak euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzea izango du xede, eta 1949an sortu zenean bezala, elkarteak XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, gogo biziz eusten dio euskal hizkuntzari bere lan arlo guztietan.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp