Corporate news

01/01/2013

Getxoko Udala. Algortako Portu Zaharra

Getxoko Udalak, 2010ean, Algortako Portu Zaharreko itsas ondare sozial eta kulturalaren azterketa zientifikoan eta aktibazioan (bertako garapena bultza lezakeen elementu modura) oinarritutako proiektu eskaera luzatu zion Eusko Ikaskuntzari.

Proiektu honen emaitza 2011ean Aritz Arrizabalaga bazkidearen ardurapean burutu zen "Plan de dinamización del Patrimonio cultural marítimo-pesquero del Puerto Viejo de Algorta (Getxo)" izan zen. Bertan, egungo egoeraren azterketa eta diagnosia jaso, eta helburu eta garapenerako ardatz zehatzez osaturiko proposamen bat eta ekintza posibleak planteatzen ziren.

Behin Udalak proiektua esku artean izanda, eta oso begi onez ikusten zuelarik bertan hitz egindakoa, 2012ra begira, Getxoko udalak Eusko Ikaskuntzari planaren jarraipena egitea eskatu zion, proiektuan planteatutako eta udalean onartutako ekintza batzuk martxan jarriz (Toponimia lana, testigantza bilketa, eta testigantza bilketan oinarritutako dokumentala). Era berean auzokideen artean proiektua gizarteratuko da eta inplikazioa lortzea helburua izango da.

Horrela, Eusko Ikaskuntza 2012. urtean, aurreko urtean diseinatutako planari jarraipena egiteaz arduratu da, beti ere Aritz Arrizabalaga bazkidearen bitartez. Bi ekintza burutu dira Eusko Ikaskuntzaren ardurapean: alde batetik, Mikel Gorrotxategi bazkidearen eskutik, Portu Zaharreko Toponimia lana. Proiektu horren helburua Portu Zaharreko eta Algorta auzoko aldaketa urbanistikoak aztertzea izan da. Bestalde, Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia fundazioaren eskutik, eta Marcos Bretos eta Aritz Arrizabalaga bazkideen laguntzarekin, testigantza bilketaren bitartez Algortako Portu Zaharreko historien ikuspegi bat jasotzen saiatu dira. Adinekoen ikuspegia kontutan hartuz, testigantzak grabatu eta bertan jasotakoarekin dokumental bat osatu da. Dokumentalaren helburua Algortako iraganeko Portu Zaharra eta egungoaren "argazkia" ateratzea izan da, auzokideen oroitzapenak, bizipenak eta sentipenak iturri izanik.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp