Enirio-Aralar Mankomunitateko artzainen eta abeltzainen batez besteko adina 52 urtekoa da; eta 54 urtekoa, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean.
Enirio-Aralar Mankomunitateari dagokionean Amezketa eta Zaldibia udalerrietan daude gehienak; Partzuergoko kasuan, aldiz, Zegama eta Zerain udalerrietan
Artzaintza eta abeltzaintza jarduera oso gogorrak dira. Horretan dihardutenek bokazioa behar dela uste dute bizimodu horretan aurrera egiteko.
Ofizioa belaunaldiz belaunaldi transmititzea gailentzen da. Ohikoa da familiakoek egin beharreko lanetan laguntzea.
% 53k ondorengoek ofizioarekin jarraitzea nahi dute. Baina, % 30ek nahi bera izan arren, gaur egun sektoreak duen egoera ikusita, nahiago dute beste lanbide batzuetara jotzen badute.
Itxaropentsua da, ordea, lanbidera inguratzen diren pertsonak ugaritzen ari direla ikustea eta, beraz, azken urteetako beheranzko joera apurtzen dela.
Lanbidearekin gustura daude. Asko laguntzen die artzainei eta abeltzainei gizartearengandik bere lanarekiko nabaritzen duten estimua.
Alabaina, nahiko zabalduta dagoen iritzi batez ere kexatzen dira: diru-laguntzetatik bizi direla, alegia. Baina gizarteak ez duela beren ekarpena ikusten edo beren ekoizpenak prezioagatik soilik epaitzen direla ere salatzen dute.
Sektore nahiko profesionalizatua da; askok jarduera horretatik soilik bizi direla adierazten dute. Irabazi gehiena haragi ekoizpenetik lortzen dute; atzetik datoz esnearen eta gaztaren salmenta.
Sektoreko arazo nagusiak ekonomikoak dira eta, Aralar Mankomunitatearen kasuan, baita bideak hobetzeko beharra ere.
Bitartekariaren irudia lehiakortasunarentzako oztopo gisa ikusten da. Sektoreak berak merkaturatu beharko lituzke produktuak.
Profesional gehienek uste dute larreen jasangarritasunari arreta eskaintzea lan garrantzitsua dela ikuspegi kulturaletik, baita ingurumenaren ikuspegitik ere.
