Corporate news

12/01/2013

Zabalik da Basarriri buruzko erakusketa Zarautzen urtarrilaren 26rarte

Azaroaren 27an ehun urte bete ziren Iñaki Eizmendi "Basarri" bertsolari, kazetari eta idazlea jaio zela. Hori dela-eta, Eusko Ikaskuntzak eta Zarauzko Udalak Basarriri buruzko erakusketa antolatu dute Sanz Enea Kultur Etxean.

Jaiotegunean ireki zen, hain zuzen, Eusko Ikaskuntzak antolatu duen Basarriri buruzko erakusketa. Eusko Ikaskuntzak eta Zarauzko Udalak elkarlanean prestatu duten erakusketak lau atal nabarmen ditu, bakoitzak areto bat hartzen duelarik. Lehenengoan, argazkien bidez, Basarriren bizitza laburtzen da; bigarrenean aldiz, Basarrik bertsolaritzari egindako ekarpena ikus daiteke. Hirugarrenean Basarri kazetariaren lana nabarmentzen da eta laugarrenean, Euskaltzaindiak, Zarauzko Udalak eta beste hainbat erakundek egindako aitortzak, omenaldiak eta gainerakoak biltzen dira, liburuak eta gainerakoak biltzen dituen eta multimedia gela gisara prestatu den aretoan.

Materiala biltzeko, Eusko Ikaskuntzaren eta kudeatzen dituen Lekuona eta Auñamendi funtsez gain, Bertsozale Elkartearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren artxiboetara jo da. Joxe Mari Iriondo kazetariaren laguntza ere aipagarria izan da.

Erakusketa 2014ko urtarrilaren 26arte ikusi ahal izango da Zarauzko Sanz Enea Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00retatik 20:00etara.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp