Elkarrizketa: Alicia Castellanos Alicia Castellanos, antropologoa "Erbesteratu errepublikarrei esker onetsi zuten atzerrian mundu latinoamerikarra" * Ainize Butron Alicia Castellanos, jatorri mexikarreko antropologoak, "Erbestea eta alteritatea Mexikon: espainiarrak eta euskaldunak" izenburuko hitzaldi bat eman zuen Baionan aurreko hilean. Bere ikerketa Mexikoko erbestealdi errepublikarrari egindako lehen hurbilketa bat besterik ez dela dio, eta batik bat erbesteratu errepublikarren eta indigena mexikarren arteko harreman kulturala hartu duela oinarritzat. Jatorri espainiar edo euskalduna izan gabe hartu duzu erbestealdi errepublikarra ikertzeko erabakia. Nolatan? Ikerketa hau, oraingoz, Mexikoko erbestealdi errepublikarrari egindako lehen hurbilketa bat besterik ez da, eta horren barruan arreta berezia eskaini diot euskaldunen erbestealdiari. Nire ikerketa lanarekin lotura handiena daukana, batik bat, kulturen arteko harremana da. Hor kokatu behar da erbestealdi errepublikarrarekiko piztu zaidan interesa. Ikerketa lanean esaten dudan bezala, Mexikoko erbestealdiaren gaiak beste gizarte batekin sortzen diren harremanak lantzeko bidea ematen du, orokorrean hartuta alteritatea deitzen dugun hori alegia, hau da, kulturaren aldetik erabat desberdinak den jendearekin harremanetan jartzea. Antropologoa naizenez, nire lanean batik bat bi alderdi aztertu ditut: kulturen arteko harremanak, eta Mexikoko indigenekiko arrazismoa. Nire helburua diagnostiko orokor bat egitea da. Hala ere, ikerketatik kanpo ere interesatzen zait erbestealdiaren gaia, erbeste errepublikarrean bizitu den jendea ezagutu dudalako. Errepublika garaiko errefuxiatuek sortutako institutu batean ikasi nuenez, beren egoera gertutik ikusi eta ulertzeko aukera izan dut. Nire irakasleak erbesteratuak ziren, eta beren seme alabak nire ikaskideak ziren. Unibertsitari batzuek harreman handia izan dute erbestearekin, baina oso ezaugarri desberdinekin. Nik indigena ez diren mexikarrek (unibertsitarioek, parlamentarieketa gizarteko beste sektore batzuek) indigenei buruz daukaten ikuspegia jaso dut, mexikar horien jatorria derrigorrez bereiztu beharrik gabe. Zenbaterainoko garrantzia izan zuen Errepublika garaiko immigrazio intelektual honek Mexikon? Egia esan urte haietan intelektual, idazle eta zientzialari espainiar, euskaldun, kataluniar eta galiziar asko eta asko joan ziren Mexikora eta, orokorrean, Hegoameriketara, baina agian ez erbestealdi errepublikarrean bezainbeste. Ikerlari mexikarrek argitaratutako datuen arabera, Errepublika garaiko immigrazioan erbesteratuen %28 intelektualak ziren. Horiez gain, beste jende asko etorri zen, baina sektore horri garrantzi berezia eman izan zaio, horrek jende ikasi asko etorri zela adierazten duelako: artistak, filosofoak, idazleak, zientzialari sozialak eta abar. Haietako gazte batzuk zuzenean Mexikon trebatu ziren, eta gero Mexikoko arlo sozial desberdinak bultzatu zituzten. Hala ere, Errepublika garaiko erbesteratuak iritsi baino lehen, Mexikon bazen immigrante euskaldun eta espainiarrik. Zein desberdintasun zeukaten Errepublikako erbesteratuen aldean? Egia da ordurako bazela erbesteraturik, baina ez Errepublika garaikoak bezainbeste. Euskal Etxeak, adibidez, XX. mendearen hasieran sortu ziren. Ordura arte, aurreko garaietako immigrazio historikoak sortutako elkarte euskaldunak zeuden. Zure ikerketan diozunaren arabera, euskaldunek, kataluniarrek eta galiziarrek beste modu desberdin batean tratatu zituzten herrialde indigenak. Zertan oinarritu zara ondorio horretara iristeko? Hori, lantzen ari naizen teoria bat da. Ikerketa sakonago bat egin beharko litzateke hori frogatu ahal izateko. Nik adierazi nahi dudana da idazle hauetako batzuk, beharbada, beste errefuxiatu taldeak baino sentiberagoak izan zirela herrialde indigenek bizi zuten egoeraren aurrean. Hipotesi bat besterik ez da, baina frogatu egin nahiko nuke. Ideia hau defendatzeko, batez ere bi autoretan oinarritu naiz: Agustí Barta, jatorri kataluniarrekoa, eta Otaola, EuskalHerritik etorria. Ez dira Mexikori buruz idatzi duten autore bakarrak, baina bi hauek agertzen zuten interesa berezia da. Agustí Bartak, adibidez, askotan aipatzen ditu kultura aurrehispanikoak bere idazkietan. Protagonista mexikarrak erabiltzen ditu, eta liburu batzuetan 1910eko iraultza mexikarra bezalako gertakizun historikoak aipatzen ditu. Oraindik ezin izan ditut Otaolaren idazki guztiak aztertu, baina uste dut autore hau oso modu interesgarrian hurbildu zitzaiola errealitate mexikarrari. Mexiko erdialdeko herri batean bizi da, eta gertutasun berezi batekin idazten du herri horri buruz. Euskaldunak une horretan zein egoeran zeuden ikusita, beren kultura eta hizkuntza nola garatzen ari zen ikusita, nik uste dut Estatu nazioarekin zuten harreman gatazkatsuaren ondorioz idazleak sentiberagoak zirela beste egoera gatazkatsuen aurrean, kasu honetan Mexikoko egoeraren aurrean. Garai hartako beste intelektualekin alderatuz gero, tratua antzekoa izan zela esango al zenuke? Idazleei dagokienez eleberrigileak, poetak, arte kritikariak edo artistak izan , guztiz onartuta eta ikertuta dagoena da beren obra erbestean izan zuten esperientziarekin eta gerrarekin lotuta dagoela. Hori da idazle errefuxiatu espainiar eta euskaldun asko eta askoren ezaugarri nagusia. Askoz ere maila baxuagoan hartu zituzten gaitzat Mexiko edota Amerika. Ondorio batzuk atera daitezke gai nazionala albo batera utzi izanetik. Hainbesteko garrantzia al zeukan aberriak euskaldun erbesteratu hauentzat? Logikoa da, kontuan hartuz behartuta immigratu behar izan zutela. Ez ziren beren gogoz joan. Traumatikoa egin zitzaien aberria abandonatu behar izatea. Hala ere, erbesteratuek beren aberriko kultura Mexikon garatzeko aukera izan zuten, zeren Mexikon agintariek oso aintzatespen zabala egin zieten, eta gainera ordurako bazeuden zentro eta klubak ere, Euskal Etxeak adibidez. Garai hartan, erbesteratuek unibertsitatera sartu aurreko formazioa emateko eskolak zabaldu zituzten, eta horrelako organismoei eskererrefuxiatuak beren nortasuna garatzen joan ziren. Horrek ziur aski eragina izan zuen Mexikoko gizarteari hurbiltzerakoan. Hori da ikerketa batzuk egin ondoren atera dudan ondorioa. Nolakoa izan zen eragin hori? Maila intelektual eta unibertsitarioan oso harreman estua sortu zen erbesteko gizartearekin, errefuxiatu asko sartu zirelako unibertsitatean. Errefuxiatuek, fakultateez gain, lan eta ikerketa ildoak sortu zituzten goi hezkuntzaren eta ikerketaren adarretan. Erbesteratu hauek erreprodukzio kulturaleko espazioak bilatzen aritu izanak hasiera batean behintzat gizartearekin harreman estuago bat izatea eragozten ziela pentsaraz dezake, baina denborarekin integratu egin ziren. Bigarren eta hirugarren belaunaldiek ez dute nortasun espainiar edo euskalduna galdu, baina erabat integratuta daude. Oso barnean daramate kultura mexikarra. Hala ere, nortasun bikoitza izaten jarraitzen dute; garbi ikusten da belaunaldi berrien obretan. Erreprodukzio kulturalak izan al du inolako jarraitasunik? Ikertzaile mexikar batzuk hori aztertzen aritu dira, eta beren esanetan orain gaia eta trataera desberdinak dira. Pertsona hauek jatorriz euskaldunak direla esan arren, askotan euskararik ere ez dakite. Baina, nire ustez, hirugarren belaunaldiak aztertu egin beharko litzatekeen nortasun bat dauka. Nik uste dut erreprodukzio kulturalaren aldetik badagoela jarraitasunik. Interesa behintzat badago. Baina ikusi egin beharko litzateke zein punturaino mantentzen den euskal nortasuna, eta, gainera, euskal nortasun horrek ez du zertan nortasun mexikarra baztertu behar. Ikusi egin beharko litzateke nortasunak zenbateko garrantzia duen belaunaldi berrientzat. Nik uste dut euskaldunen kasuan beste taldeetan baino askoz ere indartsuagoa dela. Hori nire ikerketaren bigarren zatia izango da. Bi belaunaldietako jendea elkarrizketatu nahiko nuke. Errefuxiatu errepublikarrek unibertsitatera sartu aurreko formazioa emateko eskolak sortu zituztela aipatu duzu. Zein izan da beren ekarpena? Unibertsitaterasartu aurreko formazioa emateko eskolak sortu zituzten. Nik horietako eskola batean ikasi nuen. Errefuxiatu intelektualek oso ekarpen garrantzitsua egin zuten filosofian, artean, gizarte zientzietan eta zientzia zehatzetan. Garai hartan Mexikoko unibertsitateetako programetan existitu ere egiten ez ziren espezialitate berriak sortu zituzten. Jende hori, denborarekin, integratu egiten da. Erbesteratu horietako askok Mexikon gelditu behar izaten dute, eta horrela integratu egiten dira. Belaunaldi horrek oso eragin handia izan zuen bizitza akademikoan. Erbesteratu errepublikarrei esker onetsi zuten atzerrian mundu latinoamerikarra. Argazkiak: Antonio Di Bellonio Euskonews & Media 127.zbk (2001 / 6 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.