Nor da Aritz Aranburu?
28 urteko surflari zarauztarra naiz. WCT-an (World Championship Tour) edo top 32an parte hartzen dut. Konpetizioaz gain munduan zehar ibiltzen naiz olatu eta esperientzi ezberdinen bila. Aurkitzen ditudan lekuak, jendeak eta kultura nire blogan erakusten saiatzen naiz (www.aritzaranburu.com).
Zer da Aritz Aranbururentzat WCT-aren barruan egotea eta txikitan eredu zituen surflari haiekin lehian ibiltzea?
Txikia nintzenean Pukas Pro txapelketa ospatzen zen Zarautzen. Bertan parte hartzera etortzen ziren surflariak heroiak ziren niretzat. Egun batean beraien urratsak jarraitzea zen nire ametsa. Beraz, surfa bizimodu izatea errealitate bilakatutako ametsa da.
Azken urteotan bizimodua zenbateraino aldatu zaizu?
Betiko bizimodua eramaten dut gutxi gora behera. 14 urte nituela hasi nintzen bidaiatzen. Beraz, txikia nintzenetik eramaten, eta gustuko dudan bizimodua izaten jarraitzen dut. Beti olatuen arabera mugitzen gara beraz hori izan daiteke aldaketa bakarra. Bestela, urte batetik bestera txapelketak eta egutegia berdintxuak izan ohi dira. Azken urteetan txapelketak kanpo, bidai gehiago egiteko aukera izan dut.
“Konpetizioaz gain munduan zehar ibiltzen naiz olatu eta esperientzi ezberdinen bila”.
Argazkia: Mario Entero
Zeintzuk dira hurrengo zure proiektuak?
Aurten lan eta lan gabiltza bidai guztiak grabatzen. Telebistan bota nahi dugun programa prestatzen ari gara. Horrez gain, WCT zirkuituaz gozatu nahi dut. Esperientzia hau guztiz bizi nahi dut.
Zein gomendio emango zenieke surfean hari diren haur eta gazteei surflari onak izatera irits daitezen?
Oraingo gazteek guk baino tresna gehiago dute baina egia esan, oraindik beste lurralde eta kiroletan aurkitu ditzakegun egiturak falta dira surfean. Beraz, lan talde egokia aukeratzea oso garrantzitsua da. Horrez gain beste lurraldeetan egiten ari den lana ikusi eta ikasi behar dela uste dut, baina garrantzitsuena beti, eguneroko lana da nire ustetan.
Surfaren munduan profesional izatera iritsi ahal izateko... zeintzuk dira eman beharreko urratsak?
Lehen komentatzen genuenarekin lotuta dago. Alde batetik, lan asko egin behar da, eta hortik aurrera, ahal den guztia bidaiatu. Ez olatu onak hartzeko bakarrik, batez ere etxetik kanpo dagoen maila ikusteko baizik. Australian, Kalifornian edo Hawaiien aurkitu daiteken surf maila sekulakoa da.
Kind Surf, kirol-sozial eta ingurumen alorrean minusbaliatasun fisiko naiz psikikoak dituzten neska-mutil eta gizarte-bazterkeri harriskuan dauden haurrekin lanean jarduten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da.
Argazkia: Ángel Ruiz
Zer da Kind Surf zuretzat? Nolako eragina izan du Aritz Aranbururengan erakunde honek?
Kind Surf, Gobernuz Kanpoko Erakundea, kirol-sozial eta ingurumen alorrean minusbaliatasun fisiko naiz psikikoak dituzten neska-mutil eta gizarte-bazterkeri harriskuan dauden haurrekin lanean jarduten da. Gutxi gora behera, duela bi urte ezagutu nuen Kind Surf. Beraien proiektua hasieratik asko gustatu zitzaidan, baina egia esan, lehenengo ekitaldian parte hartzeko aukera izan nuenean ulertu nuen benetan proiektu hau. Zaila da hitzez, sentitzen dena deskribatzea. Umeen, eta gurasoen, aurpegiak ikusi behar dira. Askotan, guk lagundu baino gehiago beraiek gu laguntzen gaituztela pentsatzen dut. Kind Surf-i esker, errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut.
Hitz gutxitan:
Lurralde bat... Asko: Mexiko, Tahiti, Hawaii.
Janari bat... Sushia.
Leku bat... Oso zaila da aukeratzea baina New York asko gustatzen zait.
Olaturik onena? Namibia eta Mundaka.
Surflari onena? Kelly Slater.