Artista "Artea bazterreko zerbait balitz bezala ikusten da oraindik ere" Estibalitz Ezkerra
Traducción al español Txirrinak bosgarren aldiz jo duenean hartu digu Dario Urzayek telefonoa. Ahots atsegin eta lasaiarekin, deiari lehenago ez erantzuteagatik barkamena eskatu digu lehenik eta behin; antza, telefonoa ordenagailua daukan lekutik urruti samar gelditzen zaio, eta ezin izan du lehenago hartu. Bere etxean hitzartu gara, elkarrizketa egiteko. Eta alboan katu gris ikusgarri bat daukala zabaldu dizkigu bere bizilekuko ateak. Nola ikusten du Dario Urzayek bere burua? Ez da erraza horri erantzutea. Gainera, nahiago nuke erantzun gabe utzi, ez baitzait definizioak ematea gustatzen, beti muga batzuk ezartzen dituztelako. Eta ez hori bakarrik: sailkapen baten barruan egotea baino, gehiago gustatzen zait muga-mugan ibiltzea. Mugek lerro bereizle edo ebakidura bat markatzen dute, eta niri hain juxtu alderantzizkoa egitea gustatzen zait, mugak zabaltzea, lerro bereizleetan kokatzea. Lerroaren zein aldetan nagoen aztertzeak ez nau hainbeste arduratzen. Arte Ederren Fakultatean, besteak beste Txomin Badiola eta Juan Luis Moraza izan zenituen ikaskide. Belaunaldi emankor bateko seme zaitugu. Bai. Badiola, Moraza, Lazkano eta Inés Medina, esaterako, ikasturte berdinean ibili ginen. Hala eta guztiz ere, Txomin Badiolak eta biok, berez, urte bete lehenago hasi behar genuen Fakultatean. Jende gutxik jakingo du hau, baina kontua da ez berak eta ez nik, ez genuela bertan sartu ahal izateko egin beharreko azterketa gainditu, eta, horregatik, urte bete beranduagora arte, ezin izan genuen Arte Ederren Fakultatean sartu. Kasualitate hutsa izan zen guztia. Kasualitatea izan edo ez, ordurako zenbait pertsona hasiak ziren zuen belaunaldiak Euskal Eskolaren lekukoa hartuko zuela esaten. Bitxikeria bat kontatuko dizut. 80ko hamarkadaren inguruan, Jorge Oteiza Arte Ederren Fakultatera joan zen, zuzendariarekin biltzera, eta ikasle batzuei ikustaldi horren lekuko izan zitezela eskatu zien. Kasualitatez, Txomin Badiola eta biok patioan geunden memento horretan, eta hain zuzen ere gu aukeratu gintuzten lekuko izateko. Beste kontuetara etorriz, Euskal Eskolaren oinordeko naturalak garen edo ez, historialariek ikusi beharko dute. Nik ez dut uste inoren oinordeko naizenik. Beharbada, kanpora ateratzen hasi ginen lehenengoetarikoak izateagatik esaten digute hori, gure belaunaldia izan zelako atzerrira joaten hasi zen lehena. Dena den, ez dugu ahaztu behar gure belaunaldikoen artean badirela oso gauza onak egiten dituzten arren, kanpoan oihartzunik ez daukatenak ere. Nolanahi ere, Euskal Eskolaren ikusmoldeak -horrela dei badiezaiokegu, behintzat- hortxe jarraitzen du. Euskal Eskola zerk osatzen duen zehazteko orduan, hemen batez ere ikuspegi formalari heldu zaio. Nik uste dut jende gehienak eskulturarekin lotzen zuela. Baina, gaur egun, diziplinen arteko bereizketa ez da garai batean bezain garbia, zeren eta lehen, Euskal Eskolaz mintzatzea, euskal eskulturari buruz hitz egitearen parekoa zen. Chillida eta Oteizaren eragina jaso zuen eskultura mota batekin lotzen zen. Baina, pixkanaka, materialak beste modu batera erabiltzen zituen jendea hasi zen agertzen, atzerrian ere ospetsu bihurtzen hasi zena. Baina hortik Euskal Eskola berriaz hitz egitera... Hemen, Euskal Herrian, artistak egon badaude, baina ezin ditugu eskola jakin batean bildu. Eskola bakoitzak estilo bat izaten du, eta estiloaren kontua modernitatearekin sortu zen, nahiz eta, XXI. mendean, estiloarekin baino gehiago, eskolak kodeekin dauden lotuta. Estiloek mugatu egiten dute, eta kodeek, aldiz, gainditu egiten dituzte mugak horiek. Horrela etorri da hibridazioa. Nik esango nuke gaur egun gauzen esentzia hibridotasuna bera dela. Oso zaila da gauzen purutasuna aurkitzea. Gauzak nahastu egiten dira. Zeure kasuan, derrigorrezkoa iruditzen al zitzaizun kanpora ateratzea? Beharrak baino gehiago, inguruabarrek bultzatu ninduten atzerrira joatera. Madrilen antolatu nuen erakusketa batean, emakume bat hurbildu zitzaidan, Londresen fundazio bat sortzeko asmoa zeukala esanez, eta hara joateko gonbidatu ninduen. Bi aldiz pentsatu gabe, Fakultatea utzi eta hara joan nintzen. Hori izan zen atzerrira joan nintzen lehen aldia. Bost urte neramatzan eskolak ematen, eta aro berri bat zabaltzeko gogoa neukan. Lehendabizi Londresa, eta gero New Yorkera. Aldi hartan arnasa hartzeko premia neukan, eta atzerrira joateak on egin zidan. Londresera joan nintzenean oso argi neukan urtebeterako nindoala, ez nuen bertan jarraitzeko aukera planteatu ere egin, Londres bera ez zitzaidalako batere gustatzen. Handik, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker, New Yorkera joan nintzen, urtebeterako, baina denbora gehiago egotea erabaki nuen, eta, azkenerako, zortzi urte eman nituen han. New Yorken igarotako denbora erabakigarria izan da nire bizitzan. New Yorkeko egonaldiari dagokionez, bi garai edo epe bereiz ditzakegu. Lehendabizikoa amaitutakoan, sorterrira itzuli zinen; Guggenheim Museoa eraikitzeko lanak hasi berriak zirenean, hain zuzen ere. Bai, bitxia izan zen. New Yorken, Soho auzoan zegoen Guggenheim Museoaren aldamenean bizi nintzen. Etxetik hiru minutura neukan. Horregatik, sekulako sorpresa hartu nuen aitak Bilbon beste Guggenheim Museo bat zabalduko zutela esan zidanean. Sohokoa ikusita, ez zitzaidan batere aproposa iruditzen Bilbon beste bat zabaltzea. New Yorketik itzuli nintzenean ikusi nituen Bilboko obrak lehen aldiz, eta aurrera nola egiten zuten ikustera hurbiltzen nintzen. Museoa zabaltzear zegoenean, obra bat presta nezala eskatu zidaten, eta, lan hori prestatzeko, Museoaren sorrera prozesua hartu nuen kontuan. Beraz, Guggenheimerako obra egitea, neurri batean, Museoko lanak bukatutzat emateko modu bat izan zen, zeren eta, niretzat, Guggenheim Museoa eraikitzeko lanak nire obra prestatu nuenean amaitu ziren. Gero New Yorkera itzuli nintzen, beste bi urterako. Orain bertan, zein arotan zaudela esango zenuke? Bi hilabete daramatzat Madrileko Distrito 4 Galeriak argitaratuko didan liburu bat prestatzeko lanetan: biografia osatzen, datuak biltzen, irudiak sailkatzen, azken urteotako lanak eskaneatzen, eta abar. Eta testu bat ere idatzi dut, zeren eta liburuaren egileetako bat, José Jiménez (Estetikan katedraduna Madrilen), nik idazten nituen testuei buruzko kronikak egiten aritzen da, eta gomendatu dit liburuan testu horietako batzuk oso-osorik sartzea. Beraz, orain arte idatzi ditudan gauza guztiak biltzen aritu naiz. Azkenean, erabaki dut Zarauzko Photomuseum-ean egin nuen erakusketako katalogorako idatzi nuen testu bat, eta han-hemenka barreiatuta neuzkan beste batzuk sartzea; guztira, hamabi bat orrialde. Hala eta guztiz ere, argitaratuko duguna ez da erakusketetarako katalogo bat izango, baizik eta liburu bat. z dira gauza bera: katalogoak epe jakin baterako eta garai zehatz baten inguruan prestatzen dira, eta liburuek, aldiz, autonomia handiagoa izaten dute. Horretan nabil azkenaldian, buru-belarri liburua prestatzen. Aspaldian ez naiz estudiora joan; honezkero izango dira bi hilabete-edo, baina burua liburuaren kontu honetan daukadanez, ez nintzateke beste ezertan kontzentratzeko gauza izango. Ondo al daramazu zeure biografia prestatu beharra? Alegia, zer sentitzen duzu orain arte egindako bideari begiratzean? Biografia osatzeko orduan, Xabier Saenz de Gorbea aritu zitzaidan oroitzapen txukuntzen laguntzen. Eta, zeinen gauza bitxia, nik dagoeneko ahaztuta neuzkan pasadizo asko gogoratzen zituen. Etengabe alde batetik bestera erakusketak prestatzen ibiltzen zarenean, hain zaude murgilduta antolaketa kontuetan, ez duzula egindako bideari begirada bat botatzeko eta zehazki non zauden ikusteko astirik ere izaten. Horregatik, ona da noizean behin ideiak txukuntzeko tarte bat hartzea eta zure burua nonbait kokatzea. Iragana eta oraina zeinen lotuta dauden konturatzen zara. Gauza batzuk aldatu egin dira, baina, funtsean, lehenago ziren gauza bera izaten jarraitzen dute. Bilakaera piktoriko horretan, zein da zure jomuga? Zer bilatzen duzu? Ez dakit. Aro berri batean sartzen naizen bakoitzean, hutsetik hasten naiz. Madrilen egin nuen azken erakusketan, proiekzioa eta bideoa ere sartu nituen, obra piktorikoaren barne baleude bezala. Eta argazkilaritzan ere gauzatxo batzuk egiten ari naiz. Nik uste dut hortik joko dudala. Ideia eta asmo batzuk bururatu zaizkit, baina oraingoz nahiago dut horiei buruz besterik ez esan. Aurrean zapi zuri bat izaten dudanean bezala sentitzen naiz: nondik hasi ez dakidala. Gauzak beren kabuz etortzen dira. Machadok esaten zuen bidea ibili ahala egiten dugula ("se hace camino al andar”). Nik badakit zein den orain arte egin dudan bidea, ezagutzen dut; atzera begiratu besterik ez dut egin behar. Baina, aurrera begira, ez zaizu biderik agertzen; bidea zuk egin behar duzu. Aukera ezberdin batzuk sortzen zaizkizu, alde batera edo bestera joateko, eta aukera hori zuk egin behar duzu. Niri, behintzat, ez zait gustatzen bidea egina egotea. Bidea, ibili ahala egin behar dugu. Argazkigintza, bideoa... Ez zara pinturara mugatzen. Ez. Niretzat, argazkigintza eta pintura oso lotuta daude. Gure Artea sarien bigarren edizioa iragartzen zuen koadroan, erdialdean, argazki batzuk agertzen ziren, perspektiba guztiak jasotzen zituztenak. Koadro horren izenburua, "Pintorea eta modeloa" zen. Ez nuke esango koadroa hibridoa zenik, baina argi dagoena da pintura eta argazkigintza oso lotuta zeudela. Eta lotura hori mantendu egin da denboran zehar. Mantendu bakarrik ez; handitu ere egin da; hainbeste, ezen gaur egun erabat lotuta daudela. Batzuetan jendeari zalantzak sortzen zaizkio, aurrean daukatena pintura edo argazkigintza ote den. Zer axola du bat ala bestea izan? Eta bideoari, berriz, zenbateko garrantzia ematen diozu zure obran? Rekalde aretoan antolatu zuten erakusketa kolektibo batean, artista bat ezagutu nuen, emakume bat, lehendabizi pintorea izan zena eta gero bideoarekin lanean hasi zena, eta esan zidan nire obrak zerikusi handia zeukala bideoarekin. Segur aski bera izan zen bideoaren munduan sartzera bultzatu ninduena. Niri beti gustatu izan zait bideoa, baina ez nion zentzu handiegirik hartzen. Eta, egun batean, bat-batean, bideoarekin zerbait egiteko beharra sentitu nuen. Estudioan argazki batzuk egitea bururatu zitzaidan, eta, gero, bideo saio bat egitea. Orain bertan liburuari emana nagoenez, ez dut pintatzeko beharrik sentitzen, baina bideoarekin egiteko hainbat ideia bururatu zaizkit. Gure Artea sariak aipatu dituzu. Zure iritzian, behar bezainbeste laguntza jasotzen al dute artistek? Laguntzak inoiz ez dira nahikoak izaten, ezta arlo batean ere. Dena den, gogoratzen dut New Yorken sekulako inbidia sentitzen zutela hemen ematen zizkiguten beka eta sari piloak ikusita. Han laguntzak beste mota batekoak izaten dira. Hemen laguntza indibidualagoak jasotzen ditugu, eta, gainera Arteleku eta BilbaoArte bezalako zentroak dauzkagu, sormena bultzatzeko. Hala eta guztiz ere, nire ustez beka gehiago eman beharko lirateke. Bekak sariak baino emankorragoak dira, zeren eta sariak oso puntualak izaten dira, baina bekek, berriz, aurrera egiten laguntzen dizute. Dena den, hemen nahiko modu berezian ulertzen ditugu sariak. Zer esan nahi duzu? Adibide bat jarriko dizut. Lehengo urteko egun batean, telebista ikusten ari nintzela, bat-batean, Vitoria/Gasteizen banatu zituzten sari batzuei buruzko programa bat ematen hasi ziren ETBn, eta ordu bete eskaini zioten sariketa horri, Oscarrak izango balira bezala. Baina, gainera, a zer nolako saio kutrea zen. Zertara zetorren hori? Gure Artea sariek ez al dute programazioko ordu bete ere merezi, halako kutrekeriekin alderatuta? Sutan jarri nintzen. Tamalgarria iruditu zitzaidan. Zertara dator telebistan gisa horretako sari banaketa txatxuak ematea, Gure Artea bezalako sariak dauzkagunean? Ez dezagula ahaztu Labayenek bere egunean sari hauei buruz esandakoa; hau da, Madrilgo Arte Ederren sari nazionalaren parekoak izan beharko luketela guretzat. Bere garaian, saria irabazi zuten artistei domina bat ematea eta guzti proposatu zen. Baina hemen betikoa gertatzen da: asko hitz egiten da, baina gero ez da deus ere egiten. Honekin esan nahi dudana da artea, oraindik ere, bazterreko zerbait balitz bezala ikusten dela, gauza elitista bat balitz bezala, eta, askotan, folklorikoa ere bai. Denei ideia bikaina iruditu zaie Bilbon Guggenheim Museoa zabaltzea, berari esker Bilboren izena mundu guztian egin delako ospetsu. Arte garaikideari buruzko erakusketa batean sekula santan sartuko ez zen jendeari ere aproposa iruditzen zaio Museoa. Baina gustatzen zaiena eraikina da, zeren eta edukiarena beste kontu bat da. Ez daukate arteari buruz ezagutza handiegirik. Guggenheim Museoa, objektu hegalari ezezagun bat bezalakoa da. Ni ere abduzitu egin ninduten, baina aske utzi ninduten. Esaten ari zaren guztiaren adibide garbi bat, erakundeen web orriak ditugu, non museoak turismoaren atalean baitauden txertatuta. Gainera, ikusgarria da zenbateko joera dagoen museo berriak sortzeko. Lehen maila soziala erakusteko modua artelanak erostea zen bezala, gaur egun, dirudienez, maila hori museoak sortzeak edo arteaz arduratzeak ematen du. Politikariak konturatu dira arteari buruz jarduteak estatus jakin bat ematen duela. Baina, zer ikusi du horrek artearekin? Batzuetan, nahiago nuke nire iritziak oihartzun handiagoa balu. Gustatzen ez zaizkidan gauzei buruz idatzi nahiko nuke. Baina gauza batzuk maltzurkeriaz interpretatzen dira, eta horrek atzera botatzen nau. Pozik idatziko nukeen zer edo zer ETBn eman zuten ergelkeriaren inguruan, zeren eta herri honetan gauza interesgarriak egiten dituen jende asko dago, eta ez zaie ordu bat bera ere eskaintzen. Egoera, zure ustez, hobera ala okerrera doa? Ez dakit hobera edo okerrera, baina behintzat aldatzen ari da. Gauzek gutxieneko koherentzia bat izatea gustatuko litzaidake, baina, batzuetan, politikariek hartzen dituzten erabakiak ikusita, ez dut koherentzia horren zantzurik txikiena ere aurkitzen. Jendea lanpostu batetik bestera aldatzen dute, bakoitzak duen prestakuntzari edo aurrez finkatuta dagoen programari begiratu ere egin gabe. Ez ditut jokabide horiek oso ondo ulertzen. Zer lortu nahi dugu? Nora iritsi nahi dugu horrela? Zenbaitetan nire buruari galdetzen diot zer demontre egiten duten pertsona batzuek postu jakin batzuetan. Behin Radio Euskadin solasaldi batean parte hartu nuenekoa datorkit gogora. Nirekin batera, beste bi gonbidatu zeuden: Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, eta Xabier Saenz de Gorbea. Chillida-Lekuren inaugurazioari buruz hitz egiteko bildu gintuzten. Eta kazetariak, aurkeztu ninduenean, esan zuen egunen batean, beharbada, Guggenheim Museoan izango nuela nire obra. Eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gauza bera esaten zuen. Ez zekiten hain zuzen ere ni neu nintzenik Guggenheim Museoan bere obra erakusgai jarri zuen lehen euskal artistetako bat. Eta, hori, kontuan hartuz Museo horretan obrak dauzkaten artisten kopuruak ez duela ematen ezta saskibaloiko talde bat sortzeko ere. Sekulako errieta egin nien. Hainbestekoa, ezen solasaldia amaitutakoan, ez zutela mahai-ingurua izan genuenik ere aipatu. Hori da hemen gertatzen dena. Non dago jendea, eta zergatik dago dagoen lekuan? Tamalez, ezjakintasuna oso zabalduta dago gaur egun. Herri honetan, dena dago politizatuta. Eta, askotan, gauzekiko interesa baldintzatuta egoten da, bere bitartez beste zerbait lortzeko. Nolanahi ere, baikorra zarela esango al zenuke? Bai, oso. Zorionez, nire lanak mundu osoan zehar daude zabalduta. Beti sortzen dira egitasmo berriak. Aurten, esate baterako, Norvegian egin dut erakusketa bat. Sekulako poza ematen dit atzerrira joan eta Espainiako zein artista ezagutzen dituzten galdetzean nire izena aipatzen dutenean, Osloko galeria batzuetan gertatu zaidan bezala. Azoka eta erakusketa askotan izan naizenez, ulertzekoa da baten batek nire lanen bat ikusi izatea. Zorionez, ez nagoenez inoren menpe, eta ez daukadanez postu jakin bat lortzeko irrikarik, oso pozik eta lasai aritzen naiz lanean. Nire helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea da; eskandinaviar edo amerikar batek, nire obra ikustean, interesa sentitzea; mugak gainditzea, baina ez muga geografikoak, baizik eta kulturalak. Ez da gauza erraza. Dario Urzay Ibarra
Dario Urzay Bilbon jaio zen, 1958an. Arte Ederren ikasketak egin zituen, Euskal Herriko Unibertsitatean. 1979an, Bilboko bi urtez behingo IV. Pintura Erakusketan parte hartu zuen, eta baita "Bizkaiko pintura gaur" erakusketa ibiltarian ere. Urtebete beranduago, honako erakusketa kolektiboetan hartu zuen parte: "Sei pintore", Bilboko Arteta Galerian; "Minimalismo y nueva figuración", Bilbon eta Vitoria/Gasteizen; Pintura eta Eskulturaren Bienal plastikoan, Vitoria/Gasteizen; Nikaraguako Museo Nazionalari dohaintzan emandako obren erakusketan, Bilbon, eta "Mail Art" Erakusketan, Metronom Aretoan, Bartzelonan. 1981ean, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker, bere lanak Bilboko Arteder 81ean eta Parisko Etienne de Caussant Galerian jarri zituen erakusgai. Urte horretan bertan, Madrilgo Kultura Ministerioak arte plastikoak ikertu eta sustatzeko laguntza bat eman zion. 1982an, honako erakusketa kolektibo hauetan hartu zuen parte: «La caja en el arte», Windsor Galerian, Bilbon; «La Naturaleza en el arte», Windsor Galerian, Bilbon; Arteder 82, Bilbon; «Ocho pintores vascos», Bilboko Aurrezki Kutxaren Kultura Aretoan; «Entre el realismo y la figuración en el País Vasco 1970-1982» Erakusketan, Madrilgo Udal Museoan. Lehen saria jaso zuen Vitoria/Gasteizko Pintura eta Eskulturaren Bienal Plastikoan, eta akzesit bat Bilboko Gure Artea lehiaketan. 1983an, Bilboko Artederren, Pontevedrako Bienalean, eta Bartzelonan antolatutako «Once artistas en torno a la realidad» erakusketan hartu zuen parte. Urte horretan bertan, Gure Artea lehiaketako lehen saria irabazi zuen. 1984an, Oviedoko Bienalean hartu zuen parte, eta Parisen erakusketa bat antolatu zuen, eta urte bete geroago, 1985ean, New Yorken, Salamancan, Donostian, Iruñean, Bartzelonan eta Coruñan, eta 1986an Bartzelonan eta Donostian. 1987an Madrilen eta Iruñean jarri zuen bere obra erakusgai, 1988an Londresen, eta, ondoren, Iberoamerika zeharkatu zuen, «Pintura española de los 80» erakusketa ibiltariarekin. 1994an New Yorken jarri zen bizitzen, eta urte horretan Bilbon aurkeztu zuen bere obra; 1995ean Donostiako DV galerian; 1996an Bilboko Windsor aretoan; 1997an Vitoria/Gasteizen, eta 1998an Donostian. Urzayen obrak Bilboko zein Vitoria/Gasteizko Arte Ederren Museoan, Durangoko Arte eta Historiaren Museoan, Bilboko Guggenheim Museoan, Arabako hiriburuko udaletxean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta hainbat bilduma pribatu espainiar zein amerikarretan daude ikusgai. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 252 > Elkarrizketa -->
2004/04-30/05-07