Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba izena duzu. Horixe izena! Egiguzu arren, abizen konposatuei buruz azalpen moduko bat. Gurean arabarrak gehienak, edo Arabatik zabalduak bereziki.
Estimatuta galdera hori, abizen konposatuak sarri ez-euskalduntzat jotzen direlako, Euskal Herriko berezko kultur-aniztasuna ahaztuz edo ukatuz. Aurreko mendeetan halako abizenak gaur egun baino ohikoagoak ziren Euskal Herriko beste leku batzutan eta Araban, beste lekuetan ez bezala, iraun dute.
Abizen horiek bi zati dituzte: patronimikoa (Martinez = Martinena) eta toponimikoa (herria, auzoa...). Bazegoen halako abizenak jasotzeko modu propioa tradizio euskaldunean: Martinez Lunakoa, Perez Lazarragakoa edo Lopez Lizarduikoa, adibidez, baina Araban gorde den estiloa erromantzezkoa da, gaztelaniarena.
Zureak, biak, esanguratsuak dira: Martinez de Luna Perez de Arriba. Azalduko al zeniguke bakoitzaren nondik norakoa?
Esan bezala, Martinez de Luna zera litzateke: Luna herriko –Arabako Kuartango haraneko herrixka– Martinena; aita bailara horretakoa zen. Perez de Arriba, aldiz, Arribako (Goiko?) Pedrorena litzateke; abizen hori Oroko Amabirjinaren –Zuia harana– kofradiako kideen artean XVII. mendean agertzen zen jada; baliteke Arriba toponimikoa hortik gertu dagoen Hueto-Arriba herrixkatik etortzea.
Gasteiztarra zara. Nola gogoratzeen duzu nerabe garaiko Gasteiz?
Gasteiz herri koskortua zen, 1950. urtean 50 mila biztanle baino ez zituena. Gainera, oso kontserbatzailea, apaiz, moja eta militarrez betea. Iluna, atzerakoia eta aspergarria.
Nola berriz 1960ko hamarkadako Gasteiz, Araba nahiz Gasteizetik kanpoko Euskal Herria? Gazte garaikoa, alegia?
Gasteiz esnatzen hasi zen garai horretan, hainbat mugimendu eta dinamika berri pixkanaka agertuz: langile mugimendua, abertzaletasuna...; baina gutxiengo batzuen kontua zen oraindik. Laudio aldera, batez ere, dinamika horiek errotuagoak eta sendoagoak ziren, baina Arabako gainontzeko eskualdeetan Gasteizen baino apalagoak.
Lehen aldiz ikastera atera zineneko garaia ere ondo gogoan izango duzu.
Bai. 1969an –hamazortzi urterekin– Lazkaora joan nintzen, lanera eta euskara ikastera. Euskarazko eskolak iluntzean hartzen nituen bertako “prailetan” (beneditarrak), eta herriko giroa oso bestelakoa zen Gasteizkoarekin alderatuta; adibidez, heriotza-zigorra zuen Andoni Arrizabalagaren eta Burgosen epaituak ari zirenen aldeko giroa eta mobilizazio handiak zeuden. Urte batzuk geroago, Bilbon aurkitu nuen giroa Lazkaokoa baino erdaldunagoa zen, noski; hala ere, bazeuden Gasteizen agertzen ez ziren hainbat erreferente euskaldun, iraultzaile edota berritzaile: euskarazko irratsaioak, ikaskide euskaldunak, ikasleen mugimendua, amnistiaren aldeko mobilizazioak...
Dena den, euskalduna ala erdalduna izan, Euskal Herriko giroan badago konstante bat kanpoko herrialde batzuetan ematen ez dena: izaera edo pentsamolde ezberdina ez onartzea; Espainiako Estatutik kanpoko herrialde batzuetan malguagoak dira norberak ez bezala pentsatzen duenarekin; ez dira saiatzen, ezberdin horiek oker baleude bezala, norberaren pentsamendura ekartzen nahitaez, eta gu bai.
“Izaera edo pentsamolde ezberdina ez onartzea” esan duzu. Jarrera hori egokia edo txarra legez ulertu behar al dugu?
Txarra bezala, dudarik gabe. Euskal Herrian dugun aniztasunetik abiatuta, ezberdina dena onartzea ezinbestekoa zaigu; bestela esanda, denontzako edo gehienentzako balioko duen egitasmo politikoak ezberdintasunak bere egin beharko ditu. Araba eta Gasteiz
Araba eta Gasteiz aipatu ditugu. Zuk arabarra eta gasteiztarra izatea bereizten al dituzu?
Bai eta ez. Gasteizek baditu ezaugarri bereizgarri batzuk: industrializazioa, hiriburua izatea, immigrazio tasa handiak... Denbora luzean joera berrien edo modernitatearen atea izan da, halakoak Arabako beste eskualdeetara ondoren hedatuz. Ildo beretik, Aiara bailara ere –Laudio bereziki– aipatu beharko genuke...
Gaur egun, mundu globalizatuarekin homologatu den gizartea da Araba osokoa. Hala ere, Gasteiz eta Arabako beste eskualdeen arteko alde nabarmenetako bat euskalduntasunarena da; izan ere, Gasteizen antzematen ez den euskararekiko atxikimendua, beste eskualde batzuetan agerikoagoa da.
Zer balorazioa egiten duzu –frankismoaren ondorengo garaitik gaur egunera bitarte– Arabak egin duen bideaz? Euskal Herriaren nazio kontzientziatik, arabarra eta soziologoa zaren aldetik.
Arabakoa, gizarte oso tradizionala izatetik modernoa edota post-modernoa izatera pasa da, onerako zein txarrerako. Gaur egungo Araban “euskal sena” hedatua da, ezaugarri propioekin bada ere: espainiartasunari aurre egiten dion nazionalismoa nagusitu ordez, espainiartasunarekin talka egiten ez duen euskal sentimendua da sentsibilitaterik hedatuena (Iparraldean bezalatsu, neurri batean). Baina frankismoan, Aramaio eta inguruko lurretan salbu, sentimendu hori ere ez zen antzematen eta, eremu pribatuan, familia batzuetan baino ez zen existitzen.
Arabar tasuna nola ikusi duzu azkeneko 30 urteotan?: “Alavatik Arabarantz?” bidea.
Aldaketa horren gakoetako bat, hauxe da: frankismo garaian Araba “vascongadetan” kokatuta izatea, hortik eredu autonomistaren eskutik, gizartearen irudikapenean “berezko” trantsizioan, Euskadi izatera igaroz. Hori izan daiteke Nafarroarekiko dagoen ezberdintasunetako bat: Nafarroa, “vascongada”etatik kanpo zegoen eta Euskaditik kanpo jarraitzen du. Dena den, euskal senak Araban izan duen berpizkundea, ez da horrekin bakarrik azaltzen. Horrekin batera, euskal nazionalismo mota ezberdinek lan handia egin dute, herrigintzatik zein erakunde autonomikoetatik. Ibilbide horretan, “alavesismoa” ahultzen joan da eta “navarrismoak”, berriz, tinko dirau Nafarroan euskaltasunaren berpizkundea oztopatuz.
Joan deneko mendearen erdialdean jada, salbuespenak salbuespen, arabar eta “euskalduna” ez ziren guztiz lotzen. Gaur egun bai. Zuk zeuk nola bizi izan duzu euskaldunaren bilakaera Araban? Eta oro har zu bezalako pertsona ikasien esperientzia?
Euskal kulturarik ez zen Arabako Lautadan antzematen, nahiz eta bere arrastoen kutsu garbia nonahi aurkitu (toponimia, tradizioa, ohiturak eta abar). Hain eremu latzean, talde batzuk (mugimendu kristaua, sindikalgintza, kultur-elkarteak, alderdiak...) hasi ziren antolatzen eta lanean, besteak beste euskaltasuna berpiztearen alde. Horrek guztiak bat egin zuen Frankoaren kontra oldartu zen herri-mugimenduarekin, euskaltasunaren aldarrikapena areagotuz.
Euskal Herriko beste lurraldeetan arabar eta euskaldun gisa agertzean nola antzeman izan zaituzte?
Harriduraz: “Arabarra eta euskalduna?”, batzuetan mingarriak izateraino iristen ziren komentarioak eginez. Ezjakintasun handia zegoen Arabaz beste euskal lurraldeetan. Gaur egun ez da halakorik gertatzen.
Araba aipatu eta Trebiñu aipatzea funtsezko iruditzen zait. Zer adierazten du Trebiñuren egoerak?
Trebiño Araba dela erabat onartuta dago Araban, ideologien gainetik eta naturaltasun osoz. Baina, interes ideologikoak eta alderdikeria direla medio, batzuei ez zaie interesatzen hori aldarrikatzea. Eta politika ziztrin horrek argi uzten ditu egungo maila politiko eta oinarri demokratiko eskasak. Soziologian Doktorea
Soziologoa zaren aldetik nola ikusten duzu Euskal Herriaren bilakaera? Zein da gaur egun euskaldun izateko gakoa edo erronka?
Bilakaera eta egungo egoera itxaropentsuak bezain kezkagarriak dira. Izan ere, aurrerapausoak ematen ari garen aldi berean, mehatxu eta arrisku berriak agertzen zaizkigu, besteak beste gizarte-eredu kontsumitzailearen eskutik. Izan ere, ideologia eta atxikimendu identitarioen gainetik euskarak beste hizkuntzekin lehiatu beharra dauka hizkuntzen merkatuan, euskaldun eleanizdunak erakartzeko. Erantzun beharreko galdera hauxe da: Zer eskaintzen die euskarak euskaldunei, beste hizkuntzetan aurkitzea ezinezkoa zaiena?
Ba al duzu erantzunik?
Bertsolaritza eta nortasun-marka bat, adibidez. Eta ez dira gutxi! Baina bere buruan horietan ikusten ez duen euskaldunak (eta euskaldun askok erdaraz lasai egiten dute gehienetan, euskal sentimendua izanik ere) bestelako eskaintza bat beharko du euskararantz erakarria izateko. Ahaleginak eginda ere, ez dut hiritar xumeari erakargarri gerta litzaiokeen beste ezer aurkitzen, kontsumora emanda dagoen gure gizarte honetako parametroetan, behintzat.
Bereizten al duzu, joan deneko mendera arte gune naturala izan zen euskaldunarena (Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaiko mendialdea, Iparraldea...) eta gaur egungoa?
Bai eta ez. Bai, gune euskaldunak eta erdaldunak existitzen jarraitzen duelako, eta euskaraz bizi diren une horiek ezinbestekoak dira euskararen biziraupenerako. Baina, aldi berean eta modu figuratiboan hitz eginez, euskara “kalera ere irten da”; hau da, unibertsitatera, puntako zenbait lantegietara, teknologia berrietara, zenbait komunikabideetara..., garai bateko eremu erabat erdaldunak nolabait “euskaraz kutsatuz”.
Arabatik, beste lurraldeekiko eta nahi baduzu Iparraldeko euskaldunarekiko zein dira loturak eta sentipenak? Nola bizi dituzu berauek?
Giro abertzalean Iparraldeak sortarazten dituen irudia eta sentimendua beste lurraldeetako giro abertzaleko berberak dira. Hori esanda, argi utzi behar da arabarrentzat, oro har, ez dela Iparraldea existitzen. Existitzen dira Baiona, Hendaia, Biarritz..., baina Iparraldea ez da ezagutzen. Gasteizen dagoen izen bereko gizarte-etxe batekin nahastuko lukete askok.
Soziologo gisa, nola baloratzen duzu XXI. mendean Euskal Herriaren nazio proiektua? Badu izaterik? Edo kimera al da? Nazio proiektuen arteko elkarbizitzarako Ituna gauzatzea zaila da, antza denez.
Proiektu politikoak ez dira bideragarriak ala kimera; binomioa beste bat da: gauzatu egiten dira ala porrot egiten dute, eta bitartean norberak bere proiektuari eutsi behar dio gogotsu, egitasmo hori gauzatzeko baldintzak eten gabe eraikiz, abagune egokia iristen den arte. Bestalde, aurreikuspenik egiteak ez du zentzu handirik, denbora laburrean eta espero gabe, gizarte- eta politika-baldintzek asko alda dezaketelako.
Gatazka egoerak zer adierazten du?
Bizi garen gatazka politikoak tolerantzia eza garbia adierazten du, bi bandoetan, alde bietako intrantsigentziek elkarri elikatuz, eten gabe. Hizkuntzaren Soziologian aritua
Soziolinguistika Klusterra delakoaren lehendakaria izan zara. Azaldu iezaguzu zer den berau. Zertarako sortu zen.
Soziolinguistika Klusterra sortu genuen euskal soziolinguistikaren jakintza –eta jardun– eremuetako hainbat eragileri (administrazio publikoa, euskalgintza, unibertsitateko ikerlariak, hizkuntza-plangintzako teknikariak eta abar) bilgune bat eskaini asmoz. Bilgune horrek elkarlanerako aukerak areagotzea eta hizkuntza-normalkuntzarako berrikuntzak bultzatzea zuen jomuga. Norabide egokitik abiatuta, urrats politak eman ditu proiektuak, euskal soziolinguistikan erreferenteetako bat bihurtuz.
Zer balorazio egiten duzu ekimenaz? Zer ekarri dio euskararen normalkuntzaren prozesuari?
Gero eta hobeto ari da proiektu hori garatzen eta hasierako helburua betetzen: eragileen arteko harreman-sareak hedatuz eta sendotuz, alegia. Bestalde, gure egoera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen eta aurrerapausoak ematen laguntzen dituzten ikerlanak, formazio saioak eta abarrak ari dira bultzatzen; besteak beste, euskal soziolinguistikak egun duen argitalpenik garrantzitsuena: Bat Soziolinguistika aldizkaria.
Hezkuntzan bereziki zer ekarri du Soziolinguistika Klusterrak?
Hezkuntza arloa ari da ikertzen, eremu horretan zerk/nork/nola eragiten dion hizkuntza-erabilerari jakin asmoz. Izan ere, euskararen aldeko eta kontrako faktoreak ezagutuz gero, hezkuntza giroko erabilera bultzatuko duten neurri eraginkorrak hartzea errazagoa litzateke.
EAEko Eusko Jaurlaritzaren gidaritzan aldaketa politikoa eman da aurten. Aldaketak eragina izango al du, eskolak bermatu behar duen euskararen transmisio lanean? Nola?
Susmoa dut euskararen kalterako. Izan ere, hizkuntza berdintasunaz gehiegi hitz egiten da, horrekin euskara ez dela gazteleraren aurretik lehenetsi behar adierazi nahirik, baizik eta biak parean jarri. Horixe bera da nik neuk ere gaur egun nahiko nukeena: euskara eta gazteleraren arteko benetako berdintasuna! Gertatzen dena da, desagertze-arriskuan dagoen hizkuntza izanik, euskarak makulu bereziak behar dituela egoera horretatik ateratzeko; halakoak kenduz gero, ustezko berdintasun horrek hizkuntza boteretsuaren alde –gaztelera– egiten du, ahulduta dagoena hondamendira eramaten.
Edonola ere, azkeneko 20 urteetan, demagun, zein da eskolak euskararen transmisioan burutu duen lanari buruzko zure iritzia?
Eskolak lan handia eta egokia egin du, nahiz eta beti dagoen zer hobetu. Huts egin dutena eskolatik haranzko neurriak eta baldintzak izan dira, neurri batean: eskolak euskaldun osoak eta erdizkakoak sortu ditu, baina horiek eskolatik ateratzean ingurune oso erdalduna topatu dute, ikasi duten hizkuntza horrekin zer egin behar zuten jakin gabe. Hartara, urte batzuk igaro ondoren, batzuek ikasitakoa ahaztu dute eta erdara baino ez dute menperatzen. Euskal Herria eta etorkinak
Nola bizi duzu etorkinen gaia, euskal hiritar eta soziologoaren ikuspuntutik? Zer deritzozu euskaldunok edo euskal herritarrok oro har dugun jarrera?
Duela hamar bat urte beldur nintzen giro euskaltzale eta abertzalea ez ote zen oldartuko etorkinen kontra, etorkinak euskaltasunaren berpizkundeari begira mehatxutzat har zitezkeelako. Pozgarria da halakorik gertatu ez izana eta giro horiek etorkinen integraziorako estrategiak garatzen ari direla ikustea.
Hizkuntzaren soziologiatik, Araba eta Gasteizko euskaldunaren –euskalduntze prozesua bizi duen ikuspegitik– nola ikusten duzu giza talde honekiko harremana?
Euskaldunek jarrera irekia adierazi duten arren, euskal eta etorkinen munduak oso aldenduta daude Araban, gorago aipatu estrategiak oraindik hedatu ez direlako.
Gaurko krisi ekonomiko egoera honek nola eragiten du integrazio bidean?
Krisiak gehien kaltetzen dituenak ahulenak dira, etorkinak alegia. Hortik aurrera, krisiak ez gaitu eskuzabalago bihurtzen, geurekoiagoak baizik eta, hortaz, etorkinen integrazioa zaildu egiten da. Euskal Herriko Unibertsitatea
EHUn diharduzu. Zure alorrean, Hizkuntzaren soziologian, zein da EHUk sortuz gero egin duen ekarpena?
Oso eskasa, ia hutsaren hurrengoa, jakintza eremu horretan ez baitu inoiz aurrea hartu. Hizkuntzaren soziologia edota soziolinguistikari lotutako ikasketak bultzatu direnean kanpoko eragileen ekimenen poderioz izan da, gehien bat. Barrutitik ekimenen bat bultzatu denean, EHUko aginte organoek ez dute batere lagundu. Soziolinguistikari lotutako diziplinak bazterrean utzi dira. Gaur egun, Hizkuntza Plangintza graduondo bat badago EHUn, Asmoz Fundazioarekin batera antolatua; hala ere, ikasketa horiek ez dira nahikoa hizkuntzak gure gizartean dituen eskaera eta premiei erreparatuta.
Azkenik, gustura al zaude irakasle bezala eta garatzen duzun lanarekin?
Irakaskuntza oso gustukoa dut, besteak beste gazte jendearekin harremanetan egoteko zabaltzen duen aukeragatik eta ni neu ikastera eten gabe behartzen nauelako.
“Espainiako Estatutik kanpoko herrialde batzuetan malguagoak dira norberak ez bezala pentsatzen duenarekin; ez dira saiatzen, ezberdin horiek oker baleude bezala, norberaren pentsamendura ekartzen nahitaez, eta gu bai”
“Gasteiz eta Arabako beste eskualdeen arteko alde nabarmenetako bat euskalduntasunarena da; izan ere, Gasteizen antzematen ez den euskararekiko atxikimendua, beste eskualde batzuetan agerikoagoa da”
“Proiektu politikoak ez dira bideragarriak ala kimera; binomioa beste bat da: gauzatu egiten dira ala porrot egiten dute, eta bitartean norberak bere proiektuari eutsi behar dio gogotsu”
“Hizkuntzaren soziologia edota soziolinguistikari lotutako ikasketak bultzatu direnean kanpoko eragileen ekimenen poderioz izan da, gehien bat. Barrutitik ekimenen bat bultzatu denean, EHUko aginte organoek ez dute batere lagundu” Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba (Gasteiz, 1950) Soziologian Doktorea (Deustuko Unibertsitatean). Hizkuntzaren Soziologian aritua, bereziki hizkuntza gutxituen inguruan. Soziolinguistika Klusterraren lehendakari ohia. HIZNET Hizkuntza Plangintza Graduondoko eta LINGUANET ikastaroaren zuzendari. Euskal Herriko Unibertsitatean soziologia irakasle da gaur egun.
Bat Soziolinguistika aldizkariaren eta Inguruak soziologia aldizkariaren argitalpen-batzordeko kide eta kolaboratzailea da. Argia aldizkarian iritzigilea da. Eusko Ikaskuntzako kidea eta Eusko Entziklopediaren zuzendaria.