Itziar Ruiz de Erentxun. Bibat Museoko teknikari arduraduna: Heraclio Fournierrek mapan kokatu du Araba

2010-12-17

BEGIRISTAIN, Edurne

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Arabako Arkeologia Museoa eta Fournier Karta Museoa uztartuz sortu zuten Bibat. Eraikina Arabako parte zaharrean dago, eta lau solairu eta bi soto ditu. Eremu horietan, Arkeologia Museoko 1.500 bat pieza eta 250 karta sorta (1.500 karta) inguru daude. Museoak 2009ko martxoaren 26an ireki zituen ateak, Itziar Ruiz de Erentxunen zuzendaritzapean, helburu jakin bat lortzeko, funtsean: Arabako kultura-ondarea hiritarrei ezagutzera ematea. “Gure ondarea zaindu eta hedatu egin behar dugu”, adierazi digu Itziarrek.

2009tik, Bibat museoko zuzendaria zara. Nola hartu zenuen albistea eta nolako balorazioa egiten duzu orain arteko ibilbideaz?

Hasieran, dena oso berria zen niretzat. Zentroa irekitzear zegoenez, buru-belarri ekin behar izan nion lanari. Dena ongi egotea zen nire lehentasuna. Besteak beste, eraikin berrira moldatzeko eginkizunetan murgildu ginen, museo bakoitzak bere kasa jardun ondoren, biak elkartzeko eta bateratzeko unea baitzen. Horretarako, jarduera guztiak toki berean kokatu behar izan genituen. Baina, gutxika, aurrera egin dugu, eta nire balorazioa oso positiboa da, gaur egun.

Zer lehentasun ezarri zenituen museoko zuzendari izendatu zintuztenean? Zein izan dira zure jarduera-ildoak?

Nire lehentasun nagusia azpiegitura berria ezagutzera ematea izan da. Araban, Karten Museoak eta Arkeologia Museoak horrenbeste urte zeramatzatenez ekinean, bateratzeko eta izen berria ezartzeko asmoak nahasmena sorraraz zezakeen hiritarren artean. Gainera, eraikina parte zaharrean finkatu behar genuen. Oso garrantzi handiko bi bilduma eta bestelako azpiegiturak ditugu, hala nola, auditorioa, patioa eta erakusketa-aretoak. Horiek guztiak ezagutaraztea ere izan da gure lanaren xedea.

Bibat museoa.

Zer egin behar da halako bi bilduma desberdin toki berean ezartzeko? Zein da bien arteko lotura?

Bien arteko lotura lurralde historikoa da: Araba. Izan ere, bi bildumak oso errotuta zeuden probintzian. Batetik, Arkeologia Museoko bildumak Arabako historiaren berri ematen digu, Paleolitikotik Erdi Arora arte. Bestetik, Karta Museoko bildumaren historiaren abiapuntua XIX. mendearen amaiera dugu, Heraclio Fournier orduantxe etorri baitzen Gasteizera. Museo horrek ere oso lotura estua du Arabarekin, Fournierren industriari esker, gure lurraldea mundu osoan ezagutzen baitute. Arabako ondarea da bi bildumen arteko lotura.

Bildumak bateratzea bi museoentzat izan da mesedegarria?

Bai, noski. Esaerak dioen bezala, bi bat baino hobeto. Batzuei inoiz ere ez zitzaien bururatuko Arkeologia Museora joatea, eta, orain, Bibatek aukera hori eskaintzen die. Bi eraikinak bereziak ziren, desberdinak, eta bildumekin beste horrenbeste gertatzen zen, ez baitzuen inolako zerikusirik, baina elkarketaren emaitza ona ari da izaten, ezbairik gabe. Ikusleak pozarren daude. Museora sartzen diren bisitariak bai karten bai arkeologiaren mundura erakartzea lortzen dugu.

Nolako bisitariak etortzen dira Bibatera?

Era guztietakoak. Gasteizko biztanle asko etortzen dira, eta turista asko ere bai. Hiri erdian egoteak lagundu egiten du, argi eta garbi. Izan ere, parte zaharraren inguruan, oso kulturagune interesgarria sortu da. Gutaz gain, bertan daude Santa Maria Katedrala, Montehermoso Kultur Etxea, Artium, Kordoi Etxeko Mejora Fundazioa... Jendeak ibilbide osoa egiten du, eta hori oso ona da.

2007tik Arabako Karten museoko arduraduna zara. Zer ikas dezakegu karten mundutik?

Karten mundua oso ezaguna da, esateko guztiok jokatu baitugu inoiz kartetan, edo behintzat ikusi egin ditugu. Baina, aldi berean, oso ezezaguna da, izan ere gutxik dakigu nondik datozen eta zein den horien historia. Gure bildumak XV. mendetik gaur egunera arteko ibilia egiten du, eta horren bidez historian zehar, lehen kartetatik gaurko kartetara, izan duten bilakaera ezagut dezakegu. Kartak gauza arruntak dira, urte askotan mundu osoak erabili dituen zerbait, eta hori garai bakoitzeko gustuetan islatzen da. Karta batzuk liburutxoak direla esan dezakegu, unean uneko historia kontatzen digutelako. Benetako altxorrak dira. Eta nola ez, kartek Arabako historia, Arabako industriaren historia, ere kontatzen digute, eta horien bidez nola eman den ezagutzera gure lurraldea esaten digute.

Zer kontatzen digu Bibatek ikusgai jarri duen bildumak? Nolakoa da?

250 karta-sorta ikus daitezke, gaika egituratuta. Bada, erakusketan horien fabrikazio-prozesua eta joko mota ezberdinak azaltzen ditugu. Bibaten karten fabrikazio-prozesua azaltzen ahalegintzen gara. Lehen kartak erabat eskuzkoak ziren eta nola pintatzen, mozten... zituzten azaltzen dugu. Erakusketaren lehen zatian, diskurtso historikoagoa ematen ahalegintzen gara, kartarik zaharrenak erakutsiz, karta-tipologia ezberdinak erakutsiz eta abar. Era berean, karten jatorria azaltzen dugu, eman zaien erabilera ludikoa, nola garai batzuetan hainbat joko mota debekatuta egon diren eta abar. Beste solairu batean, diskurtso tematikoagoa eskaintzen dugu: haurrentzako kartak, musika-kartak, geografia-kartak eta humore-kartak. Beste areto oso bat Heraclio Fournierri dago eskainita eta beste bat tarotari.

Zer esan diezagukezu Heraclio Fournierri buruz? Zer esannahi du Arabarrentzat?

Heraclio Fournierrek Araba mapan kokatu du. Heracliok lau alaba zituen, eta, XX. mendearen hasieran ez zegoenez ondo ikusita emakume batek enpresa herentzian jasotzea, hil zenean, biloba Félix Alfaro Fournier enpresa zuzentzen jarri zen. Oso gazte zela hasi zen enpresa zuzentzen. Heracliok fabrika martxan jarri zuen eta Felixek bilduma. Felixek fabrikarekin jarraitu zuen: handitu egin zuen eta estatuko beste fabrika batzuk xurgatu zituen, bilduma martxan jarriz. Kultura izugarri interesatzen zitzaion, eta karten eta armagintzaren bildumekin hasi zen. Armagintzaren bildumaren zatirik handiena ere berak hasi zuen, eta, are gehiago, hainbat artelan Arte Ederren museorako dohaintzan eman eta erosi zituen. Arabako kulturan buru-belarri zegoen sartuta. Bera izan zen karten bildumari heldu ziona. Legendak kontatzen duenez, bulegoan kokatu zenean, kaxoia ireki eta aitonaren XIX. mendeko karta sorta bi ikusi zituenean, bilduma egitea bururatu zitzaion. Hortik aurrea, 1984an, Arabako Foru Aldundiak erosi zuen.

Bibat museoa.

Gasteiztarrak eta arabarrak Fournierren eta bildumaren garrantziaren jabe dira?

Badakigu zer dagoen kanpoan, baina ez zer dugun etxean, saltzen jakin ez dugulako, edo jendea askorik interesatu ez delako. Eta horixe da gure lana: Fournier ezagutzera ematea, bere bildumaren bidez.

Zer dakigu karten jatorriari buruz?

Asko idatzi da karten jatorriari buruz, baina ez da ondorio argirik atera inoiz ere. Badirudi Txinatik etorri zaizkigula, han hasi baitziren papera fabrikatzen. Dena den, oraindik ez dakigu nondik etorri zaizkigun ziurtasunez.

Arkeologia Museoak lau solairu eta 4.200 metro koadroko azalera erabilgarria ditu, eta 1.500 pieza inguru daude bertan. Zein da erakusketa horren leit motiva?

Erakusketaren ibilbidea solairuka antolatuta dago, arkeologia-geruzak bailiran. Historiaurretik, Burdin Arotik eta Erromatar garaitik pasatuz, Erdi Arora. Arkeologia-indusketetan bezala, berriena goialdean dago eta zaharrena behealdean.

Bestalde, aldi baterako erakusketen gela bat dugu. Izan ere, Arabako arkeologiak bizirik dirau oraindik, eta etengabe sartzen da material berria.

Zein dira Bibat museoaren etorkizuneko planak?

Ildo berean lanean jarraitu nahi dugu. Zaindu eta hedatu beharreko ondarea dugu. Hori lehentasunezkoa da. Gure apustua museoa ezagutzera ematen jarraitzea da. Oraingoz, bistari ugari izan ditugu. Gure helburua, hain zuzen, gure ondarea gordetzea da, baina ez gutxi batzuentzat, baizik eta publikoarentzat orokorrean. Itziar Ruiz de Erentxun (Gasteiz, 1967) 1967ean Gasteizen jaioa, Itziar Ruiz de Erentxun Artearen Historian lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Autonomotik eta EHUren Arte eta Arkeologia Ondarearen Masterra du. Kulturaren kudeaketari, fondoen katalogazioari eta hedatze didaktikoari buruzko enpresa batean lan egin du. 2007an, Karta Museoan hasi zen lanean eta 2009ko martxotik Bibat museoko teknikari arduraduna da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Arantzazu Amezaga. Idazlea: Etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea

 

Irakurri

Jose Ignazio Ansorena. Musikaria: Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu

 

Irakurri

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

 

Irakurri

Susana Serrano Abad. Ikertzailea: Nire ustez, Bilbo ez da aisia- eta turismo-hiria soilik. Berrindustrializazioari ekitea ezinbestekoa da

 

Irakurri

Pablo Muñoz. Kazetaria: Ez dago ikerketa-kazetaritzarik, materiala biltzeko kazetaritza baizik

 

Irakurri