Jakes Casaubon, zure bizian nabaritzen da besteei irakastea eta erakustea izan dela zure lehia nagusietarik. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Zerengatik lehia hori? Askotan, eskolan nintzelarik eta, kaskoa gogorra nuen eta hain segur, frangotan, ene erakasleak onak izanagatik ere, gauzak ez nintuen beti konprenitzen. Izan ditake alde batetik ez nuelakotz hartze biziki ona eta bestalde, beharbada, ene erakasleek ere ez zakitelakotz eni gauzen behar zen bezala esplikatzen. Horri lehiatu naiz, ikusiz haurrean ene aldetik nintuen difikultateak, zailtasunak, gauza batzuen ulertzeko. Gazterik ohartu nintzen, ene aldetik, jendea behar zen bezala argitzeko, behar zen astia hartu behar zela eta manera ere, moldaketa egokia behar zela gauzen konpreniarazteko bereziki haurrer eta gazter. Horri lehiatu naiz. Ez naiz beti heldu nahi nuen xedetara bururaino, baina erran didate frangotan “bai konprenitzen zutela frango maneran” eta hori erakasle batendako plazer handi bat da!
Irakasle horien artean, bat edo beste baditaike markatu zaituena...
Erakasle onak izan ditut. Ene haurrean, lehenik, bi errient ukan ditut, Eyheramendy eta Biscay, Izuran nintzelarik: biziki onak ziren, bortitzak, batek beti makila ondoan zuen eta bertzea, ezberdina, bainan biek ez baldin bazuten ere dohain handia erakasteko, nahikeri handia zuten, langileak ziren eta erranaren bortxaz, batzuetan makil kolpe batekin ere, sarrarazten zuten beren jakitatea. Eskolak segitu nintuelarik hamazazpi urte artean, izan ditut beste bi erakasle biziki estimatu ditudanak. Ortesen eman ninduten urte batez eta han laiko batzuen erdian, biziki oroitzapen hitsa atxikia dut denbora hartaz. Ene herri ttipitik ateratzen nintzen, 216 haur ginen, ni nintzen gazteena eta bakoitzak bere numeroa baitzuen, jantzien eta besterendako, nik 216.a nuen eta biziki malerus egon nintzen. Gero eman ninduten Donibane Garazin, Mayorgan. Horko direkturra zen Mongaston apeza. Jakitate handikoa zen eta ez bakarrik hori, bazekien zinez haurren argitzen eta biziki oroitzapen ona atxikia dut. Gero, gerla denboran, han pentsionean bainintzen eta han ez baitzen gehiago posible miseria zelakoan janarien aldetik, beste eskolara joan nintzen Cours Complémentaire delakoan. Salaberry zen direkturra, hau laikoa. Horren oroitzapena ere guziz ona atxikia dut. Biak biziki gisakoak ziren, ez ziren aiherkundezko jendeak. Dudan jakitatean, bier zor handia dut.
Aita oihanzaina ere hor zinuen: Biarnoko Aramitzetik Izurara etorria, euskaldundua, hor kokatua, haren jakitatearekin ere aitzina egin zinuen.
Fagore hori izan dut. Oihanzain gazte gaztea etorri zen gure herrirat, hor ezkondu ene ama zenarekin. Eskola handirik ez zuen baina hartze biziki ona. Errientak atsolutoki pusatu nahi zuen eskolak segi zitzan, baina bost haurren zaharrena zen, biziki familia xumekoa eta ez zuten ahalik izan eskolan uzteko eta mutil (morroi) joan zen hamaika urtetan. Hogei urte artino hala egon zen, mendian. Bainan, beti, irakurtzea maite zuen, bere baitarik eskolatu zen, soldado denboran ere. Ni baino biziki hartze hobekoa zen. Aitarekin ere asko ikasi dut. Harekin ikasi dudan gauza da, eta hori beti estimatzen dudana, leialtasuna! Gizon xuxena zen, bere ofizioan doi bat bortitza, izaiten ahalko zen goxoago beharbada, bainan zintzoa eta errotik fina zen. Beti erakutsi dauku leial izaiten. Beste gauza bat erakutsi daukuna ere, ez baita, ainitzek uste badute ere, jendea fina Euskal Herrian, ez salatzen. Ez zuen jasaiten ahal norbaitek salatzea eta erraiten zaukun beti “ez salatari izan, ez eni ere deusik erran!” Hori biziki estimatu dut gero, ondoko urteetan.
Gerla denboran esperientzia berezi bat izan zinuen, oihanzain eskola batetara joanez, Euskal Herritik urruti, denbora gogorrak ziren baina ere irakaspenez beteak.
Hamazazpi urtetan utzi nuen, Brevet-aren urtean, Garaziko eskola eta oihanzain konkurra (oposaketa) pasatu nuen eta bi urte t’erdi iragan oihanzain eskoletan Loiret departamenduan, Orléans-etik hurbil. Han zen ontasun handi bat, oihanez inguratua, bazen laborantza eder bat ere erdian, eta hango esperientzia baliatu zaut ene biziko urrats guzietan. Biziki denbora zailak ziren, zeren eta alemanez inguratuak ginen, gosearekin sofritzen ginuen, sekulakoa ikusi dut han, bainan han ere gure erakasleak biziki onak ginituen.
Ofizioa abiatu zinuen Senperen, Lapurdin, oihanzain. Baxenabartar batentzat kostaldeko mundu hori sorpresa bat izan zen?
Hastapenean lanik aski izan nuen, baina biziki kontent nintzan horra etortzeaz: baxenabartarrentzat Lapurdiko alde horiek lur aberats eta gizenen fama zuten eta ere, ohitura, pilotaren aldetik, gutiziatzen ginen leku horietaz. Kontent nintzen hara izendatua izaiteaz baina frango zaila izan zen lehen urteetan. Euskal Herritik urrundurik ibilia nintzen bospasei urtez eta giro txar bat aurkitu nuen, bainan karaktera zabala ukanez, ikasia bainuen ere bizitzen, frango ongi antolatu nintzen ondoko urteetan. Oihanzain denbora laburra izan zen, zazpi urte bakarrik, bainan Senperen pasatu urte horiek ene biziko ederrenak aurkitzen ditut.
Aipagarri da ere hor ezkondu zinela ere, Joséphine Albandoz errientsa gazterarekin. Ordukoa ote duzu zure pilotaren eta pilotari batasunen alderako lehia?
Euskal Herriaren amodio hori haur haurretik ukan dut. Ez dakit zertako, baina hamabi urterako banakien zazpi probintzia bazirela eta bat egiten zutela. Ene amak doi bat erakutsirik menturaz, bainan bakotxak bere baitan badu edo ez du. Nik izan dut eta horren bitartez amodio handi bat ukan dut, herritik kanpo ere ez dut egun bat pasatu pentsatu gabe. Hori beti sail beretik segitu dut, amodio horrek ekarri nau lan batzueri lotzera, historia, ohidura, kulturari buruz eta horretan pilota, nolaz ez.
Pilotari handiak baziren gure denboran, gure herrian berean, nik ere biziki maite nuen pilota. Garazin eskolan nintzelarik pilotari hoberenekin aritzen nintzen entrenatzen, Etchemendy, Chateauneuf eta holako batzuekin. Pilotari, erraiten ahal dut ene biziko parte handi bat kontsakratu diodala. Horren bitartez bertze gauza askori lotu naiz. Denbora asko hartu daut, beharbada soberaxko. Lehenik pilotazale nintzen eta Biarritzera etorri nintzelarik Jean Etcheverry-k, ni baino hogei urtez zaharragoa zen jaun batek, Jeanne d’Arc pilotako batasunean sarrarazi nintuen. Elkarte hau apal zen orduan, ez zuten gehiago haurrik eskolatzen eta berritz muntatu nuen haur pilota eskola bat eta biziki arrakasta ukan nuen. Ondoko urteetan lehiatu nintzen, ikusiz bazirela lau pilota batasun Biarritzen, denen biltzera. Biarritztarrak pilota batasuna hola muntatu ginuen, lauak bat eginez. Hogeitahamazazpi urte egin ditut pilotaren zerbitzuko, erran ditake, bainan plazer handiak hartuz ere. Atsegabe handiak izaten dira ere pilotaz arduratzean, ez dira pilotari guziak berdinak, batzu goxoak, ikustatez beteak, bertzeak aldiz arrunt ingratak, den mendreneko ikustaterik gabe... Kirolan atsegin bezainbat atsegabe bada, bainan, denak konda, ez dut batere urrikirik hogeitahamazazpi urte sakrifikaturik pilotaren alde.
Denbora berean, Euskal Herriari buruzko amodio hori obratu duzu, hemengo ondarea, hemengo arkeologia lagunduz, jakintsun frango ezagutuz ere: horietarik bat edo bestek markatu zaituzte?
Ohore et fagore hori ukan dut. Lehenik Bouchet, Maulekoa, biziki maite nuena, jakitate handikoa eta haren bitartez, gero, Chauchat, prehistoriaz arduratzen zena, orai Perun dena. Heien bitartez Barandiaran apezaren ezagutzak egin nintuen. Biziki estimatu nuen eta ukan dut ohorea, bi aldiz, han Ataunen izanez, harekin bazkaltzea. Holako gizonekin umi umila senditzen duzu zure burua bainan behatzen duzu zer erraten duten, zer pentsamolde daukaten eta nahitez aberasten zira.
Bizi izan duzun denbora horretan, ikusi dituzu kanbiamendu asko : gerla geroztik orai arte, kontzientzia hartze bat ere. Ainitz ikaste eta ikustearekin, zer senditu duzu?
Erran ditake bi momentu handi ezagutu ditudala. Gerla ondoan, folklorea nagusitu zen, inuxentkeria batzu bezala hartzen ginituenak. Denbora hartan Euskal Herrian kasik nehor ez zen arduratzen gure ondareaz. Kanpoko jakintsun batek egin tesia batean ikusten da Akitania osoan aztarna handiak aurkitu zituztela, Brontze Arokoak bereziki, gure arbasoenak, eta mapa batean ikusten zen hemen dena hutsa zela. Erraiten zuten luzaz eta luzaz, Akitania biziki aberatsa zela lehengo populuen aztarnez bainan Euskal Herrian fitxik ez zela. Orai berriz erraiten ahal da ez zela hala. Gu hasi ginen lehenbizikoetarik, beti buru ginuela Barandiaran, harek argitu baigintuen hemen ere bazela ondare handi bat eta salbatu behar zela. Bospasei hasi ginen haren ondotik. Gero, gure ondotik, gu baino askoz eskolatuagoak hasi ziren eta gaur egun erraiten ahal da hemengo ondarea Europako aberatsenetarik dela! Peningarri da ikustea euskal populua bera ez dela hainbeste axolatzen bere ondareaz.
Euskaltzale bezala ezaguna zara ere euskararen alde beti agertu baitzarelakotz: zure gazte denboran hemengo gehiengo handia euskalduna zen, geroztik asko galdu da, berritu eta indartu bada ere euskara. Nola senditzen duzu hori?
Ene bizian erran ditake hiru aro izan direla. Lehenik, ene haur denboran, ezagutu dutan euskara, mintzaira bakarra zen herrietan, gazte edo zaharren artean. Gero, gerla etorri zelarik eta bururatu zelarik, ikusi dut euskara galtzen ari zela. Sekulako mina eman zautan gauza horrek eta desesperatua bezala nintzen zeren eta kontsideratzen baitut Euskal Herria euskararik gabe ez dela gehiago Euskal Herria izanen. “Le Pays Basque” edo “nous les Basques”, horiek, enetako, ele hutsak dira eta gure mintzaira sakratu hori galtzen den ordutik, ez da gehiago! Froga hori aurkitzen ahal da Historian, beste asko populu zaharretan: mintzaira galdu duten ordutik, populuak bere nortasuna galdu du. Liburuetan eta aurkitzen dituzu lekukotasunak bainan populua joana da. Hemen ere hala gertatuko da.
Bainan orai, eta hirugarren aro hura aipatuz, bada arrapizte bat. Erran behar da ikastolek badutela parte haundia, bainan ez bakarrik ikastolek, erakunde askok ere, Euskal Kultur Erakunde, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindiak eta beste askok ere, gaitzeko indarra egiten dute alde hortara. Iduritzen zaut bide hortarik segitzen badugu, euskara ez dela galduko, bainan bai arrapiztuko.
Ikusi dituzu ere euskaldunen arteko hainbat behexkuntza, gure barneko zatiketa ere, abertzale, euskaltzaleen artean, batzu Parise edo Madrileko alderdien alde, besteak kontra, egun ere. Europak, jin zaukun erakunde nagusi horrek gure zatiketa horiek leunduko ote ditu zure ustez?
Badut ene ikusmoldea. Gaur egun, bizi dugun egoera hau, lehen ere Historian zehar, Irlandan eta beste asko tokietan bizi izan dutena. Orai, gazte batzu badira, segurki suharrak eta aski finak, sendimendu garbiekin mintzo direnak. Nahi lukete ikusi orai populu bat, berriz elgarretaratua, lehen bezala, nazione bat, hori gauza ederra da, bainan ikusi behar da Historian zehar hori ardietsi duten populuek, zatituak zirenek, urteak eta urteak, eta batzuetan mendeak eman dituztela horren lortzeko. Ez dugu etsitu behar, bainan luze izanen da. Egin dezagun beti urrats bat aintzinerat eta ez gibelerat. Guk ditugun etsairik handienak ez dira baitezpada ez bi aldetako estadoak, edo Gobernuak. Gure artean ditugu etsairik handienak, gure artean! Hori behar da garbiki ikusi eta aitortu ere, hor dugula gure ahuleziarik handiena: gure artean ez dugu elgar batere aditzen. Ez baldin badugu elgar aditzen pentsatzen ahal duzu bi estadoek atsegin hartzen dutela eta ez dutela besterik galdetzen!
Gaitzeko lana ereman eta bizi osoan, biharko Euskal Herriaz amets egitea goxo zaizu hala ere pentsatuz euskara izanen dela gure lokarri, ez bakarrik Euskal Herrian, bainan mundu guziko euskaldunen artean?
Euskara behar dugu salbatu eta euskararen inguruan, denek behar ginuke bat egin. Hori ardietsiko dugu denek elgar aditzen badugu. Orai arte bezala behex egonez, bakoitzak bere politika eginez, ez dugu gauz onik eginen. Politika utzi behar dugu bazterrera. Bakoitzak bere ideiak izaiten ahal ditu bainan hori ez da arrazoin bat elgarri aztaparka artzeko. Jendetasun pixka bat gehiago behar ginuke eta segitu aitzina. Batzuetan egiten dugu urrats erdi bat aitzinerat eta beste bat, osoa, gibelerat. Horrela, ez gira urrun joanen. Esperantza badut, erran bezala, haundia, euskara ez dela galduko eta Euskal Herria egun batez eginen dela. Zerendako? Ez du balio oihuka artzea gauza horien gainean. Ikusten dugu zer aitzinamendua hala ere ukan dugun zazpi Probintziek elgarren artean. Orai mugarik ez da. Abantail handia da. Ikusten ditugu Komertzio Ganbarak elgarrekin lanean, oraino duela hogeitahamar urte ez ziren ikusiko Baiona eta Donostiakoak hola. Eskolaren aldetik, Unibertsitateen artean, kurutzamenduak badira ere. Gazte batek nahi badu ikasi Bilbo, Donostia edo Iruñan, egiten ahal du eta alderantziz. Harremanak beti haunditzen ari dira. Utz dezagun denbora: urak eginen du bere bidea, exti extia. Guk ez dugu ikusiko, bainan guk egiten dugun lan hori ondoko gizaldiek baliatuko dute eta egun batez gauzak haxerat etorriko dira. Nahi edo ez, ni segur niz gauza batez: behar bada beti Frantzia eta Espainia izanen dira, bainan ikusiko dugu herri bat, populu bat elgarretaratua Bilbotik Baiona edo San Martineraino!
“Gure Bazterrak” irrati emanaldia hasi zinuen duela zazpi urte. Atsegin handia zenuke ikustea zure jakitateak pizten duen interesa eta jendearen nahikeria bere ondareari buruz.
Biziko atsegin handienetarik izan da hori, zuri zor dut, partez: egun batez hasi behar ginuela emankizun bat naturari buruz, nik uste nuen geldituko ginela eta ondoko astean erran zenidazun segitu behar ginuela, nik niolarik ez ginela hortako hasiak... eta segitu ginuen. Horrek hartu du hedadura handia, jende ainitzek plazer hartzen du.
Makil bat eskaini dizute, Ohorezko Sari bezala, Eusko Ikaskuntza eta Baiona Hiriak emana. Nola hartzen duzu hori? Ba, ohoreak ez ditut sekulan biziki maite izan. Ikusten ditut, ez dut deusik aipatuko, bainan, medaila batzu emaiten dituzte, ikusten den bezala kazetetan. Ezagutzen ditudalarik zonbait jende, ene buruari diot, holako bati medaila bat emaiten balin badiote, hi desohoratua hintaike holako medaila baten onesteaz... Orai, ohore hori, kultura mailan, enetzat ez da atsegin handi bat bainan hau pentsatzen dut: ni naiz ikerle xume bat, euskal kultura, Euskal Herria maite ditut, ene bizi guzia hortan lehiatzen naiz, bainan egiten dut xinpleki eta ez kazeta edo irratietan aipatua izaiteko. Ofreitzen dautaten makil hortaz, hau pentsatzen dut: “to, funtseata hiri eskaintzen ditek, ikerle xume bat baihiz eta ene ikerle xume lagun ainitzen eta bereziki mendiko jakitate haundia daukaten artzainen eta horien izenean eskaintzen dauie makil hori”. Hola pentsatzen dut, sekulan aipatuak ez diren jende xume horien izenean. Beraz, makil hori, ohorezko makil hori eskaintzen dut ene mendiko ikerle lagun guzieri eta bereziki artzainer, artzain xahar guzier, zeren eta horiek duten jakitatea ezin preziatuzkoa baita.