Noiz ohartzen da norbait eskultore izan nahi duela?
Hara, hori laburbiltzen erraza da: artista izateko, lehen-lehenik, burutik jota egon behar duzu. Beharbada, eskulturan beste diziplinetan baino erantzukizun handiagoa behar da, teknika handiagoko jarduera delako: tamaina handiko gauzak mugitu behar dira, tailerraz arduratu, etab. Azken finean lanbide bat da. Hori dela eta, moderatuxeagoa izan behar duzu. Artista guztiak gaude burutik jota, baina eskulturan burua bere lekuan ere eduki behar dugu.
Gero, ohartu gabe, jadanik eskultore zara. Lanbide batetik abiatzen zara, lanbide horretan materialak ezagutzen dituzu, eta horren inguruan sakonduz, pixkanaka, barruan duzun sormena ateratzen duzu. Egia esan, beti izan duzu adierazpen-askatasun horren beharra, eta azkenean adierazpide gisa erabiliz nahiz zure bizitzaren parte garrantzitsu bihurtuz amaitzen duzu. Sortze-lanean, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen ere jakin behar da.
Gogoan al duzu zein lanengatik eman zizuten lehenbiziko soldata?
Ez, ez dut gogoan. Gogoan ditut nire lehenengo piezak, baina ez lehenbizi saldu nuena. Hain zuzen, lehenengo piezak zeramikaz egin nituen. Biziki estimatzen eta samintasunez oroitzen dudan lanbidea da hori. Gertuko material bat da eta barruko sentimenduak adierazten hasteko era erraza. Hasieran pieza ugari egin nituen zeramikaz. Denboraren igaroan adierazpen-premia izaten jarraitzen duzu, eta material bakarrarekin konformatuz gero, mundua txiki geratzen zaizu. Beraz, berriro ere konturatu gabe, zera esaten diozu zeure buruari: beste gauza batzuk bilatu behar ditut. Material hori berriz erabili behar izanez gero erabiliko nuke, baina nire ezaguera handitzeari, ikerketa-lanari, inoiz egin gabeko gauzak egiteari ekin nien. Egia esan, nahi izan dudana egin dut beti; batzuetan, egoki jokatu dut, beste batzuetan, berriz, ez.
Nola sortu zen hemen ikusten dugun tailerra?
Bada, egia esan, tailerra pixkanaka gorpuztuz joan da. Beharbada, lau urterekin zure eskuetan izan zenuen lehen orri hori da tailerra. Zuk zeuk ere ez dakizu ondo zer marraztu duzun orri horretan. Tailerra gorpuztuz joan behar da. Zeramikaz lan egin behar baduzu, adibidez, labea erosiko duzu, harriaz lan egin behar duzunean, diamantezko diskoak behar dituzu... Eta horrela, pixkanaka, tailerra gorpuztuz zoaz. Teknologia berrietara ere jo dezakezu, baita industriara ere... Garrantzizko osagaiak, berriz, hiru dira: eskulana, teknologiak eta zure burua. Hala ere, teknologia berriak oso garestiak dira oraindik. Lan garrantzitsu bat agintzen badizute, teknologia berriak eskain ditzakezu, baina garestiak dira.
Agindutako lan asko egiten al duzu?
‘Agindu’ hitza, nahasgarria izan daiteke irakurlearentzat, lana inposatu egiten didatela pentsa dezakeelako, eta ez da horrela, hori gezurra da. Dudarik gabe, agindutako lanak saltzen ditugu, baina agindua eta inposaketa ez dira gauza bera.
Lanak ezagutarazteko beste modu bat erakusketak dira...
Bai, erakusketetan zure azken aurrerapenak, zure azken lanak erakusten dituzu. Gainera, zure lanak lasai-lasai ikusteko eta kritikatzeko aukera duzu. Egileak noizean behin erakutsi egin behar ditu lanak, eta horregatik sortzen dira erakusketak. Erakusketetan lanak saltzeko edo enkarguak lortzeko aukerak sor daiteke. Erakusketetan zure marka, zure azken aurrerapenak eta piezak erakusten dizkiozu jendeari. Tailerretik irteten ez bazara, ez dute zure lanik ikusiko. Alacanten galeria pribatu batean izan dudan erakusketako lanak gorde berri ditut, eta azken bi urteetako lana erakutsi dut bertan. Erakusketa horretan neure buruari begiratu diot eta hobeto egin dezakedala ikusi dut. Piezak ikusi egin behar ditut, egiten ari naizena ikusi nahi dut, eta hori ikusteko modu bakarra erakusketa da. Hori bai, hurrengo erakusketa-lekua handiagoa izango da. Erakusketatik, aldi berri bati ekiteko adorez beteta itzultzen zara tailerrera. Eskultoreak erakusketa gutxi egin ohi ditu, eskultura-lanak mugitzea lan handia delako. Margolariak 40 erakusketa inguru egin dituenerako, eskultoreak bost bakarrik egin ditu. Udaberrirako Iruñeako galeria batean daukat erakusketa bat aurreikusita eta beste bat prestatzen ari naiz atzerrirako.
Zuk diozunez, erakusketan ikusleek artistaren marka, nortasun-ezaugarria, antzeman dezakete. Nola definituko zenuke zeurea?
Nire nortasun-ezaugarria? Oso galdera ona da, baina, egia esan, ez dakit nolakoa den. Nik ez dut kubismorik asmatu, nik ez dut ezer asmatu, baina nire lanak ezagutzeko modukoak direla uste dut. Askotan esan didate: “zure pieza bat ikusi dut”. Hori lanek esaten dizute. Nire lanetako bakoitzak bere zergatia du, baina nire lana, oro har, bizi naizen ingurunean oinarriturik dago; zerbait helarazten didan guztia du oinarritzat: ukitzen dudana, ikusten dudana, entzuten dudana... Nire ibilbidean, artista askoren eragina izan dut... baita artearen mundurekin zer ikusirik ez duten beste gauzenak ere.
Esan iezadazu liluratu zaituen piezaren bat, baina zurea ez dena...
Venancio Blancoren El retrato a Belmonte eskultura oso gogoko izan dut beti eta askotan loa ere galarazi dit. Oso pieza gogorra da. Lan figuratiboa da, sormen eta trebetasun handikoa, eta oso gogorra. Lan batek aseko banau, lan horretan artistaren eskuak ikusi behar izaten ditut. Galtzen ari den zerbait da.
Ba al duzu besteak baino gogokoago duzun materialik lanerako?
Ez, niri dena gustatzen zait, material guztietatik atera daiteke zerbait. Hormigoia, esaterako, oso gustukoa dut, baina ez dut ukitu ere egiten. Material guztiak erabil daitezke sormena garatzeko. Badira material nobleagoak eta hain nobleak ez direnak, beroagoak eta hotzagoak (burdina zura baino hotzagoa da). Badira materialak, duten pisuagatik nahi duzuna egiten uzten ez dizutenak: harriarekin ezin duzu nahi duzuna egin. Badira material hauskorrak ere... Materialak zer ematen dizun eta zuk materialari zer eman diezaiokezun jakin behar da.
Eta sarriago erabiltzen duzun gairik?
Bada, gaiak saihesteko ahaleginak egiten ditut. Espazioa gaitzat duten piezak, ezer argirik esateko kontzepturik ez dutenak sortzen ahalegintzen naiz. Mezua niretzat espazioa betetzea da, eta espazioak pieza betetzea. Dudarik gabe, noizean behin gairen bati ere heldu behar izaten zaio, hori egia da.
Zein izan ote da bukatzerakoan buru-hauste gehien eman dizun lana?
¡Uf! Buru-hausteak eman dizkidatenak asko izan dira, eta, berez, desagerturik daude, zabortegira botatzen ditudalako. Edukiontzi batzuk betetzeko adina izango dira, eta hori etsigarri samarra ere bada. Badut, esaterako, urtebete baino gehiago jirabiraka dabilkidan intxaurrondo-pieza bat, eta ezin dut asmatu. Beste askorekin, berriz, poz-pozik nago. Nire ustez, oso lan onak ere asko ditut, hori ez dago ukatzerik. Nik lan onak gordetzen ditut. Denek dute beren zergatia eta justifikazioa nire bizitzan.
Zure lana utzi eta eremu publikoetako beste eskultura batzuei buruz hitz eginez gero, bada kasu bat bereziki ezaguna: Zornotzan Andrés Nagelen La Patatarekin gertatu dena...
Nagelek lantzen duen ildoa eta berak egiten dituen lanak kontuan hartuz, La Patata pieza koherentea iruditzen zait, baina oso arriskutsua ere bai gutxi edo asko landa eremuari loturik dagoen herri bateko plazan jartzeko. Askoz hobeto egongo litzateke, adibidez, New Yorkeko museo batean. Hala ere, egile baten lana da eta errespetatu egin behar da. Hori bai, La Patata eskulturaren gaineko kontrola politikariei dagokie, haiek dira bai edo ez esaten dutenak. Politikariak, ordea, ez dira teknikariak, eta, berez, politikari gehienek ezer gutxi dakite arteaz. Nageli, bada, inolako begirunerik gabe, ez zaiela gustatzen esan diote, baina eskultura hori ez da apaingarri bat, ez da loreontzi bat. Ni ez naiz oso aditua legeetan eta ez dakit mugi dezaketen edo ez, baina erabaki hori nirekin hitz egin gabe hartuko balute, min emango lidakete.
Bukatzeko, zein dira Jesus Lizasoren aurtengo proiektuak?
2009a Europan zehar ibiltzeko urtea izango dela uste dut. Tailerrean ordu asko egitea eta gau-festa gutxiago izatea ere espero dut. Hemen, tailerrean egon behar da. Jesús Lizaso (Barakaldo, 1961) LH (metalaren adarra) ikasi zuen, eta aroztegi batean hasi zen lanean. 1983an Basauriko Kultur Etxeko Zeramika eta Eskultura Tailerrean sartu zen, eta zeramika tradizionala eta sormen handiagoko beste bat landu zituen. Han piztu zitzaion eskultura modernoa lantzeko grina. Garai hartakoak dira buztin erregogorrean egindako torlojuak eta iltzeak. 90eko hamarkadan Estatuko artisautza-azokarik nagusienetan parte hartu zuen eta zenbait erakusketa kolektibotan ere izan zen. 1997an industria-mundua ezaugarri zuen aldiari ekin zion: engranaje-serietan oinarritu zen. Bi urte geroago bide eskultorikoagoari heldu zion, brontzea eta zura erabiliz baina buztina baztertu gabe. 2002an “los toros”, “los ciclos”, “los ensayos opticos” moduko lanak egin zituen. Hasierako gairik usuenak familia, maitasuna eta industria izan bazituen ere, ondorengo lanetan erreferente horiek galdu eta, haien ordez, plastika biluziagoa erabiltzen hasi zen. Horretan ez da gizakirik agertzen, ez bada haren ingurunea eraldatzeko duen gaitasuna agerian uzteko.