Joaquín Gálvez. Idazlea eta gerrako umea: Etxebizitzak, zenbait oroitzapen, bizipenak... ahazten joan zaizkit baina zorionez, memoria gelditzen zait oraindik

2006-11-17

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Joaquín Gálvezek orain 70 urte izan zen gerrako, Espainiako Gerra Zibileko, bere bizipen guztiak islatu ditu “Tener 13 años en el 36” liburuan. Gerra horren ostean, II. Mundu Gerra hasi zen, eta Gálvez Frantzian harrapatu zuen. Horregatik, “de niño de la guerra a esclavo de Hitler” izenburua jarri nahi izan zion liburuari hasiera batean. Bere etxeko eta bere bizitza luze eta gogorreko ateak ireki dizkigu, gaur egun Donostian bizi den hondarribiar honek, eta “oroitzapenak aletzen” hasi gara alemaniar martxen erritmora (“ez da masokismoa, girotzeko baino ez da”, esan digu). Liburua

Joaquín, Tener 13 años en el 36 liburua argitaratu berri duzu oraintsu.

Bai, gerrako nire bizipenei buruzko pasadizo solteekin osaturiko liburua da. Halere, noizean behin tragediari umore pixka bat sartzen saiatu naiz, hain lazgarria izan ez dadin.

Oso gogorra egin zaizu zure bizitzako garai hori gogoratzea?

Gutxika eta zintzotasun handiz idatzi ditudanez, ez zait gogorra egin. Pentsamendu bat badatorkit burura, esate baterako “ostikoa ipurdian”, istorio bat garatzen dut hori oinarritzat harturik.

Nola sortu zen liburua idazteko ideia?

La voz de los olvidados aldizkarian idazten nuen Saint Cyprienen, Frantzian, ni egon nintzen espainiar errepublikarren kontzentrazio-esparrua egon zen tokian. Egun batean idatzi horiek guztiak biltzea erabaki genuen; meritua, beraz, forma eman dion argitaratzailearena da. Nik nire oroitzapenak jarri besterik ez dut egin.

Nolakoa da zuk bizitako guztia bizi izan duen pertsona bat?

Kalezalea eta irekia naiz oso, biziki atsegin ditut pertsonak, baina, era berean, oso etxekoia naiz, 3 etxe galdu bainituen: ez dut oroigarririk, ez mekanorik, ez marrazkirik, ez eskolako diplomarik... Ezertxo ere ez.

3 etxe utzi behar izan zenituen?

Bai. 36ko gerraren erruz, ihes egin genuen Irunetik, soinean genuenarekin. Hendaiatik eta Poitierretik igaro ostean, hilabetean, Kataluniara heldu ginen, eta bertan beste etxe bat izan genuen. Berriz ere, tropak gerturatzen ari ziren, eta aitak telegrama bat bidali zigun: “Carmen (nire ama), oraingoan Frantziara joan zaitezte”. Eta hori egin genuen. Frantziara itzuli eta 5 hiletara Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Horregatik, gure bizileku zen bi ohedun etxabe hura utzi egin behar izan genuen. Etxeak, oroitzapenak, bizipenak... abandonatuz joan naiz, baina, zorionez, oraindik oroimena ez dut galdu. Gizatxarkeria asko gogoratzen ditut; “une petite merde” sentiarazten zaituzten une gogorrak (frantsesez diot belarrira hobeto egiteko).

Esan duzu aitak telegrama bat bidali zizuela, ez zegoen bera amarekin eta biokin?

Aita errepublikari leiala izan zitzaion, eta etsaia Euskadin sartu ez zedin borrokatu zen. Anaia ere ez zegoen gurekin; boluntario sartu zen errepublikarren aldean. Biuren, Gironako herri txiki batean, errekatxo bat igarotzen ari zela ikusi nuen nire aita azken aldiz, 39ko otsailean. Frantziako mugarantz gindoazen (hil horretan 500.000 pertsona sartu ginen, eta aurreikuspen guztiak gainditu genituen, Frantsesek ez baitzuten 50.000 pertsona baino gehiago espero). Han agurtu genuen elkar, eta ez genuen haren berririk izan 1960ra arte, jaso genuen gutun “arrunt” bat izan ezik. Gutun horretan amari lepo luzeko jertse bat eta pipa bat eskatzen zizkion, eta gutxi barru askatuko zutela esaten zigun.

Horrela izan zen?

Gezurra. Mauthausen-eko sarraskitze-eremura eraman zuten. Esaten ari nintzaizun bezala, 60. urtera arte ez genuen bere berririk izan. Nire aita, pentsa ezazu, bertan hil zuten, presoen esparruan, 41eko apirilean.

Eta anaia Francisco?

Anaia 39an fusilatu zuten. Errepublikar Armadako kapitaina zen euskal milizietan, eta ondoren, Errepublikako Herritar Armada sortu zenean, 40. Brigada Mistoan sartu zen, Madrileko unibertsitate-hirian. Gerraren amaiera heldu zenean, Erregularren Teniente Koronel batek fusilatu egin zuen. Gaur egun, oraindik, desagertutzat jotzen dute. 1979an argitara emandako ediktu baten arabera: “gerraren amaierak Madrilen harrapatu zuen, eta martxoaren bukaeran preso egin zuten. Harrezkero ez dugu haren berririk”.

Zoritxarrez ezin izan zenuen denbora asko igaro zure anaiarekin. Berari buruzko zer oroitzapen dituzu?

Gogoratzen dut 34an atxilotu zutela. Disgustu handia izan zen familiarentzat. Nire aita errepublikanoa zen, eta semea Juventudes Socialistas Unificadas-en sartuta zegoen, komunisten taldean. Behin, nire amarekin Guadalupeko gotorlekura anaia bisitatzera nindoala, amak esan zidan: “Joaquín, ez zaitez inoiz politikan sartu”. Ez ama, ez, erantzun nion. Eta hori lema gisa geratu zitzaigun, eta ahal zuen guztietan errepikatzen zidan. Frantziara heltzea

Esan diguzu Irun eta Katalunia atzera utzi ostean ama eta biok Frantziara joan zinetela, nola izan zen bidaia?

Kontzentrazio-esparru batean sartu ginen, mugatik 12 kilometrotara, hobeto esanda “triaje-esparrua” zen hura. Castelldefels-etik Frantziako mugara oinez joan ginen (180 km), bonbardatuak, txingorrarekin, elurrarekin..., eta nire amak bidean zehar jasotzen zituen arbi eta erremolatxak jaten genituen. Masietatik igarotzen ginen, eta ezin izaten ziguten jatekorik eman, soldaduek dena eramaten zutelako. Halere, katalanak oso ondo portatu ziren nirekin.

Eta Frantziara heldu zinetenean?

Heldu ginenean, 39ko otsailean, Frantziako ohiko eskuinaren eslogan bat zegoen, “Fronte Popularra baino hobe Hitler” zioena. Orduan Fronte Popularrak agintzen zuen: sozialistek, komunistek... Hain zuzen ere, alemanen okupazio garaian gu gorriak, iraultzaileak, anarkistak... ginen. Pentsa ezazu, ni 17 urteko mutila nintzen, eta nire aitak bezalaxe bihotz ezkertiarra nuen. Bera, nire aita, errepublikarra zen, Karabineroen Tenientea, ordena maite zuen gizona... horrela hil zen koitadua.

Baina Kataluniaz eta Frantziaz gain Bretainia ere “bisitatu” zenuen. Zergatik geratu zinen bertan?

Banandu egin gintuztelako.

Zer harreman izan zenuten alemanekin?

Soldadu alemanek 18 urte zituzten, eta zilborra biribila, guk bezalaxe. Hondartzan bainatzen ginen: haiek alde batean eta gu bestean, galtzontzilotan. Gainera, gorputz berdina geneukan, ez arraza, ez ezer... Azken finean, guztiok dugu zilborra biribila. Hori da nire araua.

Nola tratatu zintuzteten?

Nortasuna zuten eta errespetarazten ziren nazionalitateen artean zegoen espainiarra. Frantsesak kikilduta zeuden, eta poloniar eta errusiar koitaduak are gehiago. Behe-mailako arrazak balira bezala tratatzen zituzten.

Konta iezaguzu alemanekin izandako harremanari buruzko pasadizoren bat...

Nire amak arropa garbitzen zion soldadu aleman bati, eta horren ordez ogia, gazta eta saltxitxoia ekartzen zigun; gainera, oso ongi portatzen zen gurekin. Izan ere, zerk banantzen gintuen alemanengandik? Soilik faxismoak, eta gu errepublikarrak izateak. Noski, nik 17 urte nituenez eta oso ausarta nintzenez, ez nuen begi onez ikusten hura eta beldur handia izaten nuen, baina... behar gorria genuen.

Besteren bat?

Behin alemaniar soldadu bat ikusi nuen negarrez. Jakina, ez nion galdetu zer gertatzen zitzaion, tiro bat jaso bainezakeen. Halere, oraindik gogoan dut hura, eta soldaduak zergatik negar egiten zuen jakiteko jakin-mina. Lagunen bat hilko zitzaion gerran? Demokrata bat izango zen? (nazien kontrako 7 milioi pertsona zeuden Hitler boterera heldu zenean; nahiz eta kontzentrazio-esparruetatik pasatu, ez ziren denak desagertu). Frantzia alemanen mende ikusi eta ondoren Europa oso eroriko zela pentsatzen ariko zen?... Etxera itzulera

Azkenean etxera itzultzeko unea heldu zen. Hainbeste denbora kanpoan egon ostean, nola izan zen itzulera?

Zirraragarria. Biarritz igaro eta Hendaiako geltokira heldutakoan “a zer poza”! Ni ez naiz nazionalista, ezta chauvinista ere, baina irrikatzen nengoen Bidasoa igarotzeko. Zirraragarria, begien bistan nituen Jaizkibel, San Martzial, Aiako Haitzak, Santiago auzoa, Plaiaundiko itsasertza..., oroitzapen guztiak bor-bor jarri zitzaizkidan.

Ziurrenik itzulera, inolako ondasun materialik gabe, oso gogorra izango zen. Izan zenuten laguntzarik?

Egia esan, oso zorte handia izan genuen. Donostiara heldu ginenean, bertan genituen familiarteko batzuek beraien etxean hartu gintuzten. Nire osaba Londres Hoteleko zuzendaria zen; hori dela eta, dontzeila eta sukaldaria zituen “ikaragarrizko” txalet batean bizitzen amaitu genuen. Ez nuen ezer faltan.

Alde aparta...

Bai, oso handia. Liburutegira joatea eta jendea begiratzea atsegin nuen, behatzea. Niretzat hori guztia mundu berri bat zen.

Gerrako haur askok esan ohi dute integratzea oso zaila izaten dela. Nola izan zen zuretzat?

Apur bat zaila. Nire lehengusuak bere lagun-taldean sartu ninduen, baina ni ez nengoen eroso giro hartan. Alde zaharrera “txikitoak” edatera, mezatara, Hernanira dantzara... joaten ziren. Pentsa ezazu, nik kartetan jolasten ere ez dakit! Ni beste mundu errealistago batetik nentorren. Mutilen eta nesken arteko elkarrizketak hutsalak iruditzen zitzaizkidan; “dotore-dotore” jantzita joaten ziren, jaka zuriekin... Ni oso desberdina nintzen.

Eta jasandako guztiaren ostean, soldaduska egitera joan behar izan zinen oraindik...

Jasandako guztiaren ostean, bainuetxe batera joatea bezala izan zen niretzat soldaduska. Lizarran eta Zumaian izan nintzen, eta ondoren Orreagan makien aurka borrokan. Ikustekoa! Nire bihotza haiekin zegoen, eta nik haiek harrapatzeko aginduak jasotzen nituen! Horrelakoa da soldaduska! Ni armada ingelesa eta alemana ikustera ohiturik nengoen, eta horiek niretzat armada bikainak ziren. Hona etorri nintzenean, bertako armada “hutsaren hurrena” iruditu zitzaidan.

Egurgile, meatzari, hegazkinentzako plataformetan lanean eta gerran bortxazko lanetan aritu ostean, zer lan egin zenuen itzultzerakoan?

Iberdueron sartu eta informatikan aditu bihurtu nintzen. Bilbora bidali ninduten, eta bertan zerebro elektronikoen koordinatzaile gisa lan egin nuen. Nire lagunengandik bereizten ninduen gauza bakarra, nik futbol talderik ez nuela zen, ez akziorik, ez Errioxan apartamenturik!

Zein desberdinak izan ziren zure gaztaroko bizipenak, gaurko gazteenekin alderatuta!

Izan ere, orain XXI. mendean bizi dira, alde horretatik ulertzen ditut. Baina, zer-nolako gazteria! Oinarrizko balio batzuk genituen. Gainera, lehen idealak genituen eta orain berriz ez. Erlijio gutxi, politika gutxi. Ez dute mundua aldatzeko beharrik. Dena oso azkar aldatzen da. Esate baterako, nik 4 aldizkari frantses erosten ditut, Le express sozialista dena edo zena, Le Figaro eskuinekoa, Le Point zentrokoa eta Nouvelle Observateur komunista ez-marxista. Lehen ñabardurak zeuden, joerak, baina orain perfumeak, gizonentzako italiar zapatak, automobilak... besterik ez dituzu ikusten. Gaur egungo bizimodua oso burgestua dago, baita langileria ere.

Orain beste bizimodu bat dugu...

Gazteak goizeko 5:00etan itzultzen dira, lagunekin Benidormera joaten dira... Lehen ez zegoen horrelakorik... Konfesatu nintzen azken aldia dut gogoan, 1955ean izan zen, ezkontzeko. Kaputxinoetara joan nintzen, ez zirela hain zorrotzak esan baitzidaten. Apaizak galdetu zidan, “pentsamenduz bekatu egiten duzu, seme?” “Noski”, esan nion, “bainugela bat iragartzeko neska bat ligerotan eta izterra agerian agertzen baita...”. Aita kaputxinoa begira geratu zitzaidan, eta “arrazoia duzu, seme, barkatuta zaude” esan zidan. Erotismoa agerian dago, onerako eta txarrerako. Bai, beste era batean bizi gara; beno, hobeto esanda, orain bizi egiten da, lehen dena bekatua zen. “Euskaldun jaio nintzen Hondarribin,

espainiar nortasun-agiria dut,

Irunen hazi nintzen,

Katalunian koskortu,

Frantzian hezi,

Alemaniar erara otzandu ninduten.

Espermatozoide bat naiz.

Eta Joaquín dut izena”. Joaquínek berak dioenez, goiko lerro horiek ezin hobeto irudikatzen dute. Boulevarden eserita kafea hartzea eta bertatik igarotzen den jendea marraztea du gogoko. Irentsi egiten ditu liburuak: etxe osoa liburuz gainezka dauka, eta gau-mahai gainean oraindik irakurtzeke dituen liburuak ditu. Gerrako urteen ostean, azkenean etxera itzultzeko aukera izan zuenean, Udal Liburutegian eskatu zituen lehen liburuak honako hauek izan ziren: Bertha von Suttner Baronesaren Armak behera! eta Leon Tolstoy-ren Gerra eta bakea, biak garai hartan debekatuak. Literatura frankista ere irakurtzen zuen, “bi aldeak alderatzeko”. Katalanez, frantsesez, alemanez eta italieraz hitz egiten du, eta orain errusiera ikasten ari da bere kabuz. Horrelakoxea da Joaquín, ekintzailea, alaia eta atsegina. Jasandako guztiaren ostean, bidegabekeriarik ezin duelako jasan izan daiteke.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñigo Lamarca. Arartekoa: Herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio plublikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat

 

Irakurri

José Ramón Anda. Eskultorea: Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, Nafarroak min ematen dit

 

Irakurri

Pío Caro Baroja. Idazle eta dokumentalista: Nire osaba, Pío Baroja, gizon adeitsua, langilea eta egiazalea zen guztiz. Ez zuen legarrik ahoan, eta sirenen kantu eztiek ere ez zuten limurtu

 

Irakurri

Mónica Moso. Ezagutzaren Klusterraren Zuzendaria: Euskadik ez du energia baliabiderik, ez du multinazional handirik, eta atzerritik etorritako inbertsioa mugatua da. Geure pertsonen asmamena eta ezagutza ditugu bakarrik, funtsean

 

Irakurri

Imanol Olaizola Etxeberria. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehenengo lehendakaria: Egiaz, zerk du balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak?

 

Irakurri