Tolosako alkate zara 2003 urtetik. Zure herria asko maite duzula antzematen da. Zeintzuk dira alkate izendatu zintuztenean zeure buruari proposatu zenizkion helburuak? Hauetako zenbat bete dira? Zeintzuk esango zenuke direla etorkizuneko erronka nagusiak?
Politikaren ikuspegi ezberdin asko ezagutu ditut; Legebiltzarra, Senatua, Tolosako zinegotzi gisa ere urte askotan egonda nago. Alkatea izatea bezalakorik ez dago; garbi dago norberak izan behar dituela sentsazio horiek, eta norberak lortu behar du proiektu batekin identifikatzea, baina herriko alkatea izatea bezalakorik ez dago. Proiektu asko ditugu, bizitzan dugun bezalaxe; “atariko” politika edo gertuko politika egitea da proiektu nagusiena.
Irakasle izateko ikasi zenuen, ikastola bateko zuzendari izan zara eta kazetaritza ere jorratu duzu... Nola amaitu duzu alkate izaten? Beti izan nahi izan duzu zure herriko alkate?
Inoiz ez nuen pentsatu nire herriko alkatea izan nintekeenik. Bizitzan hartzen diren erabakien ondorioa izan daiteke; baina ikus daitekeen moduan nire bizitza profesional osoa giza harremanetan pasa dut eta hori bai dela inportantea.
Zer da, zure ustez, alkate on batek eduki beharko lituzkeen bertuteak?
Umiltasuna, langilea eta ilusioz betea egotea izango lirateke baldintzak edozein proiektua aurrera ateratzeko
Zein da karguaren satisfazio betegarriena eta zein frustraziorik sakonena?
Jendeari laguntza zuzena ematen zaion eran, arazo pertsonalak konpontzeko moduan garenean; askotan proiektu handiak besteak itzali egiten dituzte, baina begietara begiratuta malkoz beteriko horiek dira satisfazio eta negargura eman dezaketenak.
Zer dauka Tolosak? Non dago bere berezitasuna, bere xarma?
Dena da xarma bat; bere historia, bere jendea, ohiturak... osotasunez begiratu eta aztertu beharreko errealitate bat da.
Tolosa ez den beste toki batean biziko zinateke? Non?
Tolosan; ez dago Tolosa bezalako beste herririk; agian auzoz aldatuko banintz, Bedaio, Aldaba edo Urkizura joko nuke.
Zure herriko alkate ez ezik, Eudeleko (Euskadiko Udalen Elkartea) presidente ere bazara, zer suposatzen du honek, profesionalki eta pertsonalki?
Lan handiago bat eta ezagutza sakonago bat hainbat gauzen inguruan.
Zeintzuk dira Eudelen erronka eta eginkizun nagusiak?
2008-2012 Plan Gidarian jaso ditugun eta udalen garapenerako lehentasunezkoak diren gaiak daude mahai gainean, esate baterako, Euskadiko Udal Legearen beharra, azaroan onartu genuen kargu publikoen estatutuaren garapena edo Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan kide oso legez sartzea. Gai horiek guztiak garrantzi handikoak dira, eta partaidetzatik egin behar zaie aurre.
Zein da herriek gaur eguneko mapa globalizatuan jokatzen duten papera?
Zalantzarik gabe, gero eta egiteko handiagoa daukate. Gogoan daukat duela hiru urte “Tokiko Hiri eta Gobernu Batuak” udal erakundea sortu zela, zeinak mundu osoko 80 herrialdetako 3.000 alkate bildu baitzituen Parisen. Horrek esan nahi du udalen arazoak amankomunak direla planeta osoan. Nik esan ohi dut XXI. mendea partaidetzaren eta lan amankomunaren mendea dela, udalen mendea, horiek baitira irekien eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak.
Eta Euskal Herriak Europan duen txokoa? Zer eskatuko zenieke Europako agintariei herrien botereari dagokionez?
Eudel-ek presentzia garrantzitsua dauka toki gobernuentzat interesgarriak diren eta azken urteotan finkatzen joan diren erakunde europarretan. Gure ustez, Europar Batasunak nazioarteko garapenaren alde egiten duen politikak gero eta egiteko handiagoa aurreikusten du toki erakundeentzat, nahiz eta sekula ez den nahikoa izango, eta guk, Europako Udalerri eta Eskualde Kontseiluak (CMRE)ren zuzendaritzan egonik, hori lortzeko borrokatuko dugu. CMREren lan nagusia Europa indartsu eta kohesionatu baten alde lan egitea da, udal eta eskualde mailako autonomian eta balio demokratikoetan oinarrituta. Helburuak hauek dira: udal autonomiaren defentsa, Europan udal demokrazia defenditu eta zaintzea eta subsidiariotasunaren printzipioa eta hiriak defenditzea, administrazioaren beste maila batzuen aurrean.
Zein toki eta egoeratan ikusten duzu Euskadi gaur eguneko informazio eta teknologia berrien gizartean?
Eudel, udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ekimen batean ari gara parte hartzen. Ekimen horren helburua da Euskadiko gizarte osoari informazioaren gizartea eramatea, doaneko zentro sare baten bitartez. Izan ere, sare horren asmoa gizartean banaketa sortzen duen arazo bat desagerraraztea da: eten digitala. Gaur egun ia 300 zentro daude irekita Euskadiko udaletan. Zentro horiek alfabetatze digitala dute helburu eta KZ gune dute izena. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina uste dut bide zuzenetik goazela.
Zein helburu lortu ditu Europako Informazioaren Euskal Sareak azken urteetan? Zeintzuk dira etorkizunera begira dituen erronka nagusiak?
Gure erronka argia da. Informazioaren teknologia berrien ezarpenaren aldeko apustua egingo dugu, eta topaketa eta partaidetza sustatzeko egingo dugu hori. Argi dago belaunaldi gazteak harreman eta komunikaziorako baliabide berria aurkitu duela euskarri honetan. Gazteak dira, eta, beraz, etorkizuna. Eta guk udal gazteak nahi ditugu, etorkizunez beteak. Berrikuntza eta informazio sistemak udalak herritarrei irekitzeko, gaztetzeko eta gazteak partaidetza publikora erakartzeko tresnak direla uste dugu.
Handinahia zarela esango zenuke?
Harrokeri gabeko ametsa da nire bizitza; etorkizun ezberdinaren aldeko borroka da nire izateko era, eta bilbotarren izateko era gustuko duen pertsona naiz, pentsatuz edozein bilbotar tolosarra izan nahiko lukeela.
Non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru? Eta, non gustatuko litzaizuke egotea? Hamar urte barru politikatik kanpo ikusten dut nire burua; eta nire anbizio nagusiena arlo pertsonalean dago; urte guzti hauetan nire bizitza pertsonalari kendu diodan guztia eskaini nahiko nioke 10 urte barru. Jokin Bildarratz Sorron
(Tolosa, 1963) Ezkondua eta bi seme alaben aita da. Formazioz magisteritza eta zientzi politikoetan lizentziatua, urte asko irakaskuntza arloan egin dituelarik; komunikabideen mundua ere oso ondo ezagutzen du, EITB taldean lau urte egin ondoren. Bertan promozio eta marketing arduraduna izanik eta ondorenean programa berezietako burua izan zelarik. Esperientzi politiko zabala du ere, lau urte Tolosako Alkate, zortzi urte Tolosako Udaletxean zinegotzi, Gasteizko Legebiltzarreko eta Madrilgo Senatuko kide 2004arte. 2007an azkenengo udal hauteskundeetan (2007.05.27) berriro alkatea izendatua eta 2007ko irailaren 19an EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) elkarteburu izendatu zuten. Udal politika maite du eta bere laneko klabeak, taldea osatzeaz gain, bizilagunenganako gertutasuna, eta lana apaltasunez egitea dira.