Elkarrizketa: José Ignacio Tellechea Idígoras José Ignacio Tellechea Idígoras, historialaria "Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da" * Teresa Sala José Ignacio Tellechea 1928ko apirilaren 15ean jaio zen, Donostian. Haur bat besterik ez zela, irakasle batek atlas alemaniar bat eta Historiako liburu bat eman zizkion, eta opari horiek erabakiorrak izango ziren bere etorkizunerako, ikerketa historikoarekin betiko lotuko zuen harreman bati eman ziotelako hasiera. Duela bi urte erretiratu zen, baina, bere hitzetan, "eskolak emateari utzi besterik ez nuen egin". Izan ere, historialari nekaezin honek aintzinako agiriak transkribatzen, artxibo eta liburutegietara joaten eta Historiari buruzko nazioarteko kongresuetan parte hartzen jarraitzen du. Gezurra dirudien arren, oraindik gauza asko omen dauzka egiteko, nork eta ehun liburu inguru, hirurehun agiritik gora eta mila artikulu baino gehiagoren egile denak. Bere kurrikuluma hain da luzea, ia ezinezkoa dela lerro gutxi batzuetan laburbiltzea. Ikasketak Bergara eta Vitoria Gasteizko apaizgaitegietan egin ostean, Tellechea Idígoras Teologian doktoratu zen Erromako Unibertsitate Gregorianoan, eta, han bertan, Elizaren Historian lizentziatu eta Paleografiako Eskola Batikanoko diploma eskuratu zituen (1951 1956). 1965ean, Filosofia eta Letretan ezohiko saria eskuratuz lizentziatu zen Madrilen. Donostiako apaizgaitegiko irakasle, liburuzain eta errektore izana da, eta baita Madrilgo apaizgaitegi hispano amerikarreko irakasle ere. 1966an, Salamancako Unibertsitate Pontifizioko Elizaren Historiako katedra eskuratu zuen. Besteak beste, Historia Donostiarreko Doctor Camino Institutuko bazkide eratzaile, presidente eta zuzendaria da, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko, Euskaltzaindiako eta Real Academia Española de la Historiako kide da, eta baita Venezuela eta Mexikokoa ere. Noiz eta nola piztu zitzaizun Historiarekikointeresa? Oso gaztetan zaletu nintzen Historiarekin. Haur bat besterik ez nintzela, Vitoria Gasteizko seminaristetako ikasle nintzenean, On José Zunzunegi irakasleak atlas historiko alemaniar bat eta Espainiako Historiari buruzko liburu bat oparitu zizkidan. Oso maite nituen liburu horiek. Eskolako liburutegiko laguntzailea ere izan nintzen. Apaizgaitegian ikasketak amaitutakoan, Erromara joan eta Teologiako doktoradutza egin nuen, Historiari lotutako tesi bat aurkeztuz, eta Elizaren Historiako fakultatean ikasten aritu nintzen. Orduan Batikanoko Liburutegira eta Erromako beste artxibo batzuetara joaten hasi nintzen, eta argitara ateratzeko zain zeuden material eta agiri pila bat aurkitu nituen. Ikasketak amaitutakoan, Donostian Historia eta Teologia irakasten hasi nintzen, eta Madrilgo Apaizgaitegi Hispanoamerikarrean Historia. Garai hartan hasi nintzen Real Academia de la Historiara, Liburutegi Nazionalera eta Artxibo Historikora joaten. Oso gaztea zinen Historiari buruzko artikulu eta saiakerak idazten hasi zinenean... Bai, egia da. Hogeita bat urte baino ez neuzkan lehenengo lana argitaratu nuenean. Dagoeneko ehun inguru dauzkat argitaratuta. Nire lan gehienak artxiboetako agirietan daude oinarrituta; horrek esan nahi du berriak direla eta argitaratu gabe egon direla. Hogeita zortzi urte inguru neuzkanetik, nire bizitzaren ardatza ikerketa izan da. Duela bi urte erretiratu nintzen, eta denbora honetan guztian ikertu eta idatzi besterik ez dut egin. Zein hiri eta artxibotan izan zara maizen? Batez ere Madrilen eta Erroman. Ikasketak amaitu ondoren, hamar urtetan Erromara joaten jarraitu nuen, hilabete eta erdiko egonaldiak egitera. Batikanoko Artxiboan eta Liburutegian aritu nintzen lanean, eta gauza asko aurkitu nituen. 1966an Salamancako Unibertsitate Pontifizioan Elizaren Historiako irakasle lanetan hasi nintzen, eta han Unamunoren Artxiboa aurkitu nuen. Lan gehiena artxiboetan egiten dudanez, landu ditudan gai gehienak artxiboetan egin ditudan aurkikuntzeningurukoak dira. Euskal Herrian egon naizen denboran hemengo artxiboetan ere ibili naiz, gai desberdin asko aztertzen: Elizaren Historiako euskaldunak, gipuzkoarrak, espainiarrak... Baina ez gai zehatz horiek aukeratzen ibili naizelako, baizik eta lanean aritu ahala egiten nituen aurkikuntzengatik. Berrogeita hamargarren hamarkadan, Karrantzako Fray Bartolomeren bizitza eta obra aztertzeari ekin zenion. Zure lan historiografikoaren hein handi bat eskaini diozu gizon honi... Datorren urtean berrogeita hamar urte beteko dira Karrantzako artzapezpikuaren kodizeak aurkitu nituela. Artzapezpiku honen kasua oso ezaguna da Espainiako Historian, Toledoko artzapezpikua zenean hamazazpi urte iraun zituen prozesu inkisitorial bat izan zuelako. Erroman aurkitu nituen berak eskuz idatzitako idazkiak, eta gero, Madrilen, prozesu inkisitorialaren berri ematen zuten 22 liburuki aurkitu nituen. Gai hori aztertzen hasi, eta azkenean 23 liburu eta ehun bat artikulu argitaratu ditut horren inguruan. Orain hori guztia era labur batean azalduko duen liburu bat egiten pentsatzen ari naiz, baina jende guztiak amaitzen ari naizela eta gaiak gehiagorako ematen ez duela pentsatzen duen arren, nik uste dut hasten baino ez naizela ari, zeren aurkitu ditudan agiriak, guztira, 70.000 orrialde baino gehiago dira. Asko daukat egiteko. Ez dakit bukatu ahal izango dudan; ahal dudana egingo dut. Atzetik datorrenak jarraitu beharko du. Zazpi liburuki argitaratu ditut artzapezpiku honen prozesu espainiarrari buruz, bi erromatarren prozesuari buruz, bere idazki batzuei buruz... Latinezko katekesia bukatzea gustatuko litzaidake; 1.500 orrikoa. Beste alde batetik, bere garaiko jende ospetsuarekin izandako harremanei buruzko artikulu monografiko pilo bat daude. Nire gai nagusia Karrantzako artzapezpikua izan da. Aita Larramendiren inguruan ere aritu zara lanean... Egun batean, 1965 inguruan, Aita Larramendiren paper batzuk aurkitu nituen Historiaren Akademian. Argitaratu gabe zeudela ikusi nuenez, horieninguruan lanean hasi nintzen, eta Aita Larramendiri buruzko lau liburuki eman nituen argitara. Horietako bat Gipuzkoako foruei buruzkoa zen, zoragarria. Ordura arte inork ez zuen ezagutzen. Berpiztu egin nuen Aita Larramendiren figura, denek ahaztuta zeukaten eta. Beste batean, Miguel Molinosen gida espiritualaren eskuizkribu originala aurkitu nuen Batikanoko Liburutegian. Gizon hau kondenatu egin zuen Inkisizio erromatarrak. Hamabi urte eman nituen eskuizkribu horren edizio kritiko bat prestatzen. Eta Molinosen hiztegi bat ere argitaratu nuen, hamalau artikulu desberdinetan banatutako liburu batean. Oraindik Molinosen gauza eder asko dauzkat argitaratzeke. Ikerketa historikoaz gain, beste esparru batzuk ere ukitu dituzu. Donostiako Historiaren Doctor Camino Institutuko sortzaileetariko bat izan nintzen, eta 1966az geroztik hango lehendakaria naiz. Donostiako harresiak bota zituzteneko mendeurrenean, hiriaren historiari buruz gauza gehiago argitaratzeko grina piztu zitzaigun lagun talde bati. Hasieran informalki hasi ginen, baina 35 urtetan ehun liburuki inguru argitaratu ditugu Donostiako historiaren inguruan. Lehenengo liburukia Trentoko Erreformari buruzkoa izan zen, San Bizenteko parrokian Bisitako mandatuen liburua aurkitu nuelako, altxor bat, Iruñako gotzainaren eta bere ordezkariaren bisiten berri ematen zuen koadernoa. Liburu horrek ehunka urte zeramatzan gordeta, inork ikusi gabe, eta nik hartu eta argitaratu egin nuen, Trentoko Kontzilioak San Bizenteko parrokian izan zituen ondorioei buruzko azterketa luze batekin batera. Zer egiten duzu zoazen lekura zoazela agiri originalak aurkitzeko? Egia esan, leku guztietan aurkitzen ditut gauza interesgarriak. Behin, Valladoliden, Donostiako Moja Alferezaren aitonaren prozesu batzuk aurkitu nituen. Ordura arte, bere aitaren eta amaren abizenak bakarrik genekizkien: aita Erauso zuen, eta ama Galarraga. Denbora luzea eman nuen gaia aztertzen, eta 300 orrialdeko liburu bat argitaratu nuen, Moja Alferezari buruzko gauzaberri pila batekin. 1988an, Armada Garaitezinaren mendeurrena ospatu zen. Gipuzkoari buruzko informazio pila bat aurkitu nuen, eta 300 agiri jasotzen zituen liburu bat argitaratu nuen, 1.000 orritakoa, eta garbi uzten nuen Armada Garaitezinaren bosten bat gipuzkoarra zela. Erregearen ordenantza bat ere aurkitu nuen, hildako guztien erregistro bat egiteko agintzen zuena, eta horri esker Armada hartan Gipuzkoako 527 marinel hil zirela jakin nuen. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea era banaiz. Egun batean, Eusko Legebiltzarrak Peñafloridako kondeari buruzko informazioa biltzen zuen artxibo partikular bat erosi zuela jakin genuen (kondea Elkartearen sortzailea izan zen). Orduan, Vitoria Gasteiza joan, eta Peñafloridako kondearen 1.000 gutun biltzen zituen liburu bat prestatu nuen. Oso garrantzitsua izan zen Elkartearen sorrera eta garapena aztertzeko. Unamunoren artxiboan, Ramón de Bazterra poeta bilbotarraren gutun guztiak aurkitu nituen; beste liburu bat. Darío de Regoyos pintorearen gutunak ere aurkitu nituen; beste liburu bat. Euskal pintoreek Unamunori bidalitako gutun pila bat ere bai; beste liburu bat... Ordura arte argitaratu gabe egon ziren. Ignacio Zuloaga pintorearen bilobaren laguna naiz, eta honek gutun pila bat erakutsi zizkidan. Nik batzuk hautatu, eta liburu bat argitaratu nuen, "Pintores que escriben a Zuloaga" izenekoa, eta pixkanaka Ignacio Zuloagaren koadernoak argitaratzen joateko proposatu nion bilobari. Hori ere aurkikuntza baten ondorioa izan zen. Azkenaldian Felipe II.ari buruz aritu naiz lanean. Berari eta Carlos V.ari buruz antolatu diren nazioarteko kongresu guztietan izan naiz, nik batez ere XVI. mendea aztertu dudalako. Felipe II.ari zuzendutako agiri pontifizio guztiak biltzea bururatu zitzaidan. Erroman hasi nintzen lan hau egiten, eta dagoeneko bi liburuki argitaratu ditut gai honen inguruan. Hirugarrena bukatzeko, hitzaurrea besterik ez zait falta. Laugarren eta bosgarren liburukietarako material guztia prest daukat; bertan FelipeII.ak Aita Santuei idatzitako gutun guztiak jasotzen ditut. Guztira, 1.200 agiri argitaratuko dira. Ez da bizkorregia izan beharrik; kontua pazientzia izatea da, irmo aritzea eta lana egitea. Ez al duzu uste horrelako artxiboak eta argitaratu gabeko agiriak aurkitzeko zorte apur bat ere behar denik? Juan XXIII.a aita santuak kardinal zenean Espainian barna egindako bidaiean, bere laguntzailea izan nintzen, eta hurrengo urtean Venezian zeukan jauregian denboraldi batean berarekin bizitzen izan nintzen. Azken egunean, larunbat goiz batean, nahiko lan egin nuela eta Venezia ikustera joateko esan zidan, oso polita zela eta. Baina jauregitik atera bezain pronto, San Markosen plazan bertan, kartel batean "Liburutegi Marzianoa" irakurri nuen. Hara sartu, eta goiz guztia bertan eman nuen. Aita Santuari gertatutakoa kontatu nionean, harrituta gelditu zen. Gero, norbaitek non nintzen galdetzen zion bakoitzean, liburutegiren batean sartuta egongo nintzela erantzuten zuen. Goiz hartako kasualitatezko bisita hari esker kolonbiar garrantzitsu baten epistolario zoragarri bat aurkitu nuen, eta Real Academia de la Lenguaren buletinean argitaratu nuen. Zortea daukadala esaten didatenean, nik erantzuten dut puntu batera arte bakarrik daukadala, arrantza egitera ateratzen ez banaiz ez dudalako ezer harrapatuko. Loteriara jokatzen ez badut, sekula ez zait ezer tokatuko. Artxibo batean sartzen ez banaiz, sekula ez dut ezer aurkituko. Agiriak ez dira edozein lekutan egoten; leku jakin batzuetara joan behar da. Hala ere, ez dut ukatzen zortea izan dudanik. Zeure ustez, zein ezaugarri izan beharko lituzke ikertzaile historiko on batek? Nik esan ohi dut zenbat eta antena hobea izan, orduan eta gauza gehiago jasotzen direla. Buruan zenbat eta gauza gehiago izan, orduan eta gauza gehiago interesatzen zaizkizu. Pazientzia handia behar da, aurkikuntzak ematen dizun poza minutu batekoa delako, baina liburu bat idazteko urte bat, bi edo gehiago behar direlako. Agiriak transkribatzeko denbora askobehar da: letra batzuk oso zailak dira, eta beti gelditzen dira beste ikerketa batzuekin bete beharreko zuloak. Horren ondoren ikerlan bat egin behar da, eta horretarako gauza gehiago irakurri behar dira. Liburuetan garai historikoari, izenei eta jendeari buruzko datuak ere sartu behar dira... Horrek guztiak denbora asko eskatzen du. Gainera, liburutegi espezializatu onak behar dira. Zer bilatzen duzu ikertzerakoan? Zergatik ikertzen duzu? Haurrek zanpatu gabeko elurra zanpatzen dutenean sentitzen duten zirrara bera sentitzen dut nik. Elur hori lehen aldiz zanpatzen denean bezala, ni naiz gauza zehatz batzuk argitaratzen dituen lehena. Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da. Esaera zahar espainiar ezagun batek zera esaten du: "el saber no ocupa lugar", baina Unamunok esaten zuen lekua ezetz, baina denbora bai hartzen duela. Denbora asko behar da irakurtzeko, eta interesatzen zaizkizun gauzak aurkitzeko. Plazer handia da. Batzuetan badirudi lan horiek espezializatuak izatean alferrik ari zarela, baina beste batzuetan espero ez zenituen pozak hartzen dituzu. Aurten, adibidez, Oxfordeko Unibertsitatean gonbidatu naute, eta han nire liburuak aipatzen zituzten liburu ingelesak ikusi ditut. Horrek poz handia ematen du. Nola ikusten dituzu gaur egungo historialari gazteak? Ildo desberdinak daude ikerketa historikoan. Azkenaldian oso modan jarri da historia ekonomikoa; orain arte oso gutxi ikertu da arlo hori, eta ekarpen handiak egin dira. Erakundeen Historia ere badago, pertsona ezagunen historia partikularra ere bai... Nire ustez, ez da ona gauza bakar bati begiratu eta gainerakoak baztertzea, gauza guztiek osatzen dutelako Historia; ezinezkoa da pertsona batek guztia hartzea, baina modak izaten dira. Ez da formula bakar baten fanatikoa izan behar; guztiari begiratu behar zaio, ahal dena jasotzen joateko. Gazte on asko dago. Sienan (Italia) izan den Kongresubatetik etorri berria naiz, eta heldu batzuk oso garrantzitsuak ziren arren, harrituta gelditu naiz gazteek aurkeztu dituzten lan politekin. Nire ustez, gaur egun bi hutsune daude. Duela zenbait urte, Historiako ikasketak amaitzen zituzten guztiek tesina bat aurkeztu behar izaten zuten, ikerketa lan pertsonal bat, baina hori kendu egin zuten eta orain inork ez ditu egiten. Beste alde batetik, unibertsitateetako irakasleek ikerketak bideratzeko gai izan beharko lukete. Gaiak proposatzea ez da nahikoa; agiriak eskuratzen ere lagundu egin behar dute. Zer ikusten duzu atzera begiratzean? Asmo guztiak bete al dituzu? Duela bi urte erretiratu nintzen, baina irakasle lanari dagokionez bakarrik, zeren ikertzen, irakurtzen eta idazten jarraitzen dut. Oraindik gauza asko dauzkat egiteko. Lagun batek esaten dit berrehun urte inguru bizi beharko nukeela eskuartean dudan guztia amaitzeko. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 133.zbk (2001 / 7 27 / 9 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.