José Luis Aurrekoetxea. Ingurumeneko Jarduketarako Sozietate Publikoa, IHOBEko zuzendari orokorra: 2007-2020 epean, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka, Kioto-n adostutako mailari helduz

2005-01-28

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



Kioto-ko Protokoloa 2005ean betetzen hasiko da. Gai hori dela eta, zein egoeratan aurkitzen dira euskal industria eta enpresak?

Nazio Batuen Hitzarmen Nagusiak 1992an finkatu zuen, jarraian 1994an berau berretsiz, gure planetan berotegi-efektua eragiten duten gasen kontzentrazioa murrizteko legeria. Horrela, “klima-aldaketa” izenez ezagutzen duguna ere eragotzi nahi izan zuten.

Baina goi-bilera horretan adostutakoa ez zuen isla izan indarrean zeuden legerietan eta 1997ra arte itxaron behar izan genuen, urte hartan Kioto-n burututako Partaideen Konferentzia izeneko bileran (COP3) jada gertu dugun 2008-2012 epean berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria murrizteko konpromisoa hartu zuten.

Epe horretan berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria % 5,2 murriztu nahi zuten, 1990an genuen mailarekin alderatuz alegia.

Klima Aldaketa Eragozteko Nazio Batuen Hitzarmenean, UNFCCC izenez ezaguna, atmosferan berotegi-efektua eragiten duten gasen kontzentrazioa egonkortzeko xedea finkatzen da, sistema klimatikoan aldaketa kaltegarriak eragoztearren.

Dena den, Ipar Amerikako Estatu Batuek, batez ere, kontrako jarrera erakutsi dute halako gasei buruzko legeria finkatzerakoan. 1997an UNFCCC-ko Partaideen Hirugarren Konferentzian Kioto-ko Protokoloa izenez ezagutzen dugun hitzarmena adostu zen. Horren arabera, GEI’S isurien % 5,2ko murrizketa finkatzen da mundu osorako, 1990ko mailari so eginez alegia. Betiere, lehen ere aipatu dugun bezala, 2008tik 2012ra doan epean betetzeko asmoz.

Nazioarteko banaketa gauzatzean, Europako Batasuna osatzen duten Estatuek euren isuriak % 8 jaisteko konpromisoa hartu zuten.

Estatu bakoitzarentzat “kupo” zehatz bat finkatu zen eta Euskal Herriari 2008-2012 epean + % 15 kupoa dagokio, 1990ko maila oinarritzat hartuz alegia.

Eusko Jaurlaritzak, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiari helduz, bere xedeen artean “2020. urterako berotegi-efektuko gasen isuria atmosferara murriztea” dauka. Horretarako Ingurumenari buruzko Esparru-Programan (epe motzean 2002-2006) bildutako konpromisoak finkatu ziren hainbat arlori eraginez: energia, garraioa, industria eta eraikuntza. Ekimen horien bidez Euskal Herriko berotegi-efektuko gasen isuriaren kuota jaitsi nahi da.

Epe luzean, 2007-2020 artean alegia, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, bestelako hitzarmenen artean, GEI’S isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka Kioto-n adostutako mailari helduz.

Hasierako galderari so eginez, hots, zein egoeratan dago euskal industria?, esan dezagun lehenik eta behin, oro har, Kiotoko konpromisoetatik urrun gaudela (+15). Berez, 1990ko maila oinarritzat hartu gero, 2003an + % 28 maila dugu. Oro har, Euskal Herrian GEI’S isuriak 13 puntutan gainditzen dugu 2008-2012 eperako Kiotoko Protokoloak finkatutako muga. Gure Autonomia Erkidegoan azken hiru urteotan nolabaiteko oreka lortu dugu, baina oraindik Kiotoko konpromisoetatik urrun gaude.

Galderak berak nolabaiteko nahasmena sor dezakeen heinean, enpresen alorrak egun duen hedapena dela eta, kontuan izan dezagun gure herrialdean, GEI’S delakoei buruzko azken inbentarioan, guztira CO2-ko 19,05 milioi tona ditugu. Baina kopuru hori nola banatzen da hainbat industria alorretan zehar 2003an egindako azken neurketa ekitaldian?

Jarrian ikus dezakezuen irudian ageri den bezala, 2003. urtean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan berotegi-efektua eragiten duten gasen banaketa hauxe litzateke: GEI’S Arloko isuriak 2003. urtean Arloa CO2ko Milioika tona baliokideak Kopuru osoaren % Igoeraren % 1990ko mailarekin alderatuz Industria eta eraikuntza 4,58 22,48 -30,65 Garraioa 4,98 25,05 84,68 Hondakinak 1,25 6,94 13,20 Energia 5,84 33,38 87,79 Zerbitzuak/etxebizitzak 1,14 5,60 90,33 Nekazaritza 1,24 6,55 13,58 GUZTIRA 19,05 100,00 28,00

Primeran ikus daitekeenez, industria arloak oro har bere xede bete duela esan dezakegu konpromisoaren mailatik (+15) 45 puntu jaitsi baita Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.

Energia eta garraio arloetan ematen diren kopuruak kezkagarriak dira, egun oso gorabehera handiak gertatzen baitira, bai isurietan baita urteko igoeretan ere. Era berean, zerbitzu eta etxebizitzen arloan egoera kezkatzekoa da. Berez, kopuru osoaren % 6,55 litzateke, baina oinarritzat hartu dugun urtearen alderatuz % 90,33ko igoera izan dute.

Beraz, industria arloan baikorrak izan gaitezke kopuru joriek ikusita, baina oro har esan behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoan egoera txarra dela. Horregatik guztiz beharrezkoa da Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak 2002 eta 2020 eperako xedatutakoa jarraitzea eta betetzea.

Nola egituratzen dira “Tokiko Agenda 21” bezalako tokiko ekimenak garapen jasangarrirako politika integralean?

2002ko ekainaren 4an Eusko Jaurlaritzak 2002-2020rako Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia egituratu eta onartu zuen. Orduz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoan, beronek gai horri buruz finkatutako kontu guztiak bateratzen ditu, besteak beste, Garapen eta Ingurumenari buruzko Nazio Batuen Konferentzia, 1992ko ekainean Rio de Janeiron (Brasil) burututako konferentzia, edota 2002ko abuztuan Johannesburgon (Hegoafrika) gauzatutako Garapen Jasangarriari buruzko Goi-bilerara. Logikoa denez, aldi berean aintzat hartzen dira nazioarteko bestelako ekitaldietan arlo honi buruz finkatu diren xede eta legeak.

Eusko Jaurlaritzak hainbat arlotan –ingurumena, garraioa, eraikuntza, energia, eta abar...– hainbat ekimen eta politika garatu nahi ditu eta aldi berean horiexek Garapen Jasangarriari buruz nazioarteko goi-bileretan finkatutako jarraibideen arabera bideratu nahi ditu. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzaren Sail ezberdinek garatutako politiketan islatzen da, esaterako, 2001eko urtarrilaren 22an Lehendakariak izenpetutako “Euskal Herriko Jasangarritasunaren aldeko Konpromisoa”, edota Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia, berau ere 2002ko ekainean Eusko Jaurlaritzak onartua.

Esparru nagusi horretan egituratzen dira tokiko administrazioen ekimenak, betiere nazioarteko akordio orokorrak aintzat hartuz. Horrela, hainbat hitzarmen onartu ostean, besteak beste, Programa 21, Garapen eta Ingurumenari buruzko Rio de Janeiroko Deklarazioa, Johannesburgoko Garapen Jasangarriari buruzko Deklarazioa, Monterrey-ko Garapenaren Finantzaketari buruzko nazioarteko Konferentzia eta Doha-ko Ministerioen arteko Konferentzia, horiek guztiak gizakiaren etorkizunari buruz ikuspegi zabala hedatu dute mundu osoan zehar.

Nazioarteko esparru horretan Eusko Jaurlaritzak ingurumenari buruzko bere politika finkatzen du Ingurumen eta Lurralde antolamendurako Sailaren bitartez eta 2002-2020 eperako Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia tresna gisa erabiliz.

Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak epe luzerako bost xede finkatzen ditu ingurumenaren inguruan, horien bitartez gure herrian erdietsi nahi dugun ingurumen kalitatea zehaztuz.

Ingurumenari lotutako bost xede horiek epe motzean, ertainean eta luzean bete beharreko helburuak eta konpromisoak finkatzen dituzte.

Guztira 223 konpromiso izan dira, besteak beste, euskal udalerrien ekimenekin zerikusia duten konpromisoak alegia.

Tokiko Agenda 21 izenez ezagutzen dugun ekimena litzateke. Berau tresna egokia da ingurumen xede orokorrak erdiesteko, kasu honetan tokiko ekimenen bitartez. Horregatik, garrantzizkoa eta eraginkorra gertatzen da euskal udalek “21 Tokiko Agendak” eskura izatea eta berauek garatzea.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Tokiko Agendak 21 modu eraginkorrean garatzeko funtsezko faktorea “talde-lana” da eta horregatik Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako Saialak talde-lana indar osoz sustatu nahi izan du tokiko jasangarritasuna bermatzearren bi tresna garrantzitsu eratuz.

Bata Udaltalde 21 dugu, berau Tokiko Agendak 21 delakoen hasiera urratsa izanik (diagnosia burutu, ekintza-planak prestatu, hiritarren partaidetza ahalbidetzeko prozesuak bideratu, eta abar.). Une honetan 180 udal baino gehiago prozesuaren urrats horri heldu diote. Beste tresna Udalsarea 21 litzateke, Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien sarea alegia. Udalerri horietan udalbatzan jada onartu egin dute Ekintza-Plana eta horrek suposatzen duen guztia. Une honetan Euskal Autonomia Erkidegoko 66 udalerri parte hartzen dute. Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarea ICLE erakundeko –Iraunkortasunerako Tokiko Gobernuen Sarea– eskubide osoko kide da eta duela gutxi lankidetza-hitzarmena sinatu du Xarxa de Ciutats i Pobles Cap a la Sostenibilitat erakundearekin, hau da, udal jasangarritasunaren aldeko Kataluniako udalerrien sarearekin.

Zer bilakaera izan du ingurumenak Euskal Herrian? Zein izan da azken urteotako joera?

1940 eta 1950eko hamarkadetan industriak garapen latza eta mugagabea izan ostean, esan genezake muturreko egoera erdietsi dugula. Horren adibide dugu Bizkaiko Lurralde Historikoan Nerbioi-Ibaizabal bailaran ingurumenak jasan izan duen egoera, berau hain latza zenez, jendearen erantzuna eragin baitzuen. Horren ondorioz polizia errepresioa ere eman zen, Erandion zenbait auzotar hilik gertatuz. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenaren egoera poliki-poliki nolabaiteko “oreka” erdietsi du eta gaur egun gure Erkidegoa ingurumena eta ekosistemen aldeko neurriak bideratzerakoan aitzindaritzat har dezakegu bertako jarrera positiboa eta eredugarriari esker.

Entorno Fundazioak, Espainiako Ingurumen Ministerioarekin batera landutako azken ikerlanen arabera, “ingurumenarekiko konpromisoaren maila aztertzean: ingurumen maila” finkatzean, Euskal Herria estatuko Autonomia Erkidegoen artean lehen postuan dago. Horrela, 2003ko IAE delakoa 75 izango litzateke, Estatu osoan batez beste 68 izanik.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek, ustiaketaren kontuak finkatzean ere, ingurumena aintzat hartzen dute. Gaur egun Euskal Herria Europa osoan 1. postuan dugu BPGaren arabera ingurumenaren kudeaketari buruzko ziurtagiria (ISO-14001) duten enpresak kontutan hartuz gero, eta 2. postuan dago maila populazioaren arabera finkatuz gero.

Era berean, euskal enpresek Europako Sariak jaso izan dituzte Jasangarritasuna dela eta, Estatu mailan sarien % 50 eskuratuz.

Baina hori guztia esan ostean, berez egia bada ere, gure herrian oraindik gauza asko daude egiteko, adierazle asko betetzeko, hortxe baititugu “2004ko ingurumen adierazleak”, duela gutxi euskal gizarteari erakutsitako adierazleak alegia.

Labur bilduz, honako adierazle hauek diotenari so eginez, zera ikus dezakegu: Ura. Gure ibai eta itsasoetako uraren kalitatea gero eta hobea da. Airea. 2003. urtean airearen kalitateak txarrera egin zuen. Natur baliabideen erabilera: gero eta eraginkorragoa da, baina aldi berean gero eta baliabide gehiago erabiltzen dira. Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobea da, hiriko hondakinena zein hondakin arriskutsuena, baina aldi berean gero eta hondakin gehiago sortzen ditugu. Klima aldaketa. CO2-ko isuriak gure helburuetatik urrun daude. Ekoeraginkortasuna. Ekonomia hazi egin da baina horrekin batera ingurumenarekin lotutako arazoak ere areagotu egin dira.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Alberto Alberdi Larizgoitia. Eusko Jaurlaritzako ekonomialaria: Euskal ekonomiako aurrezki maila, Espainiakoa baino handiagoa da

 

Irakurri

José María de Gamboa. II. Mundu Gerrako gudaria: Aliatuek ez gintuzten traizionatu. Euskaldunok musu-truk borrokatu behar ginen askatasunaren alde

 

Irakurri

Antonio Altarriba. Gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 saria: Gaztelaniak ere jaso behar du erakundeen babesa

 

Irakurri

Miguel Ángel Sáenz Recalde. Peritu kimikoa eta enologoa: Sagardotegi handien erronka nagusia, atzerrira esportatzeko moduko sagardo naturala ekoiztea da, itxura hobea eta egonkortasun handiagoa dituena

 

Irakurri

Itziar Usabiaga. Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia: Herrialde baten garapen maila baloratzeko, kontuan hartu beharko litzateke zenbateraino identifikatzen den beharrik handiena daukan jendearekin

 

Irakurri