Juanjo Ocon, musikaria, orkestra-zuzendaria. Nola definituko zenuke zeure burua?
18 urte bete arte, musika ikasi nuen. Tronpeta-karrera egiten ari nintzen. Beka jasotzen nuen eta Kontserbatorioaren orkestran sartuta nengoen. Ustekabean, orkestra zuzentzen zuen Tomas Aragues gaixotu egin zen lunbalgia handi batekin, kontzertu zail samar bat baino bi egun lehenago (Alemaniako Betina Kuntz biolin-joleak etorri behar zuen). Ez genuen astirik, ez ordezkorik bilatzeko, ez kontzertua bertan behera uzteko. Katedradunak bildu egin ziren, eta kontzertua neuk zuzentzea erabaki zuten. Entsegu guztietan egona nintzen eta irtenbiderik onena hura zela pentsatu zuten. Orain horretaz pentsatzen dudanean... tira! (gaztaroko atrebentziak adierazten ditu keinuen bidez).
Baina hori duela hogei urte gertatu zen.
Bai? Halaxe da, bai. Horrelaxe hasi nintzen zuzendari gisa. Handik aurrera, zuzendari izateko ikasten hasi nintzen. Geroago, Udal Banda zuzendu nuen (tronpeta-jole solista nintzen bertan) eta zuzentzen eta zuzentzen jarraitu nuen.
Nolanahi ere, aita eta ama musikariak izanik, predestinatuta al zeunden? Nola bizi izan duzu egoera hori etxean?
Oso ongi, oso ongi. Izan ere, haiei esker egiten dut musika. Niri, egia esan, oso aspergarria egiten zitzaidan solfeoa, eta haiengatik izan ez balitz, utzi egingo nuen. Baina tira, jarraitu egin nuen eta egin zitekeen guztia egin nuen, hots, tronpeta-karrera amaitu eta kontrapuntua, fuga, konposizioa eta zuzendaritza ikasi. Beraz, urteak eman ditut musika ikasten. Eskola-Gurutziaga abesbatzaren entseguan.
Zure garaian ez zegoen Musikene (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia). Zer iritzi duzu Musikenez?
Nire ustez, zuzendaritzaren eremuan hobeto prestatuta geunden lehen. Sartzeko, harmonia, kontrapuntua eta abar ikasi behar zenuen eta, azkenean, zuzendaritza egiten zenuen. Gaur egun, berriz, erdiko maila bat amaituz gero, zuzenean sar zaitezke. Hala ere, instrumentuei dagokienez, gaur egun hobeto ikasten direlakoan nago. Esatea oso polita ez bada ere, lehen instrumentistagoak ginen eta orain musikariagoak dira; horixe da, agian, bi garaien arteko alderik garbiena. Gaur egun ordu gutxiago ematen dituzte ikasten, baina curriculum-ibilbide osatuagoa dute.
Artistagoak al dira orain?
Ez, sena barruan daramana da artista niretzat. Zortzi urteko adinarekin, nor den artista eta nor ez den esan diezazuket. “Operación Triunfo” programan, adibidez, orain arte artista bakarra Bisbal izan dela uste dut (goian jarraitzen duen eta “ukitu” hori duen bakarra da, gainera). Artista dena, gutxiago ikasita ere, “crack” bat izango da beti.
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) zuzentzen duzu. Zein da gazte?orkestra baten eginkizuna?
EGOn 16 urtetik 26ra bitarteko gazteak ditugu. Orkestrak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta BBK, Vital Kutxa eta Kutxa erakundeen babesa jasotzen du. Bere eginkizuna: gazteak prestatzea beste orkestra batzuetan sartu ahal izan daitezen, kontserbatorioetarako eta bandetarako probak prestatzea, eskarmentua hartzea. Urtero, Aste Santuan Orkestraren % 30 berritzen da. Geroago, entseguen eta kontzertuen 20-21 eguneko bi ziklo egiten ditugu, udan eta Gabonetan. Duela gutxi egindako azterlan baten arabera, EGOtik pasa diren gazteen % 83 musikarekin zuzeneko lotura duen zerbaitetan ari da lanean.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) harrobi izateko pentsatuta al dago?
Ez. Nahiago nuke! Edonola ere, helburuetako bat da, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS), Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren, Iruñekoaren eta inguruko orkestra guztien harrobi izatea. Egia esan, atsegin berezia da niretzat inguruko orkestraren bat zuzentzen dudanean atrilen atzean EGOko norbait dagoela ikustea. Azken aldian, Radio Televisión Española erakundearen Orkestra zuzendu dut eta txirula-jolearen plaza finkoa lortu duen EGOko neska batekin egin dut topo bertan.
Donostiako Udalaren Musika Eskolako irakaslea zara eta gazteekin lan egin ohi duzu. Zerk bultzatzen ditu gaur egungo gazteak musikari izatera?
Musika oso gustuko izateak eta lan-aukerak izateak.
Zer deritzozu Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikarien aldarrikapenei?
Bi aldeek arrazoia dutelakoan eta arazoa konpontzeko prest daudelakoan nago.
Zure lehen batuta
Lehen-lehena ere ez da, baina Jose Mari Etxebestek oparitu zidan, Donosti Ereski abesbatza zuzendu nuen garaian. Beirazko zuntzarekin egin zidan, pertikak bezalaxe, hautsi ez zedin. Badut beste bat, “kutunena”; harekin bi zuzendaritza?lehiaketa irabazi nituen Txekiar Errepublikan. Egun batean galdu egin nuen, eta hantxe ibili nintzen Easo kale osoan barrena bilatzen. Azkenean, putzu batean aurkitu nuen, zikin-zikin. Jaso eta ahal bezala garbitu nuen. Oraindik ere, kontzertuetara batuta hori eramatea gustatzen zait.
Batuta: pintzela edo makila magikoa
Oso gustuko ditut metaforak. Pintzel gisa ikusten dut nik, makila magiko gisa baino neurri handiagoan; kolorea, tinbreak... Dena dela, lurrin-makila dela esango nuke nik. Zuzentzea ez da notekin matematika hutsa egitea, partitura lurrintzea baizik.
Musika lengoaia unibertsala da, baina hainbeste nazio nahastuta dauden orkestra bat zuzentzeko... zein da musikaren hizkuntza?
Normalean ingelesa, baina nik frantsesez zuzendu dut Letoniako Orkestra. Zenbaitetan, honako hau esan behar duzu: “aizu, niri ez didate psikiatra-lanak egiteagatik ordaintzen, zuzentzeagatik baizik”. Zuzendariek hitz egin behar omen dute, baina ni horren kontra nago pixka bat. Musikariek eskua ulertu behar didate. Eskua ulertzen ez badute, zer ulertuko dute hitzekin? Batuta on bat da onena. Niri kontzertuak gustatzen zaizkit, inork ezin baitu ezer esan. Musikenen izan zen Finlandiako irakasle batek (tamalez ez dago orain) bizitzan ikusi ditudan zuzendaritza-eskolarik onenetako bat eman zuen. Ikasleak nahi zutena ateratzen ez zitzaielako gelditzen zirenean eta hitz egiten hasten zirenean, irakasle hark isiltzeko keinua egin eta eskua seinalatzen zien. Ez zuen ezer esaten, baina argi eta garbi uzten zien eskuarekin nahi zutena lortzen ez bazuten hobe zutela zeuden lekutik jaistea, alferrik ari baitziren.
Nola ikasten da orkestra bat zuzentzen? Eskalarik eta arpegiorik egiten al duzu?
Garbi dago dendan erosi ezin den instrumentua dela. Era bakarra zortea izatea, adiskideak izatea eta orkestra bat zure esku izatea da. Ildo horretan, onartu beharra dut zortea izan dudala eta etengabe ari naizela zuzentzen, baina, halaber, agenterik ez dudanez gero, gauza askori ezetz esan behar diet.
Nola ikasten duzu?
Askok pianoarekin ikasten dute, baina niri irakurtzen ikastea gustatzen zait, liburu bat irakurtzen den bezalaxe. Orduak eta orduak ematen ditut partituraren aurrean, irudikatu egiten dut musika, dena oso plastiko ikusten dut (begira zein ederra tronparen bouchearen kolorea oboearen Fa horrekin!). Musika nire irudimenaren barruan sortzen dut, beste hemisferioa bilatzen dut, hainbeste matematika gabe.
Zure bizitzako edozein egun
Jaiki ondoren, emaztearekin eta seme-alabekin gosaltzen dut, eta zortzietarako ikasten ari naiz. Ordu bata eta erdietan bazkaldu egiten dugu eta ordu bi eta erdietan Musika Eskolara joaten naiz, zazpi eta erdiak arte. Astean bitan abesbatza bat zuzentzen dut (Eskola-Gurutziaga). Bertan, primeran pasatzen dut eta bururatzen zaizkidan astakeria guztiak egiten ditut. Garaiaren arabera, kontzerturik badudan ala ez kontuan hartuta, zuzentzera irteten naiz asteburuetan.
Obra bat zuzentzen duzunean, hartzen al duzu kontuan partituraren egilearen garaia?
Bai. Eta egilearen garaiko pintura eta eskultura ikustea atsegin dut, elite berean bizi baitziren. Adibidez, Mozarten obra bat jotzen dudanean, haren garaira joatea gustatzen zait. Zenbaitetan, maitemin-esaldi zoragarri bat jotzen duzunean, ziur aski gaurko norbaitek “Bai kursia! Zertan ari zara?” esango lizuke. Oso garrantzitsua da egungo bulkadei eusten jakitea partituraren errealitatera hurbiltzeko.
Nola definituko zenuke musika?
Ez dakit. Eta ez dakit nola izango liratekeen gauzak musikarik gabe. Pentsatu taberna batean sartu eta musikarik ez dagoela. Musika dena da, espazioa bezala. Gor bati nire lana zertan datzan azaltzen saiatu nintzen, eta ez nuen lortu. Ez dakit zer den, airea bezalakoa da, itsasoa bezalakoa, odola bezalakoa, bakea bezalakoa. Ez dago bakerako biderik, bakea bera da bidea. Dena dago musikari lotuta, baita kirola ere. Errealak partida gehiago irabaziko lituzke klaxon-hots zaratatsu horien ordez Mozart jarriko baliete. Eta enpresetan edo beilatokietan ere, beste horrenbeste. Musika beti da egokia.
Sinfoniak, sonatak, kontzertuak, kuartetoak… Eta soinu-banda?
Egia esan, ikaragarri atsegin ditut. Chaplinena egin aurretik, hainbat film egin nituen. “El viaje de Carol” adibidez, Bratislavan grabatu genuen eta esperientzia sinestezina izan zen. Nekatuta nago obertura-kontzertua-sinfonia moduko programa artistikoekin. Aski da! Noizean behin, ekarri gazteak erakartzeko moduko zerbait.
Herri-musiken abesbatzarako eta orkestrarako moldaketak egiten dituzu
Bai, uste dut ez dugula galdu behar musika dibertigarri eta ezagun hori, gure musika, gure kantautoreena, kanpora joaten garenean “esportatu” nahi izaten dudana. Geuk egiten ez badugu, nork egin behar du? Bestalde, Musika Eskolako neska-mutilekin izaten naizenean, telebistan entzuten dudan Shin-Chanen, Doraemonen eta abarren musikaren moldaketak sartu ohi ditut. Era horretan, entsegu zoragarria ziurtatzen dut. Denek superkontzentratuta egiten dute lan partitura aurrera ateratzeko.
Amaitzeko, zer proiektu dituzu aurten?
Hainbat orkestra (Galiziakoa, Tenerifekoa eta abar). Halaber, Txilera eta Argentinara joango naiz. Eta, hori guztia, Eskolaren oporraldiaren barruan.
Nola uztartzen dituzu familia-bizitza eta lan-bizitza? Emazte zoragarriari esker. Juan José Ocón (San Sebastián, 1968)
Musikaria eta orkestra-zuzendaria. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako irakaslea eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) egungo zuzendaria. Tronpeta-karrera amaitu ondoren, kalifikaziorik onenak lortu zituen konposizioko eta orkestra-zuzendaritzako ikasketetan, Donostiako Udalaren Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Tomas Araguesen katedrapean. Gainera, karreraren amaierako lehen saria lortu zuen 1993an. Urte hartan bertan eta hurrengoan, Txekiar Errepublikara izan zen eta Orkestra Zuzendarien Nazioarteko Lehiaketan zuzendari onenaren saria eta ohorezko domina lortu zituen. Domina emateko erabakia aho batez hartu zuten Moraviako Orkestrako irakasleek. Kalmar, Yuasa, Svaaronwsky, Vronsky, Thrlink eta abarrekin zuzendaritza-ikasketak egiten jarraitu zuen. Musika koralean ere interes handia erakutsi du eta hainbat abesbatza zuzendu ditu. Halaber, arrakasta handia izan du operaren, zarzuelaren eta polifoniaren esparruetan. Zuzendari gonbidatu gisa jardun du orkestra askotan, hala nola Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoan, Moraviako Orkestra Filarmonikoan, Letoniako Orkestra Nazionalean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Las Palmasko Orkestra Sinfonikoan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Galiziako Orkestra Sinfonikoan, Bratislavako Orkestra Filarmonikoan, Bratislavako Irratiaren Orkestran eta abar. Donostiako Hamabostaldia zuzendu du hainbat ediziotan. Era berean, Donostiako Orfeoiaren laguntzaile gisa jardun du maiz. 1999an egin zuen debuta Madrilgo Teatro Real antzokian, Carl Orff-en Carmina Burana obrarekin, eta kritika espezializatuaren aho bateko oniritzia jaso zuen. Bere orkestra-jarduera osoan, hainbat disko grabatu ditu zuzendari gisa, baita filmetarako, film laburretarako eta dokumentaletarako soinu-banda ugari ere. 2000. urteko irailean, EGOko (Joven Orquesta de Euskal Herria-Euskal Herriko Gazte Orkestra) zuzendari artistiko eta titular izendatu zuten. Gaur egun, kargu horretan jarraitzeaz gain, tronpeta-irakaslea eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria da.