Para Alicia, inspiración española zure bigarren diskoa Berli Music zure diskoetxe propioarekin kaleratu duzu.
Uretara jauzi egin dut, baina aitortu behar dut sarearekin egin dudala, izan ere diskoa burutu baino lehen distribuzioa lotuta nuen. Azkenean, dendatan ez badago amets erromantikoa besterik ez litzateke izango. Orain, disko-jaurtiketatik hiru hilabete pasa direla, oso pozik nago nik neuk produzitu izanaz, neure zigiluarekin kaleratu izanaz. Zer grabatu nahi nuen aukeratzeko, nola eta noiz egin nahi nuen, nola aurkeztu nahi nuen, etab., horretarako libre izan naizelako. Niretzat zoragarria izan den prozesu oso bat dago lan honen atzetik eta pribilegioa izan da bide hori hasietatik bukaera arte lagundu izana.
Eta nolakoa izan da zure diskoa ibilbidea osoan laguntzea? Zenbat denbora eskaini diozu?
Urtebete, gutxienez, eta lan-urte nahiko gogorra, gainera. Lehendabizi obrak aukeratu egin behar dira eta gero landu. Normalean aurretik jo dituzun obrak eta gustura sentiarazten dizuten obrak aukeratzen dituzu, azkenean grabaketa bat ez da kontzertu bat; grabazioa hor geldituko da eta horregatik hobe da obra landuak grabatzea. Eta hala ere horiek jorratzeko hilabete batzuk behar dituzu. Adibidez, Para Alicia diskoan Suite Española delakoa eta Fallaren obrak txikitatik jo ditut, baina berriz hartu behar nituen eta berriro gustura sentitu beraiekin.
Gero hiru egunez grabatu eta ondoren, produkzioa. Edizio lanak egin aldera, hobe da grabazioari hilabeteko atsedena ematea horren berri ez egoteko eta beste ikuspuntu batetik entzun ahal izateko. Oso zaila egiten zait nire burua entzutea, normalean egiten dudana ez zaidalako gustatzen...
“Nire ustez, bizitzari aurre egiteko jarrera inteligentea zera da, nahi duzuena lortzeko geroz eta gertuago zaudenean, orduan eta esfortzu handiagoa egitea”.
Hori exijentzia maila oso altua da...
Bai, baina ohituta gaude, horrela erakutsi digute bost urte genituenetik, beti hobetzen saiatzen. Eta gainera horrela izan behar du, beste modu batean gelditu egingo ginateke. Baina diskoaren grabazioarekin jarraituta, atzetik dagoen lan musikala izan da garrantzitsuena, obra lantzea, eduki erakargarria aukeratzea, guzti hori deigarria den titulu batean biltzea, obrak bata bestearekin erlazionatzea, etab.
Beti ere ikusleari bertan aurkitzea gustatuko zaion horretan pentsatzen.
Programatzaileek ikusleak aintzat hartu gabe programatu ez dezaketen moduan, guk ere ezin dugu publikoa alde batera utzi. Baina bestalde, bai grabazioan, bai kontzertu guztietan oso zintzoak izan behar dugu eta gu garena eman behar dugu. Musikan, orokorrean, oso zintzoak eta kontsekuenteak izan behar dugu eman ahal dugunarekin, hobeto egin edo interpretatu ahal dugunarekin. Noski, bestalde, zer bai eta zer ez onartze prozesua da.
Alicia de la Rocha omendu nahi zenuen eta handitasunez egin duzu: zure bigarren diskoa eskainiz, ez da hala nolakoa.
Niretzako erreferentzia izan da beti. Eta ez niretzako bakarrik, Espainiako musika guztiarentzat, baita nazioarteko musikarentzat ere. Alicia de la Rocha izen berak indarra, zintzotasuna, lana, pasioa, irmotasuna... esan nahi du. Biltzen dituen balioak hainbeste izanik, disko bat eskaintzeko momentu aproposa iruditzen zitzaidan, musika espainolaren alde egin duen lana eskertuz, berau munduko areto hoberenetara ere eraman baitu. Nola edo hala, atzetik etorri garenoi ateak ireki dizkigu.
Nola ezagutu zenuen Alicia de la Rocharen irudia?
Musikaren berezko historiarekin batera. Alicia de la Rocha egunero bizi da musikari guztiekin, bere bertsioak erreferentziazko bertsioak direlako beti. Ez nuen pertsonalki ezagutu, baina bere obrak entzuten eta miresten hazi naiz. Edozein moduan, omenaldi hau editatu aurretik bere alabari baimena eskatu nion. Familia egin behar nuenaren gain egotea garrantzitsua iruditzen zitzaidan eta ezinbestekoa zen familia bera hau argira ateratzearekin ados egotea. Hau da, omenaldi hau nire ilusio eta miresmen guztiarekin egin dut, baina aldi berean nire errespetu guztiarekin. Alicia de la Rocharen familiak Bartzelonan egindako aurkezpenean lagundu zidan eta beti izan ditu nirekiko hitz goxoak.
Familiaz ari garela, zurean nolabaiteko eraginik izan al duzu musikaren esparruan?
Hiru ahizpen artean txikiena naiz eta haiek tresnaren bat jotzen zuten, baina tira, pianoa ikasten ari den edozein neskatilak bezala. Baina gauza da ni negar egiten nuela biolinaren soinua entzutean eta nire amak pentsatu zuen izugarri hunkitzen ninduela. Eta beharbada horrela izango zen, lau urterekin izan nuen irakaslea ondo jotzen ez banuen hatzak moztuko zizkidala esan ez bazidan. Trauma handia izan zen hura... Izutu ezean, biolina etxeko bigarren pisutik behera bota nuen eta pianoa eskatu nuen. Egia da pianoa jada etxean zegoela. Suerte handia izan nuen irakasleekin.
Zer garrantzitsuak diren irakasleak!
Oso. Gainera, izan ditudan guztiak maite ditut nik, lehenengotik azkenera. Guztiekin dut erlazioa. Egin duten guztiagatik eta etapa desberdinetan zehar eboluzionatzen lagundu didatelako, nire eskerrik beroena izango dute. Ni naizenaren zati handi bat beraiek dira. Laurentino Gómez, Cristina Navajas, Claudio Martínez-Mehner eta gero, Municheko Suchanov nire maisuaren eskutan erortzearekin zorte handia izan nuen.
Horrez gain, beti izan dut nire familiaren laguntza, bere nahia nik nahi nuena izatea baitzen. Pianista izatea nahi izan ez banu, beharbada nire ama zoriontsuagoa izango zitekeen (barrez), oso zaila da amari esatea “ama, musika egin nahi dut”. Hasiera batean ogibide ezegonkor bezala ikusten zuten, baina orain aukeraketa ona izan zela konbentzituta daudela uste dut (irribarrez).
Artistak elkarrizketatzeko aukera izan dugunean, musikariak zein dantzariak denek azpimarratu dute esfortzuaren garrantzia. Hau da, meritu guztia ez dela jaiotzez duzun dohain horrena.
Borroka bat da, baina ez bakarrik musikan eta artean, bizitzan, orokorrean, zerbait lortu nahi badugu sakrifizioa egin behar dugu eta bide bat hartzen duzun guztietan atzean uzten duzu beste bat. Baina nik ez daukat gehiegi sakrifikatu izanaren sentsazioa, musikak asko eman didalako eta ematen didalako. Musikak txikitatik hainbat gauza erakutsi dizkit, berari esker ere azkarrago hazi naiz, 14 urterekin bakarrik bidaiatzen bainuen. Horiek guztiak esperientziak eta ekarpenak izan direla uste dut. Ez dit ezer kendu, beraz sakrifizio hori ez dela hainbesterako izan sentitzen dut, sakrifizio hitzaren berezko esanahiak suposatzen duena baino leunagoa behintzat.
Amets egin behar dugu, panorama honek ezin dizkigu jende gaztearen ametsak lapurtu. Eta gero borrokatu egin behar dugu, ametsak proiektatu, konbentzituta egon eta lortuko dugula dudarik ez izan arte guregan sinetsi. Gehiagotan esan dut esaldi hau, baina hala da; pasioak ezin du dudarik izan.
Nola antolatzen duzu lan egun bat, entsegu egun bat?
Egoeraren arabera. Nire egunak inoiz ez dira berdinak eta hori zoragarria da, baina aldi berean ordena apur bat jarri behar da. Kontzertutan bidaiatzen ari banaiz, mekanika nahiko sinplea da. Aurreko egunean bidaiatzen duzu eta egunean bertan proba akustikoa duzu. Pianistok tartetxo bat pasa behar dugu joko dugun pianoarekin eta ondo ezagutu: ohitu ukimenarekin, instrumentuaren soinuarekin, aretoaren soinuarekin, etab. Kontzertua baino lehen zertxobait deskantsatu behar dut eta gero bai, ospatu. José Sacristan aktorearekin lan bat burutzen ari naiz, berez Donostiara eta Bilbora eraman nuen ikuskizun bat, eta hark zera dio: “Jauregui, hau datorren afarira heltzeko tramite hutsa baino ez da”, baina zein tramite polita.
Madrilen banago, lan egun arrunta izaten da, bertan bizi bainaiz. Ikasteko orduak ditut; egia da etxean egiten dudala lan, baina bilerak ditut, ekitaldiak, kontzertutara joaten asko disfrutatzen dut eta hemen pilo bat daude. Oso bizitza lasaia daramat eta ez jendeak pentsa dezakeen bezain ponposoa.
Musikaren diva handien kontzeptutik oso urruti.
Gorroto dut kontzeptu hori! Gainera, musika klasikoa sentitzeko dago egina, disfrutatzeko, eta ez da ez elite batentzat, ez diventzat. Musika klasikoa bakerotan jarri behar da, disfrutatzeko. Ni pianora dedikatzen naiz, nire familia beste zerbaitetara dedikatu daitekeen moduan eta zu kazetari zaren moduan. Baina azkenean, pianista bat baino gehiago naiz. Bere munduan bizi den 28 urteko neska bat naiz, pianotik at bere beste bizitza daukan neska alegia.
“Oso luzea izatea espero dudan karrera baten hasieran ikusten dut neure burua.”
Musika klasikoa gaztetzeko proposamen sendoa egin duzu, oraintxe esan duzun moduan galtza bakeroak jartzea. Beharbada ikuspegi horregatik, edo zu ere gaztea zarelako, nabari al duzu zure kontzertutara jende gazte gehiago gerturatzen dela?
Gazte batek musika klasiko kontzertu batera joten den lehen aldia dela esaten didanean, sare sozialetan nire jarraitzailea delako, adibidez, zoriontsu naiz. Baina hau ez da niri bakarrik dagokidan gauza. Espainiak momentuan inoiz izan duen musikari belaunaldia distiratsuena bizi du. Biolin-jole, abeslari, txelo-jole, piano-jole, etab. gazte belaunaldi izugarria dago, eta denek musika klasikoaren mezu natural berdina eramaten dute. Denon artean lortzen dugu mezu hau iristea eta gazteen artean sartzea eta etor daitezela, disfrutatzera ausartu daitezen, elite batentzat dela pentsatu gabe. Ez da egia elite ekonomiko batentzat denik, 5 eurotik aurrera sarrerak daude, eta ez da egia ere elite intelektual batentzat denik, horrek edozein arte zantzu ezabatuko luke eta.
Artea denontzat egina da, disfrutatzeko. Egia da guk formazioa intelektuala daukagula, karreran zehar filosofia, artearen historia, musikaren historia, fisika, akustika... ikasten dugu, baina norbait disfrutatzera etortzeko ez du formaz edo armoniaz jakin behar. Pixkanaka joango da gero konpositoreak eta euren historia deskubritzen, baina lehen kontaktua inuzente izan behar du, haur batena bezala. Eramaten utzi, begiak itxi eta eramaten utzi.
Pintura bat ikustean barruan dugun sentimendua ateratzen digula esaten dute. Musikarekin berdina gertatzen al da?
Beharbada musikarekin oraindik zuzenagoa da, bihotzera irizten den arterik zuzenenetarikoa da eta. Berehala nabari obra batek transmititzen duen emozioa, alaia bada, tristea bada, dramatikoa bada, barnekoa bada...
Goian, eskenatokian zaudenean, beheran dagoen publikoa sentitzen ari dena nabari al duzu?
Konektatuta badaude nabari dut, baina ez dut txaloan jasotzen, isiltasunean baizik. Oso berezia den isilpeko konexioa dago jendea mugitzen ez denean, eztul egiten ez duenean, mugikorrik jotzen ez duenean (barrez) eta bat batean airean dagoen energia agertzen da... kontzertuaren unerik miresgarriena da.
Ekainaren 26an Donostiara bueltatzen zara, zure etxera, Victoria Eugenia antzokira.
Nire bizitzako antzokia da, nire ametsetako antzokia, handiak diren guztiak entzun ditudan tokia. Duela pare bat urte bertan debuta egin nuenean, piano munduan bizi izan dudan momenturik zoriontsuena izan da. Beraz, egun hori iristeko eta bertara bueltatzeko deseatzen ari naiz. Zein polita den aurpegi ezagunak ikustea, liluraturik irribarre egiten dizute, zauden tokira iristearren zenbatetarainoko borroka egin duzun dakitelarik. Oso hunkigarria da.
Musikan, pianoan, zein asmo daukazu, zein da zure helburua?
Nire helburua honetatik ahalik eta gehien bizitzea da. Disfrutatzea, eta batez ere, ikasten jarraitzea. Nire ustez, bizitzari aurre egiteko jarrera inteligentea zera da, nahi duzuena lortzeko geroz eta gertuago zaudenean, orduan eta esfortzu handiagoa egitea.
Oraintxe une liluragarri batean nago, baina Victoria Eugenia, Kursaal, Baluarte edo Euskalduna bezalako antzokietan jotzeko aukera geroz eta gertuago ikusten dudanean, gehiago ikasi behar dudala pentsatzen dut eta “goian” egoteari esaten diogun edozein puntutik gero eta urrutiago ikusten dut neure burua. Oso luzea izatea espero dudan karrera baten hasieran ikusten dut neure burua. Ikasteko gogoak eta neure buruarekiko exijentzia hori mantendu nahiko nituzke. Izan ere horrek barruan daukazun onena ematea eskatzen dizu. Nire helburua egunero ikastea da, ikasteari inoiz utzi gabe eta, uzten didaten heinean, honetatik bizi.
Zaila al da musikaz bizi ahal izatea?
Oraintxe bertan edozer gauzaz bizitzea zaila da, baina egia da musika oso talde murritza dela eta zirkuitua oso konplikatu da. Behin iritsi ostean, dena demostratu behar duzu. Eskenatoki batera igotzen zaren guztietan, proba baten antzeko zerbait gainditu behar duzu. Duela gutxi baten batek esan zuen artistak prestigioa galdu zezakeela antzokia betetzen ez denean, baina nik uste dut eskenatoki batean prestigioa egunero dagoela jokoan.
Presio horiengatik ihes egiten saiatzen naiz. Presio handiak ditugu musika egiterakoan. Beraz zaldiak bezala nire bidetik joaten saiatzen naiz, barruan daukadan hoberena ematen saiatzen naiz, benetan disfrutatzen saiatzen naiz, nik disfrutatzen badut bakarrik, besteak nirekin disfrutatu ahal izango dutela uste dut. Negozioa inguratzen duen guztia eta presioa bera alde batera uzten saiatzen naiz, baita hor egotean publikoarekiko dugun zor hori ere.
Gustatuko al litzaizuke Donostiara bueltatzea eta zure hirian musika egitez bizitzea?
Alemanian lau urte eta erdi bizi eta gero Madrilera joan nintzen bizitzera, baina ez Donostia maite ez dudalako, izan ere bertan nire familia eta maite dudan guztia dago eta horrenbeste faltan botatzen dudan itsasoa daukat. Oraintxe bertan ez dut horrelakorik planteatzen, nire bizitza pertsonala hemen daukadalako, 6 urte daramazkit hemen. Baina oso maiz joaten naiz Donostiara, ia bost iloba ditut (lau eta bosgarrena bidean) eta ez ditut galdu nahi. Beraiek dira nire begietako kuttunak eta nire familia da nire babesa. Hilero edo hilabete eta erdiro joaten naiz, umeak laztantzen ditut, amaren bazkari goxoa eta pintxoak jaten ditut, baina nire bizitza hemen dago, Madrilen.