Koldo Etxebarria. Artista: Gu garen zoriontasuna eta edertasuna piztea da artelanak egiten duen gauza bakarra

2012-07-13

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Koldo Etxebarriak 3D teknikak baliatzen ditu bere artelanak sortzeko. Aitzindaria izan zen Euskadin aipaturiko teknikak erabiltzen eta egun bere lanak sortzeko bide esklusiboa izaten jarraitzen dute. Luis Miguel Gómez Gonzálezekin batera, Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolegioak antolatutako pintura bienaleko ex aequo saria irabazi berri du; aurretik, José Ramón Amondarain, Luis Candaudap, Ana Román, Iñaki Gracenea, Abigail Lazkoz edota Alain Urrutia moduko artistek irabazi dute lehiaketa hori. Areto ugaritan erakutsi du bere lana, baina galeria garrantzitsuena sarean dago, bere web orrian, izan ere, pixela bere obraren pigmentua da.

“Ikuslean dago edertasuna” obra irabazleak begiradari buruzko hausnarketa egin eta behaketa zehatz eta luzean lagundu nahi duela esaten dute, non denbora gelditu egiten den, presente ez dagoenarekin batera desagertu arte.

Lan irabazleak estudioan dagoen artista erakusten du, funtsezkoak ez diren elementurik gabeko estudio batetan, non isiltasuna eta gelditasuna denboraz kanpoko espazio batekin elkartzen diren. Eszenako protagonistak argi leun eta beroz beteriko leiho baten bitartez gozamenez behatzeko du. “Ikuslean dago edertasuna” obraren tituluak, lanaren esanahia laburtzen du: edertasun metafisikoa ez da arte lanaren baitakoa, behatzen duen pertsonarena baizik.

Artelanek materiazko forma eta osagaiak dituzte: pigmentuak, aglutinatzaileak, euskarriak, eta abar. Eta aldiz, estetika metafisikoa ez dago formetan, ezta fiskoa den horretan ere, behatzailearen begiradari dagokion zerbait da. Consuelo Martinek dioen bezala, “edertasuna errealitatea da eta ez ederra den gauza bat. Hortaz jabetzerik izango bagenu, edertasuna ikusi eta gu geu edertasun hori garela aurkituko genuke”. Ikuslearena den gozatze kontzientzia egoera bat da, eta alaitasun egoera bat den era berean, egoa baino haratagoko benetako Nia da.

Era esperimentatzaile batean barne egoera hori bizitzeko erreminta baliagarria behaketa da, hau da, gozamenezko begi-kolpe zehatz eta luzea, izan ere, prozesu arrazionalak ez dira nahikoa. Hortik dator giza figura kontenplazio modu batetan egotea, bai eta norberearen gozamen zein zoriontasunaren jakitun izatea. Behatzen duen leihoa, metafisikoa existitzen den bizitza horren metafora bat da. Estudioa betetzen duen argi leuna alaitasunaren, gozamenaren eta buru-argitasunaren metafora da, metafisikaren estetika.

Lehenengo planoan Rothkoren koadro bat daukan asto bat dago, eta honek zentzua ematen dio obrari Rothkokek artearen dimentsio metafisikoan sakondu baitzuen formak minimora murriztuz, modu horretan, sentimendu metafisikoa ahalik eta gehien askatzeko.

“3D teknologiak erabiltzen ditut elementurik eta forma anekdotikorik gabeko espazio minimo eta garbiak interesatzen zaizkidalako”.

Zure obrak sortzeko baliabide teknologikoak erabiltzen dituzu. Zer eskaintzen dizute teknologia berriek tradizionalek ematen ez dizutena? Zein da bilatzen duzun efektua?

Adierazpen ahalmen handia ematen dute teknologia berriek. Pigmentu bezala pixela erabiltzea, bere garaian Van Eyckek tenplearen ordez olio-pintura aurkitu izana moduko iraultza izan da pintura-lengoaian. Nire kasuan 3D teknologiak erabiltzen ditut elementurik eta forma anekdotikorik gabeko espazio minimo eta garbiak interesatzen zaizkidalako.

Ez al duzu beste teknikarik erabiltzen?

Soilik ordenagailua baliatzen dut behar dudan guztia eskaintzen didalako. Nahiz eta Arte Ederretako nire heziketa teknika tradizionaletan oinarritu zen, behin lizentziatura amaitu nuenenean hasi nintzen teknologia berriekin lan egiten ETBko arte-departamentuan. Gainera, 80ko hamarkadan Espainian 3D teknologietan aitzindariak izan ziren ATC (Madril ) eta ANIMATICA (Bartzelona) bi enpresetan lan artistikoak burutu nituen. ANIMATICAn eginiko Oteizaren desokupazioan oinarritutako lan bat, Las Vegaseko Siggraph jaialdiarekin batera genero horretako erakusketa garrantzitsuena den Montecarloko (Monako) IMAGINA Nazioarteko Arte eta Teknologia jaialdian hautatu zuten.

Teknika horrekin lan egiten hasi zen lehenengoetariko bat izan zinen, baina modu horretan lan egiten duten artista asko al daude egun Euskal Herrian?

Euskadin lan egiteko bide horiek erabiltzen aitzindaria izan nintzen. 80ko hamarkadan teknologia hauek berriak ziren, Bilboko Arte Ederren Fakultatean ez zeukaten horrelakorik eta ez zituzten ezagutzen, gainera. Behin baino gehiagotan galdetu zidaten Bilboko Arte Ederretako irakasle lagunek zer ziren infografia teknika horiek. TDI-SILICON GRAPHICS gradu-ondoko ikastaro bat egin nuen 1990ean Balearretako Unibertsitatean, hain zuzen 3D teknologia zeukan Espainiako lehenengo unibertsitatean. Gaur egun eremu honetan noizean behin sartu-irten bat egiten duten artistak daude Euskadin, baina ez dut nik bezala bide esklusibo moduan erabiltzen duen inor ezagutzen.

Zein izango litzateke mihise baten bitartez edo ordenagailu bidez arte lan bat sortzeko prozesuaren arteko desberdintasunik handiena?

Sormen prozesuan ezberdintasun nabariak daude: pigmentu tradizionalak pixelengatik ordezkatzen dira, pintzelak teklatu eta saguagatik, mihisea ordenagailuaren pantailagatik. Gainera, konposizioak sortzeko moduak oso desberdinak dira: mihise edo pintura-euskarria laua den bitartean, ordenagailuaren pantaila 3D espazio batetan lan egiteko leiho bat da.

Diozunez, ikuslearengan armonia, barnean daraman edertasuna piztu nahi duzu...

Pertsonak edertasun estetikoa jariatzen duen barne dimentsio metafisiko bat daukala da nire ikerketa plastikoaren oinarrizko planteamendua. Edertasun hau unibertsala da, eta pertsonen erdigunean aurkitzen da, gozamen poetikoa eta armonia dauden toki berean. Berez, formarik eta gorpuztasunik gabeko kontzientzia egoera bat da, esentzien eremu bat, egoaren gorabeheraz gaindi, pertsonen benetako izaera errotzen den tokia. Kontenplaziozko jarrera batetan pertsonek hartutako gutxieneko espazio isilen bidez, ikuslean edertasun metafisiko hori, bai eta armonia ere piztea da nire lanaren funtzioa. Izan ere, Antonio Blay Fontcubertak zioen bezala, “zuk behatzen duzun edertasuna zurea da erabat”.

Gasteizko Amarika aretoan antolatutako “Izatearen Isiltasuna” erakusketa.

Zure obra bereizten duten elementu ugari daude: alde batetik elementu arkitektonikoak eta giza figurak, baina ezin ditugu zure koadroak deskribatzen dituzten armonia, edertasuna, estetika edo poesia moduko elementuak ahaztu.

Toki lasaietan harrera egiten zaien pertsonak dira nire obretako protagonistak. Behatzen duen pertsonaren inguruan egituratzen da dena, eta arkitekturek babestutako espazioen egitekoa, beren baitan hartu eta isiltasun eta gelditasun atmosferak sortzea da. Argiak, gozamen eta buru-argitasunaren metafora gisa, jendez betetako guneak hartzen ditu, eta pertsonen eta inguruaren arteko armonia sortzen du, artelana edertasun fisikotik modu esperimentatzailean bizitako bizitzaren metafora eta sinbolo bilakatuz.

Baliabide poetiko moduan erabiltzen duzu giza figura behatzaile eta isila, baina zergatik diozu gaurkotasuneko ikonoa dela?

Nire irudi piktorikoen ikonografian protagonista da jarrera behatzailean dagoen giza figura. Edertasun metafisikoaren dimentsioaren bizipena berreskuratzeko eta normalean zer garen uste izatetik, pertzepzio itxuratik eta bestelako prozesu arrazional eta ideologikoetatik haratago dagoenaz jabetzeko ezagutza metodoa da behaketa.

Esperientzia metafisikoa bizitzeko eta gure benetako izatea dela aurkitzeko metodologia eraginkor moduan agertzen da kontenplazioa. Antonio Blayk esaten duen moduan, begiratzeak “aparteko sartze indarra dauka, eta horrek edertasun metafisikoak duen errealitate edukian barneratzea ahalbidetzen du”.

Xabier Saez de Gorbea kritikoak zure obran Oskar Schlemmer, Chirico, Edward Hopper, David Hockney edo Richard Estes moduko artisten lanak ikusten direla dio. Horiek al dira zure erreferenteak?

Guzti horietan aurkitzen ditut interesatzen zaizkidan eta nire plastika-lengoaia aberasten duten gauzak. Baina Giorgio de Chirico interesatzen zait batez ere, bera izan baitzen irudika ezinezko hori adierazteko, hau da, ez figuratiboa, ez fisikoa ez eta hautemangarria ez dena, baina aldi berean bizitzako gauzarik benetakoena den errealitate metafisikoa irudikatzeko, irudia eta espazio figuratiboak modu jakitun batetan erabiltzen aitzindaria. Inkontzienteki, artearen historia osoak errealitate horretara apuntatzen du. Chirico horretaz jabetu zen eta gogora ekartzeko pintura baliatzen aurrenekoa izan zen. Nik testigua hartu dut eta artean burututako irudikapenaren bidez bizitzaren eta pertsonaren errealitate metafisiko hori ekartzen dut gogora.

Uste dut artearen funtzioa izan beharko litzatekeenaren teoria propioa daukazula...

Jendarteari beti interesatu zaio artea, ezen modu jakin batetan sentiarazten baikaitu. Edertasunaren gozamena azaleratzen digun osotasun sentipen bat da. Arteak zoriontasuna, gozamena eta maitasuna pizten digu. Arazoa, edertasun sentimendu hori arte lanari esleitu diogula da, eta formengatik liluratuta geratzen gara. Artearen gakoa formetan dagoela pentsatzen dugu, edertasunaren bizipena artelana behatzen dugun une berean baitaukagu. Horregatik miresten dugu objektu artistikoa, edertasuna bertan dagoela uste dugulako. Gu garen zoriontasun eta edertasuna piztea da arte lanak egiten duen gauza bakarra.

Arteak gozatze eta edertasun egoerak ekartzen dizkigu gogora, eta askotariko forma eta tendentzien bidez irauten du horrek artearen historian zehar. Arte Ederren fakultatean tendentzia guztiak erakusten saiatzen dira; oso ongi dago hori, baina ez ginateke tendentziengatik ezta forma artistikoengatik liluratuta geratu behar. Edertasuna gugan eta bizitzan bertan dagoela jakitun izaten ikasi behar dugu.

“Kontenplaziozko jarrera batetan pertsonek hartutako gutxieneko espazio isilen bidez, ikuslean edertasun metafisiko hori, bai eta armonia ere piztea da nire lanaren funtzioa. Izan ere, Antonio Blay Fontcubertak zioen bezala, “zuk behatzen duzun edertasuna zurea da erabat”.

Arte Ederretako ikasle moduan, pozik sentiarazten gaituen ekintza artistikoa burutzea izan da gure motibazioa. Baina ez gara zoriontasun horretaz konturatzen. Hala, bai bizitzan eta baita gugan dagoen dimentsio metafisiko hori piztea izan beharko litzateke artearen egitekoa, modu horretan esperimentalki bizi ahal izateko. Hau da, bizitzan bizi ahal izateko.

Era berean, ekimen artistikoa gure eta bizitzaren edertasunaren omenaldi bat izan beharko litzateke. Objektu artistikoen idolatria baztertuz eta atentzioa gure baitako nola bizitzako aspektu intimoenetara bideratuz. Jean Kleinek zioen bezala, “arte bikainak gu geu esnatzen gaitu”, “artelan handien gozamena gu garenaren aurrean ipintzeko gaitasuna daukatela da”.

Modernitatearen edertasun fisikoa? Horrelakoak al dira zure koadroak?

Bilbon egin nuen “El silencio habitado” izeneko erakusketaren harira, modu horretan definitu zuen abilezia handiz Deian publikatutako kritikan Xabier Sáez de Gorbeak. Eta definizio hori erabili nuen Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Amarika aretoan antolatutako “Izatearen Isiltasuna” erakusketarako katalogoan.

Ibilbide luzea da zurea, zertan nabaritu duzu izan dutela zure lanek bilakaera?

Nire ibilbideari dagokionez, maila formalean bilakaera egon dela nabaritu dut, nerabe eta gaztaroko post inpresionismo garaietatik, Arte Ederrak ikasten nuen espresionismo abstraktu garaira, eta ondorengo figurazio ezberdinetara. Halere, edertasuna forma piktorikoetan aurkitu nahian horrenbeste saiatu ondoren, ezaugarri hori arteari barik guri dagokigula, gure izanaren barrenean dagoela eta era berean, horrek gure izateko moduetatik eta eiteetatik haratago benetako nortasuna eratzen duela jabetu naizenean eman da nire lanaren benetako iraultza. Aurkikuntza hori egin nuenetik, artean gehien interesatzen zaidana, irudika ezin den hori erakustea da, ukiezina ukigai bihurtzea. Nire pasioa irudien bidez begirada prosaiko eta arrazionalaren aurrean ezkutatzen den errealitate metafisiko hori gogora ekartzea da. Eta garrantzitsuena, edertasun gisa gehiago bizi izatea, Jean Kleinek dioen bezala, “gizon eta emakume jakintsuek edertasuna maite dute, hori bera euren edertasun propioaren erakusle baita”.

Koldo Etxabarria Art Aretoan Koldo Etxebarria (1960) Arte Ederretan lizentziatua, ETBko diseinu departamenduan garatu du bere karrera profesionala. Egiteko hori ibilbide artistikoarekin uztartu du. Teknologia berriak erabiltzen aitzindaria izan zen 80ko hamarkadan eta egun ere esklusiboki baliatzen ditu bere lanetan. Erakusketa ugari burutu ditu 1983tik gaur egunera arte eta sari asko jaso ditu, azkena, Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolegioak antolatutako pintura bienaleko ex aequo saria.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jesús Prieto Mendaza. Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea: Jaietako desordenak ondoren Gasteizko bizitza soziala ordenatu besterik ez du egiten

 

Irakurri

Yolanda Osés Pérez. Nafarroako Gobernuko Hedapen Artistiko Saileko burua: Udan zehar egunero ekintza kultural bat egongo da Nafarroan

 

Irakurri

Begoña Gorospe. Feminista: Egungo gizarte androzentrikoak gizonak ere mugatzen ditu

 

Irakurri

Raúl López Romo. Historian Doktorea: Ez da fidatu behar egia absolutua ezagutzen dutela esaten dutenez

 

Irakurri

Martin Altzueta. Marrazkilaria: 1512. Nafarroa, amets urratua komikian gozagarria izan da ikuspuntu artistikotik gazteluak–eta marraztea

 

Irakurri