Laura Esteve. Artista: Margolan batekin hastean inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen

2012-12-19

SILLERO ALFARO, Maider

ALFAGEME, Ainhoa

Laura Esteve-ren estudioan sartu bezain pronto, tokiak harrapatu egiten zaitu. Espazio handia da, paretarik gabekoa eta hirian bertan badago ere, naturaz inguraturik aurkitzen da. Bertan artelan ugari topa dezakegu, gehienak bereak noski, baina baita Balerdi edo Chillida bezalako beste artista batzuenak ere. Ohitura den bezala, elkarrizketa egiteaz gain, Laurarekin hitzordua egin dugu Euskonews-eko irakurleekin batera urteari amaiera eman diezaion. Aldez aurretik bagenekien, ez zela zorion-txartel arrunta izango ... Musika jarri eta pare bat katilukada te prestatuz elkarrizketari hasiera ematen diogu. Garrantzitsuena gertaera bera da, gertatu den unea kontutan hartu gabe.Elkarrizketak ez ditu gogoko eta hala jakinarazten digu:

Miren Erasok behin egin zidan elkarrizketa zoragarria izan zen. Pena handia hartu nuen hil zenean ... Halako elkarrizketak gustatzen zaizkit.

Badakit zein elkarrizketari buruz ari garen, baina hura elkarrizketa baino, solasaldia izan zen ...

Bai, horixe. Zeure historia kontatu behar izatea ... hori ez dut batere gogoko. Gainera, oso oroimen kaskarra daukat eta dena nahastu egingo nuke ...

Tira, has gaitezen, ea zer lortzen dugun!

Ni hasi nintzenean, Arte Ederretako ikasketak Donostian edo Bilbon burutzea ezinezkoa zen, eta horien pareko Arte eta Lanbide-eskola zen. Begira, hori ere desagertu egin da. Kulturaren hiriburua izango omen den honetan Arte eta Lanbide-eskolarik ez izatea ... esango didazu bada! Ongi legoke nik izandako ideia berbera gauzatzea, Tabakaleran Arte eta Lanbideetako ikasketekin zerikusia duen zerbait irekitzea alegia. Oraindik ikusteke dago zer egingo den bertan. Momentuz, barrualdea hondatu dute. Niri behintzat astakeri hutsa iruditzen zait. Arkitektoren bati galdetu beharko genioke baina gutariko askok ez dugu atsegin, Tabakaleraren lehengo espazioak gustuko baikenituen. Arterako leku zoragarria zen, antzerkia, balleta edota erakusketetarako espazio bikaina zen. Jende mordoa gara gai honekin haserre gaudenok, gainera oraindik ez dakite zer egin behar duten bertan. Eraikina zoragarria da, beti izan dut gustuko. Nik Magritte-n El siglo de las luces koadroarekin lotzen dut. Gauez, argiak piztuta ... niretzat Tabakalerak horren antza zeukan. Basatiak, ezjakin hutsak dira. Gai honek sutan jartzen nau ...

Osborneren Zezena behi bihurtu zuteneko argazkia.

Laura, betidanik izan duzu oso lotura estua hiriko mugimendu kulturalekin, jarrera aktiboa erakutsiz, Groseko auzo-elkartearekin adibidez, baita merkatal-elkartearekin...

Hura harreman bikaina izan zen. Elkarlanean hainbat ekimenetan jardun genuen, Kursaal zaharra edo Tomas Gros etxea botatzearen aurka egindakoak. Etxe zoragarria zen hura eta astakeri galanta izan zen eraistea. Nolabait, ekimen kontseilari moduan hartu ninduten eta kultura arlora jo nuen. Egia esan, egindako proposamenetan kasu egiten zidaten. Une hartan elkartean zegoen jendea oso jatorra zen. Merkatal-elkartearekin egindako proposamen horietako bat, auzoan hutsak zeuden hainbat dendatan antzezlanak antolatzearena izan zen. Colon Pasealekuan zegoen nire estudioko terrazan, oso toki berezia izanik, zenbait gauza antolatu genituen. Begira, halako batean Osborneren Zezena behi bihurtu genuen eta 3 metrotako behia estudioko terrazan ipini genuen. Nire lagun Jokin Diez de Fortuny-ren ideia izan zen eta gero Espainia guztira zabaldu zen.

Proposatutako beste ekintza interesgarri bat, Gros auzoko arkitekturaren inguruan antolaturiko argazki erakusketa izan zen. Auzo horrek art déco eta arkitektura arrazionalista du, Donostiako hoberenetarikoa.

Miguel Garay arkitektoa, eta oso argazkilari onak diren Michel eta Josean Martin-ek osatzen zuten epaimahaia.

Colon Pasealekuko estudio-galeria hartan eskolak ere ematen zenituen.

Bai, hala da. Marrazki eta pintura eskolak ematen nituen estudioan eta 3 urtez galeria ere izan zen. Juan Cruz Unzurrunzagarekin batera ireki nuen eta bera izan zen proposamena luzatu zidana. Lekua zoragarria zen. Gero berak, Ekain galeria ireki zuen. Beste espazioa bat proposatu zidan baina ni nire eskolekin jarraitzea erabaki nuen eta etxebizitza nahiz galeria izango zen zerbait handiagoren bila hasi nintzen.

Diseinatzaile grafiko moduan lanean aritu arren margolaritzarekin lotura mantendu duzu, hala al da?

Bai, beti. Zorionez, beti lotura hori mantendu izan dut eta horretaz bizitzeko aukera ere izan dut. Ez naiz pinturaz bakarrik bizi, nahiz eta sari ugari jaso izan, besteak beste Nazioarteko Arte Plastikoen Lehen Saria 1962an, baina bai diseinuaren munduaz, horixe baita nire lanaren oinarria. Inoiz ez dut baztertu diseinuaren alde artistikoa. Erabili dudan hizkuntza beti artistikoa izan da. Zortea izan dut, beti kulturaren inguruan jardun dudalako lanean beti eta horri esker ez dut galeria komertzialaren aurrean amore eman behar izan.

Hainbat artistekin lan egin duzu, esaterako, Rafael Ruiz Balerdi, Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta, Carlos Sanz eta abar ...

Bai, hura izan zen nire garaia. Zoragarria, hoberenetarikoa. Arocena eta beste askorekin batera ... Arte-elkartea bizitasun handiko erakundea zen .... Konferentziak, filmak, eta abar antolatzen genituen ... asko mugitzen ginen. Gure herri honetan, ez bakarri Euskal Herrian baizik eta Estatu osoan, onenetakoa izan den Balerdi etortzen zait burura.

Euskadi Sioux aldizkarian aritu nintzen Vicente Ameztoy eta beste pintore eta idazleekin, besteak beste, Juan Carlos Eguillor, Olariaga, Rafa Castellano, Bernando Atxaga, Garikoitz Zabala, Jon Zabaleta, Juan Ignacio Etxart, Jose Mari Agirre, azken honek lan garrantzitsua egin zuena, beste batzuen artean. Hordago argitaletxeak, Iñaki Mujikaren, Ezkerrar, eskuzabaltasunari esker lokal bat utzi zigun Konstituzio Emparantzan eta bertan elkartzen zen garaiko abangoardia. Umore azkarra, satirikoa, dibertigarria egiten zen. 79an lehen alea kaleratu bazen ere, 7 ale besterik ez ziren editatu. Hordago argitaletxearekin harreman handia izan dut liburu azalak diseinatzen.

Gizonez osaturiko munduan emakume bakarra zinela ere esan dute. Miren Erasok zera idatzi zuen: “Laura, aitzindari bakartia izan da, emakumeen artean, bere testuinguruan, existitzen ez zen lanbide batean aritu zen lehenetarikoa”.

Bai, egia da mundu honetan ia emakume bakarra nintzela. Diseinu munduan hemen, ni lehenetarikoa izan nintzela esango nuke, ez dizut lehenengoa esaten baina ...

Artea kalera irteten da, Laura Esteve.

Eta nolakoa da “existitzen ez zen” lanbide batean aritzea?

Begira, egun diseinatzaile ugari dago baina nire garaian profesional oso guzti aurki zenezakeen. Ni Londonera joaten nintzen eta han aldizkarien bitartez dokumentazioa lortzen nuen. Parisera ere joan nintzen. Bertan ez genituen hedabideekin izaten nuen harremana. Mugitzen ez bazinen, oso zaila zen informazioa jasotzea. Oraindik ez zutela lanbidetzat jotzen esan daiteke. Gero oso ezaguna bilakatu da eta egun gehiegi daudela uste dut. Nik benetan gustura aritzen nintzen eta gogotsu egin dut lan.

Eta noski, jakina da “eskuz”, ordenagailurik gabe, lan egiten genuen.

Nire garaian ez zegoen ordenagailurik, guztia eskuz egiten zen. ALAS Publizitate Agentzian lanean hasi nintzenean, “set letrak” genituen, hau da, itsatsi egiten ziren tipografia ugariz betetako orritxoak. Garai hartan laguntzaileak genituen, ordenagailu garaian ere izan ditugu. Hau da, nik prestatzen nuen guztia, irudia, neurriak, tipografia, ... eta gero beste norbaitek burutzen zuen. Nik diseinua egiten nuen eta beste norbaitek bukatu, inolako aldaketarik egin gabe noski. Kartel batean, adibidez, tarteak edo hutsuneak aldatuz gero esanahia aldatu egiten baita. Kontzeptua islatzen duzu, horixe baita muina. Zorionez lanean inguruan izan dudan jendeak ulertu eta jarraitzen ninduen. Kartel bakoitzean gauza bakoitzak bere zentzua dauka, hala izan behar du. Beti ez zaizu nahi bezala ateratzen. Nik benetan gustuko izan dut honetan lanean aritzea. Kartel hau adibidez —liburuko orrialde bat erakutsiz—, asko gustatzen zait, gustura geratu nintzen. Kaletik zoazenean, etengabe gauza berriak aurkitzen dituzu bidean. Arzak sukaldariarekin ere elkarlanean aritu naiz urte askotan, ardoen kartak, menuak, ... egiten. Begira iezaiozu Donostiako Zinemaldiko kartel honi. Kartelaren oinarria, Diego Galanek gustuko zuen koadroa zen eta azkenean oparitu egin nion. Argazkiak ere egiten nituen, gero kartelen oinarri moduan erabiltzeko.

Zenbat denbora ematen duzu lan bakoitzarekin?

Hori, eguna eta lanaren araberakoa da. Batzuetan egun bakarrean bukatzen duzu eta beste batzuetan aldiz astebete behar duzu. Edota batekin hasi, hura utzi eta beste bati heltzen diozu ... ezin da zehatz-mehatz esan.

Eta nola dakizu koadro bat amaitua dagoela?

Hortxe dago koska! Batzuetan argi ikusten dut bukatuta dagoela, errematatuta, beste batzuetan ez dut hain argi izaten.

Ez zara Antonio Lopez pintorea bezalakoa izango, ezta? Arazoak omen ditu koadroak amaitzeko ...

Bere perfekzionismoa hainbesterako da ... Ni ez naiz horrelakoa, baina ulertzen dut, bere kasuan ulertzen dut, bai.

Azken garai honetan abstrakzioa lantzen ari zara, esango al zenidake zergatik?

Abstrakzioa lantzen gutxienez 8 urte eman ditut, hala sentitu dudalako. Koadro batzuetan ideiaren bat antzematen da ... Nonbait ezbeharren bat gertatu zen, ez dut gogoratzen non, eta horrek koadro abstraktu hori pintatzeko ideia eman zidan ... zerbait erortzen ari dela zerbait sumatu daiteke ... errealitatearekin lotuta dagoen gauza xumeren bat erakusten dizun bide hori berriro hartzeko aukera aztertzen ari naiz, aldatu egin behar dudala sentitzen hasi naiz. Bizi dugun errealitateak eragina du, honez gero historiak pisua handia dauka.

Zure margolanak benetan handiak dira.

Koadro handiak pintatzea gustatzen zait, espazioa behar dut. Neure burua aditzera emateko lekua behar dut.

Laura Estevek Donostiako Zinemaldirako egin zuen kartela.

Mihise zuriak beldurrik ez ematea espero dut, duen tamaina kontutan hartuz ...

Ez, ez dit inolako beldurrik ematen. Pixkanaka hasten zara eta pintatzen ari zaren heinean sortzen zoaz. Zure buruan ez duzu aldez aurreko ideiarik, batez ere irudi abstraktuaz hitz egiterakoan. Era naturalean burutzen duzunean, eskuak libre egon behar du. Gauza guztiak ez dira Antoñito Lopez-ek bezala egin behar, ez, hori ez da nire estiloa. Bera zoragarria dela uste dut, baina niri ez zait horrela lan egitea ateratzen. Koadro bat hasten duzunean ez dakizu nola joango den, inoiz ez. Sortzen zoazen heinean, koadroak berak eskatzen du, kontzeptua aske geratzen da eta berau garatu egiten da.

Hurrengo erakusketa.

Momentu honetan Donostiako Garraxi Jatetxean antolaturiko erakusketan ikusgai izango diren margolanen aukeraketa burutzen ari naiz.

Baduzu bai non aukeratu. Ikusten dudanaren arabera, “antzekoak” diren zenbait margolan duzu. Gustuko al duzu serieak egitea?

Bai, bat batean hasi eta zerikusia duten 3 edo 4 egiten dituzu. Adibidez, gorriak diren 3 baditut, baita okre koloreko beste multzo edo bilduma bat ere.

Noizbait zure lana Mark Rothko-renarekin parekatu izan dute. Zer deritzozu?

Bai, horrelakorik esan didate, zerikusirik izan dezakeela ... baina horrela ateratzen zait. Ez dut kopiarik egiten, era natural batean linea hori jarraitzen dut. Jendea beti saiatzen da parekotasunen bat topatzen.

Laura Esteve Art Aretoan Laura Esteve (Donostia, 1939) Margolaria, marrazkilaria eta diseinatzailea. 1939. urtean Donostian jaio zen. Cobreros Urangarekin Arte eta Lanbide-eskolan hasi zen eta gero Ascensio Martiarenarekin aritu zen, Marrutxipiko bere estudioan eta Gipuzkoako Erakunde Artistikoan. 1986. urtean Perugiako Arte Ederretako Eskolan marrazki eta grabaturen inguruko ikastaroa burutu zuen. Urte askotan zehar profesionalki publizitate-diseinuan aritu zen, pintura munduan bete betean hastea erabaki zuen arte. 1997. urtean, Laura Esteve ARTE-LANAK estudioa ireki zuen. Pintatzen eta marrazten irakasteaz gain, Juan Cruz Unzurrunzagarekin batera galeria bat sortu zuen. Bere bizitzan zehar gouachs, urkolore, olio-pintura edo ta akrilikoak bezalako teknika ezberdinak erabili izan ditu. Azken etapan, bere pintura lanek bilakaera nabaria izan dute, abstrakzioaren alde eginez eta edozein erreferentzia figuratiboa baztertuz. Laura Esteve Artista Berrien Lehiaketen inguruan osatutako belaunaldi baten barruan sar daiteke, lehiaketa horietan hainbat sari jaso zuelarik. Orduz geroztik erakusketa ugari egin du. Bere azken lanak honako erakusketetan eskaini dizkigu: Donostian Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan pintura, marrazki, lan grafiko eta diseinu grafikoen erakusketa (2004); Donostiako Beti Boga eta El Lagar galeriatan eginiko pintura erakusketa (2006). 2007. urtean Palau Altea-n burutu zuen erakustaldia, 2010ean Donostiako Kutxa Boulevard Aretoan eta 2011. urtean berriz, hiri bereko Ekain Arte-Lanak galerian aurkeztu zuen bere lana. Orain Donostiako Garraxi Tabernan du erakusketa. Iturria: Euskomedia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Angelita Alfaro. Sukaldaria: Ikasten dena ongi irakatsi behar da, sekreturik gorde gabe

 

Irakurri

Gorka Aulestia Txakartegi. Euskal literaturako irakaslea: Bi makulu izan ditut euskalgintzan: Joxe Mari Aranalde eta Juan Mari Lekuona

 

Irakurri

Gregorio Muro Arriet. Gidoigilea: Euskarari esker artistikoki garatzeko aukera izan dut

 

Irakurri

Iñigo Martinez. Xare (Euskarazko Teknologia Berrien Azoka) egitasmoaren koordinatzailea: Euskararen biziraupenerako informazioaren teknologia berrietan bere erabilpena normalizatzea estrategikoa da

 

Irakurri

Gaizka Fernández Soldevilla eta Raúl López Romo. Historialariak: Tolerantzia, sineskortasunik gabe egunero landuz ikasitako zerbait da

 

Irakurri