Elkarrizketa: Lucia Etxebarria Lucia Etxebarria, idazlea "Metaliteratura interesatzen ez zaidalako egiten dut literatura konprometitua" * Estibalitz Ezkerra Lucia Etxebarria (Bermeo, 1966) ez da inongoa sentitzen. Haurra zela sendi guztia Madrilera joan zen, eta ordudanik batetik bestera ibili da zazpi anai arrebetan gazteena den Lucia. Kazetaritzan lizentziatua, 1996an argitaratu zuen bere lehenengo liburua, "La historia de Kurt y Courtney: aguanto esto" izeneko Courtney Loveri buruzko biografia, eta handik urtebetera "Amor, curiosidad, prozac y dudas" eleberria kaleratu zuen, Ana María Matuteren babespean. 1998an, Nadal saria eskuratu zuen "Beatriz y los cuerpos celestes" liburuarekin. Geroztik, "Nosotras que no somos las demás" (1999) eta "La Eva futura. La letra futura" (2000) idatzi ditu. Hizkuntza askotara itzuli dira bere obrak. Gaur egun hainbat aldizkaritan hartzen du parte. Bestetik, Aberdeengo Unibertsitateak (Eskozia) Honoris Causa doktore izendatu berri du. Baldintzatu egin al zaitu 1998an Nadal saria irabazi izanak? Ordurako gutxi asko ezaguna nintzela uste dut. Nire lehenengo eleberria hainbat hizkuntzatara itzuli zen, eta hamar edizio saldu ziren. Nadal sariari esker salmentak igotzea eta depresio batean murgiltzea lortu nuen: jendeak kalean iraindu egiten ninduen (hala ere, baten bat deklaratu ere egin zitzaidan...), telefonoa blokeatu egin zitzaidan, egunean hiru mila dei inguru jasotzen nituen eta, eta aldizkari bat zabaltzen nuen bakoitzean beti irakurtzen nuen niri buruzko zerbait, edo irainak edo gezurrak. Baina auskalo non egongo nintzen saria irabazi izan ez banu. Ez naiz irabazi izanaren damu. Gainera, Nietzschek esaten zuen bezala, ez dago ahaztu gabe bizitzerik. Aberdeengo Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatuko zaituela adierazi berri du. Aintzatespena atzerritik datorrela ikusita, zein da zure iritzia? Kritikarik onenak Alemanian eta Frantzian jaso ditut. Nire ustez, kontua da Espainian ez dagoela women's studies edo emakumeenliteraturaren katedrarik, eta kritika feministarik ia ere ez. Alde horretatik, Erresuma Batuan hemen baino tradizio handiagoa dagoenez, logikoa da han nire literatura hobeto ulertzea. Zer da zehazki Aberdeengo Unibertsitatean egiten duzuna? Nola bururatu zitzaizun hara joatea? Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan tesiak eta ikerketa unibertsitarioak egin dituzte nire obraren inguruan. Ikerketa horietako bat, oso interesgarria, Aberdeengo Hispaniken Saileko irakasle batek egin zuen, eta berak egin zuen izendapen horren proposamena. Eskozia bihotz bihotzez maite dudanez, beka bat eskuratzeko aprobetxatu nuen aukera ("idazle egoiliarraren beka"), denbora bat han emateko. Idazle batek, zein literatura mota idatzi nahi duen aukeratu behar du: sormenezkoa, konprometitua... Idazle baten literaturak inguruarekin duen konpromisoa islatu behar al du? Ala gaiak librea izan behar du? Ala bi gauzak? Nik ez dut uste idazle batek, idazle izateagatik, ezer aukeratzeko obligazioa duenik. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak bere irizpideen arabera hartzen ditu erabakiak, edozer gauzari buruz: bizitzari buruz, sentimenduei buruz, lanari, arteari edo politikari buruz, etab. Nik literatura konprometitua egiten dut, baina horrek ez du esan nahi beste idazleek ere egin behar dutenik. Niri metaliteratura ez zait interesatzen, niretzat ez duelako inolako erronkarik suposatzen. Lehendik dauden gaiak "bertsionatzea" iruditzen zait. Borgesek oso ongi egin zuen bere lana, eta nik ez daukat Borges imitatzeko inolako asmorik. Nire kasuan, eta nirean bakarrik, nahiago dut nire esperientziak nire modura kontatzea. Baina berriz diot, hori NIRE kasua da, bizitzaren aurrean NIK daukadan jarrera da. Ez du zertan idazle guztientzat berdina izan behar. Zure ustez zein egoeratan dago emakumeek idatzitako literatura? Hainbatek "biguinegia" izatea leporatzen dio. Horren aurrean, emakume batzuek emakumeena den literaturarik ez dagoela adierazi dute. Zer esango zenuke honen inguruan? Hara, topikoarierantzuteko, emakumeek idatzitako liburu batzuk aipatuko dizkizut. Ea biguinak iruditzen zaizkizun: Historia de O, The talented Mr Ripley, La ingratitud, La pianista, Bastard Out of Carolina... Arnasik hartu gabe, eszena bortitz edo sexualetan Celine edo Miller baino askoz ere gogorragoak diren ehun eleberri baino gehiago aipatuko nizkizuke, guztiak ere emakumeek idatzita. Emakume idazle kursiak egoteak ez du ezer esan nahi. Badira gizonak diren idazle jasanezinak ere. Ñoñokeria hori aurreiritzi sexista bat iruditzen zait. Liburuez gain, gidoiak ere idazten dituzu, eta inoiz telebistan ere agertu zara. Letretatik bizi nahi duenak edozertarako prest egon behar al du? Gustatzen zaidalako idazten ditut gidoiak. Gidoiak idazteko klaseak ematen ari naiz orain. Eta telebistan, liburuak promozionatzeko bakarrik agertu naiz. Ahaztu egin zaizu lorazaina eta sukaldaria naizela esatea (nire etxean), eta alokairua ordaindu ahal izateko hamaika gauzatan aritu naizela hamar urtez. Ni ez naiz egiten dudana, baizik eta naizena. Hau da, idatzi egiten dudan arren, eta nire alderdirik ezagunena idazlearena izan arren, ni naizena naiz. Beste gauza asko interesatzen zaizkit. Beste idazle eta artista asko bezala, Madrilen bizi zara. Zer dauka hiriburuak hainbeste jende erakartzeko? Etxetik kanpora joan behar al da ospea lortzeko? Orain bertan Aberdeenen bizi naiz, Eskozian, Unibertsitatean eskolak ematen. Madrilera arrazoi sinple batengatik joan nintzen: aitaren lan kontuak zirela eta, nire sendia hara joan zelako. Beraz, nire kasuan, etxetik kanpora joatea, Bermeora itzultzea izango zen. Hala ere, liburuak gordetzeko leku bat edukitzearren daukat Madrilgo etxea, zeren eta urtean hiru hilabete inguru bakarrik ematen ditut han. Nola ikusten duzu euskarazko zein gaztelerazko euskal literatura? Zein desberdintasun ikusten dituzu hizkuntza batean eta bestean idatzitako literaturen artean (dela kritikak ematen dien trataeran, dela jasotzen dituzten laguntzetan, dela lortzen duten ospean...)?Atxaga izugarri gustatzen zait (baina ni gustatzen ez natzaiolakoan nago). Nire ustez, mendeak eman duen idazlerik onenetariko bat da. Baina oso gai zorrotzak ukitu dituenez (El hombre solo eta Esos cielos liburuetan), ez zaio daukan merezimendua behar bezala aitortzen. Euskarazko literaturari bide luzea gelditzen zaio oraindik, zeren eta ahozko tradizioa baduen arren, idatzian ez du hainbeste. Euskara batuaren kontuarekin, oraindik amaitzeke dago ahozko euskara idatzizkora pasatzeko prozesua. Ni ez naiz inor euskarazko literaturaren geroa iragartzeko; hori filologoek egin beharko lukete. Gainera, nik ez dut euskararik egiten (nire gurasoek bai); nik irakurri bakarrik egiten dut, eta kostata. Dakidan apurra da euskarazko literaturarik onena poesia dela. Eta ziur aski ahozko tradizioagatik izango da (bertsolariengatik), euskarak, deklinazioari eta genero desberdinei esker, aukera handiak ematen dituelako. Ezertan baldintzatuta egon al zara euskal idazlea izan arren gazteleraz idaztean? Bai, baina ez dut uste euskalduna izatearekin zerikusirik duenik. Gaur egungo euskal idazleen artean gehien miresten dudana Atxaga da, eta bizirik ez daudenen artean, Baroja. Ez zait iruditzen naziokotasunak ezertan baldintzatu nauenik, ez onerako, ez txarrerako. Kritikaren aldetik behintzat ez. Egia da tradizioak baldintzatu egiten duela, baina ni ez naiz euskaldun tipikoa. Bizitza erdia Madrilen eman dut. Ez naiz inongoa sentitzen, eta agian inongoa ez sentitze horrek baldintzatu nau gehien. Ezin dut guztiz euskalduna sentitu, ez bainaiz Euskal Herrian bizi, baina beste inongoa ere ez naiz. Espainiatik kanpora ere bizitu naiz, eta nire ustez leku desberdinetan bizitzeak irekiagoa bihurtzen zaitu, toleranteagoa. Atxaga miresten duzula diozu, baina mirespen hori ez dela aldebikoa. Beste euskal idazleekin harremanik ba al daukazu? Ez dut Atxaga pertsonalki ezagutzen, eta beraz ez dakit zer pentsatzen duen nitaz, baina, zurrumurruen arabera, ez nau gehiegi atsegin. Baliteke oker egotea.Hala ere, niri buruz sekulakoak esango balitu ere, berdin berdin mirestuko nuke. Jaureguizarrekin badut traturik. Kasu bitxia da: Bermeokoa izan arren, galizieraz idazten du! Espido Freire ere ezagutzen dut. Eta kitto, beste inor ez. Ez daukat harremanik euskal idazleekin, baina ez Euskal Herrikoekin, ez beste inongokoekin. Ez naiz literatur giroan gehiegi mugitzen. Oro har, gehiago gustatzen zait idazle bat bere obraren bidez ezagutzea, pertsonalki ezagutzea baino. Baina ez desilusionatzearen beldurragatik bakarrik (hori ere gertatu izan baitzait), baizik eta, batez ere, errespetuagatik. Azken egunotan, gaurkotasun berezia hartu du literatur iruzurraren gaiak. Zer pentsatzen duzue idazleek horrelakoetan? Zein neurri hartu beharko lirateke horrelako kasuak ekiditeko? Julián Hernándezek dioen bezala, ez dago plagiorik, "bertsio" bat baizik, musikan bezala. Nik ez dut uste Ana Rosa Quintanak plagiorik egin zuenik. Hizkera teknikoan "intertestualizazioa" deitzen zaio horri. Aspaldikoa da; Homeroren garaian ere erabiltzen zen. Badira intertestualizazio hutsak diren bi eleberri, Finnegan's Wake eta Me senté y lloré, Elizabeth Smartenak. Horrelakoetan, beste idazle batzuen esaldiak hartzen dira, edo iragarkietako esloganak. Plagioa, aldiz, beste norbaitek idatzitako obraren muina kopiatu, eta norberaren sormenekoak direla esatean egoten da. Quintanaren kasua ez zen hori. Baina ez dut honi buruz gehiago luzatu nahi; nahikoa esan da dagoeneko. Beste alde batetik, aski ezagunak dira argitaletxeek erabiltzen dituzten sistemak, eta ez dut ulertzen zergatik sortu den hainbesteko iskanbila honen inguruan. Gainera, orain kritikak botatzen ari diren batzuek onartu egiten dituzte beren argitaletxeek eskainitako editing ak, eta horiek, praktikan, Ana Rosaren "kolaboratzailea" bezalakoak dira. La Eva Futura liburuan esaten dut zerbait beltzei eta editing ei buruz. Zein proiektu daukazu epe laburrera? De todo lo visible y lo invisible izeneko eleberri bat bukatzen ari naiz. Ea behingozamaitzen dudan. Bi urte daramatzat horrekin bueltaka, eta dagoeneko kokoteraino nago Ruth gaixoarekin (protagonistarekin). Argazkiak: Egunkaria (azkena ezik) Euskonews & Media 110.zbk (2001 / 2 / 9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.