Mariano Camio: "Cristóbal Balenciaga jostunarengan, bere naturaltasuna eta Euskal Herriarekiko, Getariarekiko eta inguruan zeukan jendearekiko sentitzen zituen maitasuna azpimarratuko nituzke"

2003-12-05

SALA, Teresa

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 233 > Elkarrizketa -->

2003/12/05-12 Mariano Camio

Cristóbal Balenciaga Fundazioko lehendakariordea "Cristóbal Balenciaga jostunarengan, bere naturaltasuna eta Euskal Herriarekiko, Getariarekiko eta inguruan zeukan jendearekiko sentitzen zituen maitasuna azpimarratuko nituzke" Teresa Sala

Traducción al español Mariano Camiok 19 urte zeuzkan Cristóbal Balenciaga hil zenean, baina betidanik izan da jostun getariarraren mireslea. Hitz ederrak baino ez dauzka haren inguruan: "modaren munduko arkitektorik handienetariko bat izan zen, onena". Izatez, jende asko da iritzi berekoa. Munduko hiri nagusietan izan ohi diren ia moda desfile guztietan, oraindik ere ia beti egiten zaie aipu Cristóbal Balenciagaren diseinuei. Goi Mailako Joskintzako arkitektoa zen. Jantziak, diseinatzeaz gain, josi ere egiten zituen gutxietakoa. “Emakumeek ez dute zertan eder eta perfektuak izan behar nire diseinuak janzteko”, esate zuen. Egia, eder bihurtzen zituztenak bere soinekoak ziren-eta. Getariak, bere jaioterriak, omenaldi bat eskaini nahi dio bere semerik sonatuenetarikoari. Mariano Camioren lehendakaritzapean diharduen Cristóbal Balenciaga Fundazioari esker, diseinatzailearen izena eramango duten museo berri bat, katedra bat eta ikerketa bekak sortuko dira, besteak beste. Zein asmo eta helbururekin sortu zen Cristóbal Balenciaga Fundazioa? Zein bide egin du sortu zenetik gaur arte? Cristóbal Balenciaga Fundazioaren helburu nagusia, Cristóbal Balenciaga jaunak Modaren munduan, eta, zehazkiago, Goi Mailako Joskintzan, izan dituen garrantzi eta ospea zabaldu, sustatu eta bultzatzea da. Getariako Udalak 1982an onarturiko arau subsidiarioetan, Cristóbal Balenciaga Museoa Aldamar jauregian zabaldu ahal izateko egokitzapen lanak egiteko aukera aurreikusi zen. 1987az geroztik Ramón Esparzarekin, jostunaren idazkaria izandakoarekin, bilera batzuk egin ondoren, erabaki genuen Balenciaga etxeak Parisen berrogeita hamar urte betetzen zituela ospatzeko, omenaldi berezi bat egin behar geniola Donostian. Bertaratu ginenetako batzuek buruan elkarte bat sortzeko ideia generabilela ikusirik, 1994an Balenciaga Fundazioa Sustatzeko Elkartea sortu genuen. Hurrengo hiru urteetan erakusketak antolatzen ibili ginen, besteak beste Getarian, Nizan, Erroman eta Burgosen, eta Getarian egoitza iraunkor bat zabaltzea erabaki genuen. Cristóbal Balenciaga Fundazioa 1999an eratu zen, eta Monsieur Hubert de Givenchy da bertako lehendakaria. Zein lehentasun dauzka Fundazioak? Fundazioaren helburu nagusiak izango lirateke Cristóbal Balenciaga Museoa eraiki, garatu eta mantentzea; diseinatzailearen erroak ezagutzera emateko bere jaiotetxea berreskuratu eta egokitzea; Diseinuaren Nazioarteko Zentru bat zabaltzea; Balenciaga Katedra sortzea; Dokumentazio eta Artxiborako Zentru bat osatzea; Ikasteko eta Ikertzeko Bekak ematea; Cristóbal Balenciaga nazioarteko sariak banatzea; Modan eta Goi Mailako Joskintzan espezializatutako aldizkari bat argitaratzea; erakusketa ibiltariak zuzendu, kontrolatu eta aurkeztea; eta jarduera hauek guztiak aurrera eraman ahal izateko fondo ekonomikoak lortzea. Nolanahi ere, Fundazioak finkatuta dauzkan helburu hauen guztien artean gaur egun lehentasuna daukana, Cristóbal Balenciaga Museoa eratzea litzateke. Zein egoeratan dago aipatu duzun Museoa? Inolako eperik finkatu duzue bere irekierari begira? Aldamar jauregia dagoeneko prest dago; orain handitzeko lanak egiten ari gara. Kontuan hartu behar dugu oso egitasmo garrantzitsua dela. Arrazoi jakin batzuk tarteko Getarian kokatuta egongo den arren, ez da ekimen lokal bat, nazioarteko itzala izango duen egitasmo bat baizik. Museoaren diseinua Julián Argilagos arkitekto kubatarrak egin du. Oso proposamen interesgarria da, diseinua prestatzeko orduan Cristóbal Balenciagaren pentsamenduan oinarritu delako, honek esaten baitzuen bere diseinuak "beste arte batzuk nahasten zituen artea" zela. Eta Aldamarren ikus dezakegun bezala, ondo baino hobeto uztartu dira kristala eta altzairua, oso forma eta bolumen bitxiak sortuz. Nire ustez, egitasmo hau zinez da interesgarria. Obrak tartean direnean data zehatzak ematea zaila bada ere, gure asmoa Museoa 2005eko udaberrian zabaltzea izango litzateke. Zer ikusi ahal izango du bisitariak Museo horretan? Getariako erakusketa iraunkorrean uneotan ikus daitekeena, Aldamar jauregiko Cristóbal Balenciaga Museoan egongo denaren zati txiki bat besterik ez da. Erakusketaren izar nagusia, getariarren eta kanpotarren gozamenerako, Belgikako Fabiola erreginak ezkondu zen egunean zeraman soinekoa izango da. Erreginak oso harreman estua zeukan Cristóbal Balenciagarekin. Izatez, Fundazioko patroietako bat da. Erakusketa iraunkorrean eta ibiltarietan erakusgai izaten dituzuen soinekoak, bilduma pertsonalen jabeek eginiko dohaintzen bidez eskuratu al dituzue? Gure bilduman, Balenciagak diseinaturiko ia 450 soineko dauzkagu, eta, hauez gain, kapelak eta osagarriak. Gainera, beste bi bilduma ere badauzkagu: Hubert de Givenchyk emandako 90 jantzi inguruk osatzen dutena, eta Ramón Esparzaren sendiak emandako 120 soinekoena. Aipamen berezia merezi dute, baita, Llanzoleko markesaren sendiak egindako dohaintzak, eta jendeak helarazten dizkigun diseinuak, astean, gutxi gorabehera, bizpahiru jantzi berri jasotzen baititugu. 2002. urtean arrakasta handia izan zuen erakusketa bat antolatu genuen Donostiako Kursaal jauregian, 100.000 bisitari inguru hurbildu baitziren bertara. Madrileko Reina Sofíara ere bidaltzen ditugu hainbat bilduma, eta Anberesa ere bai. Dena den, soineko batek ezin du erakusketa batean sei hilabete baino gehiagoan egon, galdu egin ditzakeelako bere forma naturalak. Uneotan, Museoaren inaugurazioan aurkeztuko dugun erakusketan daukagu burua. Antologikoa izango da, ziur. Zenbaterainoko garrantzia daukate Museoaren bilakaeran erakundeen babesak eta diru-laguntzek? Gure helburu nagusia izango litzateke Aldamar jauregia egokitzeko lanak erakundeek emandako diru-laguntzei esker egitea, eta Museoaren mantenimendua eta eguneroko lanak, berriz, autofinantzatzea. Honi dagokionez, esker bereziak eman nahiko nizkioke Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, egungo Ahaldun Nagusiari, 1995az geroztik etengabe bultzatu duelako egitasmo hau. Orain bertan laguntzen ari zaizkigun erakunde publikoak Madrileko Kultura Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Getariako Udala dira. Txakolina bezala, Balenciaga Museoa ere bisitariak erakartzeko faktore garrantzitsua izango da... Getariara jende asko etortzen da, arrazoi ugarigatik: txakolinagatik, Elkanogatik, itsasoagatik, eta, zalantzarik gabe, baita Cristóbal Balenciagarengatik ere. Merezi du Getaria ezagutzea. Oso herrixka polita da, xarma handikoa. Jakina, Balenciaga Museoa zabaltzean, bere maila are gehiago handituko da. Balenciaga Museoa abian jartzeaz gain, zein beste xede dauzka Fundazioak? Behin Museoa zabalduta egongo denean, gainerako alderdi guztiek izango dute lehentasuna. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu jostunaren jaiotetxea egokitzeko lanak egitea. Horrela, gainera, aukera gehiago sortuko dira Getarian Balenciagaren omenezko etorbide bat egiteko. Izan ere, kontuan izan behar dugu jostunaren sekretu asko Museotik kanpo ere badaudela: portuan, itsasontzien koloreetan edo Getariako etxeetan, esaterako. Balenciaga Katedra sortzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Fundazioko kideontzat, behar-beharrezkoa da katedraren bidez jende gazteari jostunaren obra ezagutu eta aztertzeko aukera ematea. Eta zein iritzi daukate getariarrek honi guztiari buruz? Zer diote Museo berriari buruz? Getariarrok oso harro gaude gure herriak eman dituen seme-alabez. Jendea zer gertatuko zain dago, harro, pozik. Motiborik behintzat ez zaizue falta. Balenciagak gaur egungo jostun askoren eredu izaten jarraitzen du... Hala da, bai. Moda kontuetan, Balenciaga onena zen. Hiririk garrantzitsuenetan egiten diren moda desfileetan Cristóbal Balenciaga ekartzen dute gogora oraindik ere. Adituen esanetan, jostun batek izan dezakeen maila guztien artean gorenera iritsi zen getariarra. Diseinatzaile askok ez bezala, Balenciagak mutiko bat besterik ez zenean ikasi zuen josten, amarekin. Chanel, Dior eta beste diseinatzaile ugari oso ospetsuak izan ziren, baina jantziak diseinatzera mugatzen ziren, ez ziren josten aritzen. Balenciagak, ordea, diseinatzeaz gain, mozten eta josten ere bazekien. Modaren munduko arkitektorik onenetako bat izan zen. Horregatik miresten dute hainbeste diseinatzaileek. Ezagutu ere egin ez zuten profesional gazte asko eta askorentzat, bera da eredua. Balenciaga XIX. mendearen amaieran jaio zen, arrantzaleen herri batean. Bere patua itsasoan zegoela pentsatuko zuten askok... Cristóbal Balenciagaren aita Getariako alkatea izan zen, baina itsasontzi bateko patroia ere bazen. Orduko gizon gehienak arrantzaleak ziren. Bere ama Getariako emakume gazteei josten erakusten aritzen zen. Balenciaga berehala jabetu zen josteko zeukan trebeziaz. Zer azpimarratuko zenuke Cristóbal Balenciaga gizonarengandik? Bere nortasuna, bere naturaltasuna. Alde horretatik, oso gizon euskalduna zen. Beti zegoen jendearen beharrei erantzuteko prest. Euskal Herriari eta, bereziki, Getariari zion maitasuna ere azpimarratuko nituzke. Mariano Camio Uranga (Getaria, 1953ko apirilaren 12a)

- Getariako alkatea: 1983-1997

- Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria: 1988-1989

- Nekazalturismo zuzendaria: 1989-1991

- Mendiko Europar Federazioko idazkaria: 1990-1991

- Cristóbal Balenciaga Fundazioa Sustatzeko Elkarteko presidentea: 1994-1999

- Cristóbal Balenciaga Fundazioko presidenteordea eta Batzorde Exekutiboko presidentea: 1999tik aurrera. Cristóbal Balenciaga (Getaria, 1895eko urtarrilaren 21a)

Egun batean, Getariako kaleetan barna emakume erakargarri bat ari zen paseatzen, eta mutiko bat, hamahiru urtekoa, begia gainetik kentzen ez ziola zegoen hari begira. Halako batean, emakumearengana hurbildu, eta soineko bat egiten utziko al zion galdetu zion. "Zergatik, baina?" galdetu zion andreak harrituta. "Gai naizela uste dudalako". Cristóbal Balenciaga zen ile eta begi iluneko mutiko hura, eta Casa Torresko Markesa, berriz, emakumea, denborarekin sortzaile honen lanaren bultzatzaile nagusietarikoa izango zena. Jostun gazteak amaren laguntzarekin egin zuen soinekoa, eta handik lau urtera Pariserako bidean zen. 1937ko abuztuan aurkeztu zuen modaren hiriburuan bere lehendabiziko bilduma. Hortik aurrekoa, bere diseinuen historiak eta Goi Mailako Joskintzan oraindik ere pil-pilean dagoen jostun paregabe baten patuak osatzen dute. Berrogeita hamarreko hamarkadan, erabat aztoratu zuen modaren mundua "zaku-soineko" eta "baloi-gonak" aurkeztean. Gerririk gabeko jantziak, zabal-zabalak, silueta markatzen ez zutenak, modelo eta musen larruazalari arnasa hartzen uzten ziotenak. Beroki handiak, oihal zoragarrietako trajeak, inspirazio espainiarreko soinekoak eta gonaren gainetik eramateko blusak diseinatu zituen, besteak beste. Bere bezeroen artean, Hollywoodeko izarrak, Belgikako Fabiola erregina, Llanzolgo Markesa eta bere alaba, eta Sonsoles Díez de Rivera y de Icaza, egun Getarian ikusgai dauden diseinu gehien-gehienen emailea, aipa genitzake. 1967an, Air France hegazkin konpainiako azafaten uniformea diseinatu zuen, eta hurrengo urteko udan bere azken bilduma aurkeztu zuen. 1972an, Cadizko Dukesaren eztei jantzia diseinatu zuen. Balenciaga urte horretako martxoaren 24an hil zen, Jávean (Alacant), eta Getarian hilobiratu zuten. 77 urte zeuzkan. Jostunaren kronologia 1915. Bere lehendabiziko jostetxea zabaldu zuen, Donostian. Balenciaga izena ipini zion. 1937. Abuztuan, bere lehendabiziko bilduma aurkeztu zuen, Parisen. 1939. Kanezu laukiko mahukak. 1940. “Petite robe noir”, bularralde estukoak. “Carrés” berokiak, lepo eta botoirik gabeak, eta bularraldean azpian kokaturiko sakela ikusezinak. Bucolek asmaturiko ehun sintetikoz egindako euritarako lehendabiziko beroki iragazgaitzak. 1941-1942. Aldaka markatuak ("tonneau" linea), txaketa luzeak eta kanpai itxurako gonak. Galtza-gonak. Traje eta berokietan, larruzko osagarriak. 1943-1944. Bordatuak, eskulangintza. Sisa zabaleko jaka arinak. Lebitak. Txaketa luze eta estuko trajeak. 1945. Gerri estuak. Sorbalda laukiak. 1946. Gona luzeko trajeak. Lehendabiziko "paletot-sac". Kimono mahukadun lebitak. 1947. "Cocon" eta "Tonneau" lineak, 3/4 eta 7/8 paletoetarako. "Toréador" boleroak. Gauerako, bordatuak. 1948. Inspirazio espainiarreko soinekoak. Gaueko berokiak, Buche belusekoak zein moarezkoak. 1948. "Fuites des Heures" eta "Fleeting moment" perfumeak sortu zituen. 1949. Gona biribildudun trajeak. Oso beroki zabalak. 1950. Gerri estuko trajeak. Beroki handiak eta zuzenak, batzuk leporik gabe, mahuka abonbatudunak. "Ballon" soinekoak. Lastoz egindako bordatuak. Belus brokatuak. 1951. Silueta berri bat: lepoa garbi, sorbaldak handituta, oso gerri markatua. Kamisolak. Nekazarien blusak, txaketak bailiran erabilita. Lehendabiziko itsas-blusak. Traje eta beroki zabalak, silueta batera markatzen ez dutenak. 1952. “Frolée” estiloko trajeak. Leporik gabeak. Etorkizuneko "sac" linearen lehendabiziko zirriborroak. 1953. Lepo zabaleko berokiak. Txaketa motz eta gerri baxuko traje zein bi piezatakoak. 1954. Lajoinieko hari kiribileko eta lepo zabaleko beroki zein soineko motzak. Udarako, kolore beltzeko Gerandozko lihoa. Tweed lodiko trajeak. 1955. Lihoz edo parpailaz egindako “près du corps” tunikak. Eskote zabalak. Orkatilarainoko dantzarako soinekoak, tolesturan efektu ezberdinekin. Negurako, tweedezko, artilezko, panazko zein euritarako tunikak. 7/8 berokiak, bizkarreko lepodunak. Blusa luzeak. Satin beltzeko lebitak. Arrosa zahar koloreko satinezko "kabuki"-ak. 1955 "Quadrille" perfumea sortu zuen. 1956. Tweedezko lehendabiziko "zaku-soinekoa". Gona bikoitzaren efektuak. 1957. Alkandora-soineko eta zaku-soineko soil-soilak. "Baby dolls". 1958. Oso gerri altuak. Beroki zuzenak, maiz leporik gabekoak. Txaketa motzak. Gerri estuko soinekoak. "Queue de paon"-eko gauerako soinekoak. Koloretako kanezudun zaku-soinekoak. 1959. Oso beroki handiak, laukiak. "Box" itxurako txaketa motzak, Kimono sisadunak, zeharka moztutakoak, blusa itxurakoak, gerri zabalekoak. Gauerako, "Empire" eragina. Soineko asimetrikoak. 1960. Belgikako Fabiola erreginarentzako eztei-jantzia. 1961. "Tonneau" lineako beroki beroak. Satinezko zein Bucol muskerreko kapusaiak. Upel edo kanpai itxurako gonak. Gauerako, karako edo bolero bordatuak. Zurbaranen eragin nabarmena. 1962 . Zeharkako mozketak. Gonaren gainetik eramateko blusak. Lihozko konjuntoak. Negurako, Raglan mahukadun beroki zuzenak. Ascherreko mohair alderanzgarria. Veronezko jertse lodiak. 1963. Tweed lodiko edo koadroetako konjunto deportiboak. Kapa-berokiak. Gerrian pixka bat estuak diren "cloquée" konjuntoak. Benitier bizkarrak. Saguzar mahukak. Ascherreko mohair gardenak. 1964. Oihal iragazgaitzeko trajeak. Sisa lasaiak. Nahiko gerri lasaieko berokiak. Txaketa luzeko trajeak, "en jaquard" baxudunak. Gauerako, lamezko sariak. Belusezko beroki loredunak. 1965. Plastikozko lehendabiziko kapusai gardenak. Bizkarreko berokiak. Eskularruak. Irudi distiratsuak eta erliebean egindako lameak. 1966. Ertzetan larruzko zati handiko berokiak. Mahukarik gabeko tunika deportiboak, tubo galtzen edo gonen gainean eramateko. Berokien gainean eramateko tunikak, aurrealdean “appuyés” eta atzealdean zuzenak. 1967. Marrazki laukietako trajeak. Txaketa luzeak, batzuk gerrian estututa. Silueta motzagoaren irudipena, kolore argiko tunikak erliebezko hondo beltzarekin konbinatzean eragindako efektu optikoak eraginda. Zibelinazko galtzak. Lamezko kasakak. Sorbalda eta mahuka biribilduak, pintzarik gabe, "au fer” landuta. 1968. Udaberrian, bere azken bilduma aurkeztu zuen. Txaketa luzeko trajeak. Gona motzak. Marra horizontalak. Guipure parpailezko tunikak. Krepezko tubo-soinekoak. Kolore ugari. - 1971. "Ho Hang perfumea" sortu zuen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Alain Lamassoure: "Baiona-Donostia multzo koherentea bihurtu, goi mailako ekipamendu publikoak dituen hiri uhartedi baten antzekoa"

 

Irakurri

George Owen Jones: "Komunikabideen garapenak are beharrezkoago bihurtzen ditu tokiko hedabideak"

 

Irakurri

Inma Shara: "Estatu osoan bi baino ez gara orkestra sinfonikoak zuzentzen aritzen garen emakumeak"

 

Irakurri

Iñaki Perurena: "Atleten pareko laguntza beharko luke herri kirolak"

 

Irakurri

Jim Jacob: "Jada XIII. mendean, Euskaldunek beren egoera politiko bereziak, gutitan gertatzen zen bezala garai hartan, negoziatzen zituzten Europan"

 

Irakurri