Nolako esperientzia izan da “Castlevania: Lords of Shadow” bideojokorako musika grabatzea?
Orain arte zinemarako soinu-bandak egin ditut. Lehen aldia da bideojoko batean lan egiten dudana, eta esperientzia oso polita izan da. Egitasmoa duela pare bat urte sortu zen, Oscar Araujo musikagile katalana nirekin harremanetan jarri zenean. Nire lanetako batzuk entzunak zituen eta erreferentziak bazituen. Bartzelonan bildu ginen eta proiektuari buruz hitz egin zidan. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta lanari ekin genion. Prozesua luzea izan da; urte eta erdi behar izan dugu soinu-banda egiteko, eta askoz denbora gehiago eman dute bideojokoa bera lantzen.
Nola eraman duzue aurrera luze deritzozun prozesu hori?
Oscarrek musika konposatzen zuen. Niri bidaltzen zidan entzuteko, eta gero erabakitzen genuen grabaketa nola eta non egin. Bratislava toki interesgarria izango zela pentsatu genuen. Ni bertan egona nintzen, 6 edo 7 aldiz, eta hango Orkestra Sinfonikoa oso egokia iruditu zitzaigun. Orkestra handia da, 80 musikari ditu, 60 ahots eta bospasei perkusionista. Grabazioa luzea izan zen, 3 orduko musika-lana, filmeko soinu-bandak 45 minutu inguru irauten badu ere.
Grabazioak Bratislavan egin ziren, eta nahasketak Amezketako nire estudioan. Nahasketak egin ondoren musika CD formatuan kaleratzea proposatu zuten. Filmetan hori egitea ohikoagoa da, baina bideojokoen kasuan ia ez zegoen aurrekaririk. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta azken urrats hori Los Angelesen egitea proposatu nuen. Konami konpainia japoniarrak oniritzia eman zuen, eta Los Angelesera joan ginen bideojokoaren CDaren masterizazioa egitera.
Musika lantzeari ekin aurretik bideojokoaren irudiak ikusteko aukerarik izan al zenuen?
Irudi batzuk bai, baina ez asko, animazioa poliki-poliki egiten den lana baita. Ez da filmetan bezala, lehenengo errodatu eta gero musika egitea. Bukatu gabeko sekuentziak ikusi nituen, giroa, kolorea eta abar antzemateko nahikoa. Oscar Araujok eta biok primeran ulertu genuen elkar hasieratik, eta argi ikusi genuen zer nolako sonoritatea lortu nahi genuen. Horren arabera erabaki nuen nola heldu grabaketari, mikrofonia mota...
Mikel F. Krutzaga Castlevania bideojokoarekin.
Aipatu izan duzu askotariko grabaketa-teknikak erabiltzen dituzula soinu txundigarria lortzeko.
Bai... Teknika ugari dago, eta bakoitzak emaitza bat eskaintzen du. Zenbat eta teknika gehiago menderatu, orduan eta hobeto erabaki ahal izango duzu zeintzuk erabili. Castlevaniaren kasuan, kolore iluna bilatu genuen Erdi Aroan girotuta dagoelako, baina aldi berean, bataila harrigarri asko eta izugarrizko munstroak daudenez, musikak handitasuna ere behar zuen. Horrela, orkestra eta musikari berberek batzuetan soinu iluna, beldurgarria, eskaini behar zuten, eta beste batzuetan, aldiz, handitasuna adierazi behar zuten. Hainbat teknika erabiltzen dira soinua handiagoa izan dadin, distiratsuagoa edo ilunagoa.
Nola sentitu zinen horren bideojoko garrantzitsua bukatuta eta zure musikarekin lehenengoz ikusi zenuenean?
Oso ongi, egia esan. Esperientzia hori, gutxi gorabehera, filmekin ere izan nuen. Gainera, musika oso ondo konposatuta dago eta primeran txertatzen da bideojokoan.
Bideojokozalea al zara?
Mutikotan ibiltzen nintzen makinatxoekin, baina hortik aurrera mundu erabat ezezaguna zen niretzat. Benetako aurkikuntza izan da. Gero eta mugimendu handiagoa dago bideojokoen inguruan, eta esaten dutenez, industria horren irabaziak musikak eta zinemak batera ematen dutenaren parekoak dira, pentsa... Gorabidean doa, argi eta garbi. Hori guztia ikusita, PlayStation-a erosi nuen eta jolasten hasi nintzen. Esan beharra dago Castlevania jokoa benetan ederra dela, oso ondo eginda dagoela.
Bideojokoetarako musika egiteko esperientzia gustatu al zaizu? Errepikatuko al zenuke?
Bai, bai, izugarri gustatu zait. Proiektu oso interesgarriak dira, eta are gehiago Castlevania; zinemara eramango balute Hollywooden filma egitearen parekoa izango litzateke. Multinazional baten jokoa da, mundu mailan kaleratzen dena... Hilabetean milioi bat kopia saldu ziren eta oraingoz hiru bat milioi saldu dira. Ezohikoa da, disko batek 5.000 kopia inguru saltzen dituela kontuan hartuta.
Lehen, jokoen musikari ez zitzaion horrenbesteko garrantzirik ematen, teklatutxo batekin egiten zen eta kito. Orain, berriz, ahalik eta errealitate-kutsurik handiena eman nahi zaio: grafikoak gero eta errealagoak dira, eta giza ahotsen eta musikaren bidez efektu hori nabarmendu egiten da. Horretaz guztiaz konturatu dira, eta Castlevaniaren kasuan, esaterako, ahots guztiak Hollywoodeko aktoreenak dira, musika orkestra sinfonikoak interpretatu du, eta horrek errealismo handiagoa ematen dio lanari.
Zer alde dago zinemarako eta bideojokoetarako musika egitearen artean?
Bideojokoetarako musikak bi zati ditu; sekuentzian batzuetan, zineman bezala, irudia musikari lotuta doa, zehatz-mehatz, eta jokalariak ez du aginteekin kontrolatzen, instrukzioren bat ematen ari zaizkiolako, adibidez. Horrek zinemarekin antz handia du. Baina jokoari ekiten diozunean bada hondo-musika bat, jokoaren sekzio horretarako propio egina, baina ez dator bat mugimenduekin, mugimenduak zuk zeuk sortzen baitituzu. Zineman irudia mugimenduarekin lotuago egon daiteke, finkatuta dagoelako eta ez delako aldatzen, baina kasu honetan zuk zeuk sortzen duzu jokoa eta ezin duzu sinkronia hori izan. Grabaketaren, produkzioaren eta nahasketaren aldetik ez dago alderik. Lana luzeagoa da, musika gehiago dagoelako, baina oso antzekoa da.
Mikel F. Krutzaga elkarrizketaren une batean.
2004an Grammy sari bat eskuratu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Grammy saria jaso nuen Kepa Junkeraren “K” diskoagatik. Izugarrizko poza izan zen. “K” disko bikoitza izan zen, gonbidatu piloarekin egin genuena. Teknikoki oso konplexua zen. Lan horretarako Pariseko unitate mugikorra erabili nuen. Astebete eman genuen Arriaga antzokian gogor lanean, eta egia esan, merezi izan zuen.
Bat al datoz norberak bere lanaren gainean duen gogobetetasuna eta sariaren ordaina? Norbera pozik gelditzea eta saria jasotzea batera gertatzen al dira?
Ez beti. Normalean ezagutza-faktorearen araberakoa izaten da. Badira musika estilo oso ezagunak, azkar sartzen direnak, esparrua eskuragarriagoa delako: pop-rockaren kasua da hori, adibidez. Zaila da zaletu gutxi dituzten musika estiloek botoak jasotzea. Baina noizean behin, estilo horietan musikaren aldetik ahalegin handiagoa dago, eta emaitza, batzuetan, hobea izan liteke. Baina sariak ez dira beti ezaugarri horri lotuta egoten. Saritu dizkidaten lanekin oso pozik nago, baina baditut beste lan batzuk gogobete nautenak baina ezagunak ez direnak eta saririk jaso ez dutenak.
Kontzertuetan eta biretan hasi zinen soinu-teknikari lanetan, eta orain estudiotik egiten duzu lan. Zer arlo duzu gustukoen?
Biak asko maite ditut. Hizkuntza ezberdinak dira, baina azkenean zure lanaren muina berbera da: soinuaren bidez musika ahalik eta gehien aberastea. Hainbat artistarekin zuzenekoetan lan egiten jarraitzen dut: adibidez, Benito Lertxundirekin, Mikel Urdangarinekin edota Oreka Tx-rekin, eta batzuetan beste zenbaitekin ere bai. Estudioan, hainbat estilo jorratzen dituzten lagunekin aritzen naiz. Arlo bakoitzak bere teknika behar du, bere erritmoa, baina biak oso interesgarriak iruditzen zaizkit.
Zenbat irauten du CD bat ekoizteko prozesuak?
Bi zati edo daude: lan tekniko hutsa eta musika-produkzioa. Azken horretan hainbat alderdi daude, hala nola, musika-moldaketak, eta gero, postprodukzioan, kolorea, forma, norabidea... ematen zaio diskoari. Diskoa nolakoa den, lanarekin noraino iritsi eta zer lortu nahi den, horren araberakoa izango da prozesua.
Artistarekiko harremana estua izango da, ezta?
Bai, noski. Gure lanak hor dagoena nabarmendu behar du, eta horretarako lanaren norabidearen berri izan behar duzu. Batzuetan, lehendik zuen norabidea aldatu egin behar da, grabazioan erabakitzen delako bestelako kontzeptu bat interesgarriagoa dela. Azken finean, artistaren lana da, eta harekin zuzeneko harremana izan behar duzu urrats guztiak norabide berean eman daitezen.
Zein harreman izan duzu musikarekin zure bizitzan?
Betidanik izan dut gustuko, txikitatik. Gogoan dut organotxo txikiak eta halako jostailuak nahi izaten nituela. Solfeoa ikasi nuen eta beti izan dut harremana musikarekin. Teknologiaren gaia atsegin nuen eta bien arteko puntu komuna aurkitu nuen. Irudia eta soinua ikasi nuen, orduan Zinema eta Errealizazioa esaten zitzaiona, baina lehenago ere ibilia nintzen irrati batean lanean eta teknologia kontuetan lehen esku-hartzeak eginak nituen. Ildo beretik jarraitu nuen eta zuzeneko soinua egiten hasi nintzen. Lan batek bestera eraman ninduen, eta horrela gaur arte. Zorionez, jende oso interesgarria ezagutu dut urte guztiotan.
Mikel F. Krutzaga Amezketako bere estudioan.
Ezagutu duzun eta lan egin duzun jendearen artean badira euskal musikariak, eta baita kanpokoak ere. Zerk bereizten du euskal musika?
Musika-tresnak, grabaketa-teknikak eta produkziokoak berberak dira. Agian izaera da aldatzen dena. Herri bakoitzak bere kultura eta tradizioa ditu, eta horrek bereizten gaitu.
Zein musika-estilo atsegin duzu entzutea?
Egiten ari naizen lanarekin lotutako musika entzuten dut, eta estiloz aldatzen dudanez, denetatik pixka bat entzuten dut. Baina normalean, estudioan egun osoa eman ondoren, ez dut musika entzuteko gogorik izaten; dena den, adi egotea atsegin dut. Irratian inoiz entzun gabeko lanak aditzen ditudanean, hemengo edo kanpoko taldeenak, adi egotea gustatzen zait, beti dutelako alde interesgarriren bat, beste lan batzuei aplikatzeko modukoa.
Musikaren egungo egoerari buruz zer iritzi duzun jakin nahi nuke.
Une oso gogorra da musikarentzat. Hutsunea dagoenez, jendeak musika doan jaitsi dezake, musika doan egiten ez bada ere. Norbaitek uste badu musikagatik ez dela ordaindu behar, teknikari, ekoizle eta abarren lana ez dela ordaindu behar pentsatzen du, eta hori ez zait ondo iruditzen. Gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, eta jendeak goza dezan nahi dugu. Artista batek ezin du diskoa egin musikariak eta grabaketa-estudioa kontratatzen ez baditu. Estudioak lokala behar du, soinu-materiala... Eta hori guztia ordaindu egin behar da. Baliabideak behar dira, prestatutako beharginak... Jende guztiak eskuetan izan nahi duen musika doan jaisten da gaur egun, eta kobratzen hasteaz hitz egiten denean jende guztia haserretzen da. Egoera eutsiezina da.
Eta Euskal Herrian, zer gertatzen da musikarekin?
Euskal Herriko edozein disko kanpokoak bezalakoa da, dirutza handia behar da egiteko. Dirurik gabe ezin da modu profesionalean aritu, eta ez dugu nahi gure musika baliabide eskasekin egitea. Gure musika eta gure kultura modu profesionalean landu nahi ditugu, gure ordezkari izan daitezen, nolabait.
Zein egitasmo duzu orain eskuartean?
Une honetan Mikel Urdangarinen disko berriaren produkzioa eta nahasketak bukatzen ari naiz. Zuzenean grabatu genuen Bilboko Kafe Antzokian joan den abenduaren 30ean. Gau magikoa izan zen. Diskoa oso berezia da eta buru-belarri ahalegindu naiz. Lanari bukaera emateko, apirilaren amaieran New Yorkera joango naiz Sterling Sound estudio ospetsuetan masterizazioa egitera. Mikel F. Krutzaga (Gernika, 1971) Euskal musikaren ordezkaririk esanguratsuenetako batzuekin aritu izan da soinu-teknikari lanetan, eta baita nazioarteko ospea duten kanpoko musikariekin ere. Azken horiekin bestelako musika-kulturak ezagutzeko aukera izan du, eta horri esker bere ikuspuntu partikularra aberastu du. 26 urterekin ekin zion grabaketa-estudioetako lanari. Ordutik hona hainbat musikari bikainekin egin du lan. Aipatzekoak dira, besteak beste, Benito Lertxundi, Kepa Junkera, Piratas, Joxan Goikoetxea, Mikel Markez, Alboka & Marta Sebestian, Iñaki Salvador & Jorge Pardo, Luar na lubre, Pirineos Big band & Randy Brecker, Olatz Zugasti, Oreka Tx & Glen Vélez, Joseba Tapia, Joserra Senperena, Amaia Zubiria, Maddi Oihenart, Luetiga, Faltrikeira, Suso Saiz edota Mikel Urdangarin.Azken urteotan, zinemarako musika ere grabatu izan du hainbat musikarirekin, hala nola, Angel Illarramendi, Bingen Mendizabal, Pascal Gaigne, Aitor Amezaga, Aritz Villodas, Oscar Araujo, Manel Gil edota Iñaki Salvadorrekin. Era berean, zinema-zuzendari ugarirekin egin du lan: adibidez, Montxo Armendáriz, José Campanela, Imanol Uribe, Manuel Gutiérrez Aragón edota Pablo Malorekin.2004an Grammy saria jaso zuen, Kepa Junkeraren “K” diskoan soinu-ingeniari gisa egindako lanagatik. Musikaren sarietan saritua eta finalista izan da 2001, 2002, 2008, 2009 eta 2010 urteetan. 2010ean “Castlevania: Lords of shadows” musika-banda grabatu eta nahastu zuen Konami etxearentzat; musikaren egilea Oscar Araujo izan zen, eta lan horri bideojokoentzako soinu-bandarik onenaren saria eman berri dio International Films Music Critics erakundeak. Musikari gisa, Nuba Records diskoetxearekin kaleratu zuen “Sandglass” izeneko lehen lana.