Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

2006-04-14

CIFUENTES, Miguel

MANTEROLA, Luis

Apirilaren 14an 75 urte betetzen dira II. Errepublika aldarrikatu zenetik. Gertakari horren kontaketa historiko hunkigarria eskaintzen dute Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramon Agesta euskaldunek beren oroimenetik eta lehen pertsona erabiliz.

Oraindik ñir-ñir egiten dute haren begiek oroimenean 1931ko apirilaren 14ko egunsenti hura gogoratzen duenean. Apirilaren 12ko udal hauteskundeetan ezkerra garaile irten eta handik egun eta erdira, Eibar II. Errepublika aldarrikatzen lehen herria izan zen Estatu osoan.

Goizeko 06.50etan, bertako herritar gehienak Udaletxearen ondoan bildu ziren hiru koloreko bandera dardar ikustearren. Poz eta berotasun handiko uneak izan ziren haiek erregimen politikoa aldatzeko irrikan zeuden milaka herritarrentzat. 75 urte geroago, une historiko haiek lehen pertsonan kontatzen dira oraino.

“Etxean nintzen. Entzun nuen Errepublika aldarrikatu behar zutela eta kalera atera nintzen. Han auzoko lagunekin elkartu nintzen berriaz hitz egiteko, eta herriko plaza aldera jo genuen denok. Eibar oso errepublikanoa zen, beta ilera jendetsua izan zen hura. Orduan, Mateo Careaga, zinegotzi gazteenak bandera jaso zuen Udaletxean. Geroago, Azpiazu udal suhiltzaileak, Eltzartza esaten ziotenak, plazaren izena zeukan plaka aldatu zuen (Errepublikaren Plaza izendatu zuten Alfonso XIII.aren ordez)”, gogoratzen du Salvador Marzanak. Salvador Marzanak (88 urte) Eibarreko bere etxean, Errepublikaren aldarrikapenaren eguneko argazkiak erakusten. Hala nola, Alcalá Zamora herria bisitatu zuenekoa.

Une hartan, eskolara joatea eta alderdi sozialistakoa izatea uztartzen zituen 13 urteko eibartar horrek. Orain, 88 urtetan, nostalgiaz gogoratzen ditu apirilaren 14 hartako lehen orduak. “Oso pozik zegoen jendea. Hasieran esan ziguten arinegi ibili ginela, Madrilen oraindik ez zela errepublika aldarrikatu, baina ezbaiak memento bat besterik ez zuen iraun. Arratsaldean jadanik berretsia zegoen bai bertan eta bai beste leku askotan ere (Bartzelona bigarren tokia izan zen Errepublika aldarrikatzen eta Madrilek gauza bera egin zuen 15.00etan). Ezkerreko botoemaileek emozioz ospatu zuten aldaketa, garai berri bati ekiteko irrikan, eta Riegoren himnoa herriko lau kantoietan entzuten hasi zen. Udaleko musika bandakoa nintzen ni, eta zenbait pieza jotzen ibili ginela oroitzen naiz”, berak dioenez.

Handik kilometro askotara, Cuencako herri txiki batean (Mira), Eduardo Aparicio, familiako arrazoiengatik hartara joandakoak zorion sentsazio hura partekatzen zuen: “14an, kalea zeharkatu eta bertan, bandera errepublikano bat topatu nuen. Garai hartan, oroitzen naizenez, perretxikoak bezala ugaritu ziren. Mundu guztia zebilen alde batetik bestera eta berotasun handia zegoen. Itxaropen garaiak ziren”. Mateo Careaga, Eibarko zinegotzi gazteenak jaso zuen lehen bandera errepublikanoa, apirilaren 14ko 06.50etan

Leintz Gatzagakoa sortzez, Eduardok 14 urte zituen orduan eta lehen urratsak ematen hasia zen trenbide arloan, aitak ere hartan lan egiten zuela. Gaur, 90 betetzeko bidean, bere Donostiako etxean, ez du zailtasun handirik 31. urtearen erdialdeko giroa kontatzeko. “Hasieran, poz handia izan zen, batez ere gazte sozialista, errepublikano eta anarkista gazteen artean. Gogo bizia genuen ikasteko, ez genekien guztia jakiteko. Ematen ziren berbaldi eta hitzaldietara joaten ginen, ahalik eta jakite gehienaz jabetzearren. Era berean, Elizarekiko liskar uneak izan ziren haiek”.

“Giro sozialistaren barrenean hazi nintzen eta 16 urtetan alderdi horretako gazteen erakundekoa egin nintzen, baina geroago, 36an, alderdi komunistan sartu nintzen. Azken horretan antolakuntza eta inplikazio handiagoa ikusten nuen. Etxekoen harriduraz gogoratzen naiz oraindik, gauza bitxitzat hartu baizuten hura”, esaten du eta Errepublikaren etorrerak ez zuela ustekabean harrapatu adierazten du, zeren eta “jadanik hori iragartzen baitzuten garaiko egunkariek”.

Eduardok eta Salvadorrek iritzi sozialista islatzen dute. Irungo txoko batetik, Ramon Agesta jeltzaleak errealitate horren beste ikuspegi batera hurbiltzen gaitu. 92 urte betetzear dagoela, lasaitasunez errepasatzen du II. Errepublikaren hasieran gertatutakoa. Eduardo Aparicio (89 urte) Lenin eta Dolores Ibarruri, ‘La Pasionaria’-ren , argazkiak eskutan dituelarik.

Garai hartan EAJko kidea jadanik, mandatari gisa lan egiten zuen Hendaiako aduanan: “Irunen Errepublikaren aldeko jende asko zegoen eta, alderditik, errespetuz hartu genuen Errepublikaren etorrera. Geroago, poza geroz handiagoa izan zen. Eboluzionatzen eta elkar aditzen jakin genuen, eta are Irujo jeltzalea Gobernuko kide izan zen. Guretzat ere hobea zen Errepublika, gure egoera monarkiak baino hobeto ulertzen zuen, eta foru eskubideak onartzen zituela zirudien”.

“Hasieran izan zen arazoren bat erlijioaren kontua zela eta. Eliz agintariek eskuinari babes emateak Erromara batzorde bat bidaltzera behartu zuen EAJ, politika eta erlijioa bi gauza desberdin zirela adieraztearren, baina orduan ez zieten entzun ere egin”, gaineratzen du Ramonek.

Bat dator aurrekoekin sistema berria aldarrikatu ondoko egunetan kalean nabari zen giro bero-zalapartatsua kontatzerakoan. “Elkarte mugimendu handia zegoen, bandera asko ikusten zen eta Riegoren himnoa kantatzen zen himno nazional gisa”, azaltzen du, bapatean egun haietan hain errepikatua izan zen leloa oroitarazten duela.

Lehen hilabeteak

II. Errepublika errealitatea zen 1931n. Une hartan, Niceto Alcalá Zamora presidente zela eta Manuel Azaña Gobernuan zegoela, ezkerreko jarraitzaileek praktikan ere egiazko aldaketa gertatzea espero zuten.

“Jendeak hobekuntza sozialak nahi zituen, eta horiek lehenengo unetik ikusten hasi ziren. Zortzi orduko lanaldia lortu zen, larunbateko arratsaldea libre, askatasun gehiago zegoen… Gainera, emakumeak zeregin oso garrantzitsua izatera pasa ziren”, Salvador Marzanak dioenez, eta Eibarrek garai hartan hartu zuen garrantzia oroitarazten du, Hiri Guztiz Eredugarria izendatu zutela. “Bisitari ospetsuak hartu zituen herriak, ikusmin handia sortu zuen Alcalá Zamora bera barne” nabarmentzen du, orduko presidentearen bisita ahaztezin haren argazki bat erakusten duela.

Eduardo Apariciorentzat, aldiz, berrikuntza hura erdizka baizik ez zen gauzatu: “Hobekuntzak izan ziren leku batzuetan. Sindikatuek indar gehiago hartu zuten eta eztabaida gune batzuk zabaldu ziren, baina langileak ez zuen berehalako hobekuntzarik sumatu. Halako etsialdi bat izan zen, sorturiko itxaropenei erantzun egokirik eman ez zitzaielako. Gainera, jauntxokeriak bizirik jarraitu zuen”. Ramón Agestaren iritziz, hasierako euforiari ezarritako galga hura, gehienbat, ekonomia eskasiak ekarri zuen. “Bai, aurrerapen batzuk izan ziren, zortzi orduko lanaldia kasu, baina egia esan diru baliabide urriek mugatu egin zuten gauzak egiteko ahalmena” gaineratzen du. Bi urteko erreformista edo sozial-azañistaren ondoren (1931-1933), biurteko erradikal-cedista (1933-1935) iritsi zen, eskuineko politika kontserbadorea garatzea ezaugarri izan zuena. II. Errepublika aldarrikatu ondoko egunetan giro bero-zalapartatsua nabaria zen kalean. Sistema berria errealitatea zen eta ezkerreko jarraitzaileek praktikan ere egiazko aldaketa gertatzea espero zuten.

Alejandro Lerroux Gobernu buru jarri zen, Gil Roblesen CEDAren (Confederación Española de Derechas Autónomas) babesarekin. Borroka areagotu zen, gehienbat Kataluniako langileen matxinadak eta, bereziki, Asturiaskoak markaturik.

“Errepublikak jarraitzen bazuen ere, gobernatzeko era aldatu zen. Asturiasen gertaturiko arreta handiz jarraitu zen Euskadin. Nire ustez, urte haietan ezkerreko gobernuari ez zitzaion aukerarik eman. Gaur bezala gertatzen zen orduan, eskuinak beti kontra zegoen, zernahi eginik ere”, adierazten du Marzanak, 1934ko gertakari iraultzaileengatik 172 eibartarrek jasandako errepresio gogorra gogoratzen duelarik. Orduan, armagintza hirian milaka herritar manifestatu ziren Madrilgo boterearen aurka eta armen proba bankura joan ziren haietaz jabetzearren.

Gero, 36an, egoera irauli egin zen berriro Fronte Popularra garaile irten zelarik. “Biurteko beltza deitzen dena, 1933-1935 bitartea, atzeranzko pausoa izan zen. Atzerakada bat. Gero beste hobekuntza batzuk etorri ziren, hala nola Nekazaritza Erreforma onartzea, baina 1936an jadanik (Gorte berriek Azaña Estatu Buru jarri zutenean). Ezkerren garaipenak herriaren mobilizazio bizia ekarri zuen berekin eta tentsio sozialeko giroa sortu zen, falangistek borroka zibila eragiten zutela”, bizkor oroitarazten du Eduardo Apariciok. Ramón Agesta (92 urte) Irungo bere etxetik kontatzen du nola bizi izan zuen une historiko hori EAJko kide bezala.

Bosturteko errepublikanoaren amaiera

Ordurako, “Estatu kolpea iragartzen zuten jadanik” eta zenbait hilabete geroago gauzatu egin zen, Melillako altxamendu militarrarekin, uztailaren 17an.

Egun bat geroago, Espainia guztira hedatu zen jazarraldia. Gerra Zibila hasia zen. Eduardok argi eta garbi gogoratzen du kolpearen aurreko garaia: “Azpikeriatan zihardutela sumatzen genuen. Eskuina eraso basa gauzatzen ari zen. Calvo Sotelok Gerra Zibilerako dei egin zuen ia-ia, eta pistolero falangistak jendea hiltzen hasi ziren. Hauteskundeetatik aurrera gauzak azkartu ziren, eta falangisten eta MAOCen (Milicias Antifascistas Obreras y Campesinas) arteko borrokak gertatzen hasi ziren bata bestearen ondoan”.

Handik gutxira, Eduardo Aparicio, 1946n etxera ezkutuan itzuliko zena, Madrilera joan zen Gerra Zibilean borrokatzeko. Salvador Marzanaren alderdi berean. Salvador preso hartu zuten gerraren amaieran eta Donostiako kontzentrazio esparru batera bidali zuten.

Gero Sondikan lan egin zuen Batallón de Trabajadores izenekoan eta II. Mundu Gerran borrokatzera bidali zuten. Jokaera ona gorabehera, berak dioenez, “beti” gaizki ikusia izan zen “gorria” izateagatik, eta “inoiz ez” zen fidatzekoa gertatu agintean zeudenentzat.

Bestelakoa izan zen Agestaren kasua. Gerra Zibilaren hasieran Hendaian eraturiko EAJko erresistentzia taldean sartu zen, abertzaleek jasaten zuten errepresioa prentsan salatzeko. 1940an preso altxatu eta Gurseko kontzentrazio esparrura bidali zuten, Landetatik gertu. Geroago preso gisa iritsi zen Ingalaterrara, eta han bere emaztea ezagutu zuen. Urte batzuk geroago, Parisen oraingoan, informatzaile gisa jarraitu zuen lanean Eusko Jaurlaritzarentzat. Hiru gizabanakoren historiak, II. Errepublikaren garaiko Euskadiko gizarte errealitatea hurbilagotik ulertzeko bidea ematen digutenak. Hainbat alde dauzkan egia baten narrazio zuri-beltzak dira hauek. Salvador, Eduardo eta Ramonek ahotsa jartzen diote beren egiari. 75 urte geroago, haienak bezalako keinuak direla bide, historiak berriro iskin egin ahal izan dio ahanzturari eta bizirik jarraituko du gure oroimenean. Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako artikulua 2006 urteko apirilaren 2an.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

 

Irakurri

Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

 

Irakurri

Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

 

Irakurri

Estefanía Reina Pancha eta Sandra Feng. Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleak: Ez dugu egokitzeko arazorik izan, haurrak ginela etorri ginen eta

 

Irakurri

Jesús Luna Agurrea. Lux Zinemaren sortzailea eta “La otra gran prueba”ren egilea: Zineak entretenitzeko elementua izan behar du, baina baita heztekoa ere

 

Irakurri