Noticias corporativas

01/01/2013

Barandiaran Fundazioa

?Anuario de Eusko Folklore? laster osorik sarean

Lehengo urtean hasitako proiektua jarraituz, Euskomedia Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin, Anuario de Eusko Folklore aldizkariaren digitalizazio eta katalogazioa amaitu berri du.

2012an XV-XLVIII liburukiak landu dira, 1955-2009 urteei dagozkienak. Aurten digitalizatutako orrialdeak 7.760 izan dira; katalogatutako artikuluak, berriz, 288. Bi urte hauetan 10.565 orrialde digitalizatu eta 439 artikulu katalogatu dira. Digitalizazioa 300 DPIko bereizmenarekin egin da eta artikuluak aldi berean irudia eta testua jasotzen duten PDF fitxategietan gorde dira.

Anuario de Eusko Folklore, On Joxemiel Barandiaranek sortu zuen 1921. urtean, Eusko Ikaskuntzaren aldizkari moduan argitaratuz. Beraz, egun Euskal Herrian argitaratzen diren aldizkari zientifikoen artean zaharrena da.

Urtekari honek funtsean, historiaurrea eta etnografia alorretan burututako ikerketa lanak jasotzen ditu. Argitaratutako 48 liburukiek, tradiziozko euskal kulturaren ikertzailearentzat beharrezkoa den kontsulta material etnografikoen corpusa osatzen dute.

Urtekariaren bide luze eta gorabeheratsuan bi garai bereiz daitezke, 1936ko gerrak banatuak: 1921etik 1934era (I-XIV liburukiak) eta 1955-2009 (XV-XLVIII liburukiak).

Eduki hau guztia Barandiaran Fundazioaren webgunean eta euskomedia.org informazio sisteman ikus daiteke. Aldi berean, Euskomediaren Hedatuz OAI-PMH gordailuan ere jasoko da. Azken honek Anuario de Eusko Folklore aldizkaria Europeanan eskuragarri egotea posible egingo du, Hedatuz europar liburutegi digitalaren datu-hornitzaileetako bat baita.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp