Noticias corporativas

01/01/2013

DiKomA Oinarriak, hizkuntz normalizaziorako proiektua

2012ko abenduan DiKomA ikerketa proiektua abian jarri du Eusko Ikaskuntzak, Soziolinguistika Klusterrarekin batera. Ekimen honek bi helburu nagusi ditu; udalerri euskaldunetan euskararen mintza-ekosistema naturalaren iraunkortasunerako hurbilketa teoriko bat gauzatzea eta bestetik, udalerri euskaldunetan herritarrek hizkuntza komunitate gisa osatzen duten sistema ahalmentzeko herritarrekin prozesu parte-hartzaileak bideratzea.

Proiektu honek hiru fase nagusi izango ditu. Lehenengoa martxoan amaituko dena, oinarriak finkatzearena izango da (materialak, edukiak, sareak, tresnak?).Honi jarraiki, diskurtsoaren sozializaziorako esku-hartze parte-hartzailearen fasea izango da eta azkenik, balorazioa eta emaitzen azterketen eta proposamen berrien fasea izango da.

Proiektu hau lau udalerritan garatuko da, horietako hiru UEMAko kide diren Oñati, Zumaia eta Bermeo udalerri euskaldunak eta laugarrena aldiz, aurrekoak baino handiagoa eta erdalduna den Errenteriako udalerria.

Lan talderi dagokionez, DiKomA Oinarriak proiektua bideratuko duen lan-taldea anitza eta diziplinartekoa da. Bertan funtzio ezberdinak betetzen dituzten pertsonak eta erakundeak elkartzen dira: unibertsitate alorreko adituak, erakundeetako teknikariak edota arduradunak, administrazio alorreko arduradunak, eta eskuhartzeprozesuetan espezialistak. Taldekideen eginkizun nagusia ekarpenak egitea eta aldez aurretik talde teknikoak prestatuko dituen material eta dokumentuak aztertzea, berrikustea eta adostea izango da.

Proiektu hau bidera dadin, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak, Oñatiko Udalak, Zumaiako Udalak eta Bermeoko Udalak ekarpen ekonomikoa egin dute eta bertan parte hartzen dugun erakundeek (Eusko Ikaskuntza eta Soziolinguistika Klusterra) giza-kapitalean eta lan-inplikazioan ezinbestekoa den ekarpena ere egin dugu.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp