Noticias corporativas

26/12/2011

ENE 2011 SARIA

Julio Elejalde Madrilgo Euskal Etxeko presidenteak Nestor Basterretxeak eginiko anagramaren erreprodukzioa jaso du, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria den Jose Mari Muñoaren eskutik. Aurtengoan ENE 2011 sariaren irabazle Madrilgo Euskal Etxea suertatu da euskararen erabilera eta ikasketa sustatzeko egindako lanagatik. Madrilgo Euskal Etxeko presidentearekin batera Gorka Alvarez euskara arduraduna izan da Eusko Ikaskuntzako Donostiako egoitzan eta azken honek azaldu duenez, 123 ikasle dituzte euskaltegian, 6 mailatan banatuak eta 3 irakaslerekin. Euskara ikasteko interesa duten pertsona hauen profila oso desberdina da; euskara tituluren bat atera nahi duten eta Madrilen bizi diren euskaldunak, erakunde publiko desberdinetan lan egiten duten pertsonak, interesa eta gogoa dutenak eta txinatar batzuk ere. Madrilgo Euskal Etxeak duela 33 urte ireki zituen ateak eta ordutik Madrilen diren euskaldunen bilgune izan da. Euskara eskolez gain, Korrika, Euskal Orfeoia, euskarazko mezak, umeentzako ekimenak eta beste hainbat aktibitate antolatzen dituzte.

Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) 1949an Eusko Ikaskuntzaren baitan sortutako ekimena da. Urtero, abenduaren 3an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzea du xede. Orain dela 6 urte, Eusko Ikaskuntzak ospakizunari bultzada berri bat ematea erabaki zuen eta horretarako ekimen ugari prestatu izan ditu. Horien guztien helburua euskal hizkuntzarekiko gogoa berpiztea izan da, bai gizarteko alderdi berrietan zein XXI. mende hasiera honen komunikazio plataforma menderatzaileen artean.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp