Noticias corporativas

01/10/2008

Euskomedia Fundazioak Hedatuz ?Euskal kultura eta zientzien liburutegi digitala sortu du

Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak "Hedatuz ?Euskal kultura eta zientzien liburutegi digitala" eratu du. Eusko Ikaskuntzaren zientzia argitalpenen ikusgaitasuna, zabalkundea eta eragina areagotzeko asmoz, Hedatuz-ek gizartearen esku jartzen ditu 1918 urtetik erakundeak argitaraturiko aldizkari, monografia eta obra espezializatu guztien artikuluak, baita 1907 urtetik kaleraturiko RIEV (Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Aldikaria) bilduma osoa ere.

Horiek, guztira, testu osoko 5.000 artikulu baino gehiago dira, hainbat diziplinatan banatuak, nahiz Historia, Antropologia eta Arteei dagozkienak nagusi diren, horien ondoren Politika Zientziak, Soziologia eta Hizkuntzalaritza alorrekoak datozela.

Hasieran edukiak soilki Eusko Ikaskuntzaren funtsari badagozkio ere, Hedatuz irekia dago bere egitekoa partekatzen duten erakundeei eta partikularrei, hau da, baliabide digitalen eta, oro har, euskal kultura eta zientziarekin loturiko material bibliografikoen kontsulta erraztea misio dutenei.

Alderdi teknikoak

Teknikoki, OAI (Open Archives Initiative) artxibategia da Hedatuz. Artxibategi hori informazio digitala bildu eta mantentzen duen gune zentralizatu bat da. OAI-PMH (metadatuak biltzeko protokoloa) erabiltzen du eta, bultzatzen dituen elkarreragingarritasun estandarrei esker, dokumentu zientifiko eta akademikoen bilduma heterogeneoak barreiatzea, trukatzea eta haietara iristea errazturik geratzen da.

Erabiltzailea interesatzen zaizkion edukietan harpidetu ahal izango da, ATOM eta RSS edukien sindikazio formatuen bidez. Era berean, nork bere kontsultak esportatu ahal izango ditu hainbat metadatu eskematara, hala nola ASCII Citation, BibTeX, Dublin Core, EP3 XML, EndNote, METS, MODS, OpenURL ContextObject, Refer eta Reference Manager. Eragina areagotzeko artxibategia nazioarteko direktorio batzuetan erregistratu da: ROAR (Southampton-eko Unibertsitatea), Open Archives Initiative list eta OpenDOAR (SHERPA Taldea).

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp