Noticias corporativas

01/07/2007

Gregorio Monreal Zia, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria

Gregorio Monreal Zia, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Zuzenbidean Doktore eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbidearen Historiako Katedradunari eman diote 2007ko Humanitate, Kultura, Arteak eta Zientzien Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria, joan den ekainaren 7an ezagutarazi zenez.

Eusko Ikaskuntzaren lan eremuko zazpi unibertsitateetako errektoreek, erakunde horretako Lehendakariak eta Euskadiko Kutxako Lehendakariordeak osaturiko epaimahaiak aho batez eman zion saria Gregorio Monreali, aintzat hartuak izanik haren "arlo akademikoa, ikerlari eta irakasle gisako ibilbide luzea, eta izan duen eragina, besteak beste, arlo juridiko, historiko, eta oro har kulturalean".

Bestalde, bereziki horren ekarpena hartu zuen kontuan erakunde ospetsu biren eraketan eta garapenean: Euskal Herriko Unibertsitatea, bertako Errektorea izatera iritsiz, eta Eusko Ikaskuntza, Lehendakari izatera heldu zela. Orobat, beste zenbaiten sustatzaile izan da, hala nola Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Institutua.

"Gregorio Monreal Ziak -Epaimahaiak bere kontsiderazioetan dioenez- Euskal Herri osoan izan ezik, nazioarteko beste gune akademikotan ere burutu bere lana. Bere jardueran eragile eta bultzatzaile izan delarik, eskola sortu du Monreal jaunak, erreferentea bihurtuz gaurko euskal gizartean. Azkenik, Epai Mahaiak nabarmendu nahi du ere Monreal jaunaren onestasun intelektuala bere ekintza guztietan".

Curriculum laburra

Gregorio Monreal (Etaio, 1942) Gipuzkoako senataria izan zen lege aldi konstituziogilean (1977-1978), bai eta Gernikako Estatutuko Batzorde Txostengileko Kidea (1978) eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea ere (1991). 1981etik 1985era EHUko Errektorea izan zen, eta 1992tik 1996ra Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria. Azkeneko urteetan (1997-2005) Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkari (RIEV)eko zuzendaria izan da.

Aditu gailenetako bat da Euskal Herriko lurralde historikoetako erakunde politiko-administratiboetaz, bai eta euskal pentsamendu politiko tradizionalaren bilakaerari dagokionez ere. Orobat, Euskal Herriko Zuzenbidearen ikerketa nazioartekotzen lagundu du, harreman akademikoak ezarriz eta material historiko juridikoak eta pentsamendu tradizionalaren berrereraikitzeari dagozkionak ingelesez argitaratuz.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp