Noticias corporativas

01/07/2012

KulturMapp: kultura zure eskura

Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak KulturMapp aplikazioa sortu du. Euskarriaren helburua da Euskal Herriko kaleak gure ondarearen erakusleiho bihurtzea. Klik bat eginez erabiltzaileak hirietako zein herrietako kultura, ondare edota turismo edukien gaineko informazioa eskuratzen du modu arin eta erosoan. Eduki guztia geokokaturik dago eta, horrenbestez, inguruan egon daitezken gune kultural interesgarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Aplikazioa doakoa da eta, oraingoz, Android sistema eragilea duten sakelakoetan erabil daiteke.

KulturMapp gida birtualak euskal ondarea herritarren eskura jarri nahi du. Euskarria erabiltzen duenak herrietako monumentu esanguratsuak, eraikin garrantzitsuenak, gertaera historikoak edota pertsonaia azpimarragarriak hurbiletik ezagutzeko parada dauka. Izan ere, aplikazioak informazio zehatza eta laburra biltzen du, klik batean balio handiko edukiak poltsikoan daramagun telefonoan eskaintzeko. Geokokapenak, gainera, KulturMapp aplikazioa osatzen duten hiri eta herri bakoitzean egon daitezken kultur-guneak identifikatu eta mapetan kokatzen ditu.

Iraganera bidaiatzeko aukera ere ematen du jasotzen dituen argazki eta irudi zaharrei esker. Modu horretan, erabiltzaileak hautatu duen tokiaren itxurak urteetan izan duen eboluzioa ikusteko parada dauka.

Euskal kulturaren gidak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen du informazioa. Gainera, metatzen dituen edukien audio-irakurketa egiten du eta, horrenbestez, sakelako telefonoan eskaintzen duen informazioa irakurri egiten du aplikazioak. Zerbitzu horri esker, erabiltzaileak aurrean duen eraikina ikusten ari den bitartean barruan gordetzen duen historia zuzenean entzuteko aukera dauka.

Aplikazioa dagoeneko martxan dago, eta pixkanaka-pixkanaka osatzen joango da. Une honetan, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kultur-guneak biltzen ditu, eta baita hainbat herrietakoak ere. KulturMapp Android sistema eragilea erabiltzen duten sakelako telefonoetan instalatu daiteke, aurrera begira IPhoneOS sistema eragilea erabiltzen dutenentzako ere egokituko daitekelarik.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp