Txomin Peillen idazle eta ikerlariak irabazi du Manuel Lekuona Saria, 1983tik Eusko Ikaskuntzak lan osoaren onarpen gisa euskal kulturaren pertsonalitateei ematen dien saria.
1932an Parisen jaioa den Txomin Peillenek Zientzia ikasketak (Biologia eta Geologia) egin zituen Sorbonako Unibertsitatean. Bertan Ion Mirande ezagutu zuen, eta zuberotar jatorria zuten biek batera sortu zuten 1962an Igela aldizkari heterodoxoa. Pariseko Lavoisier Lizeoan irakasle lanetan aritu da eta baita Paueko Unibertsitateko Letren fakultatean (Euskal Hizkuntza eta Literatura), 1981ean doktoratuz Bordeleko Lexique Basque de l ?anatomie,morphologie et semantique tesiarekin.
Bere lehenengo testuak Gernika, Egan y Euzko-Gogoa aldizkarietan jaso dira. Orduz geroztik hamabost liburu inguru argitaratu ditu, zenbait nobela,ipuin antologia eta haurrentzako lanak. Beste hainbat izenbururen artean aipatu beharrekoak dira: Gauaz ibiltzen dena, Itzal gorria, Gatu beltza, Altxorra eta alkimia, Buffalo Billen abentura, Errotaria errege, Mirko printzea, Allande Elizagarai ligiarraren ixtoriak. 1988an Euskaltzain oso izendatu zuten eta ?Txomin Agirre? saria irabazi zuen Kristina Bolsward eleberriarekin.
Sorkuntza literarioarekin batera, Txomin Peillenek zabalkunde lan garrantzitsua egin du biologia, ideien historia (etnografia eta literatura)eta linguistika alorrean. Lan hauek Anuarios de Eusko Folklore, FLVSD, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Euskera (Bilbo), Elhuyar, Bulletin du Musée Basque de Bayonne eta UZEI aldizkarietan argitaratu dira, besteak beste. Herri medikuntza eta albaitaritzaren ikerketa da haren espezialitateetako bat. Filologiari buruzko lanen artean, aipatzekoak dira: Les emprunts de la langue basque à l ?occitan, Zuberoko itzalargiak eta Parlons l ?euskara.
Manuel Lekuona Saria jaso duten Ipar Euskal Herriko pertsona ospetsuen zerrenda luzatzera dator Txomin Peillen:Eugène Goyheneche, Xabier Diharce "Iratzeder", Piarres Charritton eta Jean Haritschelhar.
