¿Qué modelo educativo necesitamos para eliminar el divorcio actual entre la cultura humanística y la científica?
Galdera horrek badu azpian aurresuposizio bat, bi alde dituena: batetik, badirudi zientzia ez dela humanistikoa, eta beste zerbait dela. Bestetik, kultura “humanistikoa” ez da, antza denez, zientzia. Ezin naiteke bat etorri horrekin. Mediku batek norbait sendatzen duenean, kimikari batek ur zikinak garbitzeko sistemak aztertzen dituenean, fisikari batek gizakion osasuna hobetu eta bizitza urteetan luzatuko duen zerbait asmatzeko bidea urratzen duenean… ez dira kultura humanistikoa garatzen ari? Edo zer da hori, kultura humanistikoa ez bada? Ez humanistikoa beharbada? Hizkuntzalari bat —zerbait hurbilagoa aipatzeko— hizkuntzaren ezaugarriak zehaztu nahian, gizakiok dugun gaitasun izugarri hori burmuineko prozesuekin nola lotzen den ikertzen ari bada, jakin nahi nuke zer egiten ari den zientzia ez bada.
